Zailtasunak dituzten nerabeak eta euren familiak laguntzeko Donostian dagoen doako programa da Norbera eta bertan lan egiten duten zortzi terapeutetako bat da Alberto Ruiz de Alegria. Iaz Gipuzkoako 151 gazteri eskaini zieten laguntza eta aurten, hamabost urte bete dituztela-eta, jardunaldiak antolatu dituzte apirilerako.
Arrisku egoeran edo babesik gabe dauden nerabeak artatzen dituzue. Zer da zehazki arrisku egoeran egotea?
Pertsonalki edo familian egoera jakinak bizi dituzten eta egoera horiek kontrolatu ezean helduarora igarotzerakoan arazoak izan ditzaketen gazteak laguntzen ditugu, 14-18 urte artekoak. Hona datoz familia-gatazkak daudenean –guraso eta seme-alaben arteko harremana krisi uneren bat igarotzen ari bada–, egokitzeko arazoak dituenean eskolan edo gizartean, drogak kontsumitzen hasi bada, edota justiziarekin arazoak izan baditu –delitu edo lapurreta txikiren bat, jarrera arazoren bat…–.
Egoerak bi ikuspegitatik planteatzen eta interpretatzen ditugu: batetik, ulertuz ezaugarri propioak dituen bizitzako etapa dela nerabezaroa, identitatea bilatzeko prozesua, eta horregatik helduongan patologiatik gertu irudituko litzaizkigukeen jarrera batzuk naturalak direla etapa horretan. Bestetik, familia kontuan hartuz, neska-mutilen zailtasun eta jarrerak ez direlako sortzen ezerezetik, testuinguru baten baitan baizik, eta testuinguru horretan familia giroak izugarrizko garrantzia dauka. Familia, azken finean, soluzioaren parte da –kausaz baino nahiago dugu soluzioaz hitz egin– eta seme-alabaren portaeren aurrean gurasoek duten erantzuna inportantea da.
Zein irizpideren arabera hartzen dituzue gazteak?
Taula estandar bat dugu hainbat ezaugarri begiratzeko. Familiarekin egiten ditugun saioetan, diagnostikatzen dugu gurasoek nola gestionatzen dituzten seme-alabari jarritako arauak eta ondorioak, arauak betetzen ez dituenean; harreman afektiboak nolakoak diren senideekin –ea adinari dagokion moduan tratatzen duten seme-alaba, adibidez–; gurasoen arteko harremana; familia-ohiturak –denborarik eskaintzen al dioten gazteari...–; eta nerabearen behar fisiko, kognitibo, emozional eta sozialei ondo erantzuten zaien. Behin hori aztertuta, familiarekin landu beharreko helburuak ezartzen ditugu. Bestalde, nerabearekin berarekin egiten ditugu saioak, eta horietan aztertzen dugu pertsonalki nola dagoen, arrisku jarrerarik al duen, psikopatologiarik al duen, zein abildade eta ohitura dituen, aisialdian zer egiten duen, eta nola moldatzen den gizartean, familian eta eskolan.
Lehenengo diagnostiko horretan gertatu al zaizue ikustea nerabeak ez duela laguntza berezirik behar, adinaren kontua baino ez dela?
Bai, batzuetan familiari esan behar diogu egoera dramatizatzen ari dela, ondo gestionatuz gero nahikoa baliabide badituztela egoerari aurre egiteko. Gurasoak datozkizu esanez “zer egin dugu gaizki? Nire semeak porro bat erre du!”, baina 14-18 urte arteko gazte batek porro bat erretzeko duen probabilitatea oso altua da, ez da zerbait dramatikoa. Eta alderantzizkoa, guraso batek esan ahal dizu, “egunero erretzen du, baina denek egiten dutenez…”. Batzuetan, diagnostikoaren ostean beste zentro batzuetara ere bideratzen ditugu, arazoaren ezaugarriek eskatzen dituzten baliabideen arabera.
Egoerari aurre egiteko baliabideak dituzte gurasoek. Garrantzitsua da mugak eta arauak jartzea?
