2010ean Egunkariako auzipetuak absolbitu egin zituzten. Estatu aparatuek sorturiko ipuin zentzugabeari amaiera eman zion epai hark. Baina duela hamar urteko operazioaren ondorioak agerian daude oraindik: egunkariak itxita segitzen du, tortura eta tratu txarrak ez dira ikertu, eta auzi ekonomikoa epaiketara bidean da.
2003ko otsailaren 20an euskal prentsaren kontra inoiz egin den eraso larrienetako bat abiarazi zuen Guardia Zibilak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz, hainbat egoitza arakatu eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuten. Egunkarian ardurak izan zituzten hamar lagunen etxeetan ere sartu ziren, gauez, eta hainbat egunez inkomunikatuta izan ondoren baldintzarik gabe espetxeratu zituzten haietako sei. Tortura salaketak izan ziren –atxilotuetako bat ospitalera eraman behar izan zuten oraindik argitu ez diren arrazoiengatik– eta kezka berehalakoan nagusitu zen.
Egun horietan jazotakoak sekulako eragina izan zuen euskal gizartean, Donostian egin zen manifestazio erraldoiarekin neurtu daiteke jendearen kezkaren norainokoa. Atxilotuak apurka libre geratu ziren –kasu batzuetan kartzelan hilabete luzeak egin ondoren–. Del Olmo epaileak egunkaria sei hilabetez itxita mantentzeko agindu zuen auto baten bidez. Ez zen gehiago ireki. Hortik hilabete batzuetara, sumarioa sekretupetik atera zenean, muntaia horren guztiaren argudio nagusia zein zen jakin zen: Egunkariak ETArekin konexio ekonomikoa omen zuela.
Zenbait medio eta politikari Euskaldunon Egunkaria kriminalizatzen hasiak ziren 90eko hamarkadan, ETAren berripapera zela esanez. 2001ean guardia zibilak euskalgintzako hainbat enpresa ikertzen hasi ziren, lehenago Egin ixteko erabiliak izan ziren ETAren paper batzuk oinarri hartuta. Eginahalak egin zituzten lotura ekonomikoa justifikatzen zuen froga ñimiñoenaren bila, baita beste operazio polizial bat antolatu ere. 2003ko urrian egunkariaren kudeaketa ekonomikoan parte hartu zuten beste zortzi lagun atxilotu zituzten. Berriz ere inkomunikazioa, berriz torturaren mamua.
Irakurketa politikoa eginez gero, askoren ustez Espainiako Estatuak ezker abertzaletik haragoko abertzaletasunari mezua helarazi nahi zion, hain justu Ibarretxe lehendakariak estatutu politiko berrirako plana aurkeztu zuen garai beroan –ETAren entorno-aren kontrako operazio gehiago ere izan ziren, bat nabarmentzearren, AEKren kontrakoa–. Baina guardia zibilek ez zuten bihi bat ere aurkitu galdeketa eta erregistroetan Egunkaria ETArekin lotzeko. Orduan, konexio ekonomikoak huts eginik, Del Olmok auzia bitan banandu zuen: auzi nagusia eta auzi ekonomikoa. Auzi Nagusirako dedukzio soilez eraikitako errelatoa jarri zuen instrukzio-epaileak mahai gainean eta zazpi lagun prozesatu zituen: Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria eta Xabier Alegria.
Auzi horren burugabekeria bistakoa zen arren, urte luzetako gurutz-bidea eta epaiketara arteko prozesu gorabeheratsua jasan behar izan zuten auzipetuek euren errugabetasuna frogatze aldera. 2010eko apirilean Auzitegi Nazionaleko Bosgarren Salak absoluzio epaia eman zuen eta Del Olmoren instrukzioa ipurdi bistan utzi zuen, akats larriak eta interpretazio okerrak egin zirela nabarmenduz. Epaiak, besteak beste dio, instrukzio epaileak ez zuela Euskaldunon Egunkaria itxi behar. Del Olmok Auzitegi Nazionalean segitzen du ohiko jardunean.
