Hamarkada ia oso batean aurrenekoz, Korsikako bi futbol talde ari dira lehiatzen Frantziako lehenengo mailan: Ajaccio eta Bastia. Nortasun berezia dute, diskriminazio sentipen, gerra zikin eta kontu-garbitzeek idatzitako historiaren lekuko.
2012ko urriaren 16an Antoine Sollacaro abokatu eta korsikar nazionalista beteranoa tirokatu zuten Ajaccio inguruko gasolindegi batean. 1998an Claude Erignac prefeta hil izanaz akusatuta biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten Yvan Colonna militante independentistaren abokatua izan zen Sollacaro. Bertsio ofizialen arabera, baina, haren hilketak ez du zerikusirik horrekin. Hedabideek zabaldu zituzten datu hotzen artean, hau: “2008tik 101 hilketa izan dira 300.000 biztanleko uhartean. Siziliakoa baino larriagoa da Korsikak bizi duen egoera”. Eta erantzunik gabeko galdera bat airean: “Nork hil zuen Sollacaro?”. Nork hil zuen iazko azaroan Jacques Nacer, Korsika hegoaldeko Merkataritza Ganberako presidente eta lider independentista ezaguna? Nork hil du apirilaren 25ean Jean-Luc Chiappini, Korsikako Natur Parkeko presidentea? Herrialdea zeharkatzen duen GR20 mendi ibilbidearen diseinatzailea izan zen Chiappini. Ezker eskuin, uharteko lurren %40 babesten du legeak, negozio-gizon espekulatzaileek desio dituzten kostaldeko zenbait gune tartean. Izan dezake Chiappiniren hilketak zerikusirik horrekin? Baliteke, baina poliziak erantzun zehatzik ez du eman oraindik. Hamar hilketatik zazpi argitu gabe geratzen dira Korsikan.
Sollacaro akabatu zuten 2012ko asteburu horretan, Ligue1 mailan 2005etik lehenengoz, elkarren artean jokatu zuten Ajacciok eta Bastiak, tradizionalki mugimendu nazionalistetatik hurbil egon direnak, herrialdeko gainerako futbol taldeak bezala. Derbia hasi aurretik bi afizioek Dio vi Salvi Regina korsikar ereserkia abestu zuten hildako abokatuaren omenez. Futbol partida hori du abiapuntutzat Aitor Lagunas kazetariak Panenka aldizkariaren 17. zenbakian plazaratutako La batalla de Córcega (Korsikako gudua) erreportajeak.
1992ko maiatzaren 5ean, Bastia eta Marseillako Olympique taldeen arteko Kopako finalerdia hasi baino lehen, Furianiko estadioko harmaila gehigarriak erori eta 18 lagun hil ziren. “Hemen orori buruz hitz egin daiteke: independentziaz, mafiez... baina Furianin gertatutakoaz ez; gurea herrialde txikia da eta guztiok ezagutzen dugu han zegoen norbait”, dio Thomas Andrei kazetariak.
François Mitterrandek bere garaian eta duela gutxi François Hollande frantziar presidenteek hitz eman zuten Gobernuak dolua errespetatu eta ez dela futbol partida gehiagorik jokatuko maiatzaren 5ean. Urratsik ez du eman, ordea. “Data hura oraindik sakratua ez izatea errespetu falta handia da”, kexu da Jean-Paul Cappuri, Furianin zegoen Corse Matin egunkariko kazetaria: “Badirudi soilik korsikarrei dagokien drama dela, baina Frantziako futbolak sekula jasan duen tragediarik handiena da. ‘Gera zaitezte zuen doluarekin, zuen oroitzapenekin, eta ez zaitezte irlatik atera’ esango baligute bezala da”.
1970eko eta 80ko hamarkadetan “lurraren kriminalen” aurkako eraso ugari burutu zuen Korsikako Askapen Nazionalerako Fronteak (FLNC), 1990ean bitan zatitu zen arte: Canal Historique batetik eta Canal Habituel bestetik. Elkarren arteko kontu-garbitzeek hamabi hildako eragin zituzten eta mugimendu independentista izugarri ahuldu zen. Furianikoaren osteko elkartasun uholdeak zatiketa horren zauriak sendatzen lagundu zuen, baina injustizia eta diskriminazio sentipenak bizi-bizi dirau uhartean. 1972an Bastiak Kopako finala galdu zuen Marseillako Olympique-ren aurka. Garaikurra ematean irabazleen kapitainari zuzendu zitzaion Georges Pampidou presidentea: “Kopa hau frantziar lurretan geratzeak poztu egiten nau”. Korsikarrek ez dute ahaztu.
