1953, Azkarate (Nafarroa Beherea). Laboraria. ABko eta ELBko kidea. 20 urte bete ditu Azkarateko auzapez karguan. Paueko Kontseilu Nagusiko kontseilaria izana. Garazi-Baigorriko Herri Elkargoaren presidentea da. Biziki ontsa ezagutzen ditu herri politikaren botere-guneak. Gune xumeak izanik ere, abertzaleen lehenbiziko xedea horiek hartzea izan behar dela esan digu.
Aro politiko berria heldu da Ipar Euskal Herrira ere. Hala ere, bertako eragile politikoen aldarrikapen nagusia (Euskal Departamendua iraganean) aspaldiko eskaera da, herri mobilizazioen eta borroken ondorioa: Euskal Lurralde Elkargoa. Herritarrak –eta hautetsien gehiengoa orobat– enegarren aldiz manifestatuko dira ekainaren 1ean, Baionako karriketan. Azkarateko auzapez abertzale Jean-Michel Galant-ekin mintzatu gara aro politiko berriaren karietara.
Apirilaren 27an, ehunka eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalek mintegia burutu zenuten Baionako Unibertsitatean. Euskal Lurralde Elkargoaren eskaera egin zenioten Frantziako Gobernuari. Zer gogoeta egin duzu mintegiaz?
Guretzat, mintegia barnetik bizi izan dugunontzat, eguna oso inportantea izan da. Instituzio berri horren galdatzeko alderdi guztietako ordezkariak bildu baikinen. Nolabaiteko adostasuna badago, orain arte sekula erdietsi ez dena. Inportantea da azpimarratzea, diputatuak, senatariak, kontseilariak bildu izana, Euskal Herriko hautetsien gehiengoa. 500 pertsona biltzea asko da. Alabaina, Parisek eskaerari erantzun behar dio, eta maleruski, erantzunik ez dugu ukan.
Aldarrikapena egiteaz gain, ekainaren 1ean, berriz ere manifestatzera deitu duzue Baionako karriketan. Ba al du berezitasunik oraingo deiak?
Berezitasuna da Batera plataforman biltzen garen baino eragile gehiagok deitzea. Konparazione, Merkataritza eta Industria Ganberak deitzea, lantegietako nagusiek deitzea, berritasuna da. Indar berria da. Gainera, lehen Euskal Departamenduaren eskatzen ez zuten eragile batzuek Lurralde Elkargoa eskatzen dute, eta instituzio horrek eskumen gehiago erdietsi nahi du. Departamenduaren eskaera abertzaleek bultzatu zuten batez ere. Geroztik, Baterak eraman zuen iniziatiba. Egun hautetsien ekimena da bereziki. Ekainaren 1ean dugu hurrengo hitzordua eta segida.
UMPko Alain Lamassoure eurodiputatua egoteak zer adierazten du?
Hor joko politikoan sartzen gara. Jakina denez, politikan eleek ez dute arrunt gauza bera adierazten. Ez dut uste nehor tronpatzen denik horretan. Alain Lamassourek aspaldi erran zuen “Le Pays Basque doit être connu et reconnu”. (Euskal Herriak ezagutua eta errekonozitua izan behar du). Alta, porrot egin zuen. Oraingo eskaera honek ere ez du Parisen oihartzunik ukan. Haatik, ez ditugu besoak apaldu behar.
Izanik ere, Frantziako Gobernuaren jarrera betikoa da.
Parisek ez badu entzuten –lurralde bat non herritarren ordezkari gehienak aho batez mintzo diren–, ez baldin badu erantzun tipi bat ematen gaitza izanen da. Nik biziki gaitza atzemanen nuke erantzun eza. Erabateko erantzunik izanen den ere, ez dugu amestu behar. Egia erraiteko, erantzunik gabe, eza aski argia emana dute. Lurralde Elkargoa ez da orain gauzatuko naski, baina gure ekarpena hor dago. Lurraldetasunaren egitura ari da aztertzen Frantzian. Beraiek galdatu dizkigute ideia berriak, eta guk, bederen, ideiak ekarri ditugu.
Frantziako Gobernua alderdi sozialistaren esku dago. Hemengo diputatuak –Alaux eta Capdeville– sozialistak dira, baita Espagnac senataria ere. Horien engaiamendua zintzoa al da, zure ustez?
Ez dakit zer pentsa. Beren bizkar dago eskaera aitzinatzea. Baina ez badute deus erdiesten, erantzunak eman behar dizkiote herriari. Hau da, alderdi sozialistarekin ez dagoela ezer egiterik erran, eta, beharbada, alderdia utzi behar lukete. Edo joko batean ari dira soilik? Alabaina, biziki urrun joan dira beren aitorpenetan, gauza biziki adierazgarriak erran dituzte, eta orain afera ez badute gorago eramaten, ez dut ikusten aterabide erraza dutenik.
