"Lehen musika norberaren baitan, batez ere ahotsean, zegoen"

  • Iruñeko Orfeoia Gaztelu Plazatik Europa eta AEBetara katapultatu duen zuzendaria.

Elkarrizketa Iruñeko Orfeoiaren egoitzan egin dugu, Iruñeko Gazteluko Plazan. Ijurrak azaldu digunez, torilen etxea omen zen eraikin hau:
Elkarrizketa Iruñeko Orfeoiaren egoitzan egin dugu, Iruñeko Gazteluko Plazan. Ijurrak azaldu digunez, torilen etxea omen zen eraikin hau: "Hemendik askatzen zituzten gero plazan toreatuko zituzten zezenak. Solairu honen azpian Café Vienés zegoen, Hemingwayk, besteak beste, ederki ezagutzen zuena. A zer alea, Hemingway hori! Esaten dutenez ez omen zuen inoiz ezer ordaintzen".

Nondik datorkizu musika zaletasuna?

Txikitan jada musika asko maite nuen baina nire buruan ez zen sartzen musika ene ogibidea izatea. Zaletasuna aittuna Urbanorengandik jaso nuen. Berak Etxarriko musika banda eratu zuen, beste lagun batzuekin batera, 1925ean, eta Etxarriko koroan ere baxua zen, kantaria. Iparragirreren kantuak abesten zizkidan. Lanbidez zurgina zen eta, jubilatutakoan, harekin eta amiñarekin ordu asko pasatzen nuen etxe berean bizi ginelako, haiek bigarren solairuan eta gu lehenean. Haiekin Haurtxo polita ikasi nuen, nire lehen abestia. Nire oroimena hori da: hizketan eta abesten batera hasi nintzela. Gero musika klaseak hartzen hasi nintzen 6 urterekin, Patxiku Urrestarazu aittunaren lagun batekin, eta gero solfeoa eta txistua. 10 urterekin Altsasura joaten nintzen pianoa eta solfeoa ikastera. 15 urterekin Etxarriko abesbatzan hasi nintzen kantari eta 16rekin hona etorri nintzen ikastera.

Eta zer dela eta ikasi zenuen Zuzenbidea?

Musika betidanik izan da oso garrantzitsua niretzat, baina sekula ere ez nuen pentsatu profesionalki honetan aritzea eta horregatik unibertsitatera joan nintzen. Historia eta Geografiaren eta Zuzenbidearen artean zalantzan ibili eta azkenean bigarrena hautatu nuen. Deustun onartu ninduten Finantza Zuzenbidea egiteko, orduan modan zegoena. Baina ni hemen pianoa eta harmonia ikasten ari nintzenez, erabaki nuen hemengo Opuseko unibertsitatean ikastea. Zuzenbidean nenbilelarik, Etxarriko abesbatzako zuzendariak utzi zuen eta niri esan zidaten postu hori hartzeko beste bat etorri artio. Eta gaur egun arte. Egia da Zuzenbidearen hirugarren edo laugarren urtean esan nuela “hau ez da niretzako modukoa, baina bukatuko dut”; gurasoak hor ari ziren ordaintzen eta nik hasitako guztia bukatzen saiatu naiz beti. 20 urterekin konturatu nintzen musikatik bizi nahi nuela. Ikastaroak eta ikastaroak egiten hasi nintzen eta bitartean musika klaseak ematen Etxarriko Musika Eskolan. Kantu eta Solfeo irakasle tituluak lortu nituen baina ikusten nuen zuzendaritza formakuntza zehatzagoa behar nuela. Horregatik 2001ean Koru Zuzendaritza ikasketak egitera joan nintzen Donostiara, Musikenera, 2006ra arte.

Goi mailako zuzendari izateko formakuntza nola lortzen da?

