Hiztunak entzulearen emozioa du nahitaezko

  • Martxoan XX. Jardunaldi Pedagogikoak burutu zituen Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Gasteizen. Haur Hezkuntzari begira jardun zuten hizlariek. 0-6 urte bitarteko etapa hori gogoan, Entzuten gaituzten neurrian ikasten dugu hizketan izeneko hitzaldia egin zuen Josep Maria Artigal irakasle katalanak.


2013ko apirilaren 18an
Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Modu ohiko-ezohikoan ekin zion hitzaldiari Artigal irakasleak, Europa biltzar jauregian izan zen jendea elkarrengana biltzera deitu baitzuen. “Denok ikusi behar zaituztet. Amaieran emango dizuet azalpena”.
Euskal Herriko ikastolekin duen lotura gogorarazi zuen hasieran Artigalek, 21 urte baitaramatza haiekin elkarlanean. Esan zuenez, munduan barrena batean eta bestean lan egina den arren, “gehien-gehiena hemen egin izan dut lan, bertan bildu izan ditut irakaslerik gehienak”.
Artigal 1978an hasi zen bigarren hizkuntzaren irakaskuntza lantzen. Ordukoan, katalana zuen irakasgai. “Franco 1975ean hil zen, eta eskola publikoan hasi berriak ginen katalanez ez zekiten haurrei katalanez erakusten. Ordura baino lehen, lehen hizkuntza katalana zuten umeekin lan egina nintzen eskolan, baina 1978ko hartan, nire ardurapeko gelan haur batek ere ez zuen katalana lehen hizkuntza. Eta zer egin?”. Eta, hitzaldiaren puntu honetara heldurik, katalanez hasi zen Artigal, aski garbi eta guztiok entenditzeko moduan. “Orain zuei katalanez ari naizen bezala hasi nintzen, poliki, hitzak aukeratuz, eta aste baten buruan, haurrek, dena ulertzen zidaten. Zuek bezala. Jakina, ez da euskararen kasua… Denek entenditzen zidaten, baina inork ez zuen hitz egiten. Orduan, pentsatzen hasi nintzen zer egin ote nezakeen, katalanez hitz egin ziezadaten”. Eta, alternatiba bila, ipuina hartu zuten ardatz, ipuinaren kontatzea. Batetik, hitz idatzirik gabe. Bestetik, marrazkirik gabe. Azkenik, ipuinaren barruko pertsonaien arteko elkarrizketak indartuz.

Irakasle-mintegiak

Laster, 1981ean, irakasle-mintegia sortu zuten problema bera zuten irakasleen artean. Artigalek berak zuzentzen zuen saioa. “Hasteko, ipuina kontatzen nien. Irakasleak ipuina nork bere modura hartu eta gelan kontatzen eta erabiltzen zuen ondoko astean. Hurrena biltzen ginenean, nork berea azaltzen zuen, zerk balio izan zion, zerk ez… eta aztertu egiten genuen guztion artean. Hura ez zen ikastaro ez beste, mintegi bat baizik”. Horretan, Generalitatek jakin zuen mintegi haien berri eta Hizkuntza zerbitzuetan lanean hartu zuen Artigal. Kataluniako Gobernuarentzat egin zuen lan bi urtez. “Zazpi neska ziren nirekin batera mintegi lanetan. Lehenengo urtean, 1.200 lagunekin jardun genuen lanean. Bigarrenean, 1.500 izan ziren. Saioak egiten genituen. Batean egindako lan-proposamena, handik hamabost egunera aztertzen genuen”. Harik eta lan hura utzi zuen arte. Orduan, han ikasitakoa, ipuinak kontatzeko era hura, beste leku batzuetara zabaltzen hasi zen. Eta alemanez, suedieraz, ladinoz, okzitaineraz, ingelesez, euskaraz… lan egin izan du harrezkero. “Irakasle jendearekin hitz egitea izan da nire lana, egiten dugun lana aztertzea. Ariketa horixe egin dut behin eta berriz eta askotan. Ipuina kontatu, aztertu, bestek kontatua aztertu, gogoeta egin, berriz kontatu…”. 35 urtean horixe egin omen du, praktikatik teoriara eta teoriatik praktikara jauzika.

Hizkuntza, hiria

Aipu bat baino gehiago baliatu zuen Artigalek bere hitzaldiaren haria josteko. Tartean, Rubert de Ventosen bat, “irakasten direnean ikasten dira gauzak, ez ikasten direnean”, edo Goetheren hau: “Ez da aski jakitea, kontatu egin behar da”.
Joan den 35 urtean horixe ikasi duela zioen Artigalek. “Hasieran, ipuina ondo kontatzen saiatzen nintzen, ahal zenik eta ondoen kontatzen, pentsatuz, nik ondo kontatzen banuen, neska-mutikoek ere halaxe kontatzen ikasiko zutela. Nik kontatzen nuen hizkuntzan, jakina. 35 urte iragan dira, eta uste dut nire lana ez dela ipuina kontatzea, neska-mutikoek konta dezaten lortzea baizik. Haiek konta dezaten, eta besteok, nik tartean, entzutea”.
Teoriatik praktikara eta praktikatik teoriara bizi izan da Artigal, eta bere jardunbidearen marko teorikoaz jardun zuen. Horretarako, Chomsky hartu zuen bidelagun. “50eko hamarkadaren amaieran galdera egin zuen Chomskyk: ‘Nola esan genezake gizakiok inoiz entzun ez dugunik? Nola ikas lezakete neska-mutikoek inoiz entzun ez dutena esaten?’. Haurraren inguruari begiratzen diogularik –izan guraso, osaba-izeba, anaia-arreba, lagun…– askotan, gaizki hitz egiten dute. Input eznahiko bat jasotzen dugun arren, nola ikasten dugu hain ondo hitz egiten?”. Eta galderari erantzuten jardun zuen Artigalek ondoren, Noam Chomskyren esanen bidean. “Chomskyren arabera, edo nik haren gogoeta neure erara ulerturik, hizkuntza espazio bat da, orientazioa duena. Zer esan nahi dut? Bada, ni Gasteizko kalera irten, pare bat itzuli egin eta ziur da noragabe ibiliko nintzatekeela, ez bainaiz hemengoa, ez baitut hiria ezagutzen. Eguzkia izanez gero, baliteke nola edo hala orientatzea. Baina ez dut hiria ezagutzen, eta galdua nintzateke. Aldiz, gasteiztarra banintz, jakingo nuke esaten non dudan etxea, areto honetatik irteteke ere! Hemendik elkarrekin irtengo bagina eta hiriko kaleetan barna gasteiztarren batekin ibili, arbola, etxe, kale eta auto berak ikusiko genituzke denok, eta argazkiak egingo bagenitu, gauza bera ikusi dugula esango ligukete. Baina gasteiztarrak orientaturik ikusi ditu ikusteko guztiak, eta guk aldiz, ez”. Eta, Artigalek horixe edan du Chomskyren iturritik: hizkuntza, izan, hiri bat da, orientabidea eskatzen duen espazioa. “Hizkuntzan –nola hirian– ez ditugu arbolak, etxeak, kaleak, autoak… hitzak ikusi behar, haiek hirian duten lekua baizik. Hirian ongi orientaturik bazeundete, zein bere lekuan jarri ahalko zenituzkete elementu guztiak. Hizkuntzaren kasuan, izen sintagma baten barruan, adibidez. Orientaturik dagoenak, katedrala ez ezik, haren ingurua, lagunekin egindako ibilerak, bizipenak ikusten ditu”. Erran nahi baita, hizkuntzara itzulirik, desorientaturik dagoenak hitzak ikusten dituela, baina ez haien hizkuntza-hirian betetzen duten lekurik. “Lekuak ikusi behar dira, eta lekuak ikusitakoan, hitzaren kokapena ere ikusiko dugu, dela esaldiaren aurrean, atzean edo dena delakoan. Lekua ikusi ezik, ez dago orientabiderik, ez dugu jakingo hitzak non ezarri”.
Artigalen arabera, eta Chomskyren iturritik betiere, orientabidea ez dago esplikatzerik. Inork ez du azaltzen, inoiz ez du esplikatzen. Haurrak, aldiz, jaiotzen den momentu beretik daki hitzak zein leku betetzen duen katean. Lekua da nahitaezko. “Eta dio Chomskyk gizakia jaiotze beretik dagoela hirian ibiltzeko orientaturik. Hiri hori hizkuntza da”. Hizkuntza-hiria.

Hizkuntza, mapa

Hizkuntzan, elementuak ez baina elementu haiei dagozkien lekuak non diren jakitea da beharrezko eta ezinbesteko. “Egitura sakonaz mintzatuko da Chomsky. Haurrek mapa bat dute, amagandik jasotzen dute hizkuntzan barna orientaturik ibiltzeko. Adibide bat: erromatarren hirian, bi kale ziren nagusi. Bata zen cardo, bestea decumanus. Hiria goitik behera eta ezker-eskuin banatzen zuten. Zaragozako eta Bartzelonako planoak ekarri dizkizuet ikusgai: bi kale horien bitartez, erromatarra bateko edo besteko hirira heldu eta orientaturik zegoen, eguzkia lagun. Bada, Chomskyk esango digu guztiok ere mapa bat dugula buruan, eta edozein hiritara –hizkuntzatara–, joanik ere, orientaturik bizi garela. Zehatzago, Chomskyk esango du hizkuntza bat ikasteko haren egitura morfosintaktikoa ulertu eta ikasi behar dugula, bestela guztiz ezinezko izango zaigula erran delako hizkuntza ikastea”. Eta, egitura sintaktiko hori hizkuntzaren baitako joko eta jolasa litzateke, ez gurasoek erakutsitako ezer, amagandik jasotako ezer. “Edo egitura sakon horretaz jabetzen da haurra, edo ez du hizkuntza behar bezala ikasiko”.

Hizkuntza, elkarrekintza
Chomskyk bere gogoeta plazaratu eta 15 urtera, 1975ean, K. Bruhler-ek, psikologo eta hizkuntzalari alemanak, oharkizunak egin zizkion amerikarrari, ez baitu sinetsiko hizkuntzan orientaturik bizitzeko gaitasuna jaiotzatikoa denik, ez zer bat linguistikoa dela ere. Bruhlerrek ama-semeak, ama-alabak grabatu zituen eguneroko lanean, dela jolasean, dela bainatzeko garaian, dela jaterakoan… Bruhlerrek iritsiko duen ondorioaren arabera, ama-semeek, ama-alabek eraikitzen dituzten mapak ez dira testu soil, testuinguru baizik, elkarrekintza dira, espazio-denbora jakin batean gauzatu direnak. “Hizkuntza-mapak amarekin batera eraiki dituzten haurrek, hizkuntzaren egitura sintaktikora heltzeko askoz oztopo gutxiago dituzte, mapa horiek amarik gabe eraiki dituzten haurrek baino. Ikerketen arabera, umezurztegian hazitako haurren %70ek hizkuntza zailtasunak dituzte”. Haurrak guraso, lagun, kide, zaintzaile, irakasle eta gainerakoen ondoan bizi dira, haien ondoan hainbat gauza egiten ikasten dute, eta gauzak egiten ikasiz, elkarrekintzan, hizkuntza-mapak sortzen dituzte, orientabidea lantzen dute, eta hain zuzen, orientabide horrek geroan beste hiri batzuetan, beste hizkuntza batzuetan ibiltzeko baliabideak emango dizkio haurrari. “Maparik ez duenak, aldiz, neke izango du inolako maparik ulertzen”, zioen Artigalek. “Haurrak eskolan orientabidea landu behar du, mapa, egitekoen mapa, esatekoen mapa erabiltzera irits daitezen”.

Hizkuntza, erabiltzailea

Robert di Pietroren aipu bat baliatu zuen ondoren Artigalek Gasteizko hitzaldian. Di Pietro ingelesa bigarren hizkuntza gisa irakasten eta ikertzen ari da lanean aspaldi. Delako aipuak dioenez, “erabiltzaile garen heinean iritsiko gara hizkuntza bateko ikasle izatera”. Artigalek esaldiaren esanahia zehaztu nahi izan zuen, inor tronpa ez zedin: “Erabiltzaile izatea zer da, ordea? Ahoa irekitzen dugun aldiro gara erabiltzaile… Baina ez, ez da aski hitz egitea, hitz egiten dutenek erabiltzaile jarrera hartzea da nahitaezko. Horretan, Dante hartu nahi dut lagun, haren gogoeta bat: ‘Zer edo zer egiten edo esaten dugun aldiro, geure buruak ikusgarri egiten ari gara’. Di Pietrok esaten zuenez, batzuetan, hitz egin arren ez dugu ahotsik. Eta hitz egiten dugunean ahotsik ez badugu, ez dugu hizkuntzarik. Hau da, hitz egiten dugunean inork ikusten ez bagaitu, ikusgarri ez baldin bagara, ez dugu hizkuntzarik”.
Ahotsa izatea, ikusgarritasuna izatea. Horretaz jardun zuen hitzaldiaren amaiera aldera Artigalek, haurrak zituelarik gogoan. “Ikasleek ahotsa eta ikusgarritasuna izaten dituzte, ahotsa ematen diegunean, gauzak egiteko aukera ematen diegunean. Eskolan, hizkuntzaren mapa morfosintaktikoa, ekintzen eta bozen eta ikusgarritasunen mapa eraiki behar izaten dugu. Horiek eraikiz gero, bai, orduan hobeto hitz egingo dute ikasleek”.
Esan dugunez, ipuina hartu ohi du abiapuntu Artigalek, abiapuntu hartu ohi dute harekin bat egiten duten hainbat eta hainbat irakaslek. Tartean, Euskal Herriko askok. Gasteizko saioan, esaterako, jardunbidea frogatu zuen Artigalek, ipuin bat alemanez kontatu baitzuen, ikusleari esanaraziz, ulertaraziz, eta bizian lehen aldiz alemanez mintzaraziz. “Lehenengo egunetik, hitz egin duzue alemanez. Lehenengo egunetik hitz egiten du haurrak delako bigarren hizkuntzan, izan katalana, euskara, ingelesa, suomiera edo beste. Hala ere, mapa bat osatu dugu, leku jakinak ezarri ditugu –ezkerrean da beti protagonista, eskuinaldean antagonista–, eta leku horri era batera, eta kontrara, eusten dioten elementuak baliatu ditugu: era bateko keinu, galdera eta mugimenduak egingo ditu ezkerrean ageri den protagonistak, kontrako keinu, galdera, mugimenduak egingo ditu eskuinaldean antagonistak. Horrek esan nahi du, egun batean, haurrak liburua –edo berak osatu duen liburu gisakoa, haurrak liburua egiten baitu eskolan lau, bost urterekin– hartzen duen egunean, badakiela zertan ari den: titulua ageriko da ezkerretik eskuinera; protagonistak hitz egiten duenean, ikusleari begira agertokiaren ezkerraldean izango da; antagonistarena egiten duenean, aldiz, ikuslearen eskuinaldean… Keinu, imintzio eta mugimendu horien bidez, haurra ipuinaren eta hizkuntzaren mapaz jabetuko da, eta jakingo du alderdi batean hau eta bestean hura esango duela, lekuaren jabe delako”. Eta haurrari etxera joan eta ipuina gurasoei kontatzeko agintzen badiogu mapa erabiliko du, ezkerrean protagonista ageriko da, eskuinean antagonista, eta handik hona ibiliko da ipuina kontatzen duen bitartean. “Hizkuntza ulertu gabe ere, haurrak ulertzen du ipuina, ulertzen du ez esaten ari dena zehazki, ulertzen du mapa, eskolan egin duguna, espazioa eta denbora, eta bizi izan ditugun emozioak. Horregatik ulertzen du ipuina, eta horregatik esaten du haurrak ‘ipuina egingo dugu. Haurrak ez du esaten ipuina kontatuko dugu”. Alegia, denbora, espazioa eta emozioak ari dira bizi-bizi jokoan. Ipuina gurasoei kontatzen dieten haurrek, honenbestez, esaten ei dute: “Nik ingelesez hitz egiten badakit”. Artigalen arabera, besterik ere egin dute haur horiek: “Egunero gauez umeei ipuina kontatzeak gu aita-ama egiten gaitu, ikusgarritasun horixe ematen digu. Hein berean, haurra etorri eta ipuina gurasoei edo aitatxi-amatxiei kontatzeak bere jarduna emozioz betetzen duelarik, seme-alabago egiten du haurra, ilobago, ikasleago…”.

Bakarrak, errepikaezinak

Hitzaldiaren amaiera heldurik, beste autore baten aipua hartu zuen makulu Artigalek. Hanna Arendt. Eta dio: “Behi bat hilko balitz, ez litzateke galduko errepika ez daitekeen ezer. Aldiz, laguna, umea, kidea, lankidea, seme-alaba… hilko balitz, inork ez luke haren hutsunea bete ahalko, gizakia errepikaezina delako, behia ez bezala”. Artigalen esanera, errepikaezinak gara, boza eta ikusgarritasuna ditugulako. “Horregatik etorri naiz ni hona, boza eta ikusgarritasuna izatera, horregatik egon naiz zutik, ez jarrita, eta guztiei begira, horregatik esan dizuet bata besteagana elkartzeko, hizketan ari nintzen bitartean denoi begiratu ahal izateko. Hona etorririk nornahi izateari utzi diot. Gizakiak horregatik egiten ditu egiten dituenak, nornahi izateari uzteko. Ipuina kontatzen duelarik, ahotsaren jabe egiten da haurra, ikusgarritasuna irabazten du. Hara, haurrak hitz egiten duelarik ikasten du hizketan, eta norbaitek entzuten dionean, haren esanek inor hunkitzen dutenean, entzun duen hori dena delako arrazoiagatik gustatu zaiola esaten dionean”.
Ahotsa eta ikusgarritasuna. Emozioak. Elkarrekintzan eraikitzen den hizkuntza. “Hori egiten ez badugu, mapa hori eraikitzen ez badugu, orientatzeko behar dugun lehen mapa ez dugu izango, eta mapa hori gabe gaizki ibiliko gara. Hitz egiten ikasten dugu, lehenago, hitz egiten dugun bitartean egin ditugun gauzak egiten ikasi dugulako, eta, aldi berean, hurkoa eta geure burua era bakar eta berezian ikusten eta erakusten ditugulako”.
Artigalen arabera, hizkuntzak beste ezerk ez digu horretan lagunduko, hau da, munduan ahotsa izaten, geure buruak beste milioika lagunen artean ikusgarri egiten. Bakar eta errepikaezin garelako, behiak ez bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-11-18 | Leire Ibar
Hizkuntza gutxituek ingurune digitalean duten presentzia bermatzeaz arituko dira Donostian egingo den kongresuan

"Hizkuntzen irabazia" kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


Larrialdi linguistikoari aurre egiteko “lege eta diru baliabideak” galdetu ditu euskalgintzak

Baionan eskaini dute prentsaurrekoa Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, beste behin ere euskararen egoera larria salatzeko. "Borondate politikoa" ukanez gero, larrialdi linguistikoa gainditu daitekeela argi utzi dute.


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-11 | ARGIA
Euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]


Elixabete Garmendia Lasa
“Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”

Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.


2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-11-06 | Sonia González
Eta normal egiten badugu?

–Bai, zera, hori muntaia izango da… edo norbaitek egindako txistea… edo testuingurutik ateratako zeozer...

–Ezetz ba, maitti, hementxe dago bideoa, entzun egizu elkarrizketa.

Oxtia, bai! –begiak bueltaka begi-zuloetan.

J-k ezin... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


2024-11-06 | Leire Ibar
Hamabi hilabeteren ostean, euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Sustatu
Euskaraz zainduak izateko eskubiderik badugu?

Euskararen kontrako epaien oldarrialdien, azkenengoetako bat izan da Gipuzkoako entitate publiko bat, Kabia, kinkan jarri duena, ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epai batekin. Bertako langileak egonkortzeko prozesuan ezarritako euskara eskakizunak, euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude