Garaibi ibar esküinera,  arotz kantaria bidelagun

  • Basabürüko ibar esküinaz, hots Aloze eta Lakarri herrien artean luzatzen den haranaz, askok dakite berri. Haatik, bertakoek salbu, nork daki Arbaila eskualdeak ere baduela bere ibar esküina? Hori Urdiñarbe herriari –zati bati dagokionez behintzat– lotuta dagoen Garaibi auzoan kokatua da. Leku guztiz xarmagarri eta kanpotiarretatik ezezagun horretara ihesian joateko, Jean-Mixel Bedaxagar kantari ezaguna izan dugu bidelagun. Goazen, bada Garaibi ibar esküinera.

Jean-Mixel Bedaxagarrek lagundu digu txangoan. Beheko argazkian, Organbideko gurutzearen ondoan ageri da urdiñarbetar kantari ezaguna. Bedaxagar gogoratzen da leku honetaraino prozesioak egin izanaz.
Jean-Mixel Bedaxagarrek lagundu digu txangoan. Beheko argazkian, Organbideko gurutzearen ondoan ageri da urdiñarbetar kantari ezaguna. Bedaxagar gogoratzen da leku honetaraino prozesioak egin izanaz.Allande Sokarros

Urdiñarbeko arrabotü edo pilota plaza ederretik hasiko gara oinez ibiltzen, alde batetik San Mixel eliza erromanikoa eta, bestetik, Donajakobeko sentorale bideen aipagunea eta udaletxe berri-berria izango ditugularik begirari. San Mixel eliza XI. mendekoa da, zati zaharrenaren kontutik bederen, eta barrualdetik ere ikuskatzeak balioko luke, Zuberoako eliza anitz bezala ez balitz kasu gehienetan itxita. Egoera damugarri horri aurre egin zion bakarra Aita Junes Casenave-Harigile euskaltzale suhar eta Altzaiko erretore ohia izan zen, honek agindu baitzuen bere ardurapeko parrokiako elizak berriz zabalik egon zitezen. Dena den, elizaren inguruko auzolagunen batek izango du giltza eta ez da bekatua izango ikuskatze baterako irekitzearen eskaria egitea...

Eliza aitzinaldearen pare-parean, Urdiñarbeko udaletxe berri eta nahiko politari ere begirada bat emateak balio du. Eraikin hori bezala, Zuberoako etxegintza garaikidearen lekuko da, halaber, udalak paratutako Donajakobeko sentorale edo beila bideen aipagunea. Bastimendu horretan bertan kokatzen dira ere ikusgarrientzako gela eta herriko ostatua, azken aldiotan, antza, itxita dagoena. Donajabeko sentoral bideak aipatzen hasi baikara, gogoraraz dezagun Urdiñarbe izan zela, aurreko garaietan, beila bide horietatik baten igarogune edota geldigune garrantzitsua, Zuberoako Ospitalepea eta Oztibarreko Izura ospe handiko beste bi lekuren artean. Hain zuzen ere, orain dela bospasei urte berriz ireki ondoren seinaleztatu egin den GR 78 Bortuondoko sentorale bidea hartuko dugu zati batean.

Ospitalettotik Keheillaltera

Arrabotü edo pilota plazatik abiatzean, haatik, ez dugu San Mixel zubiaren gainetik pasarazten gaituen eta zuri eta gorriz seinalatutako ezkerralderako bidea aukeratuko. Aitzitik, eskola aurretik pasatuz, eskuinalderat, Garaibirako bide nagusia hartuko dugu. Hortxe berehala, eskuinaldean ageri den etxe zahar eta bizilagunik gabekoak Ospitalettoa du izena. “Hau zen Urdiñarbetik iragaiten ziren beilarien aterpetzeko eta artatzeko ospitalea edo honen zati bat behintzat”, azaldu digu ibilaldi honetan bidelagun daukagun Jean-Mixel Bedaxagar Urdiñarbeko arotz eta kantari ezagunak.

Ospitalettoaren pare-parean, bidearen beste aldean eta eskolaren atzean dagoen beste etxe handi eta zaharra Komandatetxea zen. Bidean aurrera jarraituz, Arangorena errekatik ura ubide baten bitartez hartuz zebilen eihera edo errota ederki zaharberritua miretsiko dugu. Hau, Urdiñarbeko Ospitalearen jabetzapeko errota zegoen antzina, eta bigarren egoitza bat da gaur egun. Hiruzpalaurehun metro soro muskerren artean eginik, bidearen eskuin alde bazter-bazterrean dagoen baserri dotore batera iritsiko gara, ibilaldia hasi eta hamar minutura. “Hau da nire sortetxea”, adierazi digu Bedaxagarrek, “familian arotzak izan ginenetik aroztegia deitua izan da, baina jatorrizko izena du Keheillaltea”. Izen hori ematen zioten, antzina, elge edo auzoen arteko bazka edo alor guneen sarrera zaintzeko kargua zeukan etxaldeari. Keheillalte aurretik igarotzean aukerarik izango duzue agian bertan bizi eta lan egiten duen Jean-Mixelen arreba Marie-Hélène Bedaxagar eta haren senar Dominika Agergarairen agurtzeko.