Noraino joateko prest dauden galdetu behar zaie agian?
Galdatzen ahal zaie, baina galdatzen ahal zaie ere beste alderdikoei. Jean-Jacques Lasserre [Hautetsien Kontseiluaren presidentea] azken hilabetetan inoiz baino aitzinago joan da. Agian, asma daiteke, Lurralde Elkargoa erdietsiko bagenu, egitura horren presidentea bilaka liteke. Menturaz, esperantza horrekin ari da. Paueko Kontseiluaren presidentetza galdu baitzuen.
Mintegian bake prozesua ere aipatu zen. Lurralde Elkargoa onartzea lagungarria litzatekeela bide horretan. Adierazgarria inolaz ere.
Hori bortizkeria gelditzearen ondorioa da. Ez dakit Parisen zer eragin izan duen, baina hemen, bortizkeriaren gelditzeak herritarrek Lurralde Elkargoaren ideia bere egiten eta onarrarazten lagundu du. Adostasuna ere lortu da batzuek ez dutelako bortizkeriaren aitzakia Elkargoaren asmoa baztertzeko. Atzo erraten zuten eskabidea ez zela aitzinatzen horregatik, beraz, egun alde egon behar dute. Lasserrek goraki erran du horrek lagundu duela aitzinarazten. Egia edo joko politikoa ote den? Politika egiaren eta jokoren marra artean egiten da.
Batasuna desegin da Iparraldean. Aro berria iritsi al da hemengo abertzaleen artera?
Aro berria, berria da oraindik. Ez dakit. Ikusi behar da hurrengo herri hauteskundeetan aro berriak zer emanen duen. Batasuna desagertu da, baina lotura eskasa ikusten dut militanteen lanaren eta herriko engaiamendu politikoaren artean. Politika ez da Euskal Herriaren osotasunean aritzea soilik, edo eslogan batzuk erabiltzea. Edo ez da horretan soilik ari behar. Ikusi behar da herri tipietan zer harreman dagoen. Uste dut haustura gisako zerbait dagoela, hori lantzeko dago oraino.
Anartean, urteetako lanaren poderioz, beste alderdiek abertzaleen helburuekin bat egin dute neurri batean.
Abertzaletasunaren normalizazioa eman da, luzaz apartekoa zen, gauza ona da beraz. Abertzaleen ideia batzuk hartu dituzte, baina haiek dira boterean. Eta politikan eragiteko boterean egon behar da. Biziki inportanteak dira heldu den urteko herriko bozak. Lan handia da egiteko, hots, herri tipietako beharrez arduratu behar da herriko etxeetan sartzeko, boterea hartzeko. Abertzaleok hirugarren indarra gara, baina gobernatzeko lehena izan behar da. Orduan burutu dezakezu egiazki zure politika. Bide onean ari gara, baiki. Gazte franko ideia abertzaleekin ari dira, baina besteek ere badituzte gazteak.
Nafarroa Beherea Herri Elkargoa eratzeko asmoa zabaldu da azkenaldian. Garazi-Baigorri, Iholdi-Oztibarre eta Amikuze elkargoak bateratzea xede delarik. Zein da zure iritzia?
Herri Elkargoa biharko herria da, herriek egindako egitura. Garazi-Baigorriko 30 herriek beren gain zuten zenbait zeregin Herri Elkargoari utzi dizkiote jada. Herriak beren indarrak Herri Elkargoari ematen ari zaizkie engoitik. Hemendik 10-15 urtetara herriek ez dute ia deus eginen, zereginak Herri Elkargoen esku izanen dira. Nik hurbiltasuna hobesten dut, boterearen hurbiltasuna, gauzak ongi egiteko eremua ongi ezagutu behar da: hondakinen bilketa dela, haur-eskolen beharra dela. Eguneroko zerbitzuak nola behar diren eraiki zehaztu behar da. Non egin daiteke hobekienik, 30 edo 70 herri artean? Amikuze eta Baigorri lurraldeen artean huts izugarria dago, biztanleen arteko harremanak urriak dira. Batzuek Baxenabarre biltzearen aitzakian, probintzia batuko delakoan, Herri Elkargo bakarra nahi dute. Ez da ene ikusmoldea ez nahia.
Eskuinaren nahia al da? Barthelemy Aguerre kontseilariarena tarteko.