Del Olmok sumarioa bitan banatu zuen arren, bi adarrak lotuta joan dira hein handi batean. Bateko ustezko delitu terroristak, bestearen ustezko delitu ekonomikoak ere terrorismo bihurtu zituen.
Impasse handi baten ostean, 2007an Del Olmok zortzi lagun prozesatu zituen auzi ekonomikoan: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. Zehazki, BEZa aldatzea, diru laguntzak lortzeko tirada handitzea eta irregulartasun ekonomiko txikiak egitea leporatzen zien epaileak. Akusazioaren zigor eskaera desorbitatua da: 13 eta 26 urte arteko kartzela zigorrak eta 21 eta 33 milioi euroko isunak.
Auzipetzearekin batera, Del Olmok prozedura laburtuari ekin zion, epaiketa ahalik eta azkarren egiteko. Baina auzi nagusiko absoluzio epaia lehenago kaleratu zen, eta horrek auzi ekonomikoaren norabidea aldatu du. Delitu terroristarik ez dagoenez, Auzitegi Nazionalak ezin ditu delitu ekonomiko arruntak epaitu, eta auzia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren esku geratu da.
Auzipetuen defentsek Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren txosten bana aurkeztu dituzte, iruzur fiskala eta malbertsazioa egon zirela ezeztatzeko. Bestalde, 2011ko abenduan Dignidad y Justicia-k osatutako herri akusazioa auzitik kanpo utzi zuen Gipuzkoako auzitegiak behin betiko, elkartearen helburua “terrorismoarekin loturiko delituak” pertsegitzea dela argudiatuta.
Txosten horiek eskuan, eta herri akusaziorik gabe, fiskalak akusazioa erretiratuko zuela pentsa zitekeen, baina oraingoz ez du halakorik egin, eta epaiketa egiteko arrisku handia dago. Besterik da zigor eskaera berak mantenduko ote diren, eta epaiketa egitekotan, auzitegiko 3. zigor salako Carmen Zubimendi magistratuak zein erabaki hartuko duen.
2010eko absoluzio epaia erabakigarria izan zen arren, Euskaldunon Egunkariarekin gertaturikoa ez da amaitu, eta zauri ugarik irekita segitzen dute. Ondorio judizialak oraindik hor daude, ikusteko baitago auzi ekonomikoak nola bukatuko duen. Bestalde, atxiloen eta auzipetuen sufrimendu pertsonala ez da inolaz ere erreparatu. Nola ahaztu kartzelan izandako egun eta hilabete luzeak? Jasandako torturak eta tratu txarrak?
Tortura salaketa guztiak artxibatu egin ditu Espainiako justizia administrazioak. 2008an, Martxelo Otamendik Estrasburgoko auzitegira jo zuen, Espainian bide guztiak agortu ondoren. Duela lau hilabete kaleratutako epaian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen Otamendiren tortura kasuak ez ikertzeagatik eta 24.000 euroko ordainsaria ematera zigortu zuen: “Espainian torturatzea merkea da”, adierazi zuen Otamendik.
Euskal jendartea ere jasaten ari da Estatuaren itsukeriaren ebakia: Euskaldunon Egunkaria itxi zuten, eta itxita segitzen du, Auzitegi Nazionalak esan arren halako neurri baten beharrik ez zela. Estatuari debalde atera zaio gainera, kalte-ordainak jasotzeko erreklamazioak atzera bota baitituzte auzitegian. Euskarazko egunkaria sortzeko zenbat jenderen esfortzua zapuztu ote zuten 2003ko otsail ilun hartan?
Gaur egungo egoera politikoa bestelakoa da, baina Estatuak orain hamar urteko egitura errepresibo guztiak oso osorik mantentzen ditu. Zein berme dugu, gaur edo bihar, beste norbaiti bati berriz ere antzeko sarraski bat egitea bururatzen bazaio?
