Militante zen oinarrikoa. Plazara irteteko deia jo zutenean, plazara irten zen, egin behar dena egin behar den garaian egiten baitu militanteak.
1947an jaioa, gaztaro betean harrapatu zintuen 60ko hamarkada beroak.
Gure familia gerra galdutakoa zen. Aitaita hil zenetik gurean ez zen hartaz askorik hitz egin. Tira, bazen osaba bat, anarkista, atertzen ez zuena. Zer edo zer bazen giroan, zer zen jakiterik ez bagenuen ere. Ama, esaterako, Otxandioko bonbardaketak harrapatu zuen. Handik Bilbora jo zuen. Carlton hoteleko egonaldia kontatzen zuen, haurrak ebakuatzeko itsasontzira sartzeko momentua…
Habana itsasontzira?
Baina gure aitonari ondoeza eman zion, eta zaintzan zegoen errepublikarrak adina galdetu eta ez igotzeko esan zion. Ez ziren itsasontzira igo. Oinez itzuli ziren eta ezkutatuta eman zuten denbora. Amak ibilera horiek kontatzen zizkigun, batzuetan. Beste batzuetan, guk galdetu, eta ez zigun ezer esaten. Aitonaren oroitzapena dut, kartzelatik gaixorik irten zela, tuberkuloso. Pasadizoak jaso nituen, harik eta 17-18 bat urte nituela puzzlea osatzen hasi nintzen arte. Moja ikastetxera joan nintzen, eta han dena zen Franco, garaiko heziera hura. Etxean, bestelakoa zen giroa: ez erlijio katolikoa ez beste. Zorionez, etxean ikusitakoak irabazi zuen borroka hori.
18 urte zenituela.
Bai, Piru ezagutu nuen, nire gizonezkoa, eta haren lagunak. Horrek ere hainbat lagundu zidan ideiak ordenatzen. Lehen errefuxiatuen garaia zen Gasteizen… Orduantxe piztu zitzaidan kontzientzia politikoa. Tren baten kontrako atentatua izan zen, non edo non, eta jendea atxilotu zutela gogoratzen naiz, EAJkoak eta beste. ETAk ere zenbait liberatu zituen hemen, gero jakin dudanez. Mario Onaindia, esaterako, hemen zebilen. Sabin Arana Bilbao hemen tirokatu zuten, hemen hartu atxilo. Gure lagun handiena Frantzian bizi da oraindik. Ez da itzuli… Gogoan dut Arantxa Aretxandietak nola ihes egin zuen. Araban ere jo zuen errepresioak. 70eko hamarkadan Gernikan hil zuten gazte hura, Motriku [Jesus Maria Markiegi], hemengoa zen.
Gizarte laguntzaile ikasi zenuen lehenbizi, Kazetaritza ikasketak egin zenituen gero, Iruñean, 80ko hamarkadaren hasieran.
Gasteizen ikasi nuen lehenengo, baina ez zitzaidan gustatu gizarte laguntzaile zera hura. Helduentzako eskola batean irakasle lan egin nuen Abetxukon, Gasteizko auzoan. Geroago, ezkondu eta lan egiteko aukera izan nuen Iruñean. Lana eginez batera, kazetaritza ikasi nuen. Bi alaba nituen ordurako.
1976ko martxoaren 3ko sarraskiari buruzko liburua egina duzu berrikitan: 3 de marzo 1976 (Arabera, 2012). Artean sabelean zenuen bigarren umea, liburuan irakurri dugunez. Ez duzu denboran jauzi makala egin!
Kar, kar, kar. Gure bigarrenak hiruzpalau urte zituela joan nintzen Iruñera, bai. Martxoaren 3an esnatu nintzen, beharbada... Ordu arte, banekien pentsa nezakeela, iritzia eman, baina orduan jakin nuen beharrezkoa dela konpromisoa. Errealitatea antzaldatu behar dela, alegia, Marxek esaten zuenez. Martxoaren 3ak ezkero, Amnistiaren Aldeko Batzordeetan hasi nintzen, eta handik hona oinarriko militantea izan naiz, besterik gabe.
Esaguzu sasoi hartan zer giro zegoen zure inguruan.
Martxoaren 3a baino lehen grebak izanak ziren Gasteizen, Michelinen batik bat. Gogoan dut, langileak Babesgabetuen Elizan sartzen, atzetik polizia saldoa zutela. Tartean berriz, Burgosko prozesua izan zela. Lehenengo manifestazioak izan nituen. Haietan bai, parte hartu genuen. Behin, hasi eta berehala, Jesus Obrero ikastetxe parean hasi behar izan genuen lasterka! Radio Paris entzuten genuen garaia zen, autoan sartuta. Gero, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak.
Eta FRAPeko hirurak.
Bai, behin ere aipatzen ez ditugunak. Manifestazioak izan ziren orduan ere, baina oso txikiak. Beti betikoak ginen. Utzi ere ez zuten uzten manifestaziorik egiten, jakina. Irailaren 27ko fusilamenduak ziren garaian, haurdun nengoen, hiru hilabeteko, lehenengo alabaren esperoan. Andra Mari Zuria plazan ginela, polizia etorri eta gu San Migeleko eskaileretan gora, jende mordoa. Gure lagun bat harrapatu zuten, neska bat, hilabete eduki zuten barruan. Horrekin batera, gure lagun batek ihes egin zuenean, nire gizona soldadutza egiten ari zen. Bada, hartu eta ziegan sartu zuten soldadutza bukatzeko geratzen zitzaion denbora bukatu arte, urte eta hiru hilabete! Esan nahi dut martxoaren 3ko hura baino lehen bazela mugimendua Gasteizen. Kontzientzia eratzen lagundu zigun giro horrek. Aurretik, berriz, 68ko maiatza izan zen…
Horren berri heldu zitzaizun?
Zeharka bada ere, bai. Osaba-izebak nituen Parisen. Gure ama eta izeko bat haiek ikustera joan ziren zazpi eguneko asmoan, baina ezin izan zuten berehalakoan itzuli: maiatzak harrapatu zituen, bateko eta besteko grebak, eta hilabete geratu behar izan zuten han. Maiatza hartaz jakiteko irrika piztu zitzaidan, eta orduantxe entzun nuen Sartreren izena lehenengo aldiz. Elementu asko dira jokoan, baina, azken finean, konpromisoa da gakoa. Pentsatu, hitz egin, iraultzaz gogoeta egin, garai hartako Kubako iraultza, Aljeriaren independentzia… Oso ondo dago horretaz jardutea, eta jarduten genuen, baina osagai guztiak dagokien lekuan jarri eta puzzlea osatzeko derrigorra da militantzia.
Martxoak 3ko sarraskiaren inguruan…
Horrek erabat lagundu zidan piezak bere lekuan jartzen. Orduantxe bai. Aurrekoak ez ziren mugimendu masiboak izan. Martxoak 3ko hura, aldiz, bai. Forjas Alavesas lantegiak grebarekin bat egin zuenean, orduantxe hartu zuen borrokak indarra. Dena dela, martxoa baino lehen ere gogoan dut, Gabonetan, langileak buzoak jantzita manifestazioan Gasteiz erdialdean. Gabonetatik martxora bi greba deialdi egin ziren. Industria gerarazi zuten, baina hiria ez. Martxoaren 3an, berriz, langileek erabat gerarazi zuten hiria. Gasteiz mutu geratu zen.
Isiltasuna, horixe idatzi duzu liburuan.
Erabatekoa. Manifestariak batean, poliziak bestean… Ez zen besterik ikusten. Inoiz ikusi dudan greba orokorrik orokorrena izan zen. Zenbait momentutan, inor ere ez zen ageri kalean. Gure amak esan zigun: “Gerra zibila gogorarazten dit isiltasun honek”. Haize txikia zebilen, eta Foru kalean, adibidez, paperak zerabiltzan. Hiri desertua ematen zuen. Ez dut horrelakorik inoiz ikusi. Asanblada lan handia egina zegoen aurretik, jendearen kontzientzia ernarazteko.
Zer gertatu zen martxoaren 3aren biharamunean?
Asanbladari eusteko saioak batetik, atxiloketak bestetik… Nabes, Olabarria barruan… Isiltasuna, berriz, iraultzak dakarrena, nahi baduzu. Baina lorpenak handiak izan ziren. Sedizio akusazioa izan zutenak izan ezik, gainerakoan langile kaleratuak berriz hartu zituzten lanean. Ondoko bost urtean, lantegietako hitzarmenak ez ziren makalak izan. Ez zen izan “bost lagun hil dituzte eta kito!”, ez. Langileen egoerak onera egin zuen. Sindikatu bertikalaren ordezkariak desagertu egin ziren, adibidez. Langile batzarrak aukeratu zuen ordezkaria. Besterik da Trantsizioak ekarri zuena: sindikatuak sortu ziren, batzarraren ordez komiteak hasi ziren lanean, CCOOk eta UGTk bat egin zuten Trantsizioarekin… Poliki-poliki, galdu egin da borroka haren mamia. Sindikatuen burokrazia hor dago beti.
Martxoaren 3a iragana da, ahaztua?
Askok ahaztu egin du, urte askoan bazterrean utzi du. Martxoak 3 hura izan zela ere ahaztu egin behar genuela ematen zuen, orduko errebindikazioak, orduko borroka. Ezkutatu egin behar zela zirudien. Udalak ez zuen oroigarririk jarri nahi, poliziak egurra banatzen zuen, sindikatuak isilik, hedabideetan oihartzun txikia… Egun madarikatutzat zeukaten, iraultza txiki bat izan zenean! Horrela izan da urte askoan. Bestela da orain.
Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko lan osoa da iazko urte hondarrean kaleratu zenuena. Dena dela, kazetari zara, Gara egunkarian zutabea idatziz kolaboratzen duzu astean behin. Nolako kazetaritza eginez hasi zinen?
Irratian hasi nintzen, kulturan, gizartean, politikan. Tartean, era guztietako erreportajeak egin nituen han eta hemen, bateko eta besteko egunkarietan, harik eta neuk pentsatzen nuena idazteko aukera eman zidaten arte. Egunkarian zortzi orduz lan egin dudan azkena, Arabako Egunkarian egin nuen, itxi zuten arte. Iritzi arduraduna nintzen. Berez heltzen da garai hori, hau da, albistea kontatzetik egoerari buruzko iritzia ematera.
Zertan da kazetaria egun?
Boterearen mezularia da. Asko galdu du. Jende gazte asko ikusten dut, unibertsitatean, esaterako, kazetari irizpiderik ez duena. Guri esaten zigutena daukat gogoan: “Kazetariak jakin behar du zein izango den interesa piztuko duen albistea”. Kalean zoazela albiste izatea merezi duena ikustea. Kazetari irizpiderik gabe nekez emango duzu gertakari humano, politiko edo sozial baten lekukotasuna. Edo ikerketa kazetaritza: datu jakin batetik abiatu, eta ikerketa garatu. Uste dut hori galdu egin dela. Bestalde, prentsaurrekoak, politika albisteak… beti bat eta bera dira, ez dago nobedaderik!
Zergatik ematen dio beldurra politikariari egunkarietan azaltzea?
Batzuei beldurra emango die, bai, baina beste batzuk amorratzen daude bertan azaltzeko.
Gaizki azaltzea, esan nahi nuen.
Gaizki egin dutelako, dena delakoa. Gaizki egin dute eta badakite, kontzientzia dute gauzak gaizki egin dituztela. Hala ere, ezin okerra aitortu. Komunikazio bulegoak ere antolatuak dituzte, eta haietatik igaro behar ezer lortzeko. Igarobiderik ematen ez badizute, alferrik ariko zara, gehienez ere albiste izan den horren jakingarri teknikoak helaraziko dizkizute, alderdi humanoa zeharo ahaztuta. Horrek ez dio kazetaritzari laguntzen. Elkarrizketa eskatzen duzula, galderak bidali behar dizkiezu aurretiaz. Lotuta dute dena, ez dizute margenik uzten. Neke da.
Halako batean, politikaren lehen lerrora agertu zinen: D3M Demokrazia 3 Milioi plataformaren zerrendaburu izan zinen Araban, kartzelan egonagatik ere.
Beti izan naiz oinarriko militantea, esan dizut. Amnistiaren aldeko batzordeetan hasi nintzen, eta handik hona militante izan naiz era batera edo bestera. Alderdien ilegalizazioarekin hasi zirenean, aurpegia eman nuen, barrabaskeria itzela iruditzen zitzaidan egin nahi zutena. Gero, soslai ondo definitutako jende bila hasi zirenean, etorri egin zitzaizkidan, prentsaurrekoetan parte har nezan eta hau eta hura. Horrela, zerrendaburu jarri ninduten arte. Dena dela, eskerrak gazteak izan nituen inguruan, ni guztiz kaotikoa bainaiz. Asko lagundu zidaten gazteek. Haiek gabe ez nuke agendarik beteko! Militantziak eskatu zidan konpromisoa izan zen, ez besterik. Afixak itsastea egokitu zaidanean bezala. Hara, behin esan zidaten eta ez dago gaizki esana: “Militantea da egin behar dena egin behar den momentuan egiten duena”. Dela jendaurrean, dela gordean. Are gehiago Euskal Herrian.
Kartzelara eraman zintuen konpromiso horrek. Espero zenuen horrelakorik?
Ez. Atxilotu bezperan, notaritzatik irteeran, esan zidan lagun batek: “Ez zinen konturatu polizia besterik ez genuela inguruan?”. “Bada, ez!”, nik. Egin behar dudana egiten dut, ezker-eskuin edo atzera begiratzen ibili gabe. Plataforma osatu zenean, nire izena zerrendan jarriko ote zuten eskatu zidaten, eta baietz esan nien. Eta ez, ez nuen uste nire pertsonari horrenbeste garrantzi emango ziotenik. Ez nuen kartzelarik espero. Horregatik eragin zidan hainbeste lehen egun haietan… Gaizki pasatu nuen, nire gizonezkoa operatzekotan ziren garai hartan. Alabak ere kezkatan izango zirela banekien…
“Lehen egun haiek”, diozu.
Bai. Ez nekien zer etorriko zen, zenbat denbora egongo nintzen han. Pentsatzen hasita nengoen txipa aldatu beharko ote nuen, barruan egotera ohitu. Gero, Valladolidera eraman nindutenean, Gasteizko lagun bat gertatu zitzaidan han –horrek asko lagundu zidan–, eta txipa aldatzen hasita nengoenean, lehen hogei egun haietako ondoeza gainditua nuenean, libre irten nintzen.
Libre irten bai, baina hiru urte izan zineten epaiketaren zain.
Bai. Ez ziren urte onak izan. Hala ere, prentsaurrekoetara joateko deitu izan nindutenean, edo agerraldiak egin genituenean, hantxe izan nintzen. Kartzelak zirrara egin zidan, jakina, baina ez zidan konpromisoari eusteko indarra kendu. Momentu txarrek ere bizitzen laguntzen dizute. Barruan nengoela, gauza asko erlatibizatu nituen, gauza txikiak gozatu nituen: kartzelako patioan musika entzutea gustatu zitzaidan, liburu on bat irakurtzea, lagun batekin hitz egitea… Kalean zaudela preziatzen ez dituzun kontu txikiak estimatzen erakutsi zidan barruak, kartzelak. Eta pertsonak. Kartzelan topatu nituen kideak, adibidez, haien gozotasuna, haien indar ideologikoa… Pertsona horiek espezialak zaizkit harrezkero. Batzuk kalean daude, beste asko barruan, kalean egon behar dute. Parot doktrina! Aspaldi behar zuten kalean. Lehentasuna da haiek ateratzea. Urtean behin kaleak betetzea ez da nahikoa, egunero bete behar ditugu!
Amparo Lasheras Gainzarain (Gasteiz, 1947). Gizarte laguntzaile ikasketak egin zituen gaztetan, eta kazetaritzakoak geroago, 80ko hamarkadaren hasieran, ordurako alaba biren ama zelarik. Tartean, militantzia izan zen, eta 1976ko martxoak 3ko sarraskia Gasteizen. Amparo Lasherasen baitan kontzientzia politikoa eta engaiamendua ernatu ziren garaia. Kazetari egin du bizia, bateko irrati eta besteko egunkari. Radio Nacional, El Mundo del País Vasco, Egin Irratia, El Periódico de Alava, ETBn… egin du lan, eta Gara egunkarian, InfoZazpi-n eta Hala Bedi irratian kolaboratzen du egun. Una vida, una calle eta Gasteiz 3 de Marzo de 1976. Un recuerdo 25 años después ditu liburuak, oraingo 3 de marzo 1976 baino lehen. Militante soil izan da, harik eta 2009an D3M mugimenduak Arabako zerrendaburu izendatu zuen arte. Horrek, eta ondoko kartzelaldiak aurpegia jarri zioten ordu arte sinadura huts zenari.
“Kaotikoa naiz, eta horrekin geratzen naiz. Zoramen bat da, optimismoa eta esperantza ematen dizkidana. Gauzak ahazten zaizkit, bai, eta? Nire parterik humanoena da, nire akatsak”.
Garai batean, zain zituzten aita eta ama. Gaur egun, presoak aita eta ama dira, baita aitona-amona ere.
700 inguru dira. Hauetako batzuen seme-alabak espetxean sortu dira. Asko oso gaixo daude. Badira hogei urte baino gehiago kartzelan daramatenak. Horietako askok, legea... [+]
Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.
Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:
Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.
Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.
Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.
Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak ‘Parot doktrina’ ezeztatzearekin batera 30.000 euroko ordaina ezarri zuen Ines Del Riorentzat. Espainiak uko egin dio ordaintzeari.
Estrasbusburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006 doktrina baliogabetu ostean, 20 preso askatu dituzte aste honetan: hamalau hilaren 26an eta sei 27an.
Auzitegi Nazionalak beste bederatzi preso askatzeko agindua eman du, 'Parot doktrinaren' aurkako Estrasburgoren ebazpena aplikatuta.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur markatuko du Estrasburgoren ebazpenaren gaineko irizpidea, Iñaki Fernandez de Larrinoa presoaren auziari buruzko erabakia hartzean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak beste 13 euskal preso askatzea erabaki du, Estrasburgoren epaia aplikatuta. Hemendik aurrera, ebazpenaren inguruko erabakiak ez dituzte Zigor Salaren osoko bileretan hartuko, eta horrek preso bakoitzaren prozedura azkartzea ekarriko duela espero... [+]
Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak 197/2006 legearen zenbait praktika baliogabetu ostean, asteartearekin hitzartuko du Espainiako Auzitegi Gorenak nola aplikatu sententzia, Europa Pressen arabera.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/2006 doktrina aplikatu zitzaien bederatzi preso aske uztea erabaki du. Ondorengoak dira presoak: Txomin Troitiño, Isidro Garalde, Iñaki Urdiain, Jon Aginagalde, Jokin Sancho, Elías Fernández Castañares,... [+]