Euskal Herrian ugari dira trenbide –edo trenbide zati– desagertuak aprobetxatuz oinezko eta txirrindularientzat atondutako bide berdeak. Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea da luzeenetakoa, 84,4 kilometro Arlabango mendate arabarretik Lizarrara. 40 kilometroren bueltan, bi ibilbide ezagun ditugu: Andoaindik Mugiro-Lekunberrira doan Plazaola-Leitzarangoa eta Burdinmendi. Azken honek Artzentalesetik Muskizera garamatza eta egokia da burdin bidean zehar Bizkaiko historian barneratzeko. Urola ibaiari jarraiki, Zumarragatik Zumaiara garamatzan Urolako bide berdea ere egin dezakegu, eta kilometro gutxiko txangoa nahiago duenak aukeran ditu, besteak beste, Atxurikoa, Arrazolakoa –Anbotoren magalean–, labarren artean bista ikusgarriak dituen Itsaslurrekoa, Mutilotik Ormaiztegirakoa edota Irunberriko arroilekoa.