Sagardoa kupelean eta botilan dastatzeaz gainera, sagarrak edari bihurtzeraino egiten duen ohiko bidea ezagutzeko aukera izango dute herritarrek Gipuzkoako sagardotegietan. Izan ere, sagardo esperientziak ekimena abiatu dute hainbat sagardotegik, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen laguntzaz.
Gipuzkoan gaude, Zerain herrian. Irukaketa-gain auzoan, kutsaduratik eta autoen zaratatik urrun, entzuten den hots bakarra txorien kantu goxoa den gune menditsuan dago Oiharte sagardotegia. Bertan Haritz Eguren dugu zain. 1984. urtetik Eguren familiak hartu du bere gain Oiharte; sagardotegiaren historiaren berri emango digu Haritzek, eta gaur egun sagardoa nola egiten duten kontatuko digu.
Baserria berritzen lan egin ostean, duela hiru urte ireki zituzten Oiharte sagardotegiko ateak, eta aurten proiektu berri bati ekin diote: bisita gidatuei. Uztailean hasi ziren bisitak egiten, urtarriletik urrira bitartean egiten dituzte, hots, sagardotegia irekia dagoen sasoian. Ohikoena sagardotegietara txotx garaian joatea dela nabarmendu dute, baina ez lukeela hala izan behar. Sagardoak zapore onena urtearen erdialdetik amaierara bitartean izaten duela adierazi digu Haritz Egurenek.
Sagastietan hasiko da sagardoaren munduan zehar egingo dugun bidaia. Sagarra nola biltzen den azaltzen dio Egurenek bisitariari, zein barietate dauden eta haiek zein motarekin egiten duten lan. Sagarra jada bilduta dutenez, garai honetan bisita egitera joaten den herritarrak ez du horiek jasotzeko aukera izango. Baina bilduta egongo ez balitz, herritarrak bilduko lituzke hainbat, sagardotegietan egiten den lanaren berri lehenengo pertsonan izateko. Sagarra hartzen den lekura eraman gaituzte jarraian, eta gero sagardoa makinarian sartzen den gunera. Handik bodegara bidean Maite etorri zaigu, Haritzen emaztea. Biek egiten dute lan sagardotegian, eta bisiten proiektuari ilusioz ekin diotela azaldu digute. Bideo bat jarri digu Maitek jarraian, Oiharteren historia labur-labur azaldu du ikus-entzunezkoak, eta era berean, familian eta egiten duten lanean murgildu du bisitaria.
Sagardo naturalaz egiten dituzte urteroko 40.000 litroak. Sagardotegi txikia direla nabarmendu dute, baina baita Euskal Herriko tradizioa haiena sentitzen dutela ere. Bi seme-alabak inguratu dira gero, Unai eta Irati txikia. Familia baten gerizpean sortutako sagardotegia dela argi geratu da. Kupelen inguruan dabiltza haurrak, haiek ere sagardotegian laguntzen dutela esanaz. Sagardoa dastatzeko aukera eskainita bisita amaitutzat eman dugu. Horrez gain, bisitaren amaieran gazta eta txistorra atera dizkigute berriketa lasaian giroaz eta inguruneaz gozatu ahal izateko. Baserrian bertan duten nekazal-etxea ere erakutsi digute.
Oiharte sagardotegiak bezala, haien lana erakutsi eta sagardoaren historiaren berri emango dute Astigarragako Petritegi eta Bereziartua sagardotegiek, Irungo Olak, Adunako Aburuzak eta Zabalak, Azpeitiko Añotak, Donostiako Calongek, Hernaniko Iparragirrek eta Aiako Satxotak. “Aspaldi ikusi genuen turismoaren sektorean sartzeko beharra. Azken finean, sagardotegiek betidanik egin diote ekarpena bertako bisitariari eta turismoari”, dio Amaia Zubeldia Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak. Inguruko lurraldeetan halako jarduerek izan duten “harrera bikaina” ikusita ekingo diote Gipuzkoako hamar sagardotegik bide berriari.
Jendeak txotxarekiko duen interesak piztu zien Gipuzkoako sagardotegiei proiektu berriari ekiteko grina. Txotx garaian, sagardotegietara bertaratzen den jende kopurua txotxaren berezitasunak erakartzen duela argi dute sagardogileek; horregatik, garrantzia eman eta herritarrei sagardotegietan sagardoa lortzeraino egiten den lana erakustea egokia iruditu zitzaien. “Eskaera ikusi genuen jendearen aldetik. Jendeak gustura hartzen du txotxa, eta kanpotik etortzen direnentzat ere oso erakargarria dela ikusi genuen, jendeari oso ohitura deigarria iruditzen zaio”, gaineratu du Zubeldiak.
Sagardotegi bakoitzak bere berezitasuna du. Kokapenagatik, lana egiteko eragatik, eta, oinarrian, familia ezberdinek osatzen dutelako. “Sagardotegi bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere balioak ditu. Batek ingurua izango du balore, besteak aldiz bodega izango du erraldoia, besteak antzinako dolarea. Bakoitzak bere berezitasunak ditu”, nabarmendu du Sagardogileen Elkarteko kideak. Beraz, sagardotegi guztiek oinarri bera izango duten arren, bakoitzak bere berezitasunen berri emango du.
Adibide garbia irekiera izango da. Urte osoan zehar sagardotegia irekitzen duten familiek urte osoan eskainiko dituzte bisitak, eta hori egiten ez dutenek berriz, txotx garaian irekiko dute soilik. Talde txiki zein handientzako izango dira bisitak, hori ere sagardotegiek erabakiko dute; batzuek gutxieneko taldeak jarriko dituzte, beste batzuek ez. Bisitak hainbat hizkuntzatan egiteko aukera eskainiko da; normalean, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez izango dira.
Gainera, sagardotegian egin litekeen bisitez gain, aukera asko eskaintzen dituzte Euskal Herria eta sagardotegien ingurua hobeto ezagutu ahal izateko. Sagardotegi batzuek nekazal-etxe izaera ere badutenez, kanpotik datozenentzat sagardotegi horiek ostatua eskainiko dute, baita hainbat museotara joateko aukera ere. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Sagardo Baserri Museora joatekoa, adibidez. Guztia erabiltzailearen interes eta nahien arabera egiten dute. Sagardotegiaz gain, sagardoarekin lotutako beste hainbat gauza ezagutu nahi dituenak badu hori egiteko beta.
Oiharte sagardotegian, adibidez, era guztietako taldeentzako bisitak antolatzen dituzte. Horregatik, Euskal Herritik kanpo datozen taldeen beharretara moldatzen dira bisitak. Ibilbidean zehar informazioa euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta frantsesez eskaintzen dute. Gainera, Oiharten bertan 2000. urtetik duten nekazal-etxean gaua pasatzeko aukera eskaintzen dute. Sei gelatan hamabi pertsonari ostatua eskaintzeko aukera dute, giro goxo eta lasaian.
Oiharten lau bisita mota eskaintzen dituzte. Aukeretako bat honakoa da: bisita gidatuaz gain, Ordiziako D’elikatuz Interpretazio Zentrotik Igartubeiti Baserri Museora irteera egitea, bertako XVI. mendeko dolarea ikusteko; edo Idiazabalera irteera, bertako Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroan bisita gidatua egiteko. Ondoren, Ondramuño baserrian, Aranburu familiak gazta nola egiten duen erakusten du.
“Helburua da jendeari erakustea sagardoak Euskal Herrian izan duen garrantzia”, adierazi du Amaia Zubeldiak. Horregatik, sagardotegiak turismora egokitu nahi dituzte, bertako nahiz kanpoko bisitariei ateak zabalduz. Eskaintza bereziak egiten dituzte jada sagardotegiek. Astigarragako Petritegi sagardotegia izan zen halako eskaintza bat egiten lehena. Duela urtebete inguru hasi zen, eta hasieran gaueko bisitak eskaintzen zituen adibidez. Gaur egun, familia osorako turismoa eskaintzen du sagardoari lotuta; haurrentzako tailerrak antolatzen ditu, besteak beste.
“Sagardoaren ibilbidea sortu nahi dugu eta bertan eskaintza ezberdinak egin nahi ditugu”, argitu du Zubeldiak. Jendea Euskal Herrira etortzean harrituta geratzen omen da: “Sagardoa badago munduan, baina hemen dugun ezberdintasun nabarmenena txotxa da eta munduan hori egiten dugun bakarrak gara”. Txotxa zer den erakusteaz gain, sagardoak bere baitan duen historiaren berri eman nahi dute bisita gidatuek. Sagardoa eta sagardogintza euskal kulturan garrantzitsuak direnez “euskaldunon identitatearen” parte dela azaldu nahi dute. “Garai batean izan zuen garrantziaz ohartarazi nahi dugu jendea, bai kanpokoa eta baita bertakoa ere. Hemen askotan ez baikara ditugun balore eta ondareez jabetzen”.
Produktu berria gizarteratzeko asmoz, turismo agentziekin jarri da harremanetan Sagardogileen Elkartea. “Gure helburua ez da jendea sagardotegira etortzea bakarrik, etortzen denean hemen inguruan gera daitekeela azaldu nahi diogu bisitariari”. Hala, eskualdeko garapen agentziekin ari dira lanean. Esaterako, informazio turistikoa ematen dute sagardotegietan, eta denda bat ere jarri dute sagardotegi guztietan, produktua salgai izateko.
“Orain, zer gertatuko den ikusi nahi dugu, jendeak zer esaten duen, zer eskatzen duen, eta gu behar horietara egokituko gara”, zehaztu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak. 2013 urtea sagardotegietako ateak parez pare zabalik izanda ekin diote, eta hala irautea espero dute.
Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.
“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.
Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]
Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]
Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko... [+]
Ekainaren 17an egin zuten Sagarno Eguna Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsuaren ondoren, iaz berreskuratu zuen ekimena Baleak elkarteak.
Aurtengo festan egon da nobedaderik: Zazpi herrialdeetako Sagarno Eguna izan... [+]
Larunbat honetan sagardo eguna eginen dute Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsua eta gero, iaz berreskuratu zuen ekimena Balea elkarteak.
Egunotan ikusgai dago Sagardoaren ibaiak, bizitza iturri erakusketa Hernanin. Urumea eta Oria iraganean burdinari, ontzigintzari eta merkataritzari loturiko ibaiak izan zirela ikus dezakegu haren bidez.
Martxoaren 14an beltzez jantzitako emakumeek hartuko dituzte Hernaniko kaleak. Ekintza honek sagardotegi boladan ugari izaten diren eraso sexisten aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministaz erantzuteko deia egingo du.
Zuberoa, Nafarroa eta Lapurdiko sagargilez osatutako Eztigar kooperatiba bere egoitza zabaltzen ari da Donaixti-Oztibarren, sagardoaren kultura Iparraldean ere indartzen ari den seinale.