Egizu Bizitza Osasuntsua esperientzia pilotuak bi urte egin ditu Osakidetzako lau zentrotan. Prebentzioa funtsezkoa da osasunean, bizimodu ohiturak aldatuz heriotzen %50 saihestu ditzakegu, baina nola lortu herritarrok ohitura osasungarriak hartzea? Ekimenaz arduratzen den Bizkaiko Lehen Mailako Arreta Guneko Ikerketa buru Gontzal Grandesi luzatu diogu galdera.
Zergatik da garrantzitsua bizimodu osasungarria bultzatzea?
Gaur egun badakigu, ikerketa guztien arabera, bizi-kalitatea hondatzen diguten edo hiltzen gaituzten gaixotasun nagusien kausa hein handi batean bizimodu ohiturak direla. Elikadura desegokiak, jarduera fisiko ezak eta tabakoaren eta alkoholaren kontsumoak eragiten dituzte EAEn urtero ditugun kasik 20.000 heriotzetatik 10.000 inguru. Egunero ordu erdiko jarduera fisikoa eginez, modu orekatuan janez, ez errez eta alkohola neurrian edanez, heriotzen %50 saihestuko genuke, baita gaixotasun kroniko ohikoenen %80 ere (bihotzekoak, sistema kardiobaskularrari dagozkionak, diabetesa, minbizia…). Zifra ikaragarriak dira, ez dago halako inpaktu potentziala duen beste ezer.
Baina ez dakigu herritarrek bizi ohitura osasungarriak hartzea nola lortu, borroka hori sozialki galtzen ari garelako. Egia da tabakoaren gaian gauzak aldatzen ari direla eta gero eta gutxiago erretzen dela, baina beste ohituretan (elikadura eta jarduera fisikoa) galtzen ari gara borroka, eta inpakturik handiena duten faktoreak dira une honetan. Esaterako, azken 50 urteetan nagusitzen ari den bizimoduak sedentarismoa ekarri du (autoan goaz leku guztietara), obesitate proportzioa handituz doa haur eta gazteen artean… Berezko borondate eta baloreez gain, gizartearen eta inguruaren eragina ere nabari da. Horri guztiari aurre egiteko modu bat da auzo eta herrietan dugun lehen mailako arreta zerbitzu sarean neurriak hartzea, programa honekin egiten ari garen gisan, baina beharrezkoa da esparru ugaritatik jokatzea. Hau ez da osasungintza sektorearen ardura soilik, programa martxan jarri dugun auzoetako hezkuntza eragileekin, lantegiekin, udalarekin, kiroldegiarekin, auzoko elkarteekin… elkarlanean aritu gara, mezuak eta irizpideak adosteko.
Eta ikuspegi klinikotik, zein da programak jarraitu duen prozedura?
Bizimodu ohiturek duten garrantziaz osasun zentroko langileak beraiek kontzientziatzea izan da lehen urratsa. Jakitun gara denak, baina pixka bat gehiago sakontzen duzunean eta benetan konturatzen zarenean zeinen handia den bizimoduak gaixotasunetan duen eragina, herritarrei mezua behar bezala helarazteko lehentasunaz jabetzen dira profesionalak. Pazienteei tabakoaz edo alkoholaz ohartarazi ohi zaie, baina parte hartu duten herritarren %70 inguruk esan digu ez dutela inoiz jaso komeni zaien elikadurari edo ariketa fisikoari buruzko mezurik mediku edo erizainengandik. Areago, batzuetan mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte eta bihotzeko arazoren bat duena kontsultatik atera daiteke pentsatuz ez zaiola komeni ariketarik egitea.
Behin kontzientziatuta, oinarri eta irizpide bateratu batzuetatik abiatuta, zentroak berak antolatu du programa martxan jartzeko dinamika: gerturatzen diren herritarren ohiturei buruzko informazioa nola eskuratu, horien araberako gomendioak nola eman, ohitura aldaketen plangintza egiten nola lagundu… Eta zeregin horietan guztietan ematen den eboluzio adierazgarriekin hilero txostena bidaltzen diegu ikerketa gunetik, gogoetatzeko eta estrategia hobetzen jarraitzeko.
Praktikan, zein motatako gomendioak ematen dituzue?
Kasuan kasu. Lehen Mailako Arreta zerbitzuak harreman iraunkorra garatzen du herritarrarekin, haren osasun egoeraren ezagutza handia du medikuak eta horren arabera egokitu ditzake aholkuak. Guk irudi bidezko materiala eskuratu diegu medikuei, mezua errazago helarazteko, eta adibidez asma duenari ikusarazteko zein onura ekarriko lizkiokeen arnas aparatuari tabakoa uzteak, jarduera fisikoak eta abar. Aipaturiko ohiturek gorputzeko organo eta sistema guztietan eragiten dutenez (kardiobaskularra, arnas-sistema, endokrinologikoa, neurologikoa…), beti egin daitezke loturak batzuen eta besteen artean, herritarraren osasun egoeraren neurrira. Aholku estandarrak, “ariketa egin behar duzu” gisakoak, gutxirako balio du, eta eraginkorragoa da plan bat egiten laguntzea, errealistak diren helburuak adostea, urratsez urrats. Farmakoa bailitzan, baina dieta, ariketa fisikoa edo tabakoa uzteko neurriak errezetatuz.
Era berean, prebentzio programa izanik, gaixotasunik ez dutenei ere eman zaizkie gomendioak. Osasun zentroetatik ia-ia biztanleria osoa igarotzen da eta bisita hori aprobetxatu behar dugu, ohiko analisia egitera gerturatu bada ere, ohitura hauen garrantziaz hitz egiteko, gaixo egon edo ez, duen adina duela ere.
Lau faktore nagusi aipatu dituzu. Besterik hartzen duzue kontuan?
Gaur egun, badakigu zein den arrisku-faktoreen rankinga, gaixotasunak eragiteko arriskutsuenak diren faktoreak, eta horren araberako lehentasunak finkatu ditugu. Elikadura, jarduera fisikoa eta tabakoa dira rankingaren gaina, ondoren alkoholaren abusua dago eta aintzat hartzen ditugu baita ere faktore biologikoak (hipertentsio arteriala, hipergleuzemia, obesitatea…), inguruko kutsadura edota bestelako drogen kontsumoa. Baina ikerketa prestigiotsuenen arabera, heriotzan nahiz bizi-kalitatearen galeran funtsezkoa da elikadurak eta jarduera fisikoak duten eragina. Gainera, mediku gisa errazagoa da faktore horietan eragitea, inguruneko kutsaduran eragitea baino.
Prebentzioa zein mailatan da garrantzitsua osasun sistemaren beraren biziraupen eta sostengurako?
Osasun sistemak eutsi ezin duen deskripzio demografiko eta epidemiologikoa daukagu. Gaixotasun kutsakorrak kontrolatu eta bizi-kalitatea hobetu izanari esker bizi-itxaropena luzatu egin da azken urteotan, baina aldi berean, zahartzen goazen heinean gaixotasun kroniko asko metatzen goaz eta horrek osasun tratamendu pila bat eskatzen du. Aurrekontu ekonomikoen %80 jaten dute gaixotasun kronikoek. Bizi-itxaropena luzatzearekin bat, bizitza horretan gaixotasunik ez izatea lortu behar dugu eta jakin badakigu formula: gutxienez egunean ordu erdiko jardun fisikoa egiten badugu –ordu erdi, ez gara ari sekulako ahalegina eskatzen–; fruitutan, barazkitan eta arrainean aberatsa den dieta hartzen badugu, haragi, gatz eta koipe polisaturatu gehiegi jateari utziaz; eta tabakoa saihesten badugu, orduan bai, 100 urtera iritsiko gara eta urte horietako askotan gainera ez dugu gaixotasunik izango. Ekonomikoki ere, lehentasunezko gaia behar luke prebentzioak, baina artatzera bideratzen da diru gehien-gehiena. Ilogikoa da, adibidez, diabetesa duena artatzera zuzentzea aurrekontua, helduen diabetesean iturburuaren %90 baino gehiago elikadura eta ariketa fisikoa direnean.
Zein puntutaraino uzten dugu herritarrok gure osasuna medikuen esku, geure osasunean dugun ardura delegatuz?
Hain zuzen ere, osasuna medikalizatzearen kontra doa programa, herritarrari gogorarazten diolako osasuna batez ere norberaren esku dagoela, norberak daraman bizimoduaren eta dituen ohituren esku. Norberaren ardura eta norberaren zaintza nabarmentzen dugu, gaixotasuna izan edo ez izan, etorkizuna markatuko dizutelako ohitura horiek, eta guk lagundu diezaiokegu bide horretan. Inguruak ere zeresana du, noski, faktore ekonomiko, sozial, kultural exogenoak daude eta ez da berdina bidegorriz jositako herri batean bizitzea edo autoentzako pentsatuta dagoen hirian, baina norberaren hautua funtsezkoa da. Jendea hezi behar da, eskolatik hasita, baina baita bizitza osoan zehar, eta ez dator gaizki noizbehinka medikuak osasun prebentzioko neurriak gogoraraztea. Jendeak dagoeneko ez daki arrautzak jatea ona ala txarra den, desinformazio asko dago, eta medikuak ardura du eguneratzeko eta informazioa behar bezala helarazteko, herritarrari jakinarazteko bularreko minbizia goiz detektatzeko programa baino are eraginkorragoa dela ariketa fisikoa egitea eta emakume aktiboa izatea, adibidez.
Zenbat jendek hartu du parte programan, zein emaitza lortu dituzue eta zein etorkizun du orain ekimenak?
Duela bi urtetik, lau herritan dugu martxan: Sondikan, Matienan, Bilbo Zaharrean eta Beasainen, eta guztira 80.000 bat biztanlerekin aritu gara. Programan parte hartu ez duten herritarrekin konparatuta, %6 gehiagok lortu du bizimodu ohiturak aldatzea, ekimenari esker. Baina proba pilotua da eta inportanteena da bertako zentroetan ikusitako oztopoei eta ikasitako estrategiei esker, prest gaudela parte hartu nahi duten Osakidetzako zentroetara ekimena modu eraginkorragoan zabaltzeko. Hamarnaka zentrotan inplementatuko dugu, pixkanaka, aldaketa handia baita eta zentroen borondatea funtsezkoa da: ekintza honek zentroen egitura aldatzen du, gaur egun gaixotasuna artatzera bideratuta daudelako zentroak, ez prebentziora. Ezin dugu gauetik egunera Osakidetzak dituen 319 zentroetan sartu.
Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.
Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden... [+]
Espezializazioa eta berrikuntza juridikoan oinarrituko da fundazioa eta horiek tresna izango dira 'enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino'. Hego Euskal Herriko enpresetan urtean 40.000 istripu gertatzen dira eta... [+]
Kontsultara sartu ginenerako, medikua hizketan ari zen.
Azken bi hamarkadetan, Iruñeko zortzi auzotan, elkarteek eskaini dituzte haur eta nerabeentzako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak (PEKZ), udalarekin sinatutako kontratu baten bitartez. Orain, eredu komunitario hori bertan behera utzi du Navarra Sumaren udal... [+]
Erabakia prentsaurrekoan azaldu baino ordu eta erdi lehenago jakinarazi die Iruñeko Udalak elkarteei ez dizkietela kontratuak luzatuko. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien elkarteei udako jarduerak baliogabetzeko udalak hartutako... [+]
Suizidioaren talka malgutzea da plan estrategiko honen helburua, prebentzio, esku-hartze goiztiar eta kaltetutako persona eta familiei laguntza eskainiz.
Maiatzaren 28an Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna da. Ezkerraldea eta Meatzaldeako emakumeen 18 eragilek deituta, Barakaldoko osasun zentroaren aurrean kontzentrazioa egin dute. Osakidetzak ginekologiako aldian behingo errebisiorik ez duela bermatzen salatu... [+]
Donostiako Udalak ez du kondoiak saltzeko makinarik nahi hiriko kaleetan. Noticias de Gipuzkoa-k argitaratu duenez, iragan urteko azken hilabeteetan Udaltzaingoa farmaziaz farmazia ibili da makina horiek kentzeko aginduarekin. Bete ezean, 500 eta 5.000 euro arteko isuna... [+]
Bilbo, 1951. Medikuntzan lizentziatua, osasun-zerbitzuen ikuskatzaile darama 35 urte inguru. Gutxi gorabehera denbora bera egin du osasun-eskubidearen aldeko Osalde elkartean; haren sortzaileetakoa da, izan ere. Lan-osasunaz eta ingurumenaz arduratzen da Mario Fernandez, eta... [+]
Politikarien arteko ohiko ika-mika eta tratu txarren arteko notizien artean, EITBren App-ean irakurri nuen nafarren %60k ez duela antisorgailurik erabiltzen lehen sexu-harremanean. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuak antzekoak direla. Aja. Askotxo iruditu zitzaidan. Aitortzen... [+]
Hala ziurtatu zuen Biodonostiako ikerlari eta biokimiko Jesus Maria Bañalesek larunbatean Donostian eskainitako hitzaldian, Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteak antolatuta. Elikadura egokia eramatea, jardun fisiko jarraitua izatea, kutsadura ahal bezainbeste... [+]
40 urtez Astigarragako zinkeztatze fabrika batean aritu zen langileari 2011n atzeman zioten minbizia eta urtebetera hil zen. Epaiak dio enpresan ez zutela aireztapen egokirik eta maskararik erabiltzen.