Garrantzitsuak baino, beharrezkoak dira, arauak ondo administratzen jakin behar da, baina harreman afektibo on batean oinarrituta egon behar dute. Arauek bere horretan, lotura emozionalik gabe, gabezia handiak dakartzate; araua afekturik gabe herren da eta afektua araurik gabe berdin. 15-16 urteko gazteak gurasoen esanak beteko ditu autoritate morala jarri badu haiengan eta hori ez da egun batetik bestera lortzen, heziketa-koherentziak egon behar du txikitatik. Gurasoek esaten digute “ez dit kasurik egiten!” eta nik erantzuten diet eurak direla seme-alabaren bizitzan gehien eragingo duten pertsonak, luzera denek eramaten ditugulako gure gurasoak barneratuta, horregatik laguntzen diegu gurasoei gauzak onetik ez ateratzen, egoerak lasaiago interpretatzen, alternatibak bilatzen… Txanponaren beste aldea nerabea da, berak ere gogoeta egin behar du dituen jarreren inguruan, horri buruz eztabaidatu, egiten duen guztia ez dagoelako ondo eta bere lagunek egiten duten guztia ere ez. Datozen guztiei jakinarazten diegun printzipioa da portaerak kritikatu daitezkeela, baina ez pertsonak. Esan badugu nerabezaroa dela identitatea bilatzea, eta bere bizitzan garrantzitsuak diren pertsonengandik jasotzen duena bada “alferra zara, gezurtia, ez zara konfiantzazkoa…”, ba sinesten badu, txarto. Beste gauza bat da esatea “honetan gezurra esan didazu” edo “ez duzu behar adina ikasi”. Pertsonak baloratzen saiatu behar gara.
Gaztearen kalitate psikosoziala hobetzea duzue xede. Nola lortzen da hori?
Etapa hau ahalik eta modu egokienean igarotzen laguntzea da gure helburua, egon daitezkeen tentsioak eta familia giroan bizi dituztenak baretzea. Gure planteamendua ez da berehalako aldaketak lortzea, baizik eta landutakoa epe luzera antzeman ahal izatea. Gatazkak konpontzeak denbora behar du, orbainak ez dira egun batetik bestera desagertzen, zauri batzuek denbora behar dute ixteko. Seme-alabak portaera larriren bat izan duelako ez da pentsatu behar akabua denik, aurre egin eta segi, ezer ez da amaiera.
Norberan, gazte bakoitzak terapeuta bat du kezkez eta zalantzez hitz egiteko, beti ere lotura estu batean oinarrituta, konfiantzazko harremana lortzea, babesa sentitzea, izango delako aldaketaren eragile nagusia. Gehienak taldeka ere jartzen ditugu, beste nerabe batzuekin, adin bereko neska-mutilek zailtasunei aurre nola egiten dieten eta gertaerak nola interpretatzen dituzten partekatzeko. Eskola errefortzurako programa ere badaukagu, ikastetxeekin koordinatuta. Familiarekin elkarrizketak ditugu, bakarka eta taldeka, beste guraso batzuekin. Areago, talde multifamiliarrak ditugu, guraso eta seme-alaba ugari bilduz, gai jakinen inguruan dauden blokeoak askatzen laguntzen baitu.
Gazteak taldeka jartzen dituzue beraz, soluzio bila.
Nerabezaroan, lagunekiko harremana oso garrantzitsua da, familia alternatiba bilakatzen da. Haurra zarenean, gurasoen ikuspuntutik begiratzen diozu errealitateari (zer dagoen ondo eta zer gaizki) eta lagunekin ibiltzen hasten garenean errealitate hori zalantzan jartzen dugu, onuragarria da hori, osasungarria, gure gurasoengandik ezberdindutako identitate propioa eraikitzen laguntzen digulako, baina batzuetan prozesu horrek tentsioak sortzen ditu, eta hemen, heldu bat dago gazteen arteko hartu-eman horiek kudeatzen laguntzeko eta eztabaidagaiak mahai gainean jartzeko.
Zein motatako gaiak?
