"Konbentzituta nago gatazkaren ondorioen arloan irtenbidea ikusiko dugula"

  • Aldatzen dira garaiak, aroak, siglak, estrategiak... Baina beti hor. 

Dani Blanco

1959an Oiartzunen hasten da zure errelatoa.

Eskola nazionaletan jaso genuen hezkuntza akademikoaren lehen zatia. Gure irakaslea frankista izugarria zen, euskaraz mintzatzeagatik zigortu eta kolpatu ez arren. Bestalde, Elizak sekulako indarra zuen. Ni hileko lehen ostegunean konfesatzera eta lehen ostiralean jauna hartzera joaten zen belaunaldikoa naiz. Hori hala, egia da etxean apenas hitz egiten genuela politikaz. Amaren osaba hiru urtez egona zen espetxean, eta aita zena 18 urte beteta beharturik eraman zuten Nazionalek Ebroko frontera. Iragan latz horrek eta giro sozialean arnasten zen beldurrak eragina zuen etxean, eta semeak babesteko gurasoek nahiago izaten zuten politika ekidin. Ni baserri txiki batekoa izan ordea, eta esnea banatzen genion inguruko etxe bateko semearen bila joan eta aurkitu ez zutenez arreba biak eraman eta torturatu zituzten. Horrek zein 1970 hasieran Oiartzunen izandako atxiloketa ugariek barrenak mugitu zizkidaten eta kontzientzia baten premisak ernarazi. 14 urterekin Oreretara pasa ginen eskolara, beste errealitate batekin egin genuen topo, beste harreman batzuekin, eta hor egituratu zen militantziara eramango ninduen gorputz politiko ideologikoa.   

Beste garai batzuk zirela esango luke nostalgikoak.

Guretzat oso garai biziak ziren, oso nahasiak. Frankismoa azkenetan zegoela sentitzen zen, aldaketa sakonak etor zitezkeela. Jendearen inplikazio handia zegoen, gizartearen esparru guztiak zipriztintzen zituen kontzientzia sozial zabala. Ikusmolde ideologiko oso desberdinak egon arren denek egiten zuten bat aldaketaren beharrarekin, errealitate gogor hura iraultzeko antsiarekin. Gaur egun baino askoz errazagoa zen eztabaida politiko eta ideologikoak bizitzea. Gaurko gizarteak ez du zerikusirik ordukoarekin. Gaur ere ordea, herri honek zapalkuntza politiko berbera bizi du, ukazio berbera, hain ageriko parametroetan ez izan arren. Horrek kontzientzia soziala desberdin astintzen du erreakzioaren adierazpen diferentea eraginez. Dena den, gaur egungo baldintza sozio-politikoek ere ematen dute kontzientzia politikoa esnatzeko aukera.

Kontzientzia ernatu orduko karrera politikoarekin egiten dute amets zure mailako politikari anitzek. Zuk nola bizi duzu zure alderdiko fokupeko lider erreferentea izatea?

Nik ez dut sekula halakorik amestu! Nire ibilbidea herri honekiko konpromiso militante bizi-bizitik dator eta gaur egun ere halaxe bizi dut. Ezker abertzalekoa ez da alderdi politiko batek erakartzen duen militantzia, herri baten zapalkuntza gainditzeko konpromisoaren baitako militantzia baizik. 17 urterekin, komite antinuklearretan antolatu nintzen lehenengoz, Amnistiaren Aldeko Batzordean jarraitu nuen gero, pixkanaka herri mailatik eremu zabalagoetara egin nuen salto, eta militantziak berak eraman nau nazio mailako arduretara. Egun dudan jendaurreko papera zirkunstantziek behartutakoa da. Ez dut esango gorrotatzen dudanik, baina inoiz bilatu eta desio izan ez dudan zerbait da. Bizitzan bakoitzak bere lekua non dagoen jakin behar du, bere bertute eta gabeziak zeintzuk diren antzeman, ekarpen handiena non egiten duen hausnartu, eta nik badakit zertan naizen iaioa eta zertan dauzkadan mugak. Ilegalizazioak eta zenbait kideren atxiloketek gogoko ez dudan fokupeko funtzio batera derrigortu naute, baina tira, Sorturen antolakuntza berriak askoz gustukoago ditudan esparruetara itzultzeko aukera emango dit. Hobe horrela.

Fokupeko ibilbide horretan, bereziki sonatua izan zen 2011ko otsailean Bilboko Euskaldunan Sortuk indarkeria oro, ETArena barne, errefusatzen zuela adierazi zenutenekoa. Zer zebilen zure buruan Euskaldunara bidean?

