Martxoaren 3an ehunka emakume bilduko da Donostian Lilaton lasterketan parte hartzeko. Zarauzko Bikoteen Kros Mistoan gizonak eta emakumeak osatutako bikotea derrigorrezkoa da. Fortuna elkarteak emakume taldeak sortu ditu hainbat herritan, Behobia-Donostia helburu. Xedea emakumea kirolera hurbiltzea da, nahiz eta batzuen gustukoak ez diren moduok.
Emakume idazleekin bezala gerta dakiguke emakume korrikalariekin: garai batean baino gehiago ageri direnez, hanka sartu dezakegu esanez ikaragarri igo dela emakume korrikalari portzentajea, kalean eta lehiaketetan barra-barra dabiltzala. Egia da mende laurdenean paisaia asko aldatu dela, baina ez gaitezen urrunegi joan, hobe zifrak begiratzea (ikus hurrengo orrialdea), orekarako bide luzea dugula erakutsiko baitigute. Lasterketetan emakumeak ez dira laurdenera iristen.
Lilaton taldeak Lilaton lasterketaren 24. korrikaldia antolatuko du aurten. Helburu bat zuen sorburuan eta helburu bera du orain ere: emakumeak kirolaren plazara jalgitzea. Jai giroa da nagusi, ekintza zehatz eta sinbolikoa da. Urteroko hitzorduan parte hartzeko gogoak ordea, emakume ugari kateatu du aurreko hilabeteetan korrika egitera. Lilatonarekin bat egiten ez dutenak ere badira. Gizon batzuek ez dute ulertzen zergatik emakumeentzako lasterketa egin behar den. Probarekin kritiko diren emakumeak ere badira. Ez dute emakumeekin bakarrik lehiatu nahi. Arantza Rojo korrikalaria da, eta Donostiako Fortuna kirol elkarteko komunikazio arduraduna. Elkarteko emakume batzuei entzun die esaten Lilaton lasterketak gaur egun ez diela balio. Rojoren ustez, jarrera hori “normaltasunaren seinale da. Badakigu lasterketa mistoetan emakumeak ez duela irabaziko, baina emakume onenak begira zenbat gizon uzten dituen atzean!”.
Fortuna elkarteak antolatzen du Behobia-Donostia 20 kilometroko lasterketa ezaguna. Azken urteotan partaidetza kopuruan jauzi ikaragarria egitea lortu dute; ez ordea nahi adina emakumeen parte-hartzean. 2011n %27. Duela lau denboraldi Heuk proba ezan egitasmoa jarri zuten abian, ehuneko horiei gorantz bultzatu asmoz. Hainbat herritan entrenatzaileak kontratatu zituzten astean bi aldiz emakumeak entrenatzeko. Adin guztietakoak, asko sekula korrika egin gabeak gerturatu ziren. 300dik gora zenbatu dituzte. Orain, Fortunak atletismo saila sortu du eta 90 emakume klubeko kide egin dira; Irun, Hondarribia, Tolosa eta Donostiakoak dira. Arrakastak asko poztu ditu Fortunako Arantza Rojo eta Iñigo Etxeberria. Rojoren ustez, “emakumeok buru gainean daramagu zaintzaren kultura eta korrikak ordutegi aldetik-eta aukera gehiago ematen digu. Bestalde, bakarka baino taldean aritzen gara”. Eredu gabezia azpimarratu digute biek, elitekoak eta kalekoak. Ohikoena anaiak, osabak edo mutil-lagunak korrika egitea izan da, eta ez alderantziz. “Jada ez da estrabagantea emakumeak bakarrik edo taldeka kalean korrika ikustea –dio Rojok– , ezta lasterketetan ere. Lehiaketetako kopuruetan antzematen da Lilatonaren eragina, igartzen da Fortunaren lana, eta orokorrean garaien aldaketa”. Iñigo Etxeberriak uste du 50 urtetik gorako emakumeak, korrikaren aitzakian, inoiz egin ez dituzten gauzak egiten hasi direla: lasterketa bukatu eta pote bat hartu, egunpasa Gasteizen, bidaia Erromara, Parisera...
Marijose Rodriguez eta Chelo Cambas dira horietako bi. 54 eta 50 urterekin, hurrenez hurren, hasi ziren Fortunaren bidez. Erdi oinez erdi korrika entrenatzen hasi eta Behobia-Donostia egitera heldu dira. Taldearen babesa nabarmendu dute etengabe, eta nahiz eta jada bost urte diren korrika dabiltzala, ez lirateke bakarrik korrika egitera aterako. Lasterka zergatik egiten duten galdetu diegu: osasunez hobeto sentitzen dira, lagunarte zoragarria aurkitu dute, kanpora joaten dira, arazoak bazterrean geratzen dira korrika egiterakoan, asteburuetan zirkulu osoa egiten saiatzen dira: entrenamendua-gosaria-tertulia.
Duela 34 urte, Zarauzko hondartzatik 50 bat emakume atera ziren korrika, alboan bikotekide gizonezkoak zituztela. Lilaton taldearen eta Fortuna elkartearen kezka beretik sortu zen lasterketa: gizonak korrika bazebiltzan, emakumeak ez. 50 haiek emakumeak baino neska umeak ziren, helduagoek lotsak, beldurrak eta mugak gainditu gabe baitzituzten. Iaz 500dik gora emakumek hartu zuten parte Bikoteen Kros Mistoan, ondoan gizon bana zutela. Iratxe Aranburu zarauztarra goi mailako kirolaria izan da eta balio handikotzat du proba hori, bere lehen lasterketa izan zen bikotekakoa. Probak domino jokoa eragiten duela uste du: “Mutilak proban parte hartu nahi du, baina badaki horretarako derrigor emakumeren bat behar duela. Beraz, mutilak xaxatuko du emakumea entrenatzeko eta lehiatzeko. Gizonezkoak emakumeak kirolera jauzi egiteko borrokan inplikatu egin behar du, eta hori gustatzen zait. Emakumea oraindik eremu pribatuan dago, ama da... Kirolerako denbora ateratzea luxua da beretzat. Beraz, aldi berean, piezak mugitu behar dira emakumeak entrenatzeko denbora izan dezan. Mutil batek baino gehiagok lan asko egin behar izan du etxean –lehen egiten ez zuelako– bikotekideak lasterketan parte hartzeko”.
Korrika egitea ohiko bihurtzen ari bada, zergatik da oraindik lasterketetako kopuruetan aldea hainbestekoa? Emakumeek ez ote dute lehiatzeko gogorik? Aranbururen iritziz, batzuek lehiatu nahiko dute eta beste askok ez: “Agian gustura dago osasuna zainduta eta bere gorputzarekin gustura egonda. Ez nau gehiegi arduratzen Behobian edo Lilatonen zenbat emakumek parte hartzen duten jakiteak, garrantzitsuagoa da niretzat astearte batean Zarauzko bidegorrian zenbat emakume ikusten ditudan. Zarauzko emakume taldean 70 bat ibiltzen dira. Giroa, lagunak egitea, etxetik ateratzea, ume zirkulutik irtetea... terapia ederra da, eta horiek bai direla helburu inportanteak”.
Chelo Cambasek eta Marijo Rodriguezek ere lehiari ez diote garrantzi berezirik ematen. Ordea, uste dute gizonak bestela aritzen direla. Gertaera adierazgarria kontatu digu Cambasek: “Merkatuan postua daukat eta Behobia egin nuenean emakumeek galdetzen zidaten, ‘zer moduz egin zenuen, ondo? Ai, ze enbidia!’. Gizonezkoek zenbat denbora behar izan nuen galdetzen zidaten”. Arantza Rojori gaia jarri diogu mahai gainean: kirolean ere oso zabalduta dagoen lehiakortasunak ez al dituen lasterketetatik aldentzen emakumeak. Ez du halako usterik, eta gainera, diskurtso hori arriskutsua iruditzen zaio, emakumeak eta gizonak bi multzotan bereizten dituelako. “Badira emakume ez lehikorrak, eta badira gizon ez lehiakorrak. Kontua da emakumeak ez duela kirola egiteko tradiziorik izan, eta orain hori gainditzen ari gara”.
Erratzeko beldur handirik gabe esan dezakegu Hego Euskal Herriko lasterketak inguruko lehiakorrenak direla; alderatu bestela Kataluniakoekin, edo Frantziakoekin. Emakumeak gizonak bezala lehia gogoz direla sinesten dutenek ez diote garrantzirik ematen ezaugarri honi. Alabaina, kontuan izanda emakumeak kirolerako tradiziorik ez duela izan, nork esan lasterketak beste modu batekoak balira parte-hartzea handiagoa ez litzatekeela izango?
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.