Alemaniako eta oro har Europa protestante aberatseko herritarrek ez omen lukete sekula onartuko beste herrialdeen zorrik barkatzea: pagatzea sakratua omen zaie. Alta, duela 60 urte munduko potentzia nagusiek zorraren zati handia barkatu zioten gerra galdu berria zuten alemanei. Barkamen hura gabe ezin ulertu gaurko Alemaniaren indarra.
1953ko otsailak 27, Londres. Negoziatzera eseri dira alde batetik Alemania Federaleko ordezkariak –gazteek entzuna izan behar dute 1990a arte bitan zatiturik egon zela herrialde hura, ekialdekoa bloke sozialistari lotua, mendebaldekoa kapitalistari– eta bestetik Amerikako Estatu Batuak, Britainia Handia, Frantzia, Belgika, Kanada, Danimarka, Zeilan, Grezia, Iran, Irlanda, Italia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Espainia, Suedia, Suitza, Hego Afrika eta Yugoeslabiakoak. Hau da, Alemaniak dirua, eta asko, zor zien herrialdeak.
Abuztuan sinatuko zuten ituna zordunak eta hartzekodunek: gerrako txikiziotik burua jaso ezinik zebilen Alemaniari bere zorren %62a barkatzen zioten eta gainerakoa epe luzeetarako atzeratzen. Azken zatia Alemania berri zabalduak pagatuko zuen... 2010ean!
Wikipedian ere, batik bat ingelesezkoan, xeheki azaltzen den gertakizun honi garrantzia berezia eman dio Eric Toussaint ATTAC erakundeko buru ezagunak. Joan den azaroan Grecia-Alemania: ¿Quién debe a quién? (1) La anulación de la deuda alemana en Londres en 1953 artikuluan aipatu zuen eta orain berriro harrotu ditu hauts haiek Le Grand Soir gune ezkertiarrean: Voici 60 ans, l’annulation de la dette allemande.
Motibo gutxiagorekin ospatzen ditugu urteurrenak komunikabideetako kazetariok. Bere agintariek eta banku handiek egindako zorrak zorrotz ordaindu beharrak Grezia kolapsora eta ondotik Irlanda, Portugal eta Espainia porrotera eraman dituenean, urteurrenak badauzka irakaspen bat baino gehiago.
1953an AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak –alemanen hartzekodun nagusiek– bi multzotan bildurik kalkulatu zituzten Alemaniak zor zituenak. Alde batetik, gerra aurreko zorrak, aspalditik zetozenak eta 1929ko krisitzarrak handiagotu baizik egin ez zituenak: 22.600 milioi marko, interesak barne. Bestetik, gerra galdu ondoko urteetan metatutako mailegu ez ordainduak: 16.200 milioi marko. Denetara, 38.800 milioi marko.
1953ko udaberrian burututako negoziazioari esker, Bonneko agintariak Londrestik etxeratu ziren zorren %62a barkaturik; aurrerantzean pagakizun geratuko zitzaizkien 14.500 milioi marko. Baina barkamen soila baino askoz baldintza hobeak onartu zizkieten aliatuek alemanei.
Toussaintek argitu duenez, “Mendebaldeko Alemaniaren ekonomia benetan suspertuko zela eta herrialde atlantiarrek ekialdekoen (komunisten) aurrean erakusgai erabili ahal izango zutela segurtatzeko, hartzekodunek kontzesio oso handiak egin zizkieten Alemaniako agintariei eta enpresei. Onartu zuten zorraren ordainketak ez zirela oztopo izango ez ekonomiaren hazkundearentzako, eza herritarren bizi maila hobetzeko. Pagatu bai baina pobretu gabe”.
Eric Toussaintek zehaztu ditu tratuaren puntu nagusiak. Hasteko, Alemaniak pagatuko zuen bere monetan, markotan; markoak 1950eko hamarkadan ez zeukan geroztik lortuko zuen indarrik eta gainera debaluatu zezakeen.
Bigarren baldintza, garai hartan produkzio sarea artean deseginik zeukanez eta kanpoko balantze komertziala negatiboa, Alemaniari onartu zitzaion inportazioak gutxitzea. Hau da, hartzekodunek uko egin zioten Alemaniara beren produktuak esportatzeko aukerari.
Hirugarrenik, Alemaniari baimendu zioten atzerrira esportatzea. Itunak testualki onartzen zion Alemaniari “aurre egin ahal izatea bere produkzio propioa hobetzeko dauzkan problemei, arreta berezia ezarriz esportatzeko ahalmena handitzeari eta inportazioak ordezkatu ahal izateari (...) horretarako behar diren neurri fiskal eta ekonomikoak hartuz”.
