"Lehen, bigarren eta hirugarren mailako minen liga antolatzea anti-terapia da"

  • Zarauzko postalak. 36ko gerra. Herri hori bera du aztergai liburuak, baina fronte gunerik izan ez zuten herri askok pairatu zuten bidegabekeriaren ispilua ere bada. Hildakoak, iheslariak, ekonomikoki itoak, esklaboak, espetxetik etorri berritan jipoituak, langabeziara kondenatuak, diziplina militarrean hezitakoak, herritik kanporatuak, ezer barkatu ez zutenei barkatu beharrean hazitakoak… Horiek denak duindu ditu Amagoia Gurrutxaga Urangaren ahaleginak. Bildu dituen testigantza mordoa eta garaiko testuingurua fin-fin harilkatu izana, egin duen lan eskergaren seinale ditugu.

Amagoia Gurrutxagak hamar urte pasatsu eman ditu 36ko gerrak Zarautzen izan zituen ondorioak aztertzen. Liburua dagoeneko plazan den arren, puzzlea osatzen jarraitzen du.
Amagoia Gurrutxagak hamar urte pasatsu eman ditu 36ko gerrak Zarautzen izan zituen ondorioak aztertzen. Liburua dagoeneko plazan den arren, puzzlea osatzen jarraitzen du.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ezagun da urtetako ahalegina dagoela liburuan. Zein izan zenuen abiapuntua?

Kazetaritzan hasi eta berehala, 1936ko gerrak gurean utzitako arrastoen bristadak ikusten hasi nintzen adin batetik gorako ia elkarrizketatu guztien kontakizunetan, eta gaiaren garrantziaz jabetzen hasi nintzen. Jende edadetuari entzuteko zaletasuna ere badugu. Jon Benitok ere, esaterako, bazuen interesa gaiarekiko, eta 2002ko bukaeran hasi ginen herriko jendeari elkarrizketak egiten. Testigantza liburu bat egitea genuen asmoa, baina asmo hori bazterrera utzi genuen. Aldiro, elkarrizketekin segitu nuen. Eta gaiari buruzko liburuak irensten. Zarauzko Udalaren enkarguz Euskal Memoria Fundazioak gaiari heldu zionean, liburua egitea proposatu zidaten.

Horrela sartu nintzen bigarren aldiz gerraren gurpil zoroan. Elkarrizketa gehiago egin eta entzun, liburu gehiago irakurri, egunkari zaharrak begiratu, artxibategietan arakatu... eta liburua hiru zatitan banatzea erabaki nuen. Lehena, altxamendu aurreko errepublika urteak; bigarrena, altxamendua gertatu eta frankistak herrira sartu bitartekoak; eta hirugarrena, faxisten menpeko lehen urteak.

Hari nagusiaren ondoan, testu lagungarriak ageri dira. Eta Maritxoren postalak.

Maritxo urteotako elkarrizketatuen memoria osoa da, anonimoki jende askok emandako benetako informazioa zabaltzeko fikzioko bitartekaria, postaletako Zarautzek ezkutatu izan duen Zarautz gordintasunean erakusteko.

Emaizkiguzu liburuaren datuak zifratan.

Dagoeneko aldatzen ari dira. Erreke eta falangistek herria hartu berriko egunetan Zarautzen desagerrarazitako bost pertsonaren izen-abizenak bagenituen, baita herriko kanposantuan exekutatu zuten miliziano ezezagun baten berri ere, baina toki eta modu berean beste hiru lagun hil zituztela jakin dut gerora. Orioko gainean hildakoak hiru zirela uste nuen, bost ote ziren esan didate duela egun batzuk. Epaiketa sumarioetan hiltzera zigortu zituzten seiren berri jaso dut, horietako bat garrotatu egin zuten. Eta herritik kanpo epaitu gabe exekutatutako zazpirena ere bai. Eta frontean, espetxean edo erbestean hildako 40tik gorakoena ere bai. Eta badakit ez daudela denak. Galtzaileen arteko bajez ari naiz, jakina, irabazleena ondo goratua eta zabaldua izan baitzen frankismo urte guztietan.

Beste zifra batzuk ematearren: erreketeak eta falangistak herrira sartu aurretik Zarauztik alde egin zuten 300dik gora herritarren izen-abizenak, 1937ko otsailaren 13an herritik bidali zituzten 63 emakume eta haurren zerrenda, Francoren kartzela eta esklabo sarean harrapatutako 200 inguru zarauztarrena... Esan behar da zerrenda horiek osatzeko lanaren parte handiena gerra galtzaile batzuek duela 35 urte egindakoa dela. Galtzaileen bizipenen nolabaiteko notario akta jaso zuten haiek. Eta zerrenda horretan erantsi beharreko izenak agertzen hasi dira.

Herriak terapia kolektiboa behar duela esan izan duzu. Nola egin liteke hori?

Ez dakit, ez bainaiz terapeuta. Dakidan gauza bakarra da herri honek gerra anker bat bizi izan zuela 1936ko uztailaren 18tik aurrera, eta 40 urteko diktadura etorri zela gero. Francok sobera denbora eduki zuen bere menpekoen pentsamendua moldatzeko. Eta kolaboratzaile andana, ez litzateke zaharrez hilko bestela. Francok nazional-katolizismoan zentzatutako haien bilobak eta seme-alabak gara, gutako asko haren hezkuntza sistemaren balioetan haziak eta heziak dira, izango ahal dugu zerbait aztertzeko, gure egungo gizartearen ajeak ulertzeko! Gure historia kolektiboa Espainiako 1978ko Konstituzioarekin hasi izan balitz bezala jokatzen dugu, ordea, aurreko krimenak, kriminalak eta minak existituko ez balira bezala. Minak azaleratzeko, ezagutzeko eta elkarri onartzeko garaia heldu dela errepikatzen ari garen garaiotan ere bai. Erabat inkoherentea da batzuen minak beste batzuenak baino gehiago merezi duela esatea. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako minen liga bat antolatzea, nire ustez, anti-terapia da. Mina areagotzen du.

