Frankotiratzaile baten begietatik

  • Aleppo hirian, Al-Assaden tropen aurka borrokan ari den frankotiratzailea ezagutu du Andoni Lubaki kazetariak. Eremua zaintzea eta aurkariak zelatatzea da frankotiratzailearen egunerokoa. Eta tiro egitea.

Ali Kassmou eserita dago, arnasa hartu nahian gorantz begiak itxita. Izerdi tanta bat erori zaio kopetatik behera. “Oraingo honetan gertu egon da” esan, begiak ireki eta lurrean etzan da. Ondoan du, oraindik bero, belgikar jatorriko fusil zaharra, Aleppoko kaleetan ibiltzeko lagunik onena, bere hitzetan. Segituan jaiki da, ordea: “Oraindik beste kale bat geratzen da”. Makurtuta abiatu da kale estutako bidegurutzera. Sakelatik ispilua atera eta isla baliatuz kalearen beste aldea ikusten saiatu da. Ondo arakatu du ingurua, ispilua alde batetik bestera mugituz, kale izkina guztiak miatuz, zirrikiturik ere utzi gabe. Fusila bizkarrean zintzilikatu eta bizkarraldetik 9 mm-ko Magnum pistola atera du. “Etxe barruan borrokatzeko erabilerrazagoa da”, dio. Bat, bi, hiru kontatu eta korrika batean gurutzatu du kalea, parean dagoen ate ilunetik sartu eta desagertu egin da haren irudia. Aleppoarra da Ali Kassmou, 20 urte ditu eta Abu Ahmed ezizenez ezagutzen dute gerlako frontean, nahiago du hala deitzea. Sniperra da bera, frankotiratzailea alegia.

Mila leihoko etxean

Abu Ahmedek zinema oso du gustuko, txikitatik, gerra eta umorezko filmak gehienbat. “Siriara iristen ziren pelikula guztiak ikusten nituen. Ondoren nire lagun batek ziber-kafe bat ireki zuen eta handik pelikula mordoa jaitsitakoa naiz”. Bere gogokoenak Saving Private Ryan, The thin red line eta Bigarren Mundu Gerrari buruzkoak dira. Badu kuttun bat ere: Enemy at the gates. “Film hori ikusi eta erabaki nuen gerla hasi zenean nik ere Vassily Sheichef pelikulako protagonistaren gisan frankotiratzailea izan nahi nuela”. Siriako Armada Askeko boluntarioa da eta Assad-en tropek kontrolatzen duten eraikin bi eta sei kale zaintzea du zeregin. Norbaitek alde batetik bestera pasa nahiko balu, bi bandoetako frankotiratzaileek ikusiko lukete. Gurutzatzen duenak, beste aldera iristea lortzen badu, ezin du jakin nondik datozkion tiroak.

“Nik etxe hau dut lantoki eta hemen barrutik sei kale kontrolatu behar ditut. Ezin naiteke leihoetara gehiegi hurreratu, beste aldean beste frankotiratzaile bat dagoelako eta tiro egingo lidakeelako, zalantzarik egin gabe. Sagu eta katuen pare. Badakit hor daudela, badakite hemen nagoela, sentitzen ditut eta sentituko naute. Baina ezin elkar ikusi!”.

Abu Ahmedek “lantokia” erakutsi digu. “Hemengo zulotik kale hau ikusten dut eta egongelaren beste aldean dagoen beste hartatik kale luzeena. Hildakoen kalea ere deitzen diogu, usteltzen ari diren bost gorpu baitaude. Inork ez ditu jaso, muturra hurbiltzen duen edozeini tiro egiten diolako Al-Assaden soldaduek. Nik aldiz ez diet zibilei tiro egiten. Auzokideak ditut, hemen jaiotakoa eta hezitakoa naiz ni, horko etxe birrinduan”, azaldu digu tiratzaileak, kale izkinetako bat seinalatuz.

Erabat txikitutako gela batetik bestera mugitzen da, isil-isilik. “Gehienetan bakarrik egon ohi naiz, hobe horrela”, diosku. Lehen etxebizitza honetan bertan familiak banantzen zituzten paretak zuloz josita daude gaur egun eta pasilloak eta leiho asko itxita. Labirintoa dirudi Saif Al-Dawla auzoko fronte honek, eta ingurua ondo ezagutzen duen batekin gerturatzea komeni da, baita inguruko kaleetan borrokatzen duten gudariak eurak ere. “Galtzeko arriskua dago bestela, eta agertu behar ez zaren tokian agertzen bazara... kito”, argitu du Abu Ahmedek, hatzarekin lepoa mozteko keinua eginez, labana bailitzan.

