Arnasten dugun airea, legezkoa bezain kutsatua

  • Aspalditik dugu airearen kutsadurak gure osasunari egiten dion kalteen berri, eta zenbat eta gehiago dakigun, argiago geratzen da kalte horiek uste genuena baino are larriagoak direla. Hala ere, Europar Batasunean, eta ondorioz Euskal Herrian, indarrean dagoen legediak ez dio ebidentzia zientifikoari behar beste jaramon egiten, eta bai kutsatzaileen interesei.

Trafikoa da aireko kutsaduraren jatorri nagusia.
Trafikoa da aireko kutsaduraren jatorri nagusia.

Hego Euskal Herriko biztanleok ondo ikasia dugu gure erakundeek noizean behin gogorarazten diguten leloa: arnasten dugun airearen kalitatea ona da. Begira, esaterako, Ihobek –EAEn ingurumenaz arduratzen den sozietate publikoak– aurtengo urriaren 10ean zer zioen: “Airearen kalitatea ona da Euskadin, eta lasai har daiteke arnasa”. Nola ezkondu hori Kataluniako La Vanguardia egunkariak aste bi lehenago emandako izenburu honekin?: “Txosten batek erakusten du europar airea arnasteak bizitza laburtzen duela”. Euskal Herrian biriketara sartzen dugun airea ez da europarra, apika? Ala La Vanguardiak aipatutako txostenaren egileak gezurretan ari dira? Ez bata eta ez bestea, sinpleagoa da erantzuna: gure erakunde publikoek “kalitate oneko airea” esaten dute “legearen barruko airea” esan behar luketenean.

Europar Batasunak asmoa du heldu den urtean airearen kalitateari buruzko legedian aldaketak ezartzeko, baina gaur-gaurkoz 2008/50/EC zuzentarauan jasota dago zein substantzia kutsatzaile neurtu behar den, zeintzuk diren substantzia horien gehienezko balioak, eta zein datetatik aurrera debekatuta egongo den balio horiek gainditzea. Zuzentarau hori 90eko hamarkadaren erditik egindako beste bosten batura da, eta Ekologistak Martxanen iritziz “atzerapauso handia da, ezartzen dituen gehienezko balioetako batzuk Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoak, eta are okerrago, aurrez zegoen legediak ezarritakoak baino handiagoak direlako”.

Ekologistak Martxanek Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2011n txostena argitaratu zuen urri hasieran, eta ondorioa ezin kezkagarriagoa da: Estatuko biztanleen %94k kutsatutako airea arnasten du. Paco Segura txostenaren egileetako batek dioenez, urtez urte errepikatzen dira datu txarrak, baina ez da konponbiderik jartzen. Aitzitik, egoerak okerrera egin du, Ekologistak Martxanek egindako azken hiru txostenen ondorioei sinestera: 2009an, herritarren %79 zen kalitate txarreko airea arnasten zuena; 2010ean, %90.

Europar legediak kutsatzaile ugari hartzen ditu kontuan, baina Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2011n txostenak horietako bosti buruzko datuak besterik ez ditu biltzen. Zabalduen dauden bostak, hain zuzen. Eraginkortasunagatik egiten dute, Seguraren esanetan; substantzia guztiak aipatuz gero, txostena nahaspila ulertezina litzateke. “Beraz, arazo gehien sortzen dituztenez hitz egiten dugu. Beste batzuek leku jakinetan bakarrik ematen dituzte balio txarrak”.

Bost substantzia horiek nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), ozono troposferikoa (O3) eta PM10 eta PM2,5 partikulak dira. Lehenbizikoaren kasuan izan ezik, 2008/50/CE zuzentarauak baimentzen dituen gehienezko balioak OMEk gomendatutakoak baino handiagoak dira. “Ia substantzia guztiekin gertatzen da gauza bera”, azaldu digu Paco Segurak; “NO2-arena izan zen  ezarri zen lehen mugetako bat, 2001ean, baita OMEren gomendioekin bat eginez ezarri ere. Baina konturatu ziren horrek legedia betetzea zailtzen zuela, eta ordutik gero eta muga zabalagoak ipini dituzte, herritarren osasuna gutxiago babesten dutenak”. Hurrengo orriko koadroan ikus dezakezue Europar Batasuneko legediaren eta OMEk gomendatzen duenaren arteko aldea.

Osasunaren babesa ez da lehentasuna

Ekologistak Martxanen txostenak azpimarratzen duenez, europar legediak honela definitzen du substantzia batentzako muga-balioa: “Zientziaren ezagutzaren arabera ezarritako gehienezko maila, pertsonen osasunari eta ingurumenari kaltea eragozteko, prebenitzeko edo murrizteko xedez ezarria”. Kontuan hartuta zientziaren ezagutza batik bat OMEk eskatuta egiten diren ikerketetan jasota dagoela, argi geratzen da distantzia handiegia dagoela teoriaren eta praktikaren artean.

Beharbada PM partikulen adibidea da adierazgarriena: PM10-en kasuan –hamar mikra baino txikiagoak eta 2,5 mikra baino handiagoak direnak–, aurreko legediak (1999) epe bi aurreikusi zituen, bata 2005etik aurrera betetzekoa, 2010etik aurrerakoa bigarrena. Lehenengo epean, urte bateko batez besteko balioa ezin zen izan metro kuboko 40 mikrogramo baino handiagoa. Gainera, eguneko muga-balio bat zegoen, 50 mikrogramokoa, urtean 35 aldiz baino gehiago gainditu ezin zitekeena. Bigarren epean, baldintzak askoz zorrotzagoak izan behar ziren, OMEk gomendatutakoarekin bat eginik: urteko batez bestekoa erdira jaitsiko zen (hogei mikrogramo metro kuboko), eta egun bakarreko 50 mikrogramoen muga ezin izango zen urtan zazpi aldiz baino gehiagotan gainditu, hau da, lehen fasean baino bost aldiz gutxiago. Azkenik, ordea, 2008/50/CE zuzentarauak lehen epeko balio berberak mantendu zituen bigarrenerako.

“Badirudi oreka modukoa bilatu nahi dutela”, dio Paco Segurak, “alde batean dago osasunaren babesa, eta bestean zenbait gobernuk eta enpresak egiten duten presioa”. Azken horiek neurri gogorregiak hartu behar ez izateko muga-mugan leudeke, hartara, legeak ezarritako balioak. Europar Batasunean industriaren lobbyek duten presio-gaitasun ikaragarria gogorarazi nahi du Ekologistak Martxaneko kideak.

PM2,5, arriskutsuenak

Azken urteetan argitara eman den ikerketa askotxok aditzera ematen duenez, PM partikulak dira aireko kutsatzaileetan kaltegarrienak, industria mota jakin batzuek igortzen dituzten dioxina, furanoak... aparte utzita. Eta horietan, PM2,5 partikulek, alegia, 2,5 mikra baino txikiagoak direnek dakarte arrisku gehien. Tamaina txikikoak izateak bihurtzen ditu arriskutsu, hain justu: kasu askotan zuzenean igaro daitezke odolera, birikek ezin baitituzte filtratu.

Hala eta guzti ere, PM2,5-ak berandu iritsi dira legedira, nolabait esateko. Izan ere, haiei buruzko ezagutza zientifikoa ez da beste substantzia batzuei buruzkoa bezain aspaldikoa. Haiekiko kezka beranduago piztu izanaren adierazle dira, batetik, airearen kalitatea neurtzeko estazioetan gutxien neurtzen den substantzia izatea, eta bestetik, EBn oraindik muga-baliorik indarrean ez egotea. 2015era arte itxaron beharko da horretarako, eta espero zitekeenez, legeak ezarriko dituen baldintzak ez dira izango bereziki gogorrak: urteko batez besteko balioa metro kuboko 25 mikrogramotan kokatuko dute; OMEk, berriz, hamar mikrogramoak ez gainditzeko gomendatzen du. Aldea oso nabarmena da.

Hego Euskal Herriko datuak, OMEren gomendioen gainetik oro har

Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2011n txostenak lehen aipatutako bost substantzien datuak biltzen ditu, autonomia erkidegoek airearen kalitatea neurtzeko dituzten estazioetatik zuzenean hartuak. Hego Euskal Herriko 77 neurketa-guneetako datuei erreparatuta, ikusten da 2011n bederatzi aldiz gainditu zirela legeak agindutako mugak. Horien artean azpimarratzekoa da Zumarragako kabinan 61 aldiz neurtu zirela baimendutako balioetatik gorako PM10 kantitateak –gogoratu balio hori gainditzen den egun kopurua ezin dela izan 35 baino handiagoa urte berean–. Atentzioa ematen du, halaber, Nafarroako lau estaziotan gainditu zirela O3 troposferikoaren gehienezko balioak... eta Nafarroa osoan bederatzi estazio baizik ez zegoen 2011n.

Norberak jakingo du exigentzia-maila non duen, baina ez dirudi, nolanahi, bederatzi lege-urraketa asaldatzeko moduko datua denik. Alde horretatik, bidezkotzat jo dezakegu gure airearen zaindariek mezu lasaigarriak zabaltzea aldiro. Kontuak asko aldatzen dira, ordea, legediaren betaurrekoak erantzi eta OMEren gomendioena jantziz gero: Hego Euskal Herrian erruz arnasten dugu “zientziaren ezagutzaren arabera” kaltegarria den airea. Batik bat, eta Ekologistak Martxanek bere txostenean aztertutako bost substantziei gagozkiolarik betiere, PM partikulek eta ozono troposferikoak kutsatzen dute Ihobek lasai hartzeko gomendatzen digun euskal aire ona.

Ezin hemen datu guztiak laburbildu, baina batzuk aipatzea merezi du. PM2,5-etatik hasi gara: esan dugunez, gutxien neurtzen den kutsatzailea da. 33 estaziotan baizik ez dira jasotzen haiei buruzko datuak. Bada, horietako 27tan OMEk gomendatzen duen urteroko batez besteko balioa gainditu zen.

PM10-ei dagokienez, OMEk ontzat ematen duen urte baterako batez bestekoa gainditu zen Hego Euskal herriko ia eskualde gehienetan. Espero zitekeenez, Bilbo eta haren inguruak dira eremu kutsatuena, trafiko handiaren eta jarduera industrialaren baturak eraginda. Badira beste puntu beltz batzuk: Goierri izenarekin ezagutzen den eskualdeko lau kabinek (Azpeitia, Zumarraga, Beasain eta Tolosa) osasunerako kaltegarriak diren PM10 batez bestekoak neurtu zituzten. Baita Iruñeko hiru estazioetatik bik ere. Dena den, PM10-engatik baino SO2-arengatik nabarmentzen da nafar hiriburua: hiru estazioen batez bestekoa eginda, hamazazpi aldiz gainditu zen egun baterako gehienezko balