Legea eta injustiziaren lehia

Noticias de Gipuzkoa

Aske Gunean joan den astean izandako sei gazteen atxiloketak eta zeregin horretan izandako gertakizunek, Euskal Herrian egoerak aldatzen jarraitzen duela erakusten dute. Ezker abertzaleko gazteen mugimendu zabalak, modu praktiko eta gaurkotuan erakutsi du aldaketa hori.

Desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsuarena da Aske Gunearekin lau haizetara zabaldu duten mezu indartsua. Eta eragina lortu dute gizarte mailan, nahiz eta oraindik bidea egin beharko duten gizarte eremu zabalagoetara iristeko. Jarraik, Haikak edo Segik gizarteko esparru oso zabaletan irudi bat izan dute, Ernaik oinordekotza horren zati bat bereganatu du eta hori nekez ezaba daiteke gauetik egunera.

Alde horretatik, Aske Gunea inflexio puntu gisa definitu dute berau bultzatu duten gazteek eta kanpotik ere hala perzibitu da. Orain ikusi beharko da horrek zer garapen duen, baina jarrera, molde eta estrategia hauek berritzaileak dira –15M eta hauek bezala, gizarteko beste alor askotan ematen ari dena– eta herritarren buru eta bihotzak zabaltzeko indarra dute, beti ere, atzean kausa justu bat edo injustizia bat dagoela irudikatzeko azal eta mamirik bada. Eta gazte hauen kasuan bada.

Jarduera politikoak eraman ditu kartzelara zortzi gazte hauek, eta horrek preso politikoez gain, kontzientzia presoak bihurtzen ditu. Estatuaren “dena da ETA”-k legezko egiten ditu gazte hauen –eta sare berean harrapatutako gainerakoen– espetxeratzea, baina ez justua, eta euskal gizartearen gehiengo oso zabalak sarri erakutsi du ez dagoela ados “dena da ETA” horrekin. Beste kontu bat da, ados ez egon arren, zigortutakoekin elkartasuna eskaintzeraino iristea. Baina egoeraren sorrera eta oinarria erabat injustua da eta horren gainean ezin da ez justiziarik ez egoera berririk eraiki.

Horregatik, egoera honek oso ataka estuan jartzen ditu Ertzaintza eta orain berau gobernatzen duen EAJ, legezko bai baina injustuak diren erabakiak betearazi behar dituztelako. Noiz arte justifikatu daiteke zerbaiten aurka zaudela baina legeak bete behar dituzula? Noiz arte da garrantzitsuagoa legea kontzientzia baino? Zertan laguntzen du elkarbizitza eta bake bideetan “dena da ETA” hori bete behar izateak? Nondik begiratu, erantzun asko izango dituzte galdera hauek, baina 200 bat pertsona doktrina horrek auzipetu eta espetxeratu zain badira, izango da kontu hauei buruz sarri eta zabal hitz egiteko betarik. Luze-zabal jardun beharko den moduan Ertzaintzaren jokaera askori buruz.

Lander Arbelaitz Argiako kazetariak badaki zerbait bitarteko horiei buruz. Medio honek bidali zuen Arbelaitz Aske Guneko gertakizunen berri ematera eta horretan ari zen hilaren 19ko goizaldean hainbat ertzainek eraso zutenean. Bideoan primeran ikusten da, ez du azalpen gehiegirik behar. Ertzaintza Aske Gunean sartzean kazetaria bere lanean ari da sakelakoa eskutan, hiru ertzain zuzenean doaz beregana eta eraso egiten diote, telefonoa bultzada batez lurrera botaz, bera ere lurrera botaz, eta lepoan eta eskuan zauriak eraginez. Bideoan oso argi ikusten da nola Arbelaitz kazetari agiria erakusten ari den, baina ertzainei berdin zaie eta bultzaka –berriz lurrera botaz– eramaten dute Bulebarreko kioskoraino. Beste kazetari batzuekin batera, eta bere borondatearen aurka, han izan zuten ordubetez.

Legeak babesten du informazio eskubidea, herrialde demokratiko baten oinarrietakoa da eta Ertzaintzarena moduko jarrera hauek onartezinak dira zuzenbide estatuan. Ulertezina da legeak babestu behar dituenak legea bera urratzea, kasu honetan ertzainen aldetik nabarmen gertatzen dena. Gure agintariei biziki gustatzen zaie ikustea Siriako Alepon, Libian edo Egiptoko Tarhirr-eko plazetan zer gertatzen den, baina antza ez zaie hanbeste gustatzen gure plazetan gertatzen dena ikus dadin, bestela nekez gertatuko lirateke behin eta berriz kazetarien aurka gertatzen diren eraso hauek. Ertzaintzaren gisa honetako parte-hartzeetan, ertzain askoren iruzkin eta jarrera biolento eta matxista (hainbat emakumek irain sexistak salatu dituzte) ikus-entzunda, Herrizaingo Sailak –eta berarekin EAEko gizarteak– arazo handia du bere baitan. Salagarria benetan, era horretako ertzainek ezin dituzte herritarrak zaindu, ez dakite, eta beraz lanbidetik baztertu beharko lituzkete. Ertzaintzak, Herrizaingo Sailak, eman beharko luke azalpenen bat gertakizun hauei buruz.
Argiak bihotzez sinesten du informazio eskubidean, hamarkada asko darama berau gauzatzen, eta zeregin horretan jarraituko du lanean, irmo, gogotsu eta ilusio handienarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Donostia
2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


Aske Guneko gazteen askatasuna eta Mozal Legea indargabetzea aldarrikatuko dituzte IV Libre Topaketan

IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.


2017-04-26 | ARGIA
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.


Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.


2015-04-21 | Igor Agirre
Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote gazte bati Aske Gunean parte hartzeagatik

Gazte bati urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote Ertzaintzak Ekaitz Ibero atxilotzea saihesteko antolatutako Donostiako Aske Gunean parte hartzeagatik. Donostiako Auzitegiak “desobedientzia larria eta desordena publikoa” egotzita zigortu du 2013ko apirilaren 10eko... [+]


“Desobedientzia borroka tresna bezala hartu behar dugu”

Eleak mugimenduak eta Libre dinamikako taldeek Konpromiso Eguna antolatu dute Donostian larunbaterako. Eskubide sozial eta politikoen aldeko lana bateratu, indartu eta egonkortu nahi dute datozen makro-epaiketei eta Mozal Legearekin batera etorriko diren erasoei begira.


Donostiako AskeGunean parte hartzeagatik 15 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dioten gazteak muntaia salatzen du

Edurne Martinez altsasuarrari 15 hilabeteko kartzela zigorra eta isuna eskatzen diote Donostiako AskeGunean parte hartzeagatik. “Autoritatearen aurkako atentatua” egozten diote, eta berak erabat ukatzeaz gain, muntaia poliziala dela salatzen du.


AskeGunearen lehen urteurrenean, desobedientzian sakontzeko topaketak

Donostiako AskeGunea osatu zela lehen urteurrena betetzear den honetan, Libre Topaketak 0.1 antolatu dituzte Gipuzkoako hiriburuan bertan. Hausnarketa, formakuntza eta eztabaida saio kolektiboa antolatu dute.


2013-07-08 | ARGIA
Presoen alorrean urratsak emateko eskatu diote ezker abertzaleari Langraitz bideko bi kidek

“Langraitz bidea” hautatu duten bi presok, Joseba Urrusolo Sistiagak eta Rafael Caride Simonek, ezker abertzaleari presoen alorrean urratsak emateko eskatu diote Noticias taldeko egunkarietan argitaratutako iritzi artikulu baten bidez.


2013-06-29 | Estitxu Eizagirre
XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dira

Sari Nagusia Berriak Joko Olinpiarrei egindako jarraipenak jaso du. Ainara Argoitiak Barren aldizkarian egindako bost artikuluk merezi izan dute Sari Berezia. Kazetari Berriaren saria Alex Gurrutxagak Berria egunkarian egindako literatur kritikak nabarmendu ditu. Horiez gain... [+]


2013-06-19 | ARGIA
200 lagunek baino gehiagok eman dute izena Otaegiren kartzela zigorra txandaka betetzeko

Bi egunetan Nahikari Otaegiren kondena txandaka kartzelan betetzeko prest agertu dira 200 pertsona baino gehiago, ARGIAri Nahikari Aske ekimeneko iturriek baieztatu diotenez. Aranjuezko espetxean preso dago Otaegi, zortzi hilabeteko semearekin. Segiko kide izatea egotzita sei... [+]


Eguneraketa berriak daude