Film dokumentalen egile ezaguna den Rithy Panhek mundu osotik bidalitako bideo laburretan bildu nahi ditu egunean dolar bakar bat irabaziz bizi diren milioika jendeetako batzuen bizimoduak. Zinegile gazte eta ikasleei egiten die dei beren obrak egin eta One Dollar proiektuan biltzera, plataforma irekietan sarean partekatzeko.
Phnom Penhgo karriketan traje eta krabataz jantzitako gizon gaztea dabil lorez apaindutako moto ttikian batera eta bestera. Papaiaren ministroa deitzen dio bere buruari Moa Borak. Munduan eguneroko dolar bakarra irabazi nahian aztarrika dabiltzan milioika herritarretako bat da, One Dollar proiektuaren barruan Ministre of papaya dokumentalean Roeun Narith zinegile gazteak aurkeztuko diguna.
Moari Kanbodiako hiriburuko txabolategira bisitan datorkio sorterritik Seng iloba. Phnom Penhera dator lan bila. Osabak eskainiko dio lau metro koadroko bere gelan egotea, “arazorik gabe, pobreak gara biok”.
Hurrengo eszenan Moa prestatzen ari da salmentarako. Alkondara zuri brodatua, lepotik ttattarra, ilea tindatu eta lakaz gogortua, makillaje aurpegian... “Batzuek diote erotuta nagoela, zozoa naizela, ergela... Niregatik barre egin bai baina gero ez didate xentimorik emango, ezta arroz ale bat ere. Baina ni ahalegintzen ez banaiz, nork elikatuko du nire familia?”.
Txaketa jantzi du harro: “Hona hemen Papaien ministroa!”. Trajea merke-zuhurrekoa duela aitortuko du. Motoa kolore deigarriz tindatua, irudiz eta lorez apaindua. Iloba harturik atzean, papaiaz betetako zakua hankartean, badoaz karriketan barrena. “Hemen naiz berriro!”. “Nork erosiko dit papaia?”. Denda txiroz betetako kaleetatik eta 4x4 handi garestiak aparkatutako atari ederren aurretik.
Egunaren akaberan kontuak egiten ariko da Moa Bora. Batetik, hornidurak. 20 kilo papaiak 7.000 riel (Kanbodiako moneta) egiten dute. Bi kilo saltsak 12.000 riel. Kilo bat piperrek, 4.000. Kilo bat arroz errek, 3.500. Kilo bat rizomak, 2.000. Denetara 43.000 riel.
Bestetik gero sarrerak. Gaur 80.000 riel bildu ditu. Kendu 43.000 horniduretarako. 5.000 Seyharentzako. Beste 5.000 Toumentzako. Ura, komuna eta alogeratarako 10.000. Eskola ordaintzeko 2.000. Gasolinatarako 5.000. Ez zaio geratu 5.000 riel besterik.
“Egunerokoari begira bizi naiz, ahoratzeko zerbait doi-doi aurkitzen duen oilaskoa bezala. Honela 10 urtez lan egingo banu ere, nekez pilatuko nuke 4x4 baten gurpil bakar bat erosteko adina”.
Zenbat lan, bitartean, txaboladi txiroan. Azokara joan eta papaiak erosi. Zatitu, salda prestatu, maneiatu, zorroetan sartu... Baina baserritik datorren iloba ez dabil hobeto. Sengek berekin ekarri ditu ikasketen diplomen kopiak, txukun plastifikatuta, lana lortzeko esperantzan.
“Nik ez daukat hainbeste diploma emazteari eta semeari erakusteko. Hiru urte besterik ez nuen egin lehen mailan. Horregatik ez dut ulertzen nola zuk ezin duzun lanik aurkitu. Behar bada bilatzen dituzte jende ezjakinak, galderarik egin gabe obedituko dutenak...”
Moak, aldiz, amesten du igel erreak eta papaia moto leihodun batean salduko dituen egunarekin, 5-6 mutiko enplegatu eta saltzen jarri Kanbodia Frantziaren kolonia zen garaiko janzkiekin, kapelu lotsagarriak buruan. “Baina badakit ametsa baizik ez dela. Pobrea naiz”.
2014ko urtarrilean One Dollar izen generikoarekin eta mundu osoko hedabideen babesarekin plazaratuko dituzten film labur sorta zabalaren aitzindaria izan nahi du Papaiaren ministroak. Rithy Panh zinegile kanbodiarrak antolatu du One Dollar asmoa.
Proiektuaren zabalkundean parte hartzen duen Courrier International frantsesari azaldu dio Rithy Panhek: “Jakin nahiko nuke zer den dolar bat irabaztea Kanbodian alderatuta dolar horrek berak Afrikan esan nahi duenarekin, edo Frantzian, Txinan, AEBetan... Azken finean erakutsi behar dugu nola antolatzen den bizimodua dolar baten balioaren inguruan”.