1990eko hamarkadan, askapen mugimenduan zatiketa eman zenean, eta ziurrenik horren ondorioz, Korsikako futbol taldeek txakal-aldi luzea sufritu zuten, 2009an Bastia amateur mailara jaistear egon zen arte. Bederatzi bazkidek –iturgin bat, mekanikari bat eta elektrizista bat zeuden haien artean– taldea erosi zuten, eta ordutik elkarren artean kudeatzen dute.
Garai ankerrenak gaindituta, suspertzen ari da nazionalismo korsikarra. Irlako ekonomia turismoan soilik oinarritzerik nahi ez duen mugimendu independentistak igoera handia izan zuen 2010eko eskualde hauteskundeetan, nazionalismoaren adar desberdinek %35eko babesa jaso zutenean. Garai bertsuan hasi zen irlako futbol taldeen suspertzea eta, era berean, selekzioaren berpiztea.
Korsikako hamaika jokalarik jokatu zuten azken derbian, Sollacaro abokatuaren omenezko isilunearekin hasi zen hartan. Alain Orsoni lider nazionalista ohi eta Ajaccioko gaur egungo presidenteak tristuraz oroitzen du bere adiskidearen heriotza.
Kanpoko jokalariak Korsikako talderen batera heltzean, bertako historiari buruzko eta hizkuntza klaseak jasotzen dituzte. 2010eko datuen arabera, 302.000 biztanleetatik 165.000 lagunek ulertzen dute korsikar hizkuntza, baina %20ak besterik ez du erabiltzen. Kopurua beherantz doa, gainera, eta UNESCOk desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatu du. Apirilaren 24an eta 25ean koofizialtasunari buruzko eztabaida eta bozketa ziren egitekoak irlako Lurralde Asanbladan, baina Jean-Luc Chiappiniren hilketa medio, hilabete atzeratu dute sesioa. Corse Matin agerkariak argitaratu duen inkestaren arabera, herritarren %90 legoke koofizialtasunaren alde.
Alain Orsoni eskuin muturreko militantea izan zen 1970eko hamarkadan, “neskak txunditzeko”, Joachin Barbier eta Romain Canutti So Foot aldizkariko kazetari eta Panenkako kolaboratzaileei azaldu dien moduan. Ekintzaile independentista izan zen gero, eta 1990eko hamarkadan Nikaraguara egin zuen ihes. Duela bost denboraldi hartu zuen Ajaccio taldeko presidente kargua. Panenkak plazaratutako elkarrizketako pasarte batzuk euskaratuta jaso ditigu.
Kanpotik begiratuta, ez dago ulertzerik 1980ko hamarkadaren amaieran korsikar nazionalismoaren barruan gertatu zen gerra zibila.
1989an Korsikako boterea hartzear zen nazionalismoa. Orduan, Frantziak erabaki zuen ezkutuan mugimendu separatistak manipulatzea, barne enfrentamenduak pizteko. Korsikara heltzean polizia-komisario batek hauxe esan zuen: “Nazionalismoa gangsterizatu egin beharra dago”. Nik diodana zera da: Nola izango dugu geure buruak gobernatzea helburu, elkar hiltzen ari bagara?
Harrigarria bada ere, ez dirudi FLNC futbolaz gehiegi baliatu zenik.
Aurkakoa. Hain justu mugimendu hura apurtzean (1990ean) hasi ginen elkarteen sarera hurbiltzeko ahaleginetan, besteren artean futbolera. Hala hasi nintzen kolaboratzen Ajaccioko lehengo presidentearekin, Michel Morettirekin.
Presidente kargua hartu zenuenetik zure kolaboratzaile ugari erail dituzte. Ez zara sikarioen beldur?
Futbol taldearen buru naiz eta erantzukizuna onartzen dut. Baina zer egin behar dut nire iraganari dagokionez? Ezkutatu? Ez, normal bizitzea erabaki dut. Inork aspaldiko zorrak kitatu nahi izanez gero, erraz izango luke. Egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik eta kale beretik heltzen naiz futbol zelaira.
Korsikako futbola mitoak dioen bezain borrokalaria al da?
Egia da harmailetan pasioz bizi dela, baina Ajaccion sekula ez da istilurik izan. Zaila da irlako taldeen aurka jokatzea, jokalari eta zaleak izugarri konprometiturik daudelako. Ez gara desberdinak, baina desberdin ikusten gaituzte. Horretaz balia gaitezke, gure kultura eta identitatean oinarrituta. Jokalariek Korsikaren eta haren baloreen defentsa eurena egiten badute, ahuldadeei aurre egiteko kemena emango die.
Nire helburua da Errealaren antzeko taldea osatzea, nortasun indartsu eta familiaritate handikoa. Antzekotasun ugari dago bi taldeen artean, haiek hobeak diren arren.
Irlara iristean, jokalari batek nora heldu den ikasi behar du…
Bihotzetik hitz egin eta arauetatik kanpo dagoen taldea garela azaltzen diet, aurrekonturik txikienetakoa eta, agian, presidente arraroa duena. Beste taldeetakoak enpresariak dira, industria jabeak... Baina ni iraultzailea naiz. Borroka egin nuen nire irlako hondartzak hormigoizko pareta bilakatu ez zitezen, Kosta Urdinean gertatutakoa errepika ez zedin. Kartzelan sartu ninduten horregatik. Ez naiz lotsatzen, eta ez dut barkamenik eskatuko.
Ba al du zentzurik Korsikako selekzioak?
Korsika estaturik gabeko nazioa da, Euskadi bezala. Ez dakit zergatik den arraroa selekzio propioa osatu nahi izatea.
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".
Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.
Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.
Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha... [+]
Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.
Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Bastiako Auzitegiak, uharteko prefet ohiaren helegitea ebatzita. Korsikako herritarren eskubideen urraketa dela salatu du, besteren artean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu... [+]
Duela hogei urte Claude Erignac Frantziako prefetaren hilketaren komandoaren parte izatea leporatu zioten. Orain, zaintza-neurri zorrotzak bete beharko ditu urtebetez. Eric Barbolosi Alessandriren abokatuak adierazi du erabakia "legea eta zuzenbidea hertsiki aplikatzearen... [+]
Asanblea Nazionaleko Legeen Batzordeak aho batez onartu du ikerketa batzordearen sorrera azaroaren 23 honetan. Gehienik sei hilabetez iraunen du prozedurak.
Frantziaren menpe segitzen duten hainbat herrietako alderdi independentista banak adierazpena izenpetu dute Corte-n (Korsika) urtero egiten diren Ghjurnate di Corti topaketa independentisten baitan.
21 lagunek osatzen dute Korsikako ordezkaritza: Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak, Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleakoak, ganbera horretako lau talde parlamentarioetako presidenteek eta Frantziako eta Europako zazpi parlamentariek.
Korsikera sostengatzeko helburuz antolatu dute 110 kilometroko lasterketa. Igande honetan abiatuko da Aleria herritik eta uztailaren 6an iritsiko da helmugara, Bonifaciora.
Irulegiko Irratiko Sakonean emankizunaren hirugarren saioan Korsikako nazio askapen mugimendua izan dute hizpide, Marseillako presondegian Yvan Colonna FLNC Korsikako Nazio Askapen Fronteko militante eta preso politikoak bizia galdu zuenetik hilabetera.
ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareak eta Kevre Breizh Bertainieraren aldeko erakundeen kontseiluak Etnozidioa: Frantziako Tabua izenburuko jardunaldia antolatu zuten pasa den martxoaren 19an, Bretainiako Gwened herrian. Bertan izan zen Haizpea Abrisketa... [+]
Yvan Colonna preso politiko korsikarra beste preso batek Arlesko espetxean egindako erasoaren ostean hil zenetik deitutako lehen manifestazio bateratua egin zuten igandean Korsikan. Protestetan izandako istiluen ostean atzeratu egin dira Frantziako Barne Ministroarekin hasi... [+]