Bizkarroien azken erresumak

  • Egun hamar monarkia daude indarrean Europan. Botere politikoa galduta ere, herritarrek oraindik garesti ordaintzen dituzte errege-familiak, eta krisialdi betean, errepublika sekula baino tentagarriagoa da. XX. mendean abolitutako monarkiei begiratu diegu, XXI. mendean abolituko direnen itxaropenez.

Franco hil eta bi egunera, 1975eko azaroaren 22an Juan Karlos I.a Espainiako erregea izendatu zuten. Borboiek bi aldiz galdu dute Espainiako tronusa, eta bitan berreskuratu.
Franco hil eta bi egunera, 1975eko azaroaren 22an Juan Karlos I.a Espainiako erregea izendatu zuten. Borboiek bi aldiz galdu dute Espainiako tronua, eta bitan berreskuratu.Casareal.es

XX. mendearen hasieran, Erresuma Batuko Viktoria I.a erregina (1819-1901) hil zenean, monarkiak Europako mapa ia osoa estaltzen zuen. Soilik hiru errepublika zeuden orduan kontinentean: Frantzia, Suitza eta San Marinoko estatu koskorra. XX. mendea amaitzean hamar monarkia baino ez ziren geratzen (gaur egun indarrean dauden berberak): Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Espainia, Herbehereak, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia eta Suedia.

Portugalgoa izan zen XX. mendean erori zen lehen monarkia. Zenbait eskandalu politiko eta finantzario medio, eta kolonietan jasandako porrotek bultzatuta, monarkia portugaldarraren prestigioak nabarmen egin zuen behera XIX. mendearen azken urteetan. 1908ko otsailaren lehenean, errepublikazaleek Karlos I.a erregea eta printze erregegaia hil zituzten Lisboako kaleetan. Erregearen bigarren seme Manuel II.ak hartu zuen tronua orduan. 1910eko urriaren 4a bitartean erreinatu zuen, iraultzak errepublika aldarrikatu eta erregea Ingalaterrara ihes egitera behartu zuen arte.

Lehen Mundu Gerra errepublikarra

Gerra Handiak eman zien ordurarteko kolperik handiena errege familia europarrei. 1918an Errusia, Alemania, Austria, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania, Montenegro... errepublika bihurtu ziren.

Frantziako edo Portugalgo iraultza errepublikazaleetan bezala, sobietar iraultzaileek ere monarkia zirt edo zart ezabatu zuten, errege familiako kideak hilez. XIX. mendearen amaieran erregimen tsarista nahiko ahuldua zegoen berez. 1904-1905ean Japoniaren aurkako porrotak tsarraren arazoak areagotu zituen, eta Lehen Mundu Gerrak herritarrengan eragindako sufrimenduak kitoa eman zion Romanov dinastiari. 1917ko martxoan iraultzak tsarra abdikatzera behartu zuen, baina hurrengo urtean familiako kide guztiak tiroz hil zituzten, badaezpada –eta hala ere, Anastasia printzesa bizirik zegoeneko mitoak bizirik iraun du urte askotan–.

Alemaniara ere Gerra Handiak ekarri zuen errepublika. Alemaniar Inperioa 1871n sortu zen, Prusiaren hegemoniapean, eta lau hamarkadatan munduko potentzia nagusietakoa izan. Baina gerra galtzeak iraultza ekarri zuen, eta iraultzak Gillen II.a kaiserraren abdikazioa. Haren familiak Hohenzollern etxeak Erdi Arotik ordurarte erreinatu zuen Brandenburg-Prusian. Eta erregimen inperiala desegiteak ez zion soilik kaiserrari eragin; inperioko 22 erregek, duke handik, dukek eta printzek galdu zuten tronua 1918an. 

Espainiako Borboi tematiak

Frantziako Borboiek burua galtzeko joera dutela dirudi. Luis XVI.ak gillotinan galdu zuen, eta Frantziako monarkiazale apurrentzat haren oinordeko izan beharko lukeen   Cadizko eta Anjouko duke Alfontsok eski istripu batean, 1989an. Espainiako Borboiek, aldiz, itzultzeko joera dute. Espainiako Borboiak dira tronua bi aldiz galdu eta bitan berreskuratu duten bakarrak. Espainiako Lehen Errepublika 1873an  aldarrikatu zen, baina hurrengo urtean Alfontso XII.a Borboikoak jantzi zuen koroa. 1931n aldarrikatu zen errepublika bigarrenez. Alfontso XIII.a abdikatu gabe joan zen erbestera. Franco hil eta gero, ustezko demokraziarako bidean, Espainian monarkia berrezarri zen, eta diktadoreak oinordeko izendatutako Juan Karlos jarri zuten tronuan.

Eta berriro gerra...

Bigarren Mundu Gerrak ere uholde errepublikazalea ekarri zuen Europara, Lehenak baino modu apalagoan egin arren. Gerra amaitzean Islandia, Jugoslavia eta Albania monarkiatik errepublikara igaro ziren, baita Italia ere.

Italia 1861ean izendatu zuten erresuma ofizialki, Saboiako etxeak penintsulako lurraldeak bateratu zituenean. Benito Mussoliniren diktadurak (1922-1943)  instituzio monarkikoa errespetatu zuen, baina Bigarren Mundu Gerrako porrota zama handiegia izan zen koroaren prestigioarentzat. Dinastia salbatzeko azken ahaleginean, 1900dik errege izandako Viktor Manuel III.ak Hunberto II.a semearen alde abdikatu zuen 1946ko maiatzaren 9an. Ekainaren 13an, herritar gehienek monarkiaren aurka bozkatu ondoren, Hunberto II.ak Italiatik alde egin zuen.

XX. mendean erori zen azken erregimen monarkikoa Greziakoa izan zen. 1967ko abenduan batzorde militar batek Konstantino II.a herrialdea uztera behartu zuen. Batzordeak plebiszitu batera deitu zituen  herritarrak 1973an, eta hauek monarkiaren aurka bozkatu zuten. Errege-familiak bost urte zeramatzan erbestean, baina orduantxe  aldarrikatu zen errepublika Grezian.

Errepublika lortzeko formula

Esan bezala, Europan hamar monarkiek iraun dute gaurdaino (horietatik hiru eragin gutxiko printzerri  txikiak badira ere: Liechtestein, Luxenburgo eta Monako). Hamar herrialde horiek monarkia demokratikotzat jotzen dute beren sistema, monarkia eta demokrazia guztiz bateraezinak direla ahaztuta. Monarkia, definizioz, instituzio erabat antidemokratikoa da, egungo errege-erreginen funtzioa geroz eta lausoagoa izan arren. Monarkia absolutisten garaia aspaldi pasa zen Europan, eta errege-erreginen botere politikoa murriztuz joan da. Zenbait herrialdetan batasun nazionalaren sinbolo moduan erabili nahi izan dituzte monarkak, nazionalismo arazo konplexuak dituzten estatuetan, bereziki: Espainia, Erresuma Batua, Belgika... baina helburua betetzen dutenik ezin esan. Bestela, ordezkari diplomatiko edo protokolo figura hutsera mugatzen da monarkien funtzioa. Eta ezer gutxi egiteko, oso garesti ateratzen dira.

Atzera begira, monarkia abolitzeko formula nahiko sinplea behin eta berriro errepikatu dela ikus daiteke: herritarren sufrimenduak (gerrak, krisialdiak...) eta monarken luxu eta pribilegio abusuak monarkia, definizioz, antidemokratikoa izateaz gain, luxuen eta pribilegioen abusua ere bada) bat egiten dutenean errepublika ate joka dator. Hala gertatu zen Frantziako Iraultzan: uzta txarrek eta kudeaketa kaxkarrak gosea eta sufrimendua ekarri zieten herritarrei, Versailleseko gortean gehiegikeria nagusi zen artean. Eta egun antzeko egoeran egon gaitezke: krisialdi ekonomikotik ezin irten dabiltzala, herritarrek instituzio anakroniko, absurdu, garestia ordaindu behar dute. Eta errege-erreginei kontuak eskatzen hasi dira.