Laugarrenik, eta hau bai dela deigarria gaur egungo begientzat: hartzekodunekin sortu litezkeen auziak Alemaniako epaitegietan erabakiko dira. Eta gainera espresuki esaten da “Alemaniako auzitegiek eten ahal izango dituztela zorren pagaketak baldin eta hauek ordenu publikoaren kontrakoak badira”. Edozeren aurretik, ez dadila liskarrik sortu herritarren artean. Bake soziala.
Toussaintek nabarmendu duen bosgarren osagaia, zorrak pagatzerako Alemaniak ezingo duela erabili esportaziotik eskuratzen dituen diruen %5 baino gehiago. Hots, alderantziz esanda: hartzekodunek beren erreklamazioei muga jarri zieten justu zorretan dagonaren esportazioen %5 horretan.
Orduan burua jaso ezinik ari ziren alemanei onura gehiago ere luzatu zizkieten hartzekodunek. Alemaniak hasi eta galdutako gerrako kalte ordainak, hasierako 38.800 horiei gehitu beharreko beste zorrak, eperik gabe pagatzeko moduan atzeratu zizkieten. Eta gainera Marshall plana dela medio diruz laguntzen zioten AEBek.
Gaur Alemanian agintariek jokatzen duten eta herritarrek sustatzen duten politika ekonomikoari kontrajartzeko motibo bat baino gehiago eskaintzen du 1953ko eta 2013ko egoeren alderatzeak.
Begi bistakoa da zorrak zintzo pagatzea bezain alemana edo non-nahikoa badela ordaindu ezin diren zorrak arindu eta barkatzea. Inork ez dio erraz amore ematen diru asko zor dionari... non eta ez daukan horretarako arrazoi handiren bat.
AEBek bezala Britainia Handiak eta Frantziak motibo bat baino gehiago zeuzkaten horretarako. Gerra hotzaren erdian, orduko Sobiet Batasunaren indarrari beldurra zioten. Geopolitikak eskatzen zien Mendebaldeko Alemania azkar industrializatzea, bertako profesional eta adituak berriro mobilizatzea. Alemaniako herritarren kemenaz gain baldintza horiek eta gehiago egon ziren mirari alemanaren sustraian.
Gaur, 60. urte beranduago, Alemaniak baina baita Europa aberatsaren zati handi batek oso bestelako errezetak ezarri dizkie zorraren eritasunak lur jota dauzkan Grezia, Irlanda, Portugal eta Espainiari, eta formula beraren bertsio pittin bat leunago baina oso antzekoekin mehatxatzen dira Italia, Britainia Handia edo Frantziako jendeak.
1953koaren alderantzizko erremedioa: zorraren barkamen funtsezkorik ez, kontrol guztia atzerriko agintarien esku, lekuko ekonomiak biziberritu ez baina itoarazteko ajuste neurriak, monetaren gaineko kontrol oro kendua, atzerriko inbertsiogileentzako ate guztiak zabalik... Egia da Sobiet Batasuna bezalako alternatibarik ez duela kapitalismo neoliberalak. Aldiz, ondo neurtu ote dute laster eragin dezaketen leherketa soziala?
Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]
Boto gutxi tarteko gailendu zaio Olaf Scholz lehen ministroaren SPD alderdia eskuin muturrari Alemania ekialdeko Brandenburgoko hauteskundeetan. Turingia eta Saxoniako porroten ostean Brandenburgoko emaitzak arnasa eman dio Scholzek zuzentzen duen “semaforoaren”... [+]
1,1 puntuko aldea baino ez. Alemanian koalizioan gobernatzen ari diren sozialdemokratek hauteskundeak irabazi dituzte Branderburgo eskualdean. Botoen %30,7 lortu dute. Bigarren tokian, botoen %29,6rekin, gelditu da Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdia... [+]
Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.
Gobernuak argudiatu du "migrazioaren karga handia" eta "terrorismo islamistaren arriskua" areagotu direla.
Geissenkloesterle (Alemania), dela 42.000 urte. Danubio ibaiaren arroko kobazuloan bizi zirenek txirula bat egin zuten hegazti hezurrak eta mamut bolia erabiliz. Garai bertsuan, Esloveniako Divje Babe kobazuloko biztanleek ere txirula bat egin zuten hartz baten femurra baliatuz... [+]
Alemaniako Turingia eskualdean, hiru bototik bat jaso du Alemaniari Alternatiba eskuin muturreko alderdiak. Saxonian ere egin dira hauteskundeak, eta bigarren geratu da, ozta-ozta, demokristauen atzetik.
Estatu Islamikoak beregain hartu du erasoa, Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" dela esanez. Eskuin muturrak inmigrazioaren aurkako mezuak hedatzeko baliatu du.
2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela... [+]
Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau berriro ikusten baduzu, negar egingo duzu. Ura maila honetan zegoen 1417... [+]
Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]