Afektua, sexualitatea, ikasketak –eta bakoitzak eskolan duen rola–, gai familiarrak, komunikazioa… Iaz adibidez Sukaldaritza eta familia tailerrak egin genituen, eta balio izan zigun neska-mutilen elikatze ohiturez hitz egiteko, mahaian duten lekuaz, bakarrik ala senideekin bazkaltzen eta afaltzen al duten jakiteko… Une bakoitzean ikusten ditugun beharren arabera ateratzen ditugu landu beharreko gaiak. Esaterako, eskolan edo kanpoan norbaiten aurka oldartu badira, elkarrenganako errespetuaz mintzatuko gara. Guraso taldeekin ere lantzen ditugu gaiak, nerabearen beharrei buruzkoa izango da laster, behar kognitiboak, emozionalak eta fisikoak. Adibide bat jartzearren, kontraesankorra den behar bat dute nerabeek: gurasoak hor egon daitezela eta bakean utz diezaietela. Gurasoak esaten digunean seme-alabak logelan sartuta ematen duela eguna, erantzuten diogu ez dela gauza bera logelan egotea jakinik gurasoak etxean daudela, edo etxean bakarrik egotea. Beste behar bat da lagunekin egotea, eta arauak ezin dira beharren kontra joan, beraz seme-alaba hilabetez atera gabe zigortzea ez da bidea, zimeldu egingo zaizu, behar sozial garrantzitsu bat kamustuko diozu, beste era batera gestionatu behar da egoera.
Zenbat irauten du Norberako prozesuak eta zein arrakasta maila duzue?
Batez beste urte eta erdi inguru, baina jendeak behar duenera egokitzen saiatzen gara. Gabezia handiak dituen gaztea eta familia etortzen bazaizkizu, edo kanpoko babesik ez duen familia isolatua, denbora gehiago eskainiko dizkiozu, euskarria eta sostengua behar dutelako, segurtasuna. Beste batzuk egoera jakin batengatik etortzen dira eta denbora gutxi behar dute.
Alta ematen dugunean nerabeak hobekuntzarik izan al duen baloratzen dugu. Orain arteko datuen arabera, gutxi gorabehera erdiak hobekuntza egokia lortu du, laurdenak partziala eta beste laurdenak hobekuntza nabarmenik ez. Halakoetan, arrisku egoerak edo babes faltak bere horretan jarraitzen badu, gaztea lagundu dezaketen beste zentro batzuetara bideratzen dugu.
Nola ikusten duzu oro har egungo gaztedia?
Betidanik esan izan da baloreen kontra doazela gazteak eta halakoak, baina nerabezaroa osasungarria da, konfiantza izan behar dugu, ez eskandalizatu. Jendeari ardurak eskatu behar zaizkio, oker jokatu duenean, baina ez gara ibili behar errudunak bilatzen; gutxiengoa dira gauzak gaizki nahita egiten dituztenak. Bestalde, egungo ingurumarian kokatu behar dugu nerabezaroa. Adibidez, 1960 eta 1968 artean jaiotako belaunaldia heroinak harrapatu zuen bete-betean eta asko eta asko hil ziren, baina gaur egun apenas kontsumitzen den droga hori: arazoak ezberdinak dira? Ez, testuingurua da ezberdina. Neska-mutilek testuinguru baten barruan adierazten dituzte euren zailtasunak, eta testuingurua aldakorra da. Aurreko testuinguruekiko ezberdinak diren hainbat adierazpide utziko dizkigu krisi ekonomikoak, belaunaldi bakoitzak idiosinkrasia propioa duelako. Garai batean bazirudien nerabeen eskubidea zela motorra izatea, baina hori ez da hala izango aurrerantzean… Bizipenak, inpultsoak, zailtasunak, gabeziak adierazten jarraituko dute, baina beste era batera.
“Ezin diogu heldutasun gradu jakin bat eskatu heldutasun hori izatea ez dagokion etapa bati. Egia da nerabezaroa dela heltze biderako prozesua, baina prozesu irekia da. Kontrakoa ere arriskutsua da, guraso batzuek joera baitute gainbabesteko, eta seme-alabari ematen diozun mezua da ‘ni gainean ez banengo…’, baina beti ez gara gainean egongo. Heziketak amaiera du –ezin gara egon seme-alabak 30 urte bete arte arauak jartzen–; adin batera arte hezi egiten dugu eta adin batetik aurrera lagundu. Esaten da heziketa hiru zutabek sostengatzen dutela: afektiboa, arauemailea eta autonomia-bultzatzailea”.
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]
Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.
Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia"... [+]
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]
Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]
Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.
ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.
Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]