Zer esaten dizute zarauzterrek, liburua ateraz geroztik?

Denetarik. Askok, bazela garaia. Batzuek, ea zergatik ez dudan halakoren izena jarri. Besteek, kolaborazionisten eta Francoren jazarpen egituretakoen izen-abizenak jarri gabe ere azal zitekeela orduko giroa. Ezagutzen ez ninduen jende batek barre txikia egiten dit orain kalean, beste batzuek ez dakite ezer liburuari buruz eta, garrantzitsuena dena, informazio gehiago biltzeko ate txiki batzuk ireki zaizkit. Gustuko ez dutenek ez didate ezer esan.

Nolakoa zen Zarautz altxamendua baino lehen? Egizu postala.

Bost mila biztanleren bueltako herria. Nekazaria, kale baserriz betea baina altzarigintzan espezialdutako industriagatik ere ezaguna. Euskalduna eta kulturzalea, baina eskoletako eraztunaren zigorra bere buruari ematen ziona. Karlisten eta abertzaleen arteko lehia bortitzak markatua, baina integrismoan bat egina. Espainiako elite ekonomiko eta politikoko kideen uda leku; jauntxoen menpekoek altxatutako kostako herri.

Lekukotzak biltzen segitzeko webgunea ere zabaldu zenuten. Zertan da?

Webgunea informazioa osatzen segitzeko eta zabaltzeko tresna gisa planteatu dugu. Duela bi aste aurkeztu genuen liburua, pixkanaka joango gara hangoak eta liburuan sartu ezinda geratu zaizkidanen zatiak horra ateratzen. Duela hamar urte egindako hainbat elkarrizketa luze lantzeko ditut oraindik; aurkezpenaren ondotik egin ditut pare bat elkarrizketa; agiri batzuk jaso ditut eta gehiago etorriko dira. Hau ez da nire ogibidea, lan honi ezin diot nahi nukeen denbora guztia eskaini, baina ahal den neurrian egitea da asmoa.

Galtzaileen eta biktimen kasuan argiago dago, baina zein da hainbesteko bidegabekeria entzun eta jaso izanaren konpentsazioa zuretzat? Zein du alde txarra?

Gertatu zenaren puzzlearen ahalik eta piezarik gehien batzeak obsesionatu nau. Sinetsita nago beraien iragana eta neure, geure orainaldia erabat lotuta daudela, iragan horren oinordeko ere sentitzen naiz. Gure etxean bada birraitona karlista bat, bada fusilatu baten biloba, bada abertzalea zela ezkutatzen bizi izan zen aititea, bada tiroa aldenik alde buruan jo eta herriko plazan ikusgai utzitako makis gaztearen irudia ahaztu ezinda hazi zen gurasoa... Uste dut guztien zergatiak ulertzeko gogoak ekarri nauela liburu honetara, beste hamaika elkarrizketetara eta irakurketetara eraman nauen modu berean. Terapia osasungarria izan da alde horretatik niretzat, aberasgarria da hainbeste pertsona eta bizipen ezagutzea.

Pieza batzuk betirako galdu direla eta inoiz ez ditugula jasoko onartzeak, berandu ailegatu naizeneko pentsamendua uxatzeak, gure memoria ezabatzeko mekanismoak oraindik ere oso indarrean dauela irensteak, horrek eman dizkit lanak batez ere. Exekutatu baten ilobak ez zekien hil zioten osabaren izenik ere. Nire adinetik beherako zarauztarrei galdetu, eta ia denek esango dizute herrian ez zela ezer gertatu 36ko gerran eta ondorengo urteetan. Hori da gerra irabazleen garaipen nagusia: horren kontzientzia ezabatzea.


Iraganaz hainbeste gauza ikasi eta gero, nola ageri zaizu orain zure bizilekua, Zarautz? Zer balantze egiten duzu gaurko egoeraz, ikuspegi horretatik?

Hondartzako postalari begira segitzen du, neurri batean; eta kanpotarrei hain harrigarria egiten zaion euskalduntasunak gerra aurreko euskaltzaleen oinordekotza parte bat ere baduela uste dut. Oraingo egoeraren balantzeari buruz, lehen esan dut puzzlea osatzeko ahalegina dela liburua. Puzzle horretan zauri erraldoi bat ageri da, eta bada garaia zauriei garbitzen eta arnas hartzen uzteko. Ezin dugu Franco hil osteko akats bera errepikatu, ezin dira justizia eta egia batzuentzat bakarrik eskatu.

 Daukazun esperientzia kontuan hartuta, egingo ote zenuke antzeko lanik beste herriren batean?

Oraintxe bertan, egia esan, ez dut halakorik buruan. Liburuaren azken idazketa, familia eta lana uztartzea oso zail egin zait, eta oraindik neke puntu bat ere badaukat. Egun osoko lanean ari naiz Berria-n, webgune bat daukat elikatzeko eta bi ume ere bai. Denbora behar da herri arrotz batean kokatzeko, jende interesgarria identifikatzeko eta gertukoen bitartez elkarrizketak lortzeko. Eta denborak urre gorriak baino gehiago balio du lan hauetan, zuzeneko lekuko oso gutxi geratzen delako bizirik eta ahalik eta azkarren egin behar zaizkielako elkarrizketak. Uste dut herri guztietan hasi behar luketela testigantza bilketa lanetan, ahalik eta azkarren. Gero gerokoak. Dagoeneko hasi dira herri askotan, eta hori da bidea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


Eguneraketa berriak daude