Autoen egarria, milioika lagunen gosea

  • Klima aldaketaren aurkako borrokan arma bikaina izan behar zuten bioerregai deiturikoek –hobe nekazaritza-erregai esatea–, baina dagoeneko ikusten ari da haien aldeko apustuak ondorio kaltegarriak dituela, askok iragarri zutenez. Elikagaiak garestitzea eta hirugarren munduko laborariek beren lurrak galtzea eragin dute Washington eta Bruselako politikek. Eta gainera, ez dira uste bezain arma bikaina klima aldaketaren aurkako borrokan.

Zainab Kamara Sierra Leonako laborari bat da, baina une honetan ez du lurrik lantzeko, Addax Bioenergy suitzar enpresak kendu baitzion 2009an. Eta berari bezala beste milaka batzuei. Helburua 10.000 hektareako saila azukre-kanaberaz landatzea zen, bioetanola ekoitzi eta Europara esportatzeko. “Lurrik gabe, jendea gosez hiltzen ari da”, dio Kamarak, “orain arroza erosi behar dugu bizirauteko, dagoeneko ezin baitugu guk geuk hazi”.

Historia triste horrekin hasten da GRAIN elkarteak berriki argitaratutako Nekazaritza-erregaietarako lur pilaketari ez izenburuko txostena. Kamararena ez da adibide bakarra; txosten horretan bertan, baita beste iturri askoren bitartez ere, Asia, Amerika eta Afrikan beren lurrak galdu dituztenen hamaika testigantza aurkituko duzu. Nahi izatera, aldizkari honek joan den otsailaren 17an argitara emandako Munduko laborariak lurra osten dieten lapurren galdezka erreportajea irakur dezakezu, beren lurrak galtzen ari direnen drama ondo ulertzeko.

Gosearen haziak

Nekazaritza-erregaien produkzioa ez da lur arpilatzearen arrazoi bakarra, baina bai nagusia. Oxfam elkartearen txosten baten arabera, azken hamar urteetan egindako lur pilaketaren bi herenen helburua nekazaritza-erregaiak ekoiztea izan da. GRAINek dioenez, 2020rako nekazaritza-erregaien merkatua 172.000 milioi litroraino haziko dela aurreikusten da; horrek esan nahi du gaur egungo produkzio-mailari eutsiz 40 milioi hektarea gehiago bideratu beharko liratekeela xede horretara. Hau da, Addax Bioenergyk Sierra Leonan egindakoa bezalako 1.100 proiektu. GRAINek berak emandako datuen arabera, 2002 eta 2012 bitartean izandako 293 lur-pilatzetan –hamazazpi milioi hektarea guztira– inbertsioaren egileek adierazi zuten beren asmoa nekazaritza-erregaiak ekoiztea zela.

Gosearen haziak du izenburua oraindik orain aipatu dugun Oxfamen txostenak. Honela dio haren aitzin-solasak: “2008an Europar Batasunerako bioerregaiak ekoizteko erabili zen azalera garia eta artoa hazteko erabili izan balitz, urte oso hartan 127 milioi pertsona elikatu ahal izango ziren”. Nekazaritza-erregaiak gose iturri dira, eta ez bakarrik laborari askok, Zainab Kamarak bezala, beren lurrak galtzea eragiten dutelako. Elikagaiak ekoizteko erabiltzen ziren lurrak nekazaritza-erregaietarako erabiltzen hastearen ondorioetako bat da elikagai gutxiago egotea; beste bat, garestiagoak izatea. 2008 eta 2012 bitartean –eta batik bat bi urte horietan, hain justu– oinarrizko elikagaien prezioek gorakada nabarmena izan dute. FAOk, Nazio Batuen Nekazaritzarako Erakundeak, adierazi du garestitze horrek pobreziara eraman dituela 100 milioi lagun, eta Munduko Bankuak berretsi egin du datua. Hasierako eztabaidaren ostean, une honetan ia inork ez du zalantzan jartzen horren arrazoi nagusietako bat nekazaritza-erregaien ekoizpena izan dela, NBEko iturriek diotenez.

Nekazaritza-erregaien eta gosearen arteko lotura gero eta nabarmenagoa ikusita, NBEk, FAOk eta mundu osoko hamaika GKEk beren politikak aldatzeko eskatu diete erregai mota horien kontsumitzaile nagusiei: AEB eta Europa. EBk bederen, erantzun egin du eta  hasierako helburuak apaldu ditu. 2008an onartutako 20-20-20 estrategiaren arabera, asmoa da garraioaren sektoreak 2020an kontsumitzen dituen erregaien %10 bioerregaiak izatea. Berriki, Europar Batzordeak proposatu du horren erdia  –hau da, erregai guztien %5– besterik ez izatea elikadurarako erabili ohi diren laboreetatik eratorria.

