Noizbait, emaila buzoian. “Eusebio Osaren ikasle izandakoa den Felix Razkin elkarrizketatzea gomendatu nahi dut. Erretiratu berri da, badauka zer kontatua euskalgintzaren, Euskal Herriko historiaren eta beste hainbat gairen inguruan. Gasteizen bizi da, eta bere telefono-zenbakia da…”. Abian zara bila, zer aurkituko...
Jubilatu berri, esan didatenez.
Bai, 65 urterekin. Oparirik ez da izan batere!
Osakidetzaren bulego nagusietan, Euskara Zerbitzuan, itzultzaile.
Euskara plana ere geuk egin genuen, Euskara Zerbitzuan, Roberto Manjonek asmatu zuen, gehienbat. Dena dela, administrazioak zer du euskara plana? Itzulpenak egitea, euskara ikastaroak eskaintzea langileak euskara ikas dezan, eta hizkuntza profilen kontu hori. Ez da besterik. Euskara erabiltzea, medikuek gaixoekin euskaraz hitz egitea… Hori ez zaie batere inporta.
Paperetan ikusten dugu euskara, gaztelaniaz mintzo den giroan. Zuek, Arbizun, alderantziz hazi zineten.
Eskolan ginen, eta ez genuen gaztelaniaz ulertzen. Arrotza zitzaigun gaztelania. Gaitz erdi, maistra bertakoa genuen, Arbizukoa. Ulertzen ez genuena, euskaraz azaltzen zigun! Buruz ikasten genuen guk. Eta 9 urterekin Oñatira joan nintzenean, fraideetara, gaztelaniaz ikasi behar, eta buruz ikasten nuen dena, ezer entenditu gabe. Gogoan dut, azterketa izan zen batean, tribunala genuen aurrean, bi fraide. Ikasitakoa galdetu, eta jakin ez nola hasi! Ez dakit zenbat denbora egin nuen isilik! “Hau jakingo duzu, bada”. Ikasia nuen, baina ez nuen asmatzen. Horretan, bati bururatu zitzaion erantzunari hasiera ematea, eta lezioa ematen, erantzuten hasi nintzen, ezin geldituan. Ez genuen ezer ulertzen, buruz ikasi behar dena!
1947an Arbizun jaioa, bederatzi urtetan Oñatiko agustindar laterandarren ikastetxera joana.
Pio Mortarak sortu zuen komentua. Judua zen familiaz, aberatsa, baina zaintzen zuen emakumea katolikoa izan eta bataiatu egin zuen ezkutuan. Bada historia. Apaiztu zen eta, besteak beste, Oñatiko komentua sortu zuen. Hantxe izan nintzen ni. Garai hartan, eskolarik eskola ibiltzen ziren fraideak, gaiak errekrutatzen, propagandan. Nik osaba nuen Oñatin, apaiz, eta hura Arbizuko eskolara zetorrela jakin nuenean, kale, batere ez nintzen joan. Ez nuen fraidetara joateko gogorik. Azkenean, ordea, aitak eta amak osabarekin bat egin eta hamabost eguneko froga egitera bidali ninduten, udan, abuztuan. Eta zoragarri! Egunero futbolean, errekan jolasean, tarteren bat irakurtzen… “Alde ederra zagok hemen! Etxean behiak zaintzen, beti lan batean ez bada bestean”, esan nuen neure baitan. “Bai, bai, joango naiz Oñatira!”, esan nien gurasoei.
Etxean bazen lanik.
Bai, bazen. Karrikan ginen, baina etxea baserria da Arbizun, ez da Gipuzkoan bezala, batean karrika, bestean baserria. Gure amaren etxea zen Kondearena –hori izen ttikia zela zioen gure aitak, jolasean–, aitarena Argiñarena. Maiorazkoak agintzen zuen, eta ez ama ez aita ziren lehenak, beraz, etxetik irten behar izan zuten. Aita barberua genuenez, gure etxea Juan Barberuarena zen, eta, are gehiago, Juanita Barberuarena.
Aita barberua.
Barberua bakarrik ez, hamaika lan egin zuen hark: ganadua gobernatu, soroak landu, herriko Olatzea lantegian lan egin, trenbidean… Hamaika ofizio! Txerri-hiltzaile ere bai, eta osatzaile. Arbizun, irentzaile edo zikiratzaile esan nahi du osatzailek. Etxean lau senide izan ginen, bi arreba nire aurretikoak, hirugarrena neu, azkena anaia ttikia.
Hirugarrena zu, eta fraideetara.
Osaba han zen beti, eta bihurria ere bai ni, bada, Oñatira! Nahiko lan izan nuen. Arbizun, apeza genuen oso euskalduna, nazionalista puru-purua, ez zuen amore ematen. Meza latinez esango zuen, baina sermoiak, arrosarioak eta horiek denak euskaraz egiten zituen hark, Juan Goikoetxeak. Kartzelan ere egon zen, bertako idazkari eta medikuak salatuta. Hala ere, bereari eutsi zion apezak. Oñatin berriz, gaztelaniaz ziren eskolak, errezoak eta denak. Baziren gurekin euskaraz hitz egiten zuten fraideak ere, baina gaztelaniaz bizi ginen. Handik irten eta nahiko trauma izan zuten batzuek, gurasoek egin zuten ahaleginari erantzun ez ziotelako.
Giroa giro, euskarazko aldizkaria atera zen zuen komentuan.
Niri Oñatin piztu zitzaidan euskararen kontzientzia. Han ziren Eusebio Osa, Patxi Lasa, Pablo Anduaga eta beste. Bazen taldetxoa. Garai hartan, komentuan zegoen kultura. Bi aldizkari ere atera genituen: Gure Txokoa eta Erein. Bietan idatzi nuen nik, Osak eta bestek bultzatuta. Orain “eskolaz kanpoko ekintzak” esaten da, bada halaxe alfabetatu ginen gu euskaraz. Eusebio Osa zen oso jantzia, argia, Euskaltzaindiaren Arantzazuko batzarrean parte hartu zuen 1968an, asko ikasi genuen guk harekin.
Ez zen, beraz, erlijioa bakarrik.
Vatikano II.aren ondoko garaia zen, Eliza irekitzen hasi zen sasoia, eta hor gertatu zen Eusebio Osa, gizon argia, irekia, aurrerakoia eta, garai hartarako, aurreratua. Jakina, horrek ere kritika handiak ekarri zizkion. Oñatin, gu, fraidegai gazteok Gasteiza bidaltzea erabaki zutenean –guk Teologia ikasketak egitea zen helburua, nahiz eta ordurako gure baitan nahiko utzia genuen fraide izateko bidea–, fraideren bat izendatu zuten arduradun, gurekin Gasteiza etorri, etxebizitza batean jarri, eta gu begiratzeko. Nor izendatuko, eta Eusebio Osa. 1968-69 izango zen, Parisko Maiatza hor zen nonbait. Gurekin lan izugarria egin zuen Eusebiok. Berehala ikusi zuen ez genuela fraide asmorik, baina ez gintuen ezertara behartzen: “Bakoitzak bere bidea egin behar du”, eta horretan lagundu zigun.
Zein izan zenuen zuk bidea?
Langileen munduaren lilura nuen eta fabriketara joan ginen, fraidegai izanik ere, haietarik hiruzpalau. Gehienek, hala ere, irakaskuntzara jo zuten. Beste batzuk Bilbora joan ziren: Kepa Periko Mallea zena, Tasio Erkizia… Apaiz langileen garaia zen, eta Eusebio Osa bera aitzindari izan zen horretan. Bulego batean lan egin zuen [Sanchiz Bueno zen enpresa], Olabide ikastolan ere bai… Handik ere bota zuten. Esan dut, aurreratua zen garai hartarako. Oñatitik Gasteizko apartamentura etorri ginenean, bagenuen jangela handi bat, eta bertan egiten genituen mezak. Ogia eta ardoa ere, eguneroko ogia eta ardoa genituen! Hura deskubrimendua! Eusebiok hain garbi ikustea zer bide zetorren. Berak bultzatu gintuen euskarazko eskolak ematera ere.
Teologia ikasten, lantegian lanean, euskara erakusten…
Teologia ikasten genuen, apez izateko asmorik gabe, baina tituluren bat behar genuelako. Lanean, lehenengo Tximisten hasi nintzen, Oñatiko ezagunak genituelako, nonbait. Gasteizen, euskaldun mordoa zegoen ordurako. Tximist Oñatitik etorria zen, langile mordo batekin. BH, Eibartik. Esmaltaciones San Ignacio, Gabilondo… hemen ziren. Euskarazko meza behar zela esaten hasi zen Eusebio, eta leku bila abiatu ginen.
Zer zioten Oñatin, komentuan?
Baztertu egin gintuzten, erabat. Eta sekulakoak esan gure kontra. Eusebio traidoretzat hartu zuten, menperatu genuela zioten. Baina, benetan, berak ikusten zuen bidea, ez guk. Ikasten eta lanean ari ginen, eta euskarazko eskolak ematen. Nik, esaterako, Bar Paco izeneko batean eman nituen, Becerro Bengoa kalean. Bertako semearen bidez. Tito zen hura, ETAkoa, Basauriko espetxetik ihes egin zuena. Hark utzi zigun lekua. Taberna ondotsuan zegoen komisaria. Poliziak ondo asko zekien zertan ginen gu. Afaltzera omen gindoazen! Txikitorik ordaintzeko dirurik ez, eta egunero tabernan, afaltzeko aitzakian. Jende askorekin izan genituen harremanak. Mario Onandia ere hurreratu zitzaigun…
Mario Onandia?
Bai, zer lan egiten ari ginen ikusita, jendea haietara eramatea nahi zuten.
Ez zineten ETAkoak, hala ere.
Ez. Gerora, baten bat inplikatu zen horretan ere, baina garai hartan gure artean ez zen ETAkorik. Guk geure lana egiten genuen. Nik, Bar Pacon eman nituen eskolak, eta Dato karrikan bertan ere bai, Manuel Iradier mendi-elkartean. Beste leku bat, Club Jabatos, Nieves Cano karrikan. Hara eta hona mugitzen ginen, lanean. Pako Eizagirre, Rafa Etxegarai, ni neu… Bost-sei lagun ginen horretan, euskara erakusten: “Hi, eta zer erakutsi behar diagu?”, batek, eta besteak: “Agurrak nola egin, adibidez”. Komunikazioa, alegia. Esaldiak egiten erakutsi jendeari, eta hau eta hura. Geroztik makina bat saio egin da bide horretan.
Disgusturik izan zenuten...
Bai, Araozko segadaren ondoren batez ere. 1969an izan zela uste dut, Legution, bonba jarri zioten gerran hildakoen monumentuari. Jon Oñatibiaren arreba ere atxilotu zuten, moja zena. Gu barnetegian ginen Araotzen, bertako parroko Ander Iriondok utzitako etxean, neska eta mutil. Bigarren uda ikastaroa genuen. Ikasleen artean bazen ETAkorik, jantokian beti agertzen zen panfletoren bat. Legutiokoa gertatu eta guardia zibila etorri zen. Baliteke auzoan bertakoren batek salatzea gu, baina ez ETAkoak ginelako, edo izan gintezkeelako, han neska eta mutil genbiltzalako baizik, batera bizitzen. Hamabost eguneko ikastaroa amaitu bezperan-edo, polizia. Atxiloketak. Batzuk Donostiara eraman zituzten (Eusebio, Pako Eizagirre…), beste batzuk (ni, tartean) Gasteizen eduki ninduten Bakea kaleko polizi etxean.
Donostiara batzuk, Gasteiza beste batzuk?
Araotzen harrapatu zituztenak, Donostiara. Han ez ginenok, Gasteiza. Ni, esaterako, etxera joana nintzen, laneko arropak hartzera. Haiek hartu, Gasteizko etxera sartzera egin, eta barrutik ireki zidaten guardia zibilek. Araozkoa makurragoa izan zen, metrailetak buruan zituztela esnatu zituzten gure lagunak.
Araotzek zuen azkena ekarri zuen.
Gu sakabanatzea ekarri zuen, bai. Nork bere bidea egin zuen harrezkero. Eusebio ere sekularizatu zen. Nik Teologia bukatu nuen, soldadutza egin nuen ondoren, eta handik itzuli nintzenean beste bat zen egoera Gasteizen. Harremanetan segitzen genuen, baina nork bere bizia zeraman, neskalagunarekin askotan.
Lanari lotu zintzaizkion berriz, fabrikan.
Michelinen, orduan. Han ere izan nituen gorabeherak, eta alde egin behar izan nuen. Gehiegi konprometitzen nintzen. Tximisten ere berdin. Langileen alde beti, asanbladetan asko parte hartzen… Joateko esan zidaten, eta joan egin nintzen. Botata. Michelinen, berdin, 1972an. BHn hasi nintzen gero, Euskal Filologia ikasketak egiten hasi ere bai 38 urte nituela… Zortzi orduko lana egiten nuen, eta estudiatu.
Zergatik ikasi, Teologia tituluaren jabe zinena?
BHn etorkizunik ez zela ikusi nuen. 500 langile ginen garaian bertan, produktu asko Txinatik ekartzen zutela ikusten nuen. “Hemen jendea sobran zagok!”, hasi nintzen neure buruari esaten. Orduantxe erabaki nuen Filologia ikasketak egitea… Orduan ere arazoak izan nituen fabrikan: goizeko txanda eskatu nuen –txanda aldatzen ibili gabe–, arratsaldean unibertsitatera joan ahal izateko. BHko langileri-buruak ezetz, goizez eta arratsaldez egin behar nuela lan, txandaren arabera. Salaketa jarri nuen epaitegian, eta epaiketa aurreko kontziliazio ekitaldian, eskubidea onartu zidaten. Horrelaxe ikasi ahal izan nuen Euskal Filologia. Lepo-lepotik asmatu nuen, ikasketak amaitu eta jendea kaleratzen hasi baitziren lantegian, BHn, eta, besteak beste, ni. Ordurako irakasle jarduteko oposizioak egiteko izena emanda nengoen, Osakidetzako zerrendetan ere bai… Urte erdia egin nuen langabezian –informatika ikastaroak egiteko baliatu nuena–, itzultzaileentzako deialdia ere egin zuen IVAPek eta han hartu ninduten urtebetez, enpresa pribatuan ere egin nuen lan –artean, itzultzaile–, beste lagun batekin ere aritu nintzen, Xabier Armendarizekin, itzulpengintzan langile, halako batean Osakidetzatik deitu nindutenean, ordezkapenen bat egiteko. Esana nien: “Sei hilabete baino gutxiago egiteko bada, ez ibili deitzen, lana badut eta”. Urte erdirako zen. Xabierri esan nion: “Utziko al didak esperientzia egiten?”, “baina bueltatu hadi, e!”. Ez nintzen itzuli, Osakidetzan hartu dut erretiroa joan den azaroan. Horrela.
(Arbizu, 1947) fraide bidean jarri zuten etxean, 9 urte zituela Oñatira bidalirik. Agustindar laterandarretan ikasi zuen, eta Gasteizen zen 1968an, Teologia ikasketak burura eramateko asmotan, Eusebio Osa zenaren gidaritzapean. Apaiz langileen sasoia zen, eta Teologia ikasketak egin bitartean, fabrika lanean jardun zuen. 70eko hamarkadaren hasieran utzi zuen erabat fraidetza. Tximist, Michelin eta BHn egin zuen lan. Martxoaren 3a barru-barrutik bizi izan zuen. Bizikleta fabrikaren etorkizun motzari igarri eta Euskal Filologia ikasketak burutu zituen Gasteizen (1986-1991), lanean eta ikasten. Ondotik, Osakidetzako bulego nagusietan Erakunde Zentralean jardun du lanean Gasteizen, Euskara Zerbitzuan itzultzaile. 1979an ezkondu zen, bi seme-alabaren aita da.
Arbizu: Umeak ginela, gaur UPNkoa izan zitekeen jendea bazen, baina haien maxima zen, “euskaraz, e!”. Garai hartan!
Principe de Viana: Erakundeak saria ematen zien euskaraz egiten zuten herriei. Euskaraz esanarazi ziguten dotrina. 7 urte nituen. Saria jaso genuen. Aurrezki libreta zabaldu ziguten, 150na pezetarekin, eta diploma eman ziguten. Gordeta daukat oraindik.
Oñati: Bizipen gazi-gozoa. Lanerako diziplina, batetik; zigorrak, bestetik. Libertaterik ez.
Gasteiz: Ilusio handiz etorri nintzen, Oñatiko giro itxitik irtenda. Hemen ezagutu nuen langile giroa.
Gasteizko fraidegaien komunitatea: Horixe, komunitatea. Gauak luze ziren, kontu kontari.
Fraidetza uztea: Gurasoei nola esan, horixe kezka. Esan, eta haien disgustua!
Lehen lana: Garoña inguruko urtegian jardun nuen, gauez. Zer zen hura! Erdi lotan! Hantxe ezagutu nuen errealitatea, baina egun gutxi egin nuen han.
Tximist: Burgosko prozesu garaian, Juanito Zelaiak berak –edo lantegiko arduradunak– agindu zigun lanari utzi eta kalera irteteko, protestan. Lan-hitzarmena sinatu behar zenean, berriz, eskuzabaltasunik ez zen.
BH: Michelinetik bota ninduten eta aste bat garreneko lana nuen BHn.
Martxoak 3: Sekulako borroka eta mugimendua. Baina laster ziren sindikatuak protagonismoa bereganatu nahian, eta desengainatu nintzen.
Euskal Filologia: Langile munduan ez nuen etorkizunik ikusten.
Osakidetza: Oso jende ona. Jubilatu aurreko despedidan zerbitzu zentraleko 200 lagun bildu ginen.
Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Altsasun autobusak egiten dituen enpresako administrazio kontseiluak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du asteazkenean. Langileen ordezkariek eskatu dute "benetako plan industrial" bat martxan jartzeko eta manifestaziora deitu dute, igandean Altsasun.
Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela” mehatxu egin zuten. Iberdrolako presidenteak ordea, zerga honek bere kontuetan “oso gutxi suposatzen duela” adierazi zuen duela aste bi. Bankuen... [+]
Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak Geoalcali enpresari potasa ustiatzeko emandako baimena, Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek jarritako helegitearen ondoren.
“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]
José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.
Altsasuko karrozeria enpresak hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu du eta aholkularitza baten txostenaren arabera, "pertsonala soberan dago". Uztailaren hasieran Volvorekin hitzartuta zuen kontratu bat bertan behera geratu zen eta enpresak finantziazio behar larriak... [+]
Mundu mailako ekonomiak gorakada nabarmena izan zuen COVID-19aren ostean. Orain, baina, gorakada hori agortze-fase batera heldu den zantzuak agerikoak dira, krisi klimatikoak nabarmen baldintzatuta: munduko potentzia nagusien ekonomiaren hazkunde-tasa murrizten ari da,... [+]
Ekainean jarri du martxan Bilboko Udalak Emisio Gutxiko Eremua, irailera arte isunak jartzen hasiko ez bada ere. Neurri horrek auto zaharren sarrera mugatuko du Bilboko zabalgune burgesera astelehenetik ostiralera. Hasiera batean 2000. urtea baino lehen matrikulaturiko... [+]
ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten... [+]
2023ko maiatzean iragarri zuten Volvo multinazionalak inbertsio handia egingo zuela Nafarroako Sakanako autobus enpresan. Orain, ordea, akordioa bertan behera gelditu dela adierazi dute bi enpresek.
Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]