Elkartasuna eta erresistentzia faxisten kontra

  • 1937an euskal armada faxisten eskuetan erori zenean, lehen elkartasun sare ezkutua sortu zuten Bittori Etxeberria baztandarrak eta beste hainbat emakumek. Eusko Jaurlaritzari igorritako informazioa oso baliotsua izan zen preso zeudenei laguntzeko. Erakunde horrek amaiera tristea izan zuen baina; kideak atxilotu eta haietako bat, Luis Alava, fusilatu egin zuten egunsentiarekin batera duela 70 urte. Geroztik, Alava Sarea izena du.

Eskuinetik hasita bigarrena, Bittori Etxeberria, elkartasun sarearen sortzaile eta sustatzailea. Harekin, ezker-eskuin, Tere Verdes, Delia Lauroba eta Itziar Mujika, sarearen kolaboratzaile nagusiak. Atxilotuak izan aurreko argazkia da honakoa.Sabino Arana Fundazioa
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

1943ko maiatzaren 6an, ohiko heriotza segizioa Porlierreko kartzelatik abiatu zen Madrilgo Almudenako hilerrirantz. Hamar errepublikar eta sozialista zeramatzan kamioiak hilerriko hormaren kontra fusilatzeko, eta horiekin batera jelkide bat, Luis Alava Souto. Leku horretatik hurbil zegoen Las Ventaseko emakume presoek egunsentiarekin batera  tiro hotsak entzun zituzten, beti bezala. Baina han giltzapeturiko lau euskal emakumek (Tere Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Itziar Mujika) ongi zekiten egun hartako fusilatuen artean zegoen Luis Alava hura nor zen. Alde batetik, burkide eta sumario-kide izan zutelako, eta bestetik, bezperatik zekitelako “kaperan” zegoela, hau da,  fusilatzeko zorian.

Fusilatze horrek ebatzi zuen 1942ko irailetik denen burutan zegoen galdera: ea frankistek gauzatuko zuten azken zigor hori edo amore emango zuten egindako gestio diplomatiko eta politiko askoren aurrean. Bistan da ohiko aukerak irabazi zuela. 1939ko maiatzetik 1944ko otsaila arte 269 fusilatze kolektibo izan ziren Madrilgo hilerri hartan eta 2.663 lagun hil zituzten. Bigarren Mundu Gerrak norabidea erabat aldatu zuen arte, frankistek ez zuten inolako konplexurik izan ia astero halako sarraskiak egiteko.

Luis Alavaren heriotzak, frankisten gupidarik eza erakusteaz gain –sare hori hiru urte lehenago desegin zutenean erabat geldirik zegoen–, bertan aritu zen taldeari izena eman zion. Ordutik aurrera Alava Sarea gisa igaro da herri memoriara eta komunikabideetara.

Baina hilketa tamalgarri horrek izenetik harago doan ekimenean izan zuen jatorria. Erakundaren amaieran Luis Alava dugun arren, abiapuntuan eta jardunean erantzukizun handiagoa izan zuen jendea zegoen.

Elizondotik Baionara Santoñan barrena

Arestian aipatu ditugun emakume horiek izan ziren aitzindari Alava Sarea eratzen. Kantabria aldean euskal armadaren zati handi batek egindako errendizioaren karira sortu zen. 1937ko abuztuaren amaieran Santoñan eta Laredon hainbat euskal buruzagik italiarrekin hitzarmena sinatu zuten eta Eusko Jaurlaritzako agintariek berri zuzen eta zehatzak nahi zituzten, hura betetzen ari ote zen eta nolako ondorioak zituen jakiteko.

Presoen baldintzak eta egoera ezagutu nahian, Jose Maria Lasarte diputatu jelkideak eskaria egin zion Bittori Etxeberria baztandarrari. Etxeberria hariak mugitzen hasi zen Elizondon, Euskal Herriko lehen elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izateko, eta era berean, gainontzeko euskal lurraldeetan preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.

Etxeberriarekin batera emakume bi, Delia Lauroba eta Itziar Mujika donostiarrak, arduratu ziren Santoñan gertatutakoaz eta El Duesoko presondegiaren egoeraz datuak lortzen. Aitzakia ona zuten biek hara hurbiltzeko eta informazioa eskuratzeko. Laurobak  Jose Azurmendi senarra preso zuen El Dueson, eta Mujikak ere bi anaia zituen giltzapetuta, bata El Dueson eta bestea Ondarretan. Bilboko eta Burgosko kartzelekin lotura izateko, beste emakume bat izan zuten lagun, Tere Verdes bilbotarra, haren anaia Jose, Larrinagako eta Gaztelako espetxeetan egon baitzen.

Sare horretan, Bittori Etxeberria ezinbesteko izan zen, informazio guztia mugaz bi aldeetara eramateko arduraduna baitzen. EAJren buruzagiek Eusko Jaurlaritzarentzat idatziriko Barne Zerbitzuaz txostenean, Etxeberriaren rola goraipatzen da: “Pepitarengandik (Bittori Etxeberriaren gerra izena Pepita Etxano zen) sortu zen erakundea. Hark egin zituen lehen urratsak; hark zabaldu zuen bidea. Egun, harreman ororen funtsezko oinarri izaten jarraitzen du. Laredoko azken unean, Pepita Etxanok ezkutuko txangoa egin zuen hara. Jarraian, berarekin elkarrizketatu ginen: probidentziazkotzat jo genuen. Berak ezagutzen zituen bitartekoak eta isolaturik zeuden hainbat abertzale, giza ekimenetan eta elkartasun lanetan zihardutenak… Hasieratik esan zigun bitartekoak zituela, esku onez eta erabateko ziurtasunez, mugaz bi aldeetako komunikazioa bermatzeko”.

Lau emakume horiek harilkatu zituzten sarearen atalak, azkar bezain sendo, eta Euskal Herritik harago hedatu zuten gainera. Abiapuntua Baionan izan bazuen ere, laster Baztanetik Iruñera, Donostiatik Bilbora nahiz Gasteiza, eta geroxeago, euskal presoak sakabanaturik zeudenez, El Duesora, Burgosera, Dueñasera eta Puerto de Santa Mariara heldu zen elkartasun sarearen eragina.

Hedapenean aurrera eramateko, hainbat partaideren laguntza izan zuten euskal lurralde orotan. Araban esaterako, Etxeberria Luis Alavarekin jarri zen harremanetan, eskualde horretako arduradun izan zedin. Nafarroan aise lortu zuen erakundea zabaltzea, talderik handiena osatuz. Bereziki muga lanetan aritu ziren Esteban Etxeberria, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza baztandarrak, baita Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola, Rafael Goñi Latasa eta Felix Ezkurdia ere. Gipuzkoan ere talde ederra jarri zuten lanean: Iñaki Barriola mediku ospetsuaz gain, Inocencio Tolaretxipi, Rafael Gomez Jauregi eta Patxi Lasa. Bizkaiko taldea txikiagoa zen eta Tere Verdesengan oinarritu zen, kolaboratzaile batzuk izan zituen arren, hala nola Julian Agirre eta Antonio Causo.

Sarearen helburuak

Gatibu zegoen euskal armadaren gehiengoaren patua atzemanda, presoen aldeko laguntza sustatzea izan zen eginbehar nagusia. Garrantzitsua zen erbestean zeuden buruzagien eta kartzeletan zeudenen arteko lotura mantentzea. Esaterako, preso zeuden Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun, harremanetan jarri zituzten mugaz bestaldean zeuden Jose Mari Lasarte, Ramon Agesta eta Juan Iturbe buruzagi jelkideekin. Espetxeetako informazioa Baionara eta Parisera bidaltzea zuten helburu, presoek zituzten zigorrak, heriotzarakoak bereziki, nazioarteko eragileen bitartez eragozteko.

Egundoko garrantzia izan zuten sarekideek eskuratutako zigortuen zerrendak, epaiak eta sumarioak, preso askoren bizitzari eusteko. Era berean, gerra amaitu baino lehenago burutu zituzten bi aldeetako presoen trukaketak aurrera eramateko, funtsezkoa izan zen beraiek bidalitako informazioa. Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu zuten.

Gerra amaitu ostean, egoera larriagotu egin zen. Alde batetik, presoen trukaketak bukatu zirelako, eta bestetik, errepresioa orokortu egin zelako. Kartzelen eta espetxeratuen kopurua ugaltzeaz gain, beste esparru errepresiboak –lan batailoiak eta kontzentrazio zelaiak– nonahi zabaldu zituzten Espainia frankistan. Hala, gatibu eta zanpatuekiko elkartasuna handitu egin zen, baita haien inguruko informazio beharra ere. Europan barrena erakutsi behar zen erregimen frankistaren errealitate errepresiboa, Britainia Handiak eta baita Frantziak ere –Jordana eta Bérarden arteko hitzarmenen ondorioz– onetsi zuten hura.

Baina informazioa ez zen presoen gaira mugatzen. Sareak izan zuen bigarren ekimena Espainiako Estatuari buruzko informazioa hornitzea izan zen. Gero eta okerragora zihoan egoera politiko-militarrari buruzko jakin-minak bultzatuta, jatorriz presoen aldeko sarea zena informazio sare ere bihurtu zen. Nazioarteko testuinguruak, Bigarren Mundu Gerraren bezperako egoerak, informazio nahi hori areagotu zuen gainera. Espainiako Gerra Zibilaren osteko giro gero eta liskartsuagoan, Frantziak eta Britainia Handiak beharrezkotzat jo zuten Pirinioetako alde bietan informazio ahalik eta zehatzena izatea.

Alava Sareari esker eta Eusko Jaurlaritzen bitartez, jakin zuten non zegoen Espainiako armada zabalduta, zenbat gotorleku eta kuartel zeuden mugaldean, itsasontzien mugimenduak nolakoak ziren, alemaniarren joan-etorriak, Espainiako barne egoera sozio-politikoa… Erakundearen eraginkortasuna itzela izan zen. Ia astero igorri zizkien erbestean zeuden Eusko Jaurlaritzako buruei agiriak eta informazio sortak. Parisko egoitzan sareari atzemandako txostenak zioen “liburuak, aldizkariak eta antzekoak aparte utzita, 1.242 agiri” jarri zituztela Jose Antonio Agirreren gobernukideen eskuetan.

Eraginkortasun hori esplikatzeko, kontuan izan behar da klandestinitatearen nekeak modu egokian eraman zituztela. Sareak iraun zuen bitartean, partaide batek baino ez zuen ospa egin behar izan, Agustin Ariztiak, polizia haren atzetik ibili zelako. Gainerako guztiek sareak bezainbeste iraun zuten jardunean, harik eta Parisen atzemandako txostenak Espainiako polizia haien arrastoaren atzetik jarri zuen arte.

Espetxea barrutik, heriotza larrutik

Alemaniarrek Paris hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Avenue Marceau-n zuten egoitza eskuratu zuten frankistek –gaur egun, itzulerarik gabeko lapurreta dela medio, Cervantes Institutuaren egoitza dena–. Gestapoko kideek eta polizia frankistek han aurkitu zuten Barne Zerbitzuaz txostena. Dokumentu horretan, izengoitiak eta gerra izenak erabiltzen ziren arren, ezaugarri eta datu asko zetozen sarearen gorabeheren inguruan: nola sortu zen, nortzuk osatzen zuten, zer nolako jarduna izan zuen… 1940ko ekainaren bukaera zen eta handik aurrera miaketak egiten hasi ziren polizia eta militar frankistak.

Sareko ordezkariek 1940ko abenduan azken bilera egin zuten Gasteizen, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera ikusirik, erakundea bertan behera uztea erabakiz. Artean, ez zekiten faxistak haien lorratzari segika zebiltzala jadanik. Polizia frankistak sareko kideen berri zehatza zuen. Erakundea desegin eta astebetera lehenbiziko atxiloketak izan ziren, sarea sortu zen tokian, Baztanen. Bittori Etxeberria, anaia Esteban eta Felicitas Ariztia harrapatu zituzten lehen  kolpean. Jarraian, atxiloketak ugaritu ziren Iruñean, Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon. 1941 hasi berria zela, Madrilera 28 atxilotu eraman zituzten, Ondarretako, Iruñeko eta Larrinagako kartzeletatik igaro ostean.

Madrilgo espetxe eta checa edo atxilo-guneetan sakabanatu zituzten atxilotuak. Hasieran guztiak Fomento kaleko checan egon baziren ere, lehen itaunketak egin ostean, emakumeak Las Ventasko espetxera eraman zituzten eta gizonezkoak Porlierrera. Aukera paregabea izan zuten ezagutzeko, murruen barrutik, zein zen Espainiako kartzelen egoera latza: jende metaketa ikaragarriaz gain, gaixotasunak, gosea eta batez ere heriotzari beldurra, saca-k –presoak ziegetatik atera eta fusilatzea– indarrean zeudelako.

Sarean ibilitako asko heriotzatik gertu izan ziren, 1941eko uztailaren 3an epaitu ondoren kondena oso gogorrak jarri baitzizkien tribunalak: 19 heriotza-zigor eta gainerakoentzat kartzela zigor luzeak. Dena den, epaiari helegitea jarri zioten eta 1942ko irailaren 18an bigarren epaiketa izan zuten. Horren ondorioz, heriotza bakarrera –Luis Alavarena– eta kartzelaldi luzeetara mugatu zuten zigorra.

Behin betiko zigorrak jasota, Luis Alavaren bizia nola edo hala salbatzen ahalegindu ziren, kalean zeudeneko lana gogora ekarriz. Baina hortik aurrerakoak diktadura basatiaren magaletik burutu behar izan zituzten, eta Luis Alavaren kasuan, arrakastarik gabe gainera. Porlierren eta Las Ventasen gelditu zirenentzat, burkide haren heriotza 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Hori dela-eta, beraien eta herriaren  oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Eguneraketa berriak daude