Juan Jose Ibarretxek Ajuria Eneko jauregian konbidatu gintuenean Malores Etxeberria eta biok kafea hartzera 2003ko martxo hartan, esan genion ez genuela ulertzen zertara zetorren gure pelikula hura. Euskaldunon Egunkaria itxi, jende ezagunak horrela mastrakatu… Zer izan zen? Nor eraso edo mehatxatu nahi zuten gu astinduz? Aparte ez zirela egiak gutaz esandakoak, gu ez ginen hain inportanteak, ez zeukaten zertan agertu beharrik hain astazakil, hain militar txetxeniar, hain epaile turko, hain diktadura usaineko agintari. Ala bai?
Hamar urte pasata, 2003ko otsail hartako egia ez dugu ezagutzen. Ez behintzat osorik. Zer izan zen gu atxiloturik ginduzkatela Arantzazu okupatzera zetorren Guardia Civil konboi haren kontua, Aranda de Dueron atzerako buelta eman zuen espedizio haren istorioa, egiaz gertatu zela konfirmaturik dagoena? Arrasto gutxi azaldu da. Hori bezala izango dira gehiago. Norbaitek inoiz kontatuko du ea norentzako zen gure bizkar ubelduetan idatzitako mezua.
Egiarik ez bada nagusitu, justizia eta kalte-ordaina hain gutxi. Hainbeste lanen fruitu sortutako Egunkaria itxi betirako, atxilotuen gorputzak, buruak eta irudia hankapean erabili, absoluzioa eta gaur arte. Espainiako panzerrak ateratzen direlarik kasernatik, zanpatuek garesti pagatutako maniobra borreroentzat dohainik.
Bizi baldin bagara, akaso egunen batean inguratuko zaio batzorderen bateko teknikariren bat kontu haietaz galdezka galdeketatik bueltakoan intzirian ezagutu nuen Iñaki Uriari. Gaur bertan ere beranduegi litzateke atxilotuta geundela arnas-estuka entzuten nuen Luis Goiarentzako, tampax baten erreguka entzunik erotuarazi ninduen Inma Gomilarentzat, beranduegi Martin Ugalderentzat.
Espetxetik irtenda gero, sarritan egokitu zitzaidan ondoan kafea hartzen Julian Kurtxus Irastortza. Esaten nion nire buruari egunen batean etorriko zela norbait gure kontu zaharraz galdezka, berdin parlamentario edo BBCko erreportari, eta esango niola: nik presentatuko dizut bat ezagutu behar duzuna, Gurutze Iantzi emaztea hila du ni egondako leku hartan bertan, hark baditu gauza hobeak zuk jakiteko. Minbiziak eraman zuen Irastortza. Aurretik Gurutzeri eta milari moduan, gure ondoren hamar urteotan tortura zerbitzatu diete erretiluan polizia espainiarrek atxilotutako euskaldunei, Inkisizioak zutik dirau XXI.ean.
“Eta hi nola hago?” Eskertuta. Biziari eskertuta, erreka zuloraino iritsi ondoren bigarren aukera eman didalako. Milaka jenderi eskertuta, “Hiltzaile bat bezala” oparitu zigun kantari hari bezala oihua irentsi zuen etxekoandreari, izen bakar bat ezin eman hamabi ziento isilduta. Denei nago eta gaude familia eta koadrila osoa eskerturik. 2003ko otsail hartan sentitutako beroa ez dugu sekula ahaztuko.
Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]
Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]
Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]
Euskaraz argitaratzen zen egunkari nazional bakarra, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz zigilatu zuten.
On the morning of 20th February, 2003, I picked up the phone and heard Joxemari Irazusta's voice: "The Civil Guard have arrested Pello Zubiria." Pello? Joxemari told me the little he knew about it, and I couldn't believe it. I got back into bed; I couldn't... [+]