Musikenekoaz gain, ikastaro pila egin ditut Madrilen, Cartagenan, Hungarian, Alemanian… Irakasle asko izan ditut. Munduko onenetakoak hainbatetan, baina ikastaro laburrak izan dira, gehienbat. Ez da berdina kontserbatorioan eskaintzen den formakuntza, horregatik bost urtez Musikenen ikasi ahal izatea izugarria izan zen. Orain jarraitzen dut joaten batez ere Orkestra Zuzendaritza ikastaroetara. Apustu zaila da, batez ere zuzendaritzatik bizi nahi baduzu. Euskal Herrian eta Estatu osoan oso jende gutxi bizi gara honetatik. Ez dakit 25 bat lagun izanen garen osotara.

2005ean Iruñeko Orfeoira iritsi zinen, aldaketa handia?

Bai, noski. Iruñeko Orfeoia eta Iruñeko Ganbera Abesbatzari instituzio koru deitzen diet. Ez dira soilik abesbatzak, instituzio kulturalak baizik. Hemendik bi urtera 150 urte beteko ditugu eta Ganbera Abesbatzak ia 60 ditu. Honek ez du esan nahi besteak baino hobeak edo txarragoak direnik, desberdinak baizik. Beste dimentsio bat da. Aldizkarietan, telebistan, badugu tartetxo bat eta, tamalez, beste abesbatzek hori ez dute. Gure jarduerak ikusmina sortzen du. Lan moldeak ere oso desberdinak dira. Etxarrin ohituta nengoen koru ertain batera, 50-55 lagunekoa, eta hau 100 laguneko abesbatza da. Musikalki eta pertsonalki eramateko zailagoa da. Errepertorioa ere oso desberdina da. Aipagarria da koru ez profesionala garela, amateurra, eta Orkestra Profesionalen Sarean sartuta gaudela. Horrek esan nahi du kantarien ogibidea ez dela musika, baina zuzendari batek zuzentzen gaituen momentuan ez dela oroitzen hau argiketaria denik, bestea etxekoandrea edo abokatua. Kalitate profesionala eskatzen digu eta gauza polita bezain zaila da hori dena uztartzen saiatzea.

Zuzendari handiekin orpoz orpo lanean, zer ikasi duzu?

Zuzendari handi horiek gehienetan psikologo onak direla. Musikaz jakitea bezain garrantzitsua da hori. Eta ikasi dut, bestalde, zuzendari gorenak direnak oso pertsona umilak ere badirela, errespetu handikoak.

Zer falta zaizu ikasteko musika munduan?

Gehiena. Zenbat eta gehiago jakin, are eta gehiago ohartzen zara zeinen gutxi dakizun. Nik musikan errepertorio gehiena ezin dut egin. Zatitxo bat besterik ez. Zuzendari bezala orain beharko nuke a capella piezak egiteko denbora gehiago. Eta berdin gertatzen zait musika barroko edo Berpizkundekoarekin. Hain da zabala errepertorioa! Milioika obra koral daude. Musikariak beti ikasten egon behar du, hil arte. Fonetikaren aldetik, adibidez,  hizkuntza desberdinetan ahoskatzen ikasi behar duzu. Guk alemanez, euskaraz, gaztelaniaz, errusieraz, latinez… kantatzen dugu. Latinak, adibidez, ahoskera desberdinak dauzka: italiar, frantziar, espainiar, aleman erara… New Yorken eskaini genuen Carmina Burana alemaniar erara egin genuen. Orain frantsesa ikasten ari naiz. Eta gauza gehiago beharko nuke: harmonia eta kontrapuntua berriz ikasi, eta kantua ere bai. Badaramazkit zazpi urte ikasi gabe eta beharko nuke hamabost egunero edo, irakasle batengana joan eta ahotsa ongi landu beti fin eta prest izateko. Gorputz ariketa bezalakoa da hori.

Zer nahiko zenuke egin Orfeoian?

