Best-sellerrak mailegatzen ditugu, gaztelaniaz

  • Hernani, Markina-Xemein eta Ziordia, euskararen ezagutza eta erabilera maila ezberdina duten hiru herritako liburutegietara gerturatu gara, eta errealitate bera aurkitu dugu hiruretan: umeek euskarazko liburuak hartzen dituzte, eta liburutegietan gehien kontsumitzen dutenek aldiz, 50 urtetik gorakoek, gaztelaniazkoak.

Hernaniko liburuzainak (erdian Raquel Gonzalez), haurren txokoan. Hernaniko liburutegian iaz mailegaturiko liburuen artean, 5.894 izan ziren euskaraz (mailegatutako irakurgai guztien %24), 18.264 gaztelaniaz eta 345 beste hizkuntzatan.
Hernaniko liburuzainak (erdian Raquel Gonzalez), haurren txokoan. Hernaniko liburutegian iaz mailegaturiko liburuen artean, 5.894 izan ziren euskaraz (mailegatutako irakurgai guztien %24), 18.264 gaztelaniaz eta 345 beste hizkuntzatan.M.G.I.

Ziordia Sakanan dago (Nafarroa); bailara honetan %32,6 gai da euskaraz ongi hitz egiteko eta euskaraz dakitenen hiru laurdenak euskara erabiltzen duela dio. Herriko liburutegia umez bete ohi da eta euskarazko irakurgaiak aukeratzen dituzte, Naiara Perkaz Gastesi liburuzainak kontatu digunez: “Euskaraz irakurtzera jotzen dute haurrek eta bestela ere, liburutegirako haientzat erosten dudan guztia euskaraz da, beraz gaztelaniaz nahiko balute zaila izango lukete, baina B edo D ereduan ikasten dute eta gurasoek ere seme-alabak euskaraz irakurtzea nahi dute”. Helduen artean ordea, gaztelaniazko liburuen eskaera da nagusi, bereziki 50 urtetik gorakoen artean, eta horiexek dira, hain juxtu, liburutegia gehien erabiltzen dutenak, 50 urtetik gorako emakumezkoak, “eta hemen adin hori dutenek ez dakite euskaraz”.

Berdin gertatzen da Markina-Xemeinen (Bizkaia): euskara hautatzen dute txikienek, erdarara jotzen dute adinean aurrera egin ahala, eta 50 urtetik gorakoak dira kontsumitzaile izarrak.  Dena den, Markina-Xemeingo biztanleen %88 euskaraz hitz egiteko gai izanik –%57koa da euskararen kale erabilera–, gaztelania aukeratzen duen herritar asko euskalduna dela berretsi digu Igor Idoeta liburuzainak: “Adibide bat: irakurleen txoko bi ditugu, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, bada, gaztelaniazkoan izena ematen dutenak euskaldunak dira. Euskarazko txokora idazleren bat ekartzen dugunean, gaztelaniazkoak ere animatzen dira solasaldira, agian zer edo zer irakurriko dute euskaraz, baina kosta egiten zaie, erdarara jo ohi dute”.

Hernanin (Gipuzkoa) ere, euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko joera dute, Raquel Gonzalez liburuzainaren arabera: “Liburutegira datozen gehientsuenek badakite euskaraz, guk beti euskaraz egiten dugulako lehenengo hitza eta euskaraz erantzun ohi digute. Baina euskaldun asko daukagu erdaraz irakurtzen duena eta adibide garbia dugu: irakurleen gomendioekin osaturiko Kuttunenak irakurketa-gidan, deigarria da gehienek gaztelaniazko liburuak aholkatzen dituztela, baina horietako askok gomendioaren iruzkina euskaraz egiten duela”. Liburutegiak euskarazko irakurgaien gomendioak gaineratzen ditu gidan, orekatu aldera, “eta hala ere, proportzioa hirutik batekoa da gaztelaniaren alde”.

Hernanin %55,8 euskalduna da, %20,4 ia euskalduna eta kaleko erabilera %39,1ekoa da. Liburutegiko datu zehatzak ere baditu Gonzalezek: funtsa osatzen duten irakurgaietatik, “euskaraz kaleratzen den gehiena hartzen dugun arren”, euskarazko lanak 11.846 dira, gaztelaniazkoak 33.619 eta beste hizkuntzatan 741. Iaz mailegaturiko liburuen artean, 5.894 izan ziren euskaraz (mailegatutako irakurgai guztien %24), 18.264 gaztelaniaz eta 345 beste hizkuntzatan. DVDen mailegatzean gauzak ez direla aldatzen azaldu digute liburuzainek eta horren erakusgarri dira Hernaniko datuak: iaz, liburuak ez diren maileguen artean 4.404 euskarazkoak ziren (%29), 10.035 gaztelaniaz eta 409 beste hizkuntzatan. Hutsune bat dute datuok: ez dute mailegatzaileen adina kontuan hartzen, baina liburuzainak xehatu dizkigu haur, gazte eta helduen joerak.

Harry Potter etai tzulpenen garrantzia

Haurrak gehienbat ikastetxean eskatutakoaren bila doaz Hernaniko liburutegira, beti ere euskaraz. Gaztetxoen artean hasten da hizkuntzaren hautua banatzen: literatura jakin bat ekoizten da haientzat eta sarri modek baldintzatzen dute irakurgaia, zer esanik ez liburu horien filma egin badute, ikusi bestela banpiroen istorioek orain duten arrakasta. Kontua da modako liburu horiek gehiago itzultzen direla gaztelaniara, euskarara baino. Horregatik, nahiz eta best-sellerrak euskaratzearen kontrako ahotsak egon, Gonzalezi inportanteak iruditzen zaizkio itzulpenak: “Lortuko genuke horrekin euskaraz irakurtzea? Best-sellerrak behintzat bai, Harry Potter-en liburuak dira adibidea. Gainerako hizkuntzetara bezain azkar itzuli ziren euskarara, eta irakurri egin ziren, liburutegian dauden Harry Potter-en euskarazko liburuak asko erabili dira, sumatzen da esku ugaritik pasa direla”.