Aguerrek eta abertzale hainbatek ere nahi dute. 89 herri elkartuko lirateke; horietik lau Zuberokoak: Pagola, Domintxine, Etxarri... Alta, Baxenabarrreko beste bederatzi kanpo geratuko lirateke: Donamartiri, Donostiri, Isturitze, Aiherra, Heleta... Horiek Hazparneko Herri Elkargoari lotuta baitaude, eta beste batzuk Bidaxuneko Elkargoari, Bastida, adibidez. Gainera, ideia hori ez da herrietatik heldu, ezta prefetarengandik ere. Prefetak bi Herri Elkargo antolatzea proposatu zuen. Iholdi-Oztibarreko Irisarri eta Suhuskune herriak Garazi-Baigorri Elkargora pasatzea proposatzen zuen. Eguneroko bizitza hemengo elkargoan egiten baitute. Baxenabarre Elkargoaren ideia hiru hautetsiengandik heldu da. Baigorriko auzapeza eta kontseilari nagusia Jean-Baptiste Lambert-en, Armendaritzeko auzapeza eta Iholdi-Oztibarreko kontseilari nagusi Lucien Delgue-ren, eta Amikuzeko kontseilari nagusi Barthelemy Aguerreren nahia da. Beste batzuek ezetz erran dute, Frantxoa Maitia kontseilariak besteak beste. Prefetak herri horiei galdetu die zer pentsatzen duten, baina inolako azterketarik egin gabe, herri batzuetan alde bozkatzen hasi dira. Baina zeren alde? Zein da Elkargoaren proiektua? Zer ondorio ekarriko du horrek zergen aldetik? Galdera horiek erantzun gabe daude.
Abertzale batzuek ere hori nahi dutela erran duzu.
Baxenabarre batzearen ametsa Lurralde Elkargoaren asmoarekin lotzen dute zenbaitek. Nonbait, diote, hemen halako elkargo-egitura handia balitz errazagoa litekeela Lurralde Elkargoa erdiestea. Nik ez dakit hori nola asmatu ahal den, bi egitura maila ezberdinekoak baitira. Herri Elkargoak eguneroko gauzez arduratzen dira, eta Lurralde Elkargoak, egungo Kontseilu Nagusiaren eskumenak kudeatuko lituzke. Ez dut loturarik ikusten.
Laborariak, oro har, ez daude ados.
Nahiz eta Herri Elkargoek laborantzaz ardura apala duten, Aguerrek –Lurberri kooperatibaren nagusietarik bat–, ez du mendialdeko etxaldeen alde inoiz egin, Amikuzeko etxaldeen alde baizik. Artoaren alde egin du, ez du kabala-hazkuntza batere sostengatu anitz urtez. Garazi-Baigorrin oso berezia da etxaldea. Laboraria mendian bizi da gehien bat, kabalak hazten ditu, ardiak bereziki. Guretzat galtze handia liteke Amikuzeko laborantzak markatzea gure laborantzaren geroa. Lurberri nola garatu den ikusi besterik ez duzu.
Baxenabarre Herri Elkargoa eskuinaren faborean dela diote sozialistek.
Anitz gauza nahasten da hor. Eremu hori ez bada egituratzen, Amikuze eskualdea Bearnorekin joan daitekeela diote zenbaitek, Euskal Herriaren muga aldatu litekeela. Eta Zuberoa zer? Hari horretatik arrazoitzen bada, Zuberoa Bearnoarekin joanen da? Euskal Herriaren mugak Lurralde Elkargoak zaindu behar ditu, eta horretan hautetsi denak ados daude. Herri Elkargo guztiak batzean dagoen arriskua hurbiltasuna galtzea da, eskuinak anitz urtetarako Herri Elkargo horretan boterea hartzea.
Abantaila gutxi zure ikuspuntutik, beraz.
Bai. Urepeletik Amikuzeko beste muturrera oren bat dago bidean. Zer motibazio ukanen du elkargoan arituko den ordezkariak? Egun, 50 kide biltzen dira Baigorri-Garaziko herri kontseiluan, elkar ezagutzen dugu, gizartea egina da, gurutzamendu naturalak horiek dira, eguneroko beharren araberakoak. Guk Donapaleutik haragoko herriekin ez dugu harremanik, egunerokoaz eta hango problematikaz gutxi dakigu. Denak bilduko bagina, 89 ginateke gutxienez kontseiluan. 50 hamar ordezkari sobera dira, beraz, ene beldurra da, motibazioa galtzea. Herriko Etxeetako bozen motibazioa galduko da, ez baitute ia deusen egiteko. Hemen ene beldurra da helbururik gabe aurrera egitea. Helburuak idazteko baitira.
Zein da zure proposamena?
Bi Herri Elkargo egitea. Iholdi-Oztibarre bitan zatitu, alde bat Garazi-Baigorrin eta bestea Amikuzen sartzea. Hartara, lau Herri Elkargo antzekoak lirateke barnealdean: Zuberoa, Amikuze, Hazparne eta Garazi-Baigorri. 14.000 biztanlekoak, kasik berdinak. Barnealdeko lurraldea orekatzeko molde egokiena.
Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.
Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.
Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]
Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]
Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.
Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]
Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.
Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langilea Donibane Lohizunen erail bazuten ere, Algorta jaioterrian egin diote oroimen ekitaldia, igande eguerdian. Bertaratutako lagun zein senitartekoek presente izan dute estatuaren indarkeriak hil zuela.
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.