Joan den udan The Washington Post egunkariak Europako monarkiak gogor kritikatu zituen. Eta datu interesgarriak eman zituen errege-familiek nolako dirutza xahutzen duten jakiteko. Egunkari estatubatuarraren arabera, Herbehereetako monarkia 48,5 milioi dolar kostatzen da urtean, eta Erresuma Batukoa 47 milioi. Zifra ofizialek diote Espainiako errege-familia mantentzea 11 eta 12,3 milioi dolar artean kostatzen zaigula, besteak beste, Hego Euskal Herriko herritarroi. Baina The Washington Postek zalantzan jartzen du kopurua. Errege-familiaren gastuak beste sail batzuetara bideratzen direla dio, hala nola Defentsa Ministeriora edo goi karguen segurtasunerako aurrekontura.

Non dago amildegia?

Beraz, badirudi egungo egoerak aboliziotik gertuago  jar ditzakeela Europako azken monarkiak. Baina, amildegitik zer distantziara daude? Espainiakoa, adibidez, modu arriskutsuan hurbiltzen ari da azkenaldian, Noos auziari, erregearen osasun arazoei edo Botswanako elefanteei esker. Erresuma Batukoari aldiz, badirudi iazko errege ezkontzak eta Kate Middletonen haurdunaldiak arnasa eman diotela; prentsa arrosa monarkiaren aliatu fidela da.

Azken 40 urteetan ez da monarkiarik abolitu Europan. Gillotinarekin hasi zena, erreferendum bidez erabaki da azken aldietan. Datozen urteetan beste koroaren bat erortzen ikusiko al dugu? Eta zer formula erabiliko da azken bultzadatxoa emateko?

Beste Urdangarin batzuk

1976an Herbehereetako Bernhard printzeak (Beatrix I.a egungo erreginaren aitak) 1,1 milioi dolarreko komisioa jaso omen zuen herrialde horretako aireko indarrak Lockheed konpainiaren hegazkinak erosiko zituela ziurtatzearen truke. Haren emazte eta orduko erregina Juliana

2009an Beatrixen ahizpari, Kristina printzesari egokitu zitzaion egunkarietako titularrak betetzea. Kristina Orange-Nassauk zergak saihesten zituen Guernsey zerga paradisuko sozietateen bidez arituta. Afera argitaratu zenean, printzesak Herbehereetako sozietate batera transferitu zituen jarduerak eta, horrenbestez, berriro ere, delitua epaitegietatik pasa gabe geratu zen.

Alboko erresuman, Alberto II.a Belgikakoaren seme Laurentek piztu zuen eskandalua. Etxean egindako lanengatik 15.000 euro ordaindu behar zituen eta faktura Errege Armadari sartzen saiatu zen –urtero Estatuak ordaintzen dion 300.000 euroko diru saria ez da nahikoa, nonbait–. Aitak publikoki barkamena eskatu zuen eta, horri esker, epaileek ezikusiarena egin zuten.

Erresuma Batuan “bihotzeko” eskandaluek oihartzun handiagoa izan arren, diru edo zerga delituak erabat estaltzea ez dute lortzen. Elisabet II.a erreginak 1992. urtea annus horribilis gisa definitu zuen: Diana eta Karlosen arteko liskarrak, Windsor jauregian izandako sutea… Eta iritzi publikoa errege finantzak zalantzan jartzen hasi zen. 1993an, erreginak lehenengoz ordaindu zuen errentaren gaineko zerga. Baina errainek ez zioten asko lagundu errege familiaren irudia hobetzen: Eduardo printzearen emazte eta Wessexeko kondesa Sophie Rhys-Jonesek noblezia tituluak bere enpresarentzako bezeroak erakartzeko erabiltzen harrapatu zuten, eta beste horrenbeste egina zuen Sarah Ferguson Yorkeko dukesak.

Azken eskandalu zantzua Eskandinaviatik etorri da. Berriki, Aftonbladet egunkari suediarrak Chris O’neill enpresaburua izan du jomuga. Suediako Magdalena printzesaren senargaia Noster Capital enpresaren jabe da, eta egunkariaren arabera, enpresaren egoitzak Kaiman uharteetako eta Delawareko paradisu fiskaletan daude, zergak saihestu ahal izateko. Bikoteak iragarri du 2103an ezkonduko direla, beraz, O’neill ez da oraindik ofizialki errege familiako kidea, baina dagoeneko egunkariaren akusazioak gezurtatzeko adierazpenak egin izan behar ditu. Eta gainera, Suedian negoziorik ez duela egingo agindu du, “faboritismo susmoak saihesteko”. Zauria egin baino lehen sendatzen saiatzeak nahikoa susmagarria dirudi, bada.