Helduentzat ere balio du esandakoak, liburutegira gerturatzen diren gehienek salduenak irakurtzen dituztelako –erreserba zerrenda luzeak izaten dituzte liburuok– eta gehiena gaztelaniaz. Hernanin ere, 50 urtetik gorakoak dira erabiltzaile nagusiak, eta euskarara aiseago jotzen dute gazteagoek, 20-40 urte artekoek, “ohituagoak baitaude euskaraz irakurtzera eta formakuntza ere euskaraz jaso dute”. Azkenik, euskara ikasleak ere hurbildu ohi dira, irakurgaien bila edota euskaraz antolatzen dituzten literatur solasaldietara. Hizkuntza Interesgunearen txokoa dute gainera, euskaraz ikasteko material dezenterekin (hiztegiak, gramatikak, metodoak, gidak…)

Zergatik?

Erdarazko irakurgaien eskaintza handiagoa izanagatik, euskaraz aniztasuna badela gogoratu du Igor Idoetak, eta garai batean euskarazko liburuak batez ere euskal literaturara mugatzen ziren arren gaur egun itzulpen ugari dagoela. Orduan, zergatik mailegatzen dute euskaldunek nagusiki erdaraz? Euskaraz irakurtzeko zailtasuna argudiatzen duenik bada, baina benetako arrazoia ohitura (falta) dela uste dute liburuzainek. “Euskaraz publikatzen dena erakargarria ez dela ere entzun izan dut, baina erdaraz irakurtzen duenak zabor pila bat irakurtzen du eta tarteka bitxikeriaren bat aurkituko du. Aitzakiak dira, ohitura bagenu euskaraz irakurriko genukeelako liburua, eta gero epaituko genuke txarra iruditu zaigun edo ez”, ondorioztatu du Gonzalezek.

Prentsa dute liburutegiotan eta aipaturiko ohiturak aldatzen lagundu dezakete egunkari eta aldizkariek. Idoetak dio gaztelaniaz irakurtzeko joera duen jendea euskaraz leitzera ohitu duela Hitza egunkariak, etxean bertan ikusi baitu, amarekin. Gonzalez herriko egunkariaz mintzatu zaigu: “Hernaniko Kronika aparteko fenomenoa da, euskaraz ez dakitenek ere begiratzen dutelako eta batzuk goiz-goiz etortzen dira liburutegira Hernaniko Kronika hartzera baino ez”. Hala ere, Diario de Noticias eta Berriaren artean, lehenengoa gailentzen da Ziordian, eta El Correo (Markina-Xemeinen) eta El Diario Vasco (Hernanin) dira irakurrienak, nabarmen.

Joera orokor hauei aurre egin nahian, erakustokietan euskarazko liburuei leku berezia egiten saiatzen dira sarri liburuzainak, euskarazko nobedadeak bistaratzen edota liburu proposamenen karteletan erdararekiko oreka bilatzen. Markina-Xemeinen, irakurketa gomendioak egiten dituzte inguruko herriekin batera (Ermua, Iurreta, Durango, Ondarroa) eta gomendio gehienak euskaraz izan daitezen ahalegintzen dira. Hernanin, euskarazko liburuak baino proposatzen ez dituen gida-liburu bat kaleratzen dute, herriko euskara elkartearekin elkarlanean. Inprimakiak banatzen dituzte irakurleen artean eta horien gomendioak, euskarazkoak, Hernaniko Kronikan plazaratzen dituzte hilean behin, irakurlearen iruzkinarekin; “herritar gutxi animatu da oraingoz”.

Ipuin-kontaketak eta solasaldi literarioak izan ohi dira euskaraz aritzeko beste bi eremu, Markina-Xemeinen Peru Abarka album lehiaketa antolatzen dute, euskarazko literatura sustatzeko, eta euskaraz irakurtzeko zailtasunak argudiatzen dituztenentzat, irakurketa mailakatuaren gida atera du HABE Liburutegiak, euskal literaturako liburuen zailtasun maila adieraziz. “Oso baliagarria izango da literatura sailkatzeko eta asmoa da euskal narratibaren apalean liburuen zailtasun maila horren arabera markatzea, euskaraz trebatzen ari direnentzat lagungarri”, iragarri digu Gonzalezek. Aurrez aurreko aholkuak ere egiten dituzte liburuzainek, beti ere errazago herri txikietan eta ohiko bezeroekin sortzen den konfiantza giroan, baina azken finean, norberaren ohituren, gogoaren eta nahien esku dago hizkuntzaren hautua, liburutegira eleberri bila goazenean.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aitonita eta ortologia

Ansorena´tar Joseba Eneko.

Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]


Goiatz Urkijo, Euskaraldiaren koordinatzailea
“Ez dira kontraesankorrak ahalegina eta Euskaraldian ilusioz parte hartzea”

Euskaraldiaren laugarren edizioaren bezperatan egon gara Goiatz Urkijorekin. Hirugarrenean apalaldia sumatu zuten; bigarrena pandemia betean egin izanak ez zuen askorik lagundu. Aurtengoa herrikoiagoa eta ilusionagarriagoa izatea dute helburu. Oraingoz pozik daude tokian tokiko... [+]


Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


2025-04-08 | Euskal Irratiak
Manex Fuchs
“Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke”

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.


2025-04-07 | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Eguneraketa berriak daude