Urrats bat da, baina askoren iritziz ez da nahikoa. Ekologismoaren eta elikadura burujabetzaren alorretan diharduten elkarte gehienek eskatzen dute laborerik ez erabiltzea erregaiak egiteko, ezta EBk proposatutako %5 hori ere. Bioerregai terminoa ere errefusatzen dute. “Espainiako Estatuan izen horrekin saltzen den erregai gehiena, %95 inguru, nekazaritzako produktuetatik dator, horregatik hobesten dugu nekazaritza-erregai izena”, diosku Abel Esteban Ekologistak Martxaneko kideak. Bioerregai izena merezi lukeen gainerako %5 hori dagoeneko sukaldean erabili den olio birziklatua da. Alor horretan lanean dabiltzan enpresek kalkulatu dutenez, jaso litekeen erabilitako olioaren erdia besterik ez da jasotzen. Hala ere, kopuruak bikoiztea ez litzateke nahikoa nekazaritza-erregaien lekua hartzeko.

Garraio eredu osoa auzitan

Gai honi buruz Madrilen egindako jardunaldietan parte hartu berri zuela mintzatu ginen Abel Estebanekin. Bertan ateratako ondorio nagusietako bat izan zen ez duela zentzurik erregai fosilentzako alternatibez hitz egiteak gaur egungo kontsumo parametroetatik abiatuta. “Garraio eredu osoa aldatu behar dugu, eta gutxiago kontsumitu. Ez dago kapazitate biofisikorik nekazaritza-erregaiek petrolioa ordezkatzeko. Planeta osoan ez dago laborantza lur nahikorik horretarako”, dio Estebanek. Dagoeneko hitz egiten da bigarren belaunaldiko bioerregaiez, alegia, elikagaiak ez diren lehengaiekin egindakoez, baina horrelakoak kopuru nahikoan eta prezio egokian ekoizteko behar den teknologia ez dago, oraingoz, behar bezain garatuta, eta lehengaiak ez dira behar bezain ugariak.

Jatrofaren auzia

Nola lortu, orduan, bioerregaien erdia elikadurarako ez diren lehengaiez ekoiztea? Europar Batasunak horretan amarrua egin dezakeela ohartarazi du Abel Estebanek. Gakoa jatrofa da. Landare horrek jateko erabiltzen ez den olio bat ematen du; joan den hamarkadan  itxaropen handiak piztu ziren haren inguruan: errendimendu gutxiko lurretan hazteko gai izango zen, ur eta ongarri askorik gabe, eta olioa tonaka emango zigun. Gerora ikusi zen, ordea, merkatuaren ikuspuntutik errentagarria izateko beste edozein laborek behar dituen gauza berak behar dituel jatrofak, lur ona barne. Hartara, hura ere elikagaietarako laboreei lekua kentzen hasi zen. GRAINek emandako datua da 2012ko abenduan bederatzi milioi hektarea zeudela jatrofaz landatuta, 130 lur-pilatzeren ondorioz. “Jatrofak ez du zuzenean lehiatzen elikagaiekin, baina bai zeharka, nekazaritzarako erabiltzen diren zoru berak behar ditu eta”, dio Estebanek. GRAINen kalkuluen arabera, Europar Batasunak erabakiko balu bere bioerregaien erdia jatrofatik ateratzea, 21 milioi hektarea beharko lirateke helburu hori betetzeko soilik, eta hori lur emankorrenetako errendimenduetan oinarrituta egiten badugu kalkulua. Berdin dio landatzen denak jateko balio duen edo ez, lur pilaketak bere horretan segituko du.

Madrilgo jardunaldietan parte hartu zuten guztiak bat ez zetozen arren –nekazaritza-erregaien patronaleko ordezkariak ere izan ziren, besteak beste–, antolatzaileek behintzat garbi ikusten dute EB urrats bat harago joan beharko litzatekeela, eta ez lukeela nekazaritza-erregaientzat gutxieneko portzentajerik ezarri behar. Aipatu dugu dagoeneko haien ekoizpenak zer nolako desoreka eragiten dion elikagaien merkatu globalari, baina bada ekologisten aburuz beste arrazoi bat, eta pisu handikoa: nekazaritza-erregaiak erabiliz Lurraren beroketa apaltzen dela esan ohi den arren, azken ikerketen arabera hori ez da egia.

Erregai fosilak eta nekazaritza-erregaiak klima aldaketan daukaten inpaktua konparatzeko, EBk igorpen zuzenak hartzen ditu kontuan. Hau da, ekoizpen prozesuan igorri diren negutegi efektuko gasen kopuruak. Eta nekazaritza-erregaiena askoz txikiagoak dira erregai fosilenak baino. Alta, elkarte ekologistek diote –eta industriak ukatu– nekazaritza-erregaien benetako inpaktua neurtzeko ILUC deritzonak ere aintzat hartu behar direla.