Ezer berezirik ez. Niretzat Sorturen fasea baino lehenago, Zutik Euskal Herriarekin itxi genuen aroa izan zen intentsitate eta emozio handikoa. Hura zen fase erabakigarri eta historikoa. Aurretik egindako gogoeta asko bildu ziren, frustrazio batzuk ere bai, eta ederki genekien eztabaida horretan landu, jorratu eta erabaki zenak zer suposatzen zuen. Sorturen Euskaldunako aurkezpena horren ondorio bat baizik ez zen: ezker-abertzalearen estrategia berria gorpuztu ahal izateko egitura politiko batez jabetzeko ezinbesteko geltokia. Horregatik niretzat eztabaida sasoia izan zen intentsua, urte luzetako bizipen pertsonal, politiko eta organizatiboak etapa berri bati begira kondentsatu zituelako. Hori hala, kontziente ginen aurkezpen horretan Estatuak behartzen gintuen parametroetan kokatzen genuela estatutuen atala. Egoera demokratiko batean ezker abertzaleak ez zituen sekula estatutu horiek aurkeztuko. Egia da ezker abertzaleko sektore batzuengan estatutu horiek inpaktu handia eragin zutela, baina guk bagenekien estatutuek ez zutela ibilbide politikoa aldatzen, aldaketaren erabakia Zutik Euskal Herriarekin hartu zela. Erabaki horren baitako deribatu bat baizik ez zen Sorturen estatutuak espainiar legediak exijitzen zigunera errenditzea, eta ordurako ibilbidea oso mamituta geneukan.

Zer da samurragoa, etxekoak ala arerioak konbentzitzea?

Biek daukate bere zailtasuna eta biak dira ezinbestekoak. Etxean gauzak sendo ez daudenean ibilbide labur bezain malkartsua duzu aurretik. Hala ere, 2009an hasitako eztabaidarako oinarrizko bermea geneukan: gogoetaren zantzuak gugan zeuden. Aljerreko prozesuaren ondotik, Bidarteko erorketen ostean, hausnarketa hasi zen ezker abertzalearen baitan; Alternatiba Demokratikoak negoziaketa prozesuen ulermenean aldaketa ekarri zuen. Hor kokatzen da 2004ko Anoetako ekitaldian planteatu zen ereduaren oinarria. Gertatzen dena da, aldaketak eta urratsak egin arren, gehiago kostatu zaigula horien dimentsioa ildo eta estrategia politikoetan txertatzea. Oso motel eta kontraesanekin egin dugu Alternatiba Demokratikoak eskatzen zuen garapena. Zorionez, hori guztia metatuta geneukan 2009an eztabaidatzen hasi ginenerako. Ez zen hutsetik eztabaidatzen hastea, aspalditik zetozen gogoeta multiformeei forma emateko ariketa baizik. Horregatik eman zaio transatlantikoari buelta hainbesteko ziurtasun eta batasunarekin. Eztabaida ez zen zuri ala beltza izan, ez geunden ezker abertzalean lehenago izan diren hausturen testuinguruan, estrategia egoera berrira aldatzeko beharraren baitan baizik.    

Eta nola konbentzitzen dira kontrario politikoak? Loiolako mahaian, esaterako.

Aljerrekoa ezagutu eta Lizarrakoa pasata, prestakuntza handiko prozesua izan zen Loiolakoa. Bi fase egon zirela esango nuke. Bata, 2006an ETAk su-etena eman artekoa, baldintza zailetan garatzen den prestakuntza eta dinamikari esker modu bikainean burutu zena. Bestea, su-etenaren ondokoa, non aurretik ireki ziren espektatiba guztiak urratzen joan ziren. Nire ustez Alderdi Sozialistak ez zuen prozesua sendotasunez prestatu, ez alderdiaren baitan, ez Estatuko botereguneetan, ez oposizioko indarrekiko. Oso plano eta maila aldebakarrekoan egin zuten dena, eta kontrako sektoreek zaunka egin zutenean, ez zuten erantzuteko adore nahikorik izan. Bestalde, ezker abertzaleak irakurketa okerra egin zuen. Herri honetan inoiz eman den negoziazio faserik emankorrenera eta gaur egun ere balioa duen akordio zirriborrora iritsi ginen, baina ez genuen kudeatzen asmatu, ez genuen zuzen jokatu. Zapalkuntzaren aurrean sortzen den eta ukazio hori gainditu nahi duen erresistentzia mugimendu batek, ukazio hori mantentzen duen Estatua negoziazio mahai batera esertzen badu, altxatzerako ez du bere estrategian soilik pentsatu behar, herri-estrategian baizik. Estatu bat negoziatzera eramaten baduzu, ezin duzu negoziazio hori soilik zure baitako azterketa baten ondorioz itxi. Uste dut ezker abertzaleak hiru negoziazio prozesuetan akats hori egin duela. Zer da negoziazioa, prozesu bat edo fase bat? Ezker abertzaleak mahaian hasi eta mahaian bukatzen zen fase bezala ulertu zuen, ez Estatu bat eta alderdi politikoak mahai baten inguruan jartzera eraman zituen prozesu legez. Alternatiba Demokratikoaren aurreko parametroetan garatu genuen negoziaketa, Aljerreko parametroetan ia-ia, eta ziur nago prozesu gisa interpretatu izan bagenu bestelako erabakiak hartuko genituela. Baina eztabaida hori oraindik eman gabe geneukan, erabaki gabe geneukan negoziazio prozesuan borroka armatuak izan beharreko funtzioa. Akatsak akats, Loiolakoa gatazkaren konponbiderako adierazpen pragmatikoa zelakoan nago. Gerora ezker abertzaleak akordioak nahikotasun mailarik ez zuela esan bazuen ere, nik uste dut bazuela, eta hiru alderdiek adosturikoa Gobernu espainiarrak onartu ezean Loiolakoa aldarrikapentzat zuen eskenatoki batean sartu eta panorama errotik aldatuko zela. Baina suposizio politikoak baizik ez dira horiek.     