Keheillaltean Urdiñarbeko plazatik seinalatua egin duten GR 78 sentorale bidearekin egingo dugu topo eta horri jarraituko diogu txangoaren zati luze batean. Garaibirako bide nagusitik ibilita, Urdiñarbeko karrika edo eliza ondoko etxe multzoari bizkarra ematen diogula, eskuin eta ezker aldeetatik Zuberoako lehengo eta gaur egungo etxegintza motak begi-bistan izango ditugu. Ezker aldetik eta bidetik beheiti, Iratzabalea laborari etxe ederra daukagu eta eskuinaldetik baserriak ez diren baina Zuberoako etxegintza bereziaren lekuko egokiak dauden etxe politak. Garaibiko bide nagusi horretan hiruzpalau ehun metro eginik, ez diogu huts egin behar eskuin alderat joatera gonbidatzen gaituen bide seinaledunari. Hortxe bertan etxe zaharberritu polit bat badugu, eskuinaldetik. Haatik, seinale zuri eta gorriei jarraituz beti ere, lehen bide sarda horretatik segidan ezkerrerantz joango gara bide harriztatu batean.

Organbideko kurutzea, antzinako prozesioen jakile

Bidexka horretan behin sartuta topatuko dugun lehen etxea da Betranenea izenekoa. Gaur egun, urtearen parte handienean behintzat bizitzailerik ez duen etxe zahar polit horrek egoiliar ezagunak izan ditu XX. mendean. Hala, bertara zetozen 1967. urtean Femina literatura saria eskuratu zuen Elise ou la vraie vie eleberriaren idazle Claire Etcherelli eta haren bizilagun izan zen Antoine Sanguinetti almirantea (1917-2004). De Gaulle jeneralaren alde jarrita, Frantziatik aleman naziak haizatzean parte hartu zuen eta gerorago politika alorrean jardun zuen, ezkerreko asmoak aldarrikatuz.

Bi pertsonaia entzutetsu haiek gogoan ditugula, aurrera joango gara eta aldapa nahiko malkartsu baten ondotik, bidexkak Organbidea baserri ingururaino eramanen gaitu. Han, kontuz; GR 78 bitan zatitzen da, biak, haatik, Oztibarrera bidean aurrera joaten direlarik. Eskuinerantz bide txiki batean gora jarraitzen duen bidexka seinalatua Muskildi aldera doa, eta San Antoni eta Elodi mendixken arteko Ehüzako garatetik igarotzen da, Donaixtirako norabidean. Guk, aldiz, bide seinaledun horren bigarren aukerari eutsiko diogu, Organbideko gurutzean zuzen jarraituz. “Kurutze honetaraino, Urdiñarbeko elizatik abiatuz, prozesioak egin izanaz oroitzen niz”, esan digu Jean-Mixel Bedaxagarrek. Ez zen txantxetako ibilaldia, bizpahiru kilometroko luzera baita buru batetik bestera.

Organbidetik aurrera, xenda oso polit eta gozagarri batetik ibiliko gara. Bidezidorra lapitz eta arbel arrokan egin zuten aspaldian. “Urdiñarbeko karrikatik Garaibi ibar esküinerako bide xaharra da”, azaldu ditu Jean-Mixel Bedaxagarrek. Lehenagoko denboretan baserri bat zegoen baina gaur egun Organbidea etxaldeko borda bat den Xokoenearaino xenda hori erabilgarria egon bada beti, handik aurrera sasiak hartuta zegoen. Bortuondoko Donajakobe bide berria egitea mesedegarria izan da, xenda zaharrari bizia eman baitio. Benetan gustagarria da hurritz, gaztainondo, haritz eta beste zuhaitz mota frankoren artean aitzina joatea, zati luze batean ere etxalde edo bordalde bazterretan denbora batean laborariek eraikitzen zituzten pareta zahar-zahar baten ertzetik ibiliko garelarik. Xendan zehar jarritako bizpahiru langa txiki ireki eta berriz itxi beharko ditugu. Hori ez da arazo bat, bai ordea horiek ireki eta berriz ixteko gomendioak izan daitezen frantsesez eta ingelesez soilik idatziak! Badirudi GR xenda seinaledun horiek egiten eta mantentzen dituzten jendeek ez dakiten Euskal Herria eta euskara badaudela eta gutxien-gutxieneko errespetua litzatekeela herriko hizkuntza ere erabiltzea. Jende mota horrek bere burua “unibertsaltzat” jotzen du ziur asko... azken finean inongoak ez direla ohartu gabe ere.

Ohitxeko eihera txiki eta polita

Zuhaitz ilararen artetarik, Zuberoako hainbat mendi eta mendixka (Maidalena, Erretzü, Arbailakoak, besteak beste), baita Auñamendi eta bere lerrokoak miresteko aukera ere emango digu xenda goxo eta politak. Jaitsiera baten amaieran, baina, agur egingo diogu, Garaibi ibar esküineko bide txikiarekin topo egitean. Bide horretara iritsirik, GR 78ko seinale zuri eta gorriei ere bizkarra emango diegu, ezker alderat (ekialderantz) hartuko baitugu, Ihitiko edo Ibar esküineko errekari jarraituz. Une batean, gutxi gorabehera ordu eta erdi daramagularik txangoan, Napaleko garaterat daraman Garaibiko bide nagusiarekin topo egin aitzin Ohitx etxaldeko eihera edo errota txiki polita agurtuko dugu. Lehengo denboretan ogia etxean egiten zen eta erreka txikienean ere eiherak bazeuden. Pentsa... Zuberoa osoan 400 errota inguru ibili zen garai batean!

Zentzegia etxearen alboan Garaibiko bide nagusira iritsirik, berriz ere ezker alderat joko dugu eta bizpahiru kilometro geratuko zaigu Urdiñarbeko eliza ingurura bueltatze bidean. Ezker eta eskuin, Garaibiko haran ederreko etxalde oparoetatik batzuk (Etxandia, Etxebarnea, Bidabea, Iratzabalea) miresteko aukerarik izango dugu. Keheillaltera iritsirik, aldi honetan bai, eskuin alderat hartuta jarraituko diegu seinale zuri eta gorriei, bi ordu eta bi ordu eta erdi inguru iraun digun ibilaldi goxoari amaiera ematean. Zoritxarrez baina, Urdiñarbeko karrikan bertan gaur egun ez dago tabernarik Jean-Mixel Bedaxagarrekin Zuberoako kantu xahar batzuk xaramelatzeko...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuberoa
2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Xiberoko kolektiboa
Baratze kolektiboa Maulen, harreman sozialak ereiteko

Herritarrak elkarren artean saretzea eta bizitza sozialerako espazioak bultzatzea da Xiberoko Kolektiboa elkartearen lan ildoetako bat. Bide horretan, baratze kolektiboa sortzeko aukera suertatu zitzaien 2020an Maulen, eta zalantzarik gabe, proiektuari ekitea erabaki zuten... [+]


Anbroxi Burguburu. Laborari sinple bat (omen)
“Orain dela zenbait urte euskalduna haboro jiten zen Santa Grazirat”

Liburua da Txomin Peillenena, Animismua Zuberoan (Haranburu, 1983). Hango istorioek ekarri gaituzte Urdatx edo Santa Grazira. Besteak beste, azkena hildako hartzaren historiak, kasu honetan ez baita istorioa. Herriko ostatuan galdezka hasi, hartzaren historia lekukotzen duen... [+]


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


2024-09-11 | Euskal Irratiak
Elorri Arkotxa
“XIX. mendeko gutunen bidez, Xiberoako garaiko gizartea ezagutu nahi izan dut”

XIX. mendearen bukaeratik Lehen Mundu Gerrara arte xiberotarrek gutun bidez ukandako komunikazioa ikertu du Elorri Arkotxak Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginiko tesian.


2024-08-28 | Euskal Irratiak
Mauleko espartingileek udako sasoi txarra ukan dute

Espartingileek ez dute nahi beste saldu uztailean eta ekainean. Turismoak beheiti egin du uda honetan Ipar Euskal Herrian eta supermerkatuek espartina gutxiago manatu dituzte.


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


Ospitalepeko zigor-sarekada oroimenean

Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]


2024-06-03 | ARGIA
Atharratzeko Prefosta elkarteari pintaketa homofobikoak egin dizkiote

LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzen duen Bekat'uros jaialdia antolatzen du Prefosta elkarteak. Salatu dutenez, "lan horren kontrako eraso" izan dira tindaketak. Elkarretaratzea egingo dute astelehenean.


Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
“Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen”

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


2024-05-02 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Eguneraketa berriak daude