Lurraren Erabilpenaren Zeharkako Aldaketa esan nahi dute ingelesezko ILUC siglek. Zer esan nahi duten ondo ulertzeko, balio beza Abel Estebanek emandako adibide honek: Europan erabiltzen den nekazaritza-erregai gehiena kanpotik ekarria da, baina zati bat bertako lehengaiekin egiten da. Batez ere, kontinentearen erdialdean hazten den koltzarekin. Lehen, koltzaren zati bat esportatu egiten zen, eta beste zati bat hainbat industriatan erabiltzen zen, elikagaienak zein bestelakoak. Orain, ordea, Europako koltza guztia erregaien ekoizpenera bideratzen da. Horrek esan nahi du lehen koltza baliatzen zuten industriek beste nonbait bilatu behar dutela lehengaia. Batez ere palma oliora jo dute, merkeena baitzaie, eta palma olio eskaria handitzeak eragin du Indonesiako baso asko erauziak izatea, haien lekuan landaketak jartzeko. Baso horietan pilatuta zegoen karbonoa atmosferara isurtzea bezalako ondorioei esaten zaie ILUC. Abel Estebanen esanetan, koltzaren, sojaren eta palmaren kasuan, ILUCak kontuan hartuz gero guztizko emisioak EBk ezarritako helburuetatik gora daude; izan ere, nahiko hurbil daude zenbait erregai fosilen igorpenetatik. Azpimarratzekoa da, Estebanen esanetan,  2010, 2011 eta 2012an Espainiako Estatuan erabilitako biodieselaren %90 soja eta palma olioekin egina zela.

Labur esanda, ILUCak kontuan hartzeak agerian utziko luke EBk jasangarritzat jo duena ez dela jasangarria. Oxfamen ustez, EBk ezarritako helburuak betetze aldera baso eta belardiak dauden lekuetan laboreak ipintzen baditugu, Europako errepideetan 26 milioi ibilgailu zirkulazioan jarrita bezainbateko kaltea egingo diogu ingurumenari. Eduardo Galeanok esan zuenez, “hondamendirantz goaz zuzen-zuzenean, baina arraioa, a ze autoetan!”.

Nouste Ekilili, nekazaritza-erregai eredu jasangarria

2006an ekilorea landatzen hasi ziren Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa eta Bearnoko hamar bat laborari, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) eskutik. Ordura arte artoaren monolaborantzan jardunak ziren, baina ekilorea landatzen hasteaz batera errotazio sistema erabiltzen ekin ziren. “Gauzak horrela hobeki doaz, orain ongarri gutxiagorekin lan egiten dugu”, dio Mixel Lahetjuzan nekazari senperetarrak.

Pixkanaka laborari gehiago bildu ziren egitasmora. Azkenik, 2009ko abenduan, Nouste Ekilili kooperatiba sortu zuten –biarnesez “gure” esan nahi du nouste hitzak–; Senpere, Gabadi, Maule eta Nabarrengose inguruetako hogei bat etxalde zeuden ordurako proiektuan, guztira 80 hektarea eguzki-lore landatzen zituztenak. Halaxe jarraitzen dute gaur egun. Uztaren zati batekin janaria egiten dute ganaduarentzat, eta bestetik olioa ateratzen dute, erregai modura erabiltzen dena. Zati bat euren traktoreetarako gorde eta gero, urtero 35.000 litro inguru saltzen diete, gutxi gorabehera erdibana, Bizi Garbia hondakin bilketa sindikatuari eta Ziburuko portuko bi arrantza-ontziri. Uztaren heren bat gordetzen dute oliotarako; normalean, hektareako 800 litro inguru.

Lahetjuzanek azaldu digunez, bai traktoreek bai Bizi Garbiaren kamioiek gasolio eta ekilore-olio nahasketa bat erabiltzen dute. Nekazaritza-erregai portzentajea %30 inguru izan ohi da, baina udan, bero handiagoa egiten duelarik, %50era igo daiteke. Ziburuko bi ontziek erregai arrunta behar dute motorra hotz den artean, baina gero ekilore-olio hutsarekin funtzionatzen dute. Orotara, kontsumitzen duten erregaiaren %80 da olioa. Hori bai, hura erabiltzen hasi aurretik aldaketak egin behar izan zituzten motorretan. Horretarako, Frantziako Arrantza eta Laborantza Ministerioak eta Europar Batasunak diruz lagundu zieten; izan ere, landare-olioaren erabilpena ITSASOA izeneko proiektu-pilotuaren barnean kokatzen da. Kontrakoa eman badezake ere, frantsesezko siglak dira ITSASOA: Itinéraire Technique de Substitution Agricole pour la Sauvegarde de l’Océan par l’Artisanat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Tunagate: merkurio pixka bat nahi entsaladarekin?

Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude