Abenduaren 15ean eman zuen azken hatsa Joxe Agirrek, 83 urte zituela. 60 urte pasatsu egin zituen plazaz plaza azpeitiarrak, eta txapeldun handienetakoa izan zen, txapelik sekula jantzi ez zuen arren. Bere gertuko bertsolarien hitzek joan berri den pertsona eta bertsolaria ekarri digute.
Guri zuka egiten zigun Joxek, eta hori ez da hain ohikoa Izarraitzpean, are gutxiago hizkuntzaren pikardia hitanoan deklinatzen ohitua dagoen pertsona baten baitan, baina guri zuka egiten zigun Joxek, eta hurbiltasun keinu bat bezala hartzen nuen nik.
Logika existentzialetatik aparte bizi zen Joxe, zaharrago eta jolastiagoa egina zegoen, aurpegian kattagorri bat ari zitzaion azaltzen, eta Oranda ez da Urepele, baina hura ere nahiko mendi hegaletan gora dago, ongi bihurritutako bidean, baina hark ez zuen plazara jaistea beste irrikarik, kamino hartan brea botata zegoen.
Bertsotan egin nahi zuen Joxek, eta hil arte borrokatu du horretarako, inguruko guzien kontra, zaharturik ere jolasteko gogoa manifestatzen zuen. Ezin bizitza bati gehiago eskatu, jolasaren frenteko lehen lerroan hil da Joxe.
“Joxe, izan al zera inoiz Amerikan” jarri zioten puntua duela ez asko Mallabin. “Hori oso urruti dago hamendikan” hasi zuen erantzuna, eta hor bukatu balu ere aski zuen. Joxe Agirreren bertsokeraz zerbait idazteko eskatu didate eta hamairu silaba horietan antzeman daitezke bere ezaugarririk nagusienetakoak: bizkortasuna eta egokitasuna. Bat-batean, braustakoan eta soinu handiegirik atera gabe hain zehatz erantzuten bakarra zen. Bestalde, Orandaren bertsoa aisa eta gozagarri sartzen zen belarrietan, besteak beste, berak ere belarria gidari zuela botea izaten zelako. Hoskidetasuna inork gutxik bezala zukutzen zekien eta bertsoak, niretzat behintzat, duen alderdirik ederrenetakoa hori da. Maisu zen aditzak jokatu, hitzak deklinatu eta hizkuntza behartu gabe, hoskidetasunari tiraka eta muturreraino eramanaz, nahi zuena adierazten.
Zestoan beste behin, aspalditxo, baina Joxe mutil koxkorra ez zela ordurako belaunetako ajeak hasiak baizitzaizkion, beste honako puntu hau jarri zioten: “Joxe zer moduz zabiltz, belaunetatikan?” eta honakoa izan zuen erantzuna: “atzera geratzen naiz lagunetatikan. Asko bajatu gera garai batetikan, ta zu adarra jotzen aldamenetikan.” Propio idatzi dut dena jarraian eta ez lerroz lerroko moldean, bertso hori hitz-lauz ari balitz bezain egoki jasotzen dela ohar gaitezen. Izan ere, Joxeren estiloa hitz bakarrera ekarri behar banu, “ezkerreko bertsoa” egiten zuela esango nuke. “Eskuineko bertsoa” deitzen diot errima-hitzak pisu handia duen bertsoari. “Eskifaia” hitza badugu errima bat, haren aurretiko esaldian bota daitekeena oso da mugatua. “Dago”rekin errimatzen badugu aldiz, aurretik ia geuk nahi duguna esateko moduan gaude. “Eskifaia” errimatzen duen bertsoak pisua eskuin aldera hartzen du derrigor, esaldiaren amaieran, eta “dago” errimatzen duenak ezkerraldean, esaldiaren hasieran.
Guztiok osatzen ditugu ezkerreko eta eskuineko bertsoak. Baina Joxek sena berezia zuen karga esaldiaren hasieran jartzeko. Zestoako bertsoari erreparatuz gero, ez da munduan errima-zerrendarik “belaun- lagun-garai bat eta aldamen” batzen dituenik. Orandak ordea egoki josi zuen bertsoa eta ondo azaldu esan nahi zuena. Laburbilduz: gutariko askok, errima-hitza hautatzen dugu eta gero hara iristeko, esan nahi genukeenera gehien hurbiltzen dena esaten saiatzen gara. Joxek, esaldia hasi, nahi zuena esan eta gero gainera, errimatu egiten zuen.
Ziur nago hau berak irakurri izan balu, irribarre egin erbinude begirada zorrotza leuntzeko, eta honelako zerbait erantzungo lidakeela, buruari ezezkoan eraginez: “ Ez dakit ba… Nik ere gehiagotan entzun behar izaten dut nahi ez dudana, nahi dudana esan baino”.
Oso oker ez banago, bazen “axari axiantea” antzerki obra. Ba, horrelako izaeraduna genuen Joxe Agirre: axioak, azioak, akzioak… ziren bere jardunak natural egiten zituenak eta bere jarduna natural egiten zutenak.