Suposizioekin segituz eta zintzoki pentsatuta, gaur egun zergatik mugitu beharko lukete Espainiako eta Frantziako estatuek?

Estatu espainiarra kultura demokratikorik ez duen Estatua da, errealitate nazionalekiko beti planteamendu berbera mantendu duena. Hori esanda zergatik erantzun beharko liokeen positiboki gatazkaren konponbideari? Batetik, gatazkei soluzio demokratikoa ematea delako gatazkak konpontzeko bide unibertsala. Bestetik, herri honen gehiengoak gatazka konpontzeko eskatzen duelako eta ezin zaiolako entzungor egin. Estatuak ez du irtenbiderik nahi ordea, ez Euskal Herriarentzat, ezta Kataluniarentzat ere. Ez dauka agenda demokratikorik eta prestutasunik errealitate horiei erantzuteko. Horren aurrean irtenbide bakarra dago: aldarrikapenarekin jarraitu, indarrak metatu eta presioa areagotzea. Gobernuaren erantzun positiboa herri honetako presio sozial politiko eta instituzionalak eta nazioarteko laguntzak baizik ez dute ekarriko. Horren baitan dago estatuek gatazken ondorioei heltzea: preso eta iheslarien errealitateari, arma-gabetzeari... Uste dut orain arteko mobilizazio mailari eta nazioarteko bitartekaritzari eutsita, lortuko dugula Gobernuaren jarrera itxia haustea. Konbentzituta nago gatazkaren ondorioen arloan irtenbidea ikusiko dugula, Espainia Estatu ahul eta gobernu ahulagokoa izateak gauzak zaildu arren.

Plano politikoari lotutako aldarrikapenei buruz galdetzen badidazu, ezkorrago nago. Espainian aldaketa sakona ematen ez bada, Estatuaren hezurdura osoa kultura demokratikoz blaitzen ez bada, hurrengo denboretan jarrera itxi berberarekin jarraituko dute. Autodeterminaziorako bidean guk nahiago dugu Eskoziako eredua, baina sinetsita nago bi estatuek Kosovoko eredura eramango gaituztela. Horregatik, erabakitze eskubidea onartzen duen eskenatokiak halako aldaketa ekartzea baino egingarriagotzat daukat indarrak eta bitartekoak metatuta Estatua independentzia bera negoziatuko den egoera batera eramatea. Kataluniarekin epe motzean gertatuko denak pistak emango dizkigu, baina ez dut uste Espainiak Britainia Handiak Eskoziarekin hartu duen jarrera hartuko duenik. Nahiago nuke Kataluniako erakundeetatik datorren aldarrikapenetik hasita Madrilen erabakitze eskubidearen inguruko adostasunera heltzea, baina ezkor nago.   

Berehalako emaitzetara ohitutako jendartean ez ote da lan gaitza mobilizazioari eustea?

