Gizarte matxista baten ondorio ez bada, nola ulertu EHUko Kazetaritza fakultatean azkeneko hamarkadan lizentziatu direnen %67 emakumeak izan arren –kalifikazio onenen %83 emakumeak izan arren–, EAEko erredakzioetan eta hedabideetako zuzendaritza taldeetan oro har gehiengoa gizonezkoak izatea?
“Baina ze mania daukazuen emakumeek! Autokritika egin beharrean, edo akaso lanpostu horretarako nahikoa ez zaretela pentsatu beharrean, matxismoagatik dela uste duzue!”. Kazetari zenean nagusiarengandik jasotako hitz horiek eraman zuten Diana Rivero datuak begiratzera: “Zerbait aldarrikatzen duzunean, datuetan oinarritu ezean, beti dagoelako norbait prest kontrakoa argudiatzeko”. Eta datuak argiak dira: Estudio General de Medios (EGM) Espainiako Estatuko neurgailuaren arabera, EAEko hedabideetan zuzendaritza-kideen %76,9 gizonezkoak dira, erdi mailako postuetan %67,4 gizonezkoak dira eta erredakzioetan %62,7. Emakume kazetarien egoera profesionala EAEko komunikabide nagusietan tesian bildu ditu datuok Diana Rivero EHUko Kazetaritza II Departamentuko irakasleak.
Emakumeak eta Hedabideak jardunaldietan aurkeztu zuen tesia duela gutxi, eta azaldu zuenez, telebista da gizon eta emakumeen kopururik parekideena duena, baina horren atzean ere badago bestelako arrazoirik: “Irudia tartean denean, emakumeengana gehiagotan jotzen da”. Ondorio hori atera du Riverok, bere ikerketan egin zituen hiru eztabaida taldeetatik. “Beste kontu bat litzateke zer eskatzen zaien telebistan ari diren emakume kazetari horiei, hau da, eurez ematen den irudia zein den, protagonista gisa agertzen diren, ala laguntzaile gisa. Datua da fifty-fifty gaudela eta, profesionalek eurek aitortu zidatenez, irudia dagoen lekuetan emakumeek hobeto funtzionatzen dutelako izaten dela”.
Tesian aztertutako hedabideak EGM-n agertzen direnak dira. Hala, 16 komunikabide aztertu ditu Riverok: El Correo (Bizkaia eta Arabako delegazioak), Deia, El Diario Vasco, Gara, Berria, El País (País Vasco edizioa), El Mundo (País Vasco edizioa), Punto Radio (delegazioa), Cadena SER País Vasco, COPE (delegazioa), Onda Cero (delegazioa), Radio Gorbea, Tele5 (delegazioa), A3 (delegazioa) eta RTVE (delegazioa). Jasotako datuen arabera, erredakzioan ari diren kazetarien %62,7 gizonak dira eta emakumeak berriz, %37,3. Tartea gehiago zabaltzen da zuzendaritzak begiratuz gero: %76,9 gizonak eta %23,1 emakumeak.
Argazkia osatze aldera, euskaraz ari diren beste hainbat hedabidetan egoera errepikatzen al den jakin nahi izan dugu. ARGIA, Euskalerria Irratia, 11 Telebista, Goiena taldea eta Anboto astekariko datuak eskatu ditugu. Hauetan ere, ardura dutenen artean gizonezkoak gehiago dira: zuzendaritza taldeetan %58,3 dira gizonak. Erredakzioetan egoera bestelakoa da. Kasu honetan, badago, baina, alde nabarmen bat Rivero irakaslearen tesian jasotako datuekin konparatuta: erredakzioen feminizazioa ematen da euskaraz ari diren hedabide horietan: %62,4 dira emakumeak. Goienako (%64), 11 Telebistako (%55,5), Euskalerria Irratiko (%57,1) eta Anbotoko (%83,3) erredakzioetan emakumeak dira nagusi. Aldiz, bost hedabide horietatik emakume bakarra da zuzendaria: Durangaldeko Anboto astekarian. Ikusten denez, beraz, argazkia errepikatu egiten da, hedabide handi nahiz txikietan: El País, El Mundo, La Vanguardia, El Periódico de Catalunya eta La Razón egunkarietako erabakiguneetan %14 baino ez dira emakumeak eta zuzendaririk batere ez, ezta gurean argitaratzen direnetan ere.
Hedabide publikoen kasuan, legeak dio parekidetasunaren alde lan egin behar dutela. Zehazki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 26. artikuluaren hitzetan, “gizarte-komunikabideek emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte”. Baina, beste hainbatetan bezala, kasu honetan ere ez da legea betetzen. Datuek diotenez, emakumeen presentzia ez da inondik inora proportzionala. Aztiker ikerketa soziologikoen zentroak egindako txostenaren arabera (2010), EiTBko albistegietan agertu ziren protagonisten %75 gizonezkoak ziren; kirol gaietan (%91), politikan (%73) eta ekonomia albisteetan (%69) eurak izan ziren aktore nagusi; emakumeak protagonista izan ziren gertuko albisteetan (%35), kulturan (%29,7) eta gizarte gaietan (%25,5). Hala ere, Berdintasun legea edukiez ari da, eta ez hedabide publikoetan lan egiten duten profesionalez. Langileriaren eskemari buruzko adibide bat jartzearren, Euskal Irrati Telebistaren Administrazio Kontseiluaren osaerari erreparatuta, 19 kideetatik 5 baino ez dira emakumeak.
Riverok aitortu duenez, kazetaritzan ere, beste lan arlo guztietan bezalatsu gertatzen da: aginte-lekuetan gizonak dira nagusi, eta okerrena da postuz igotzeko aukerak ere askoz murritzagoak direla. Zergatik? “Kargudunen edo albokoen izendapenak egiterako orduan gertukoenengana jotzeko ohitura nagusitzen delako kazetaritzaren kasuan. Eta nortzuk dira gertukoak? Bada, lan eremutik kanpo eraikitzen diren harremanetatik datozenak. Eta eremu horietan ez dira egoten emakumeak”, dio Riverok, jakinda hori ere ez dela kazetarien esklusiba. Hau da, “emakumeak ez dira eremu horietan egoten, behin lana amaituta kontziliazioaren esparrua datorrelako, eta horrek, oraindik ere portzentaje handi batean, emakumeen egitekoa izaten segitzen du”.
Belaunaldi gazteagoekin batera egoera aldatzen joango zen esperantzaz aritu zen ikerketa egiten unibertsitateko irakaslea. “Baina, zoritxarrez, ereduak errepikatu egiten dira. Erredakzio zaharretako molde berberak islatzen dira erredakzio digitaletan ere: agintzen dutenak gizonezkoak dira. Eta eskatzen dena ez dira pribilegioak, baizik ez diskriminatzea”. Halaxe esan zien EHUko kazetaritza fakultateko ikasleei, aipatu jardunaldietan. “Ezagutzaren ateak ireki direnean, erruz sartu gara emakumeak unibertsitatera, are gehiago kazetaritza fakultateetan, baina lan mundurako jauzia ez da proportzio berean gertatzen, kristalezko sabai ditxosozkoak ere hortxe segitzen du. Erredakziora heldu arren, saileko arduradun izatera edo zuzendaritzetara iristen direnak gutxienak dira”. Riverok gaineratu duenez, ikasleekin gaiaz mintzatzen denean, “zertaz ari naizen galdetzen didate. Ez dute egoera horrela ikusten, medioetan, plaza publikoan, ez dagoelako eztabaida hori. Esparru akademikoan ikasleak esfortzuaren araberako saria jasotzen du eta ekuazio horretan ez da existitzen bakoitzaren generoa aldagai gisa”.
Baina egia zera da, EHUn 1999-2009 urteen artean, kazetaritzan lizentziatutakoen %67 emakumezkoak diren arren, portzentaje horiek alderantzikatu egiten direla lan munduan: “Erredakzioetan %67 dira gizonezkoak eta zuzendaritza taldeetan esan daiteke emakumeen presentzia anekdotikoa dela”. Irakaslearen ustez, “emakumeok zigortu egiten gaituzte eta aukerak lapurtzen dizkigute, lanpostu hori betetzeko formakuntza badugun arren. Atentzioa deitzen dit gaur egun ere kondenatuak izaten segitzea emakume jaiotzeagatik”. Datuetan oinarritzen du argudioa: EHUko kazetaritza fakultatean lizentziatu direnen artean 15 kalifikaziorik onenak dituzten ikasleen %73 emakumeak dira (1999-2009 urteen artean aztertutako 150 ikasleren artean).
Kontuak kontu, Riverok mezu baikorra helarazi nahi du: “Ez dut uste utopikoa denik aldaketan pentsatzea; are gehiago, kuota orekatuak egongo balira diskriminazio positiborik ez litzateke behar izango eta horrek zerikusi zuzena dauka profesional bakoitzaren merituak aintzat hartzearekin; hau da, kapital humanoa lehenestearekin”.
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da.
Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]
Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]