Musika garaikide gehiago. Bai orkestrarekin, bai a capella erara ere, baina horretarako denbora gehiago beharko genuke. Bestalde, guri beti eskatzen digute betiko errepertorioa. Estandarra. Beti ari gara bueltaka egile eta lan berdinen inguruan: Beethoven, Mozart, Brahms… Asko gustatzen zaizkit egile hauek, baina interesgarria izanen zen, era berean, lantzen ez den errepertorioa hartzea. Eta Euskal Herriko eta Nafarroako konpositoreen obrak interpretatzea. Horretan ari naiz. Azken  urteotan, adibidez, Lorenzo Ondarraren obra dezente mustu ditugu eta aurten ere José Antonio Huarte, Orfeoiko zuzendaria izandakoa omenduko du Nafarroako Abesbatzen Elkarteak eta hori dela-eta kontzertua eskainiko dugu Katedraleko errefektorioan maiatzaren 18an. Hainbat konpositore nafarren abestiak izanen dira eta Huarteren bi obra, gutxienez, mustuko ditugu. Horretaz gain gustatuko litzaidake konpositoreekin hitz egin eta obra berriak eskatzea, baina horretarako denbora eta diru gutxi dugu. Orkestrek ere ez dute errepertorioa berritu nahi. Hor sumatzen dut zuzendari eta kudeatzaileek egun daukaten publikoa mantendu nahi dutela, eta publiko hori, gehienbat, oso kontserbadorea da.

Murrizketek eragin handia izan dute Orfeoian?

Beste batzuekin alderatuz, ezin kexa gaitezke, baina hala ere, Estatuko laguntzak, guretzako diru sarreren %20 zena, desagertu egin dira. Gainerakoa, Nafarroako Gobernutik jasotzen dugun %60 eta Iruñetik hartzen dugun %20 mantentzen da, oraingoz, eta hau da garrantzitsuena. Partiturak, diskoak edo materiala erosteko erabat murriztua dugu aurrekontua, beraz obra berriak enkargatzea, momentuz, pentsaezina da. 

Musika kontuetan aitzindaria izan da Nafarroa urte luzeetan.

Bai, 1960ko hamarkadan Iruñeko Kontserbatorioa bide erakuslea izan zen, edota Orfeoia bera ere bai. Hau izan zen, adibide moduan,  emakumeak onartu zituen bigarren korua Estatuan. Baina orain lan handia egin behar da, batez ere gazteak erakartzeko. Gazte batek musika klasikora jotzea ez da gauza arruntena. Errazagoa da musika hori dastatzea 30 edo 40 urte duzunean. Gainera gaur egun pop eta kontsumorako musikaren bonbardaketa ikaragarria dugu. Kontua ez da klasikoa eta modernoa lehian jartzea. Ni oso rockeroa naiz eta heavya asko gustatzen zait. Onena litzateke gazteei eskaintza zabalagoa ematea. Gure aldetik egin behar duguna da errepertorioak berritu. Haurrengan eta gazteengan gehiago pentsatu eta haientzako gauzak egin. Hor erronka handia dugu. Argi dago zuzendariak abesbatzetako eta orkestretako motorrak garela. Tamalez zuzendari batzuk oso lasai bizi dira eta bultzada handiagoa beharko luketela ikusten da. Zuzendaria izatea zaila da eta askotan musu-truk egiten den lana da, baina afera musikarion eskutan dago.

Garai batean asko kantatzen zen, orain zergatik ez?

Hor min handia egin digu diskoak, batez ere 60ko hamarkadatik hona. Lehen musika norberaren baitan, batez ere ahotsean, zegoen. Elizan kantatzen zen eta musika giro handia zegoen: XIX. mendean sortutako banda militar asko zegoen, adibidez, hemen Iruñean, geroko txaranga eta orkestren jatorria izan zirenak. Oro har, Euskal Herrian asko kantatu izan da kalean, Eguberritan, Santa Agedan edo San Juan bezperan. Etxean ere ohitura zegoen, bertsolaritza bizi-bizi egon da, jotak beste toki batzuetan… Ahozko tradizio sendoa izan dugu mendeetan. Baina diskoa iritsi zenean ikusi genuen guk gerorrek musika egin beharrean, aski dela botoitxo bat sakatzea musika izateko. Horretaz gain estilo haustura ekarri zuen biniloak: doinu berri eta politak, rock and rola eta abar. Bestalde, euskara galdu den herrietan galdu da kultura, aitona-amonengandik ilobetara datorren transmisioaren soka hori eten delako. Erronkari, Jaurrieta, Abaurregainean… zenbat melodia jaso diren, orain bertako jendeak ezagutzen ez dituenak! Errepertorioa, beraz, galdu egin da. Hemen harrobiak elizak izan dira. Orain elizak hutsik daude eta parrokietako koruetan ere gero eta jende gutxiago. Musika eskoletan badira abesbatzak edo eskolaniak, baina askotan dira “mariak”, baliorik gabeko ikasgaiak. Instrumentuei garrantzi handiagoa eman zaie azken 20 urteotan. Solfeoan ere irakurketa musikala asko egiten da baina abestu gutxi. Haurrak edo gazteak garenean ez badugu abesten, ohitura hori ez dugu lortuko. Lehen haurrak etxean zaletzen ziren, gero elizan, koadrilan, kalean… abesten zuten. Eta noski, ahotsa lantzen ez bada, tresna hori ez da menperatzen. Nik askotan esaten diet abeslariei: “Nola nabari den zuek ez zaretela kalean jolasean ibili herrietan egiten den bezala. Ez dakizue garrasi egiten”.

Eta belarri ona izatea ere beharrezkoa da kantatzeko, ezta?

Belarria ere lantzen da. Nik ezagutzen ditut belarri kaskarrarekin abesbatzan hasi zirenak eta orain oso ondo abesten dutenak. Badira kasuak eta kasuak, abeslarien artean bada denetarik.

Gaur egun jendaurrean aritzeko eta komunikazio lanetan, ahotsa ongi lantzeari garrantzia ematen zaio.

Baina hori ez da berria. Grekoek eta erromatarrek erretorika bikain lantzen zuten. Aurrean duguna konbentzitzeko dugun teknika multzoa da erretorika eta horren barruan ahotsaren erabilera dago. Oso mundu aberatsa da. Ahots baten kolorea eta musika oso garrantzitsuak dira. Badira hizlariak, esatariak, irakasleak, politikariak ahotsa ongi jorratzen dutenak. Azken urteotan grabeago hitz egiteko joera dago, ozenago baina grabeago.

Eta guk zergatik hitz egiten dugu horren ozenki?

Ez dut ikerketa seriorik eginik horren inguruan, baina nik uste dut hori gure sistema bokalikoarekin lotua dagoela. Gazteleran, euskaran, italieran bost bokal daude eta irekiak gainera. Joan toki hauetara eta neurtu dezibelioak. Hizkuntzaz gain, faktore kulturalak, klimatikoak eta bestelakoak ere badira, noski. Guk, euskaldunok, -tz  -ts eta halako beste soinuak ditugu, aurrean egiten direnak, eta honek laguntzen digu soinua aurrera eramaten eta ozenago hitz egiten.

Carmina Burana kantatarekin muga guztiak hautsi dituzue.

Carmina Burana proiektu honekin 2009an hasi ginen. Bost urteko egitasmoa da eta hiru partaide gaude: Fura dels baus, Kataluniako produktore batzuk eta Orfeoia. Produkzio honetan diru inbertsioa egin genuen. Donostian hasi eta lehen bi urteetan emanaldi askotxo egin genuen. Orain moteldu egin da krisia dela eta. Honek izena eman digu, mundu osoan ezagutarazi gaitu. Eta, era berean, bidea ireki zigun 2009an Gergievekin lan egiteko eta 2010ean, bi aldiz, Estatu Batuetara joateko, Washington eta New Yorkera. Orfeoian sartu nintzenean planteatu nuen lehenbiziko bi urteetan korua sendotzea, jende gehiago sartzea eta maneiatzen ikastea, gero Estatu mailako hemengo sarean postu bat hartzea zen helburua eta, modu naturalean, Frantzian sartzen hastea. Baina proiektu honekin gure pausoak jauzi bihurtu dira. Frantziara baino lehenago Estatu Batuetara joan gara. Dena den, nahiz eta Carnegie Hallen kantatu, ez dugu ahaztu behar nortzuk garen: koru amateur bat goraldi eta beherakadekin.