Aieteko konferentzia pasa, ETAk armak utzi zituela iragarri eta PP boterera heldu zenean hiru aukera irudikatzen genituen. Bata, eta inondik ere espero ez genuena, PPk bide eraikitzaile bati ekitea. Bigarrena, Gobernu berriak jarrera inbolutiboa hartzea. Kanpainan ilegalizazioaren eta prozesuaren aurkako mezuak jaurtitzen ibili ziren, eta analitikoki ezin zen baztertu ordura arteko bidea birrintzera joatea. Azkenik, posizio indartsuagoa irabazte aldera blokeo egoera probokatu zezaketela aurreikusten genuen. Bagenekien ez zela bi eguneko kontua izango, blokeoa behartu eta prozesu-ezara joko zuela Gobernuak. Horretan ari dira. Batetik, sinetsita daude gatazkaren ondorioei irtenbide politikoa emateak mugimendu independentista indartzen duela, eta bestetik auzia luzatuz irabazle/galtzaile bereizketa errazago irudikatu dezaketelakoan daude. Hori hala, beste alderdioi dagokigu estrategia hori pitzatzea. Ezin diogu PPri bertan goxo egoten utzi. Horri buruz hitz egin dugu sozialistekin, EAJrekin, zein hainbat esparrutako eragileekin, eta denok bat gatoz aldaketak behar direla esaterakoan. Inor ez dago eroso, inork ez du PPren estrategia ontzat ematen. Abiapuntu bat daukagu, ez da gutxi. Besterik da PPren harresia pitzatzeko eraman beharreko estrategia nahiz ildo komunikatiboa adostea eta bakoitza zenbaterainoko konpromisoak hartzeko prest dagoen neurtzea, baina PP mugitzera behartu nahi badugu ez dago besterik: gatazkaren ondorioen agenda tratatua izan dadin adostasun minimo batzuetara heldu beharra daukagu.

Nortasun Agiria

Rufi Etxeberria 1959ko apirilaren 22an jaio zen Oiartzunen. HBtik Sorturako ibilbidea egin du ezker abertzaleko egituretan eta ilegalizazioen inguruko atxiloketak medio 1997tik hona espetxean sei urte pasa ditu. Loiolako mahaian parte hartu zuten kideetako bat izan zen, eta azken urteotan ezker abertzalean eman den estrategia aldaketaren ezinbesteko erreferentea da.

Off the record
Lan isila

Elkartean geunden telebistari so. Zuzen joan behar zuena okertu zelakoan, galderarik onartzen ez zuen interbentzioa egin zuen Arnaldo Otegik Rufi bizkartzain mutu zuela. Arnaldoren hitzak komentatzen ari ginela, “Aupa Rufi! Hori duk eta!” atera zitzaion bertako bati. Harrituta, ahoa zabaldu zuena Arnaldo zela argitzekotan ginenean, eman zigun azalpena: “Ez duzue ezer ulertzen. Gaur Rufik Arnaldok baino gehiago esan dik. Horixe duk lan isila!”. Ez da definizio txarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aro politiko berria
2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


2024-11-11 | Patxi Azparren
Euskal prozesu konstituziogilea

Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio. Espainiako Estatuarekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai ala premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Espainiako Estatua... [+]


Baionako Adierazpenak gatazkaren konponketaren alde egindako “ekarpen handia” azpimarratu du Bake Bideak, hamargarren urteurrenean

Iritzi ezberdinetako aktore politiko eta sindikalak "kontsentsu batera iristeko" ariketa egin izana eta "Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duen ardura" agerian ezarri izana dira Bake Bideak azpimarratzen dituen ekarpenak.


2024-10-08 | ARGIA
Trenbidea blokatu zuten bakegile auziperatuek akordioa erdietsi dute

2022ko uztailean egin zuten blokeo eguna, euskal presoen egoerari "aterabidea ematea" eskatzeko. Bederatzi pertsona auzipetu zituzten.


Naziometroaren seigarren neurketa
Gehiengoa euskal estatuaren alde legoke “adostutako” erreferendumean, gatazkarik sortzen ez badu

Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusi oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-05-29 | ARGIA
Luhusoko epaiaren kontrako helegiterik ez du jarri fiskaltzak: bakegileek ez dute zigorrik jasoko

Frantziako Ministerio Publikoak hamar egun zituen Parisko auzitegiak harturiko erabakiari helegitea jartzeko, baina ez du halakorik egin. Hortaz, ETAren armagabetzean lagundu zuten Beatrice Molle eta Jean Nöel Etcheverry Txetx bakegileek ez dute zigorrik jasoko, epaimahaiak... [+]


2024-05-16 | ARGIA
ETAren desarmea lagundu zuten bakegileak errudun jo ditu Parisko auzitegiak, baina zigorrik gabe

Hobengabetzea eskatzen zuten bakegileek, baina Parisko Zigor Auzitegiak errudun jo ditu Jean Nöel Etcheverryi Txetx eta Beatrice Molle Luhusoko armagabetzean parte hartu zuten bakegileak. Hala ere, ez dute zigorrik izango.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Zapaterok dio Ostiral Santukoaren gisako akordio bat egon zela ETAren amaieran

Madrilgo Ateneoan ETAren amaierari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan, eta bertan astearte honetan egindako adierazpenetan, Irlandako bake prozesuan izandako jendea euskal bake prozesuan izatea oso garrantzitsua izan zela aipatu zuen José Luis Rodríguez... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan “kooperatu” zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


Eguneraketa berriak daude