Urdangarin eta enparauak sagar ustel bakanak direla saltzen ahalegintzen diren arren, eskandalu hauek guztiak icebergaren tontorra baino ez direla dirudi, eta izozmendiaren zatirik handiena ezkutuan gordetzen dutela lege immunitatearen eta mendeetan arpilatzen metatu duten esperientziaren laguntzaz.

Tronurik gabeko printzesen bizkarroikeria: Irene Greziakoa

Herrialde bateko monarkia abolitzeak ez du esan nahi errege familiak pribilegio guztiak galtzen dituenik. Aitzitik, haien arteko odol loturak medio, oraindik indarrean dauden gorteetan parasitatzeko aukera izan ohi dute. Horren adibide da Irene Greziakoa eta Danimarkakoa, Konstantino II.a Greziako errege kargugabetuaren arreba, Sofia Espainiakoaren ahizpa. Eta adibide gisa aukeratu dugu, hain zuzen, prentsak Irene deskribatzeko erabili ohi dituen adjektiboengatik: “desberdina”, “errebeldea”, “karitatetsua”, “hippya”…

Schleswig-Holstein-Sonderburg-Glücksburg etxeko printzesa 1967an joan zen erbestera, familiarekin batera, 1993an 900.000 euro jaso zituen “kalte-ordainetan”, Europako Giza Eskubideen Gorteak errege familiak Grezian zituen ondasunak bahitu izana legez kanpokoa izan zela erabaki zuenean. Kopuru horren zati bat musikari gazteentzako bekatara bideratu zuen; obra on hori behintzat onartuko diogu, Irene “desberdin” egiten duten beste daturen baten faltan.

Mundo en Armonía fundazioaren sortzaile eta presidente, erakunde horren izenean inoizko proiektu tamalgarrienetakoa abiatu zuen. Indian egonaldi luzeak egin ohi ditu eta, hala, bertako kultura asko maite eta ederki ezagutzen omen du. Omen. Herrialde horretako elikadura arazoek sentiberatuta, Indiara esne behiak bidaltzea erabaki zuen. Baina esne kuoten araudia medio, Europar Batasunak behiak bizirik esportatzea debekatu zion fundazioari. Eta horrenbestez, behiak sakratuak diren herrialdera hildako animalia andana bidali zuen printzesa solidarioak. Gutxienez fundazioaren egoitza lortzen ez zuen diru galerarik izan. Proiektu iraingarria kudeatzeko Alfonso Escámez Banco central Hispanoko presidente ohiak bulego bat utzi zion –Escámezi “erregearen bankaria” esaten zioten–.

Etxebizitzan ere Irenek ez du gastu handirik, jauregi batean bizi arren. 1981ean ama hil zitzaionetik Madrilgo Zarzuelan bizi da, ahizparekin batera, alokairurik ordaindu gabe –edo, hobe esanda, herritarrek ordainduta–. Eta Espainian legalki inolako titulurik ez badagokio ere, praktikan “Berorren Errege Gorentasuna” tratamendua ematen zaio printzesa “xumeari”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


Guardianeko langileek mobilizazioekin jarraituko dute, instituzioen “promesa faltsuen” aurrean

Asteazkenean ekin zion Laudioko enpresak labea hozteko prozesuari, Eusko Jaurlaritzako teknikarien bermearekin. Langileak haserre eta "engainatuta" azaldu dira erakundeen jarrerarekin: "Gu babestera joan eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon"... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


2025-01-29 | Julene Flamarique
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei

Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.


Hezkuntza sailari

Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.

Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


2025-01-27 | Ahotsa.info
EH Baterak Aberri Egunean erabakitzeko eskubidea modu bateratuan aldarrikatzera deitu du

Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]


2025-01-27 | Behe Banda
barra warroak |
Lehen aldiak

Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.

Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela... [+]


Donostiako kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude