Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek
“Nik erabakiko dut zer-nora
bota, ta zein den ordena”,
“zaborra nik sortzen dudan arren,
hau ezta nire problema!”.
“Erosoa bada bost axola
nola biltzen duten dena”,
jendartea da zabortegi bat
gainezka egin duena,
zein da bidea, sistema?
Zaborrik onena izan dadin
inoiz sortuko ez dena!
Kontsumo eredu basati bat
eskuinaren eskuetan,
interes, negozioak nonahi,
kontzientziak errautsetan,
ez dugu nahi soilik birziklatu
zaborra bere horretan,
jar dezagun eredu oso bat
zintzilikarioetan,
ez gaitezen egon bertan,
iraganetik jasoa hustuz,
geroarekin zorretan.
Egungo Hernani ezin zuen
irudikatu Txirritak:
asteartetan organikoa,
asteazkenetan brikak,
aldaketek beldurtzen gaituzte
nahiz izan moderno, chic-ak,
har dezagun arnas, aire garbiz
bete ditzagun birikak,
gaur akabo polemikak,
emaitza positibo berberak
markatzen baditu txipak.
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]