Oranda baserrian jaio eta malkar maite haietan lanean, giharrak sendotutako baserritarra genuen Joxe, harrobiko lan ez askoz arinagoak eta bertsoteak uzten zion tartea baliatuz. Lana maite zuen eta gustura sentitzen zen hartan (gustuko tokian aldaparik ez!), agian horregatik, nire gisara berandu ibiltzen zen fama zeukan “Gaur ere izango dik txahalen bat jaiotzen edo… Bazeukak behi alu bat urtean dozenerdi txahal egiten dizkiona… nonbait” entzun nion bere bertsokide kuttun bati.
Baina, berandu abiatu arren, joandako lekuan berea eman gabe ez zen itzuliko, ordea. Beti erne; beti lagunak zer esango zain eta erantzuna prest! Gutxi barkatzen zuen Joxek, esan nahi baita, ustekabeko irristadarik ezdeusena ere aski zuela ziria sartzeko. Horretan zen axaria; axari bihurria; ez, zuk daukazun hoberena kenduta uzten zaituena, ziria sartu eta ekarpen bikaina eginda aberasten zintuena baizik. Berea egin eta egiten uzten zizun lagun argia, garbia eta gauzak beren gordinean maite zituena. Esateko modu bereziak eta berezkoak, gordin esana gordinkeriatik babestuz. Txapelketa nahiz txapelik gabe puntakoek haina saio egiteko eskaria izaten zuen, bertsozaleek maite eta estimu handiz zutenaren seinale. Eta bere estiloan hain zorrotz eta lehiakor, bertsotan gutxik jarduten zuenaren froga dira, hainbat bertsolari gaztek Joxeren bertsokera hautatu izana eredu edo eskuratu nahiko zukeen desio modura.
Ez horrek, ez izenak, ez ikasketek, ezerk ez zuen kikiltzen Joxe kantuan hasitakoan. Eta gehienean, zuku majoa atera gainera lagunaren tituluei eta balizko jakinduriari. Emakumezkoak bertsotan plazan topatzean ere, nahiz eta adinean aurrera harrapatu zuen Joxe, adineko bertsolarietan gutxiena berari eragin ziola horrek, esango nuke. Nola gai jartzaile hala bertsokide, emakumezkoak izanda ere, hark ez zuen aldatu bere axari estiloa eta, parean tokatzen bazen, ziria sartuko zion konturatzerako.
Puntu erantzun bizi-biziak eta, ia beti, esaten zuenarekin erdiz erdi asmatzen zuelako, bidenabar puntu jartzaileari adar jotze dotoreak eginez, zaleek asko maite zuten axari izaera zen berea. Behin Joxerra Gartziak jarritako puntu hauek adibide:
J. Gartzia: Ez dago egoterik
beti egonian,
J. Agirre: horregatik ai gera
hemen jardunian
baina kezka bat badut
nere barrenian
latoso galanta dut
gaur aldamenian
J. Gartzia: Igual igualak dira
Holanda ta Oranda,
J. Agirre: xelebria izan da
zure propaganda
Izarraitz haitz onduan
ni jaio nintzan- da…
Holanda berriz dago
urrutira juanda.
Errimak ere bere bereak zituen eta beste inork ez bezala erabiltzeagatik hain bereak ere: osasuna, behazuna, behartzuna, didazuna…
Badu eta izango du jarraitzailerik gure axariak; badu eta izango duelako tokirik haren bertsokerak. Ia utzi digun hutsunea, erakutsi eta eman digunaz baliatuz, lehenbailehen betetzen asmatzen dugun plazetan!
Uztapide ta Basarrirekin,
Lazkanorekin sarritan.
Egañarekin, Euskitzarekin,
Lujanbiorekin zirikan.
Amuriza zein Uriarekin...
bost belaunaldiren zitan...
zaharra berri egi bihurtuz
historiaren begitan.
Ehun plaza bueltan eginez, Joxe,
aze urte sail itzela
aurpegietan hainbat irrifar
margotutako pintzela.
Beti zeuretik beti zeurean
erakutsiaz horrela
Txapelketatik kanpora ere
bizitza badagoela...
(Ta zergatik ez, igual bizitza
kanpoan dagona dela).
Hizkuntza nondik bihurrituko,
Agirrek zenbat zezakeen
mamiari ze estutu aldiak
finenetik erasaten.
Dohain horiek bertsolaritzan
nonbait bakanak izaten...
Ondorengooi kostako zaigu
zuk aina egi esaten.
Ez ustekotik ez ustekora
mago izatera iritsia,
bertsoeroko galdera huen
orain non dauka untxia?
bertsolaritzan aro polit bat
Joxe hik diguk itxia,
Txirritak zuen dotriña hartako
azkenengo harri bitxia.
Hire barruko txinpart bakoitza
azaltzen huen mingainez
dotore jantziz ziri zorrotzez
eta esaldi apainez.
Orain zaleon begietatik
malkoak egin dik gainez
hainbat urtetan eman diguken
gozamenaren ordainez.
Mendi gaineko arnas freskoa
kutsatu gabeko haize,
horregatikan ginuan beti
hire bertsoaren gose.
Nahiz oraindikan guk gehiago nahi
ezin ginelako ase
egin dukanak ez dik izenik
MILA MILA ESKER JOXE.
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.