Eta une honetan zer duzue egutegian?

Abeslariz duela bi urte baino okerrago gabiltza orain. Krisia dela-eta batzuek utzi egin behar izan dute. Uste dut gazte abesbatzatik zortzi-hamar lagun igoko direla urte bukaerarako eta hor berriro gora joanen garela pixka batean. Momentu larrian gaude guztiok, baina momentu politean. Aurten Filarmonia Orkestrarekin arituko gara Madrilen, Esa-Pekka Salonen zuzendari finlandiarrarekin ere lan eginen dugu, Bordelera joanen gara irailean, Oviedora Carminarekin… Eta hemendik bi urtera gure 150. urteurrena. Horretarako proiektu politak ditugu, baina burua galdu gabe, lurra ukituz eta jakinda ez garela munduko korurik onena.

Nortasun agiria

Igor Ijurra, Etxarri Aranatzen sortua, 1973ko garagarrilaren 27an “gure herrian esaten den bezala”. Koru zuzendari profesionala –Espainiako Estatu osoan 25 bat baino ez daude–. Horretaz gain, kantaria, musika irakaslea, hitzaldi emailea  eta Nafarroako Abesbatzen Elkarteko zuzendaritza ikastaroetako ohiko irakaslea. Zuzenbidean lizentziaduna eta lizentziarik ez duen irrati bateko kolaboratzaile fina: Iruñerriko Euskalerria Irratian musika klasikoari buruzko dibulgazio saioa egiten du. Eta gauza guztien gainetik, bi haurren aitatxo alaia.

10-15

“Kirolean bezala 25 urterekin abesten hastea berandu ibiltzea da. 10 edo 15 urterekin hasi behar da eta ozenki abestu behar da, lau garrasi bota, kalean jolastu…”.

Ametsa

“Munduko orkestra zuzendari onenetako batzuekin aritzeko aukera izan dugu azken urteotan. Buruz buru haiekin egon. Hitz egin. Nola zuzentzen duten ikusi, ikasi, entzun… Psikologikoki nola egiten duten lan, nola kudeatzen duten hori guztia. Oso esperientzia polita da. Rafael Frühbeck de Burgos, New York Philharmonic edo  Valery Gergiev handiekin aritu gara lanean. Horiek guztiak diskoetan dauzkat, eta haiekin lan egiteko aukera izan dut!”.

Azken hitza: Krisia

“Duela ez urte asko arte, udal askok organista ordaintzen zuten. Zenbat idazkari organo jotzaile izan dira? Edo apaiz berria behar zenean herrian, musika zekien bat bidaltzea eskatzen zuten organoa jotzeko, korua zuzentzeko edota klaseak emateko. Gaur egun musika eskolak daude, baina laguntza gehiago behar dute. Baina zer espero dezakegu? Diru asko egon denean ez da egin, beraz orain krisiarekin gutxiago! Nik dena den zuzendariak animatu nahi ditut: lana egin eta kementsuak izan daitezen, gu baikara koru baten %75a”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abesbatzak
2019-05-02 | ARGIA
Jose Luis Ansorena musikari, musikologo eta konpositorea hil da

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren sortzailea, euskal musika garaikidearen arloan erreferentzia izan da Jose Luis Ansorena (Donostia 1929, Iruñea 2019). Kultur ekitaldi ugari dinamizatu eta abesbatza askoren bultzatzaile izan zen besteak beste.


Eguneraketa berriak daude