One Dollar proiektuan parte hartzeko deia martxo honetan zabaldu dute, zinegile bai hasiberri edo bai beteranoei interesatuko zaielakoan, baina baita gaiaz interesa duten Gobernuz Kanpoko Erakundeei eta herritarrei ere. Proposatzen zaie zazpi minutu laburretan kontatzea egunean dolar batekin bizi diren pertsonen bizimodua. Kanbodiatik Bophana ikus-entzunezkoen institutuak koordinatuko du laburmetraiok sareratzea, munduaren mapa irudikatuko duen plataforma interaktiboan.
Antolatzaileek dokumentu horiekin piztu nahiko lituzkete gogoeta eta eztabaidak mundu osoko ikerlari, ekonomialari, artista eta oro har herritarren artean. Rithy Panhek idatzi du aurkezpenean: “Mundu birtuala eta erreala berriro lotu nahiko genituzke zubi honekin. Gizon eta emakumeak ez baitira nazioarteko erakundeen txostenetan idatzitako zifra edo estatistikak: errealitatera jaitsi arazten gaituzten ahotsak, begiradak eta gorputzak dira”.
Urtean zehar osatuko diren film laburretatik haratago doaz Panhen asmoak. Sarean eraikiko duten plataforma hori aurrerantzean munduko beste askok beren smartphone eta tabletekin bideoak egin ahal ditzaten matriza bihurtu nahi du, egile eskubiderik ordaindu gabe libre erabiltzekoa.
1964an sortua, 14 filmeren egilea da Rithy Panh. Osperik handiena S21, la machine de mort Khmère rouge dokumental txit sarituak eman dio, gurasoez gain senide asko ere khemerren presondegietan galdu zituen zuzendari honi. Zortzi milioi biztanletara iristen ez den Kanbodian 740.000 eta 2.200.000 arteko heriotza kopurua eragin zuen masakre ikaragarriak markatu du Panhen zinemagintza.
One Dollar proiektua, ordea, bestelako zanpaketak eta erreakzioek asmarazi zioten: Boeung Kak aintzirako borrokek. Phnom Penh hirian dagoen laku hori ehun urterako Shukaku Inc. korporazioari emanda, bertan bizi ziren 4.000 familiak kanporatu nahi izan ditu Udalak. Herritarrak beren lurren jabegoa defenditzeko borroketan tabletak ere usatu dituzte, dokumentazio tresnatzat.
One Dollar-en produkzio arduraduna den Damien Sueurrek dio: “Guk orain sortu nahi dugu tresna bat menderatzen lagunduko duena produkzio kate osoa, hasi errodatzetik eta sarean jartzeraino, muntaia barne. Tresna erabilgarria izango zaie sortzaileei, militanteei, kazetari berriei”.
Estatistikek diote Kanbodiako jendeen laurdena gaur ere bizi dela dolar ingururekin. Munduko Bankuaren arabera, 1.400 milioi daude horrela planetan, 2.700 bi dolar baino gutxiagorekin. Zorte pittin batekin, horietako asko nola moldatzen diren erakutsiko digute bertatik 2014tik aurrera, bertako jendeek filmatu eta zabaldurik.
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoko kidea da Ixiar Gonzalez Gurrutxaga. Donostiako Udalak asteazkenean debekatu egin die behar dutenentzako otordu beroak eskaintzen jarraitzea. 18:00etan prentsaurrekoa deitu dute beren erantzunaren berri emateko. "Hiru aukera ditugu:... [+]
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]
Bizi garen mundu frenetiko zein zorabiagarri honetan, pixkanaka gertatzen diren gizarte-aldaketak batzuetan antzemanezinak, garrantzirik gabekoak edo hutsalak direla iruditzen zaigu. Hala ere, ez da horrela, eta jakitun izan behar dugu tentuz jokatzeko. Horren adibide, azken... [+]
Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]
EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]
Oxfam Intermon-en txostenak ohartarazi du planetak dituen erronka handienei, hala nola krisi klimatikoari, eta pobrezia eta desberdinkeria iraunkorrari aurre egiteko ahalegin globalak mehatxupean daudela. “Boterea ultraaberatsen eta megaenpresen eskuetan pilatzen ari... [+]
Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.
Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]
181 milioi haur inguru bizi dira egoera larrian eta gobernuz kanpoko erakundeak dio hilgarria izan daitekeen desnutrizio-motaren bat jasateko %50 aukera gehiago dutela. Desberdintasunak, gatazkak eta krisi klimatikoa dira arrazoi nagusiak.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.
Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.