“Orain gauden etxebizitza hau –gaineratu du– nirekin eskolan ibilitako lagun batena da. Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta lehengoan Interneterako konexioa lortu nuenean bere email bat jaso nuen, gurasoen etxebizitza nola zegoen jakin nahi zuen. Assaden aldeko familia batekoa zen, ez nion esan nik bertan lan egiten nuenik, baina ondo zegoela uste nuela erantzun nion”.

Gelatik gelara mugitzen da Abu Ahmed, isilik beti ere. Eraikineko egongela kiskali eta sukalde kirasdun guztiak ezagutzen ditu, hormetako zulo txiki guztiak. Mila leiho txiki dituen etxeko erregea da Ahmed, sei kaletako zaindari eta amets bakarraren jabe: “Gerla irabazi eta ikasketak bukatzea”.

Mendekuaren bidea

1980ko hamarkadan Latakiatik (Siriako kostaldean) iritsitako musulman sunita da Ahmeden familia, siriarren gehiengoa bezala. Familia osoa aldatu zen Aleppora, mehatxuak zirela medio. “Osaba Haffez Al-Assad-en poliziak hil zuen, aurka egiteagatik. Etxea erre ziguten orduan eta aitak erabaki zuen hobe genuela leku seguruagora etorri. Horregatik diot beti latakiarra naizela, ez alepoarra, Aleppon jaio eta bizi izan naizen arren”, azaldu du gudari gazteak.

Assaden aurkako protestetan ibiltzeagatik, familia ezaguna da berea eta senide ia guztiak espetxetik pasatutakoak dira: “Aitona, osaba, aita, anaiak… Ia denak pasatu dira Al-Assaden atzaparretatik”. Saif Al-Dawlako komandantea da osaba, Abu Ali gerra ezizenez ezaguna. “Berak irakatsi zidan nik orain dakidan guztia. Bi orduko ikastaroa jaso eta fronterako prest nengoela esan zidan”.

Dagoeneko, urtebete darama Ahmedek borrokan. Argi du zergatik: “Mendekuagatik hasi nintzen borrokan, osaba, anaia, aita eta lehengusuak bezala. Nire familiari egindakoa ez diot inoiz barkatuko Al-Assad familiari. Baina ez dut bera bakarrik errudun jotzen, bere inguruan egon diren militar, politikari eta gaizkile guztiak ere errudunak dira. Ez naiz oso islam-zalea, baina jende horrek guztiak zigorra merezi du”.

Allahu Akhbar!

Ostiraletan, Assaden aurkako manifestaldietara joatea gustatzen zaio Ahmedi. Lagunekin elkartu eta indarrak berritzeko balio dio. “Bustan Al-Qasr-eko protestak gustatzen zaizkit. Hor ikusten duzu zergatik eta zeinengatik ari garen borrokan”, dio gazteak. Hantxe elkartzen dira batailoiko gazte gehienak: Abdelazziz, Ahmed, Mohammed, Yassar, Jamil... “Denak egon ohi dira, baina batzuetan ezin izaten dugu etorri, frontea zaindu behar dugu”, dio. “Hau Jamil da, nire laguna –aurkeztu digu–. Idlib-ekoa da, baina Aleppora etorri zen boluntario, borroka egitera. Ordutik lagunak gara”.

Eskua luzatu digu Jamilek. Bere esanetan, “borroka irabaziko dugu eta Siria berri bat jaioko da Ala-ren laguntzaz. Korana da gure arma indartsuena, Jainkoak eman digun armarik onena!”. Koraneko sura batzuk errezitatuz hasi da manifestaldia, meskitako errezoak bukatu ostean. Kantu eta oihu artean, sorbaldatik helduta aurrerantz doaz gazte borrokalariak, umeak lepoan dituztela. Siriako bandera “errebeldea” gogoz astintzen dute esku batean, bandera islamista beltza bestean. “Allahu Akhbar, Allahu Akhbar, Allahu Akhbar!” (jainkoa handiena da) errepikatzen dute, fededun.

Segituan amaitu da manifestaldia, Assaden helikoptero bat entzun bezain pronto. Jendea beldur dela sumatzen da eta etxeetako portaletan gorde dira azkar batean, badaezpada zerura begira. Zerutik datozen misilen izuak, fedeak baino azkarrago mugiarazten ditu protestan doazenak.

Ondoren, frontera bueltatu da Abu Ahmed. Te gorri bero bat hartu du eta lantokira sartu da, ate ilunetik barrena. Korrika egin du berriro suntsitutako kaleetatik, pistola eskuan duela gela guztiak miatzeari ekin dio atzera, zelatan, inor baimenik gabe sartu ote den. Gaur ere, mila leiho dituen etxeko erregea da Abu Ahmed aleppoarra, sniperra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2025-03-19 | Karlos Zurutuza
Atzoko mamuak eta etorkizunetik datorren gutuna

Lurrikara geopolitiko bat astintzen ari da Ekialde Hurbileko mapa. Anabasaren erdian, Abdullah Öcalanen bakerako azken deiak mahai gainean jarri du eskualdeko gatazka armatu zaharrena. Ez, aurrekariek ez diote bide ematen itxaropenari, eta historiaren trena inoiz baino... [+]


Kurduen SDF Siriako estatu instituzio bilakatzeko hitzarmena sinatu dute gobernuarekin

SDF kurduek gidatutako koalizioak eta Siriako Gobernuak su-etena adostu dute. SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabala kontrolatzen du egun, eta hitzarmenak jaso duenez, gobernuaren esku geratuko da orain.


Al-Assaden ehunka jarraitzaile eta zibil hil ditu Siriako armadak, “mendeku gisa”

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak salatu du gobernuko indarrek gutxienez 800 zibil hil dituztela Latakia probintzian, "odol hotzean". Ahmed al Sharaa Siriako behin-behineko presidenteak iragarri du "batzorde independente" bat eratuko dutela gertatutakoa... [+]


Eskuak

Eskua bularrera eroan, eta bostekoa ukatu dio Siriako agintari berriak Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroari, ministro emakumeari. Modu adeitsuan, baina arbuioa jasan du Annalena Baerbock-ek. Aurretik, Al-Golani siriarrak, ordea, luzatu eta astindu dio eskua Jean-Noel Barrot... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


2024-12-17 | Rafael Poch | CTXT
Analisia
Siriaren porrotak areagotu egin du Palestinaren tragedia

Gero eta bideragarritasun handiagoa hartu du –eta hartuko du– Israelen planak, palestinar herria beraien lur martirizatuetatik kanporatzeko. Iraganean Far West amerikarreko etnia indiarrekin gertatu zen bezalaxe da. Iranen aurkako gerra inoiz baino gertuago dago.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-10 | Jon Torner Zabala
Siria
Israelek 1974ko akordioa urratu duela dio NBEk, Sirian soldaduak sartzeagatik

Mundu osoa dago Siriara begira, Israel tartean, zeinak bere presentzia handitu nahi duen. Bitartean, kartzeletan zeuden presoak askatu egin dituzte Bashar al Assad-en gobernuaren aurka egin duten matxinoek, eta milaka errefuxiatu herrialdera itzultzen ari dira.


2024-12-09 | Jon Torner Zabala
Al-Assad-ek Moskura ihes egin ostean, zalantzak nagusi Siriako etorkizunaz

24 urte eman ditu boterean Bashar al Assad presidenteak. Ia hamalau urte iraun du gerra zibilak Sirian, eta hamaika egun Sortaldea Askatzeko Erakundea (HTS) buru duen koalizioaren azken erasoaldiak, Damasko hiriburua hartu arte. Errusian asilo hartuta da orain Al Assad... [+]


Ekialde Erdia
Turkiaren aliatu jihadista siriarrak Damaskorantz doaz

Siriako egoera bortitza izoztuta egon da azken urteetan, eta orain nazioarteko lehen planora atera da. Azaroaren azken egunetan, Siriako Gobernuaren aurka gerran diren talde jihadistek oso egun gutxitan hartu dute Alepo, herrialdeko bigarren hiria. Egoera oso konplexua eta... [+]


2024-09-09 | ARGIA
Israelen bonbardaketek gutxienez hamalau hildako eragin dituzte Sirian

Igande gauean izan dira erasoak eta Siriako Gobernuaren arabera Siria ipar-ekialdeko hainbat posizio militar harrapatu ditu.


Eguneraketa berriak daude