Garruze, Mehaine eta Donoztirin gaindi, gauaren erdian SigurRos taldea entzunez harilkatu laurogei bihurguneetarik landa pozik ikusten ditugu Hazparneko argiak. Hazparnek ere lasai dirudi. Merkatu plaza. Aldez alde luzatzen zaion karrika kasik bakarra eta elizaren malda. Misterio bat bezalako zerbait bada ordu txiki horietan. Lapurdiko hiri gotorrak alta badaki bidaiaria erakartzen.
1660. urtean aurkitu zen Diokletian erromatar enperadorearen denboran Hazparne Novempopulania ezagunaren hiriburu gisa finkatzen zuen harri zabal bat. Hamabi bat euskal tribu juntatu ziren eskualdeko jenioari eskerrak bihurtzeko. Sparianiek lortu zuten Akitaniako beste populuetarik bereiz jarduteko eskubidea. Harria dagoeneko elizaren aterpean kausitzen da. Erdi Aroko Santiagorako beilariek Zalduzahar eta Zalduberri gazteluez gerizatu Ahaizparrena aberatsa trabeskatzen zuten. 1784an Baionaren alde finkatu frankizia ahalkegarri baten ondoriozko kontrolak jasan ezin zituztelako Hazparneko emakumeak oldartu ziren. Haserrea Lapurdiko herrietara hedatu zen. Frantses erregearen hainbat soldadu bidali ziren Hazparnera eta erraten denez 5.000 fusil harrapatu zituzten. Garai gatazkatsu haietan, mendekuz, elizako dorrea leherrarazi zuen Neville intendenteak. 1816an baizik ez zen berriz eraikiko.
1782an Hazparnen sortu zen Martin Larralde, Bordaxuri etxean, eta 1821an zendu atzerrian. Zenbaiten ustez ez omen zekienez idazten, Manez Etxeto-Katzo bertsolariak paperean jarri zituen 1815ean Galerianoaren kantua handios haren hitzak Martin Larraldek paratuak, Rocheforteko kartzelan zegoela bere aitaren hilketaz errudun egiten zuen Paueko auzitik landa. Peio eta Pantxoak famatu zituzten koplak. Joseba Sarrionandiak beranduago Ruper Ordorikak abestu Martin Larralde tituluarekiko poema bat idatzi zuen. Piarres Lartzabalek orraztu eta Iparraldeko taula gain herrikoietan jolastu Bordaxuri antzerkia ahantzi gabe. Hona, dastaz, azkenaitzineko bertsoa:
"Kantu hauk eman ditut Paueko hirian / burdinez kargaturik oi presondegian / bai eta kopiatu denbora berian / orok kanta ditzaten Hazparne herrian...”
Baionatik 25 kilometrotan dago Hazparne. Bastida, Ahurti, Beskoitze, Haltsu, Jatsu, Mugerre, Makea, Aiherra, Lekuine, Lekorne eta Kanbo dauzka auzo. 6.200 biztanle biltzen dira 77 kilometro koadroko eremu batean. Zureria gorri, berde edo urdindun etxe zuriak altxatzen dira espaloietarik. Elizanbururen kantuetan baizik aurkitzen ez den Euskal Herri baten irudi ideala oparitzen du Hazparnek, eliza, pilota plaza zabala eta bere ehun urteko haritz entzutetsuekin.
Hiriaren izenak, batzuen ustez, haritzen presentzia nabarmen hori luke iturri, baina “barren” elea gehitzen zaien “ahetz” edo “aitz” euskara zaharrean harkaitz errateko hitzean bermatzen dela ondorioztatzen dute besteek. Egiaz aski da begiak altxatzea, Aiherratik etortzean demagun, berdetasunak ilusitu hiria zernaitz baten maldan hedatzen dela frogatzeko. Baionako kartularioetan hiriaren aurreneko aipamena 1247an agertu zen.
Gaur Hazparne hamabi auzo distiratsutan bihikatzen da: Elizaberri, Minhotz, Kosta, Zelai, Hiria, Plaza, Hazketa, Labiri, Paxkoenea, Peña, Sohano eta Urkoi. Urkoiko plazatik abiatzen da Urtsua mendirako oinezko ibilaldi ederra. Bidea ibai hertsi kantariaren saihetsetik doa, malda erditara iristean, Baigura zutitzen dela ortzaizean, bai eta Bidarraiko zein Itsasuko gailurren kordela. Azken metroak ez dira errazak, trebea izan arren, hatsa laburtzen sentitzen delako 678 metrora hupatzean. Gainetik Lapurdiko lautada osoa zehaztu daiteke, zerua zohardi denean itsas bazterreraino, bestela ZUPeko egoitza zurbilek Baiona seinalatzen dutela. Pare bat gaztelu zahar dauka, denboran zehar Urtsuamendi zelata-leku egokia zela gogoratzeko doia. Urkoira jaistean XVII-XVIII. mendeetako harri gorrizko zutabeez hornitu etxe gotorrak ikusgarriak suertatzen dira.
Hazparnen barna isurtzen diren errekak anitzak dira, guztiak Aturri handira doazenak. Ardanabia, Angelu eta Ur Handia deiturikoak adibidez igandeetako arrantzaleen paradisuak dira. Hazparne ugaria da itxuraz, naturak aberaski hazten duen herria delarik, aldi berean baserri gunez eta hiri eremuz osatua. Ongi bizitzeko eta dagoeneko ongi bizi den lekua da Hazparne.
1780ko Lapurdiko Biltzarraren gutun batek azpimarratzen zuen Hazparneko herria gotorra, zabala eta jendetsua zela. Biztanle gehienak artisauak ziren, dendariak, harginak, zurginak edo hiri bazterretan laborariak. Beraien lanaz eta industriaz zirautela azaltzen zen jada letra hartan. Joan den mendeko 70eko hamarkadara arte larrugintza eta Maulerekin batera zapatagintza landu bezain garatu zen. Zapatagintzaren suntsitzea ez zen oldarrik gabe egin, geratzen dela memorietan oraindik bertako gazteek moldatu Zapata Zilotik izeneko salaketa-antzerkia. Familia eta jende parrasta bati bizitzeko baliabideak bideratzen zizkion industria horrek Asiara ez-lekutu aitzineko hamarkadetan, Hazparneko Historia Taldearen ikerketek erakusten digutenez. XIX. mendeko 90eko hamarkadan heldu ziren lehen makinak Hazparnera, eta ordura arte etxeetan egiten zen beharra lantegietan bete zen, langile izpiritua, antolaketa eta mistika haziz. 1967an zuri-beltzezko argazkietan zirraragarriak diren saldoak greban jarri ziren eta haietarik 2.000 langile Baionara joan manifestatzera, Pattoteiko sirenek neurtu denbora ahitzera ez uzteko. Gaur ere Trolliet espartin-egilearen izenak berak oroitzapenak harrotzen ditu Hazparne aldean.
Etsipen garai luze baten ondotik hautsetarik esnatu zen Hazparne. Dagoeneko laborantza iraunkorra, hegazkingintza eta turismoaren ildoa du bereziki sakontzen. Larunbat goizetan merkatua egiten da saihets-herrietarik etorri ekoizleekin, gehienak jadanik bio alorrean finkatuak. Jendea metatzen da uda ala negu izan. XVII. eta XVIII. mendeetako etxeen itzalean eta oinetan harategiak, okindegiak eta, zergatik ez aipatu, Pantxis Bidart musikariak atxikitzen duen gazta-denda kausitu daitezke. Tabernak eta jatetxeak hor daude moko finen soseguz. Industria bazter batean datza: Aiherratik hurbiltzean ageri da Lauak Holdingaren eraikuntza erraldoia, hegazkin piezak moldatzen dabilena, eskualdeko langile trebatuak hartuz.
Hazparnera datorrenak ez du plaza laxo edo trinketeko pilota partidarik huts egin behar. Noizbait pilota elkarteak jarraitzen du gazteak moldatzen Gaskoina erraten zioten Erratxun (1819-1859) eta 1979an Lekuinen sortu Xalaren urratsetarik izar bihurtzea xede. Goi-mailako kirolariak ez direnek ere badukete ausartzeko aukera ezen Hazparnetik Lapurdi barnealderako oinezko ibilaldi asko abiatzen baitira. Erran gabe doa miresgarriak direla Elizaberriko baselizako aldare kolore aniztuna, Sant Joseph Lizeoak aterpetzen duen Bihotz Sakratua deituriko kaperako freskoak, hilerrietako harri borobilak, Milafrangara Napoleonek zulatu bide gorakoia eta noski legoa eskasetan dauden Otsozelaiko harpeak edo Kanboko Edmond Rostanden Arnaga gaztelu neoeuskalduna.
Hazparnek euskara zinez ohoratu du betidanik. 1863an Bonaparte printzeak marraztu mapan finkatzen da sartaldeko behenafarrera dela hemen erabiltzen. Hiriart-Urruti, Charriton, Dirassar eta Etxezaharretaren trakako idazleak ernatu dira hondar bi mendeotan. Agian bertsolariak izan dira egundainokoan abil, ele errazeko zirtolari eta ironiaz busti ospearen jabeak, hala nola Mendiaga, Xetre, Katzo, Larralde-Bordaxuri edo Xubero-Hoditei. Ezin dugu isilean utzi 1873an Peña Iratxeteian jaio Aña Etxegaray. Berak osatu Oraiko Dama Gaztiak eta Peñako Bi Ahizpen kantua gutaraino iritsi dira. 1939an zendu zen “Aña Debrua” izengoitidun soa zoharreko andre bizitorea.
Duela zenbait urte A Coruñako Galeusca batean Manuel Maria poetak jakin zuenean Euskal Herri iparraldekoa nintzela galdatu zidan bere partez arrosa baten pausatzera joatea Hazparneko Francis Jammes-en hilobira. Oroitu nintzen orduan Tournay herrian sortu olerkari frantziarraren (1868-1938) azken egoitza zela Eihartzea, eta gaurkoan munta handiko kultura ekitaldi franko hor antolatzen direla. Hazparne hiriaren etorkizun goseak indartsu dirauela frogatzeko bezala.
Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]
Urteak daramatza Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) bioaniztasun landatuaren inguruan lanean. “Hainbat proiekdu ditugu abian, eta horietako bat baratzeko hazien ingurukoa da”, azaldu du Nico Mendiboure Hazi Sareko kideak. Duela lau bat urte hasi... [+]
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]
Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]
Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]
1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta... [+]
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.
Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]
Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.
Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]
Uber gidari batek jasan zuen erasoa: bortizki jo eta irain arrazistak egin zizkion bezero gazte batek. Baionan eta Arrigorriagan ere izan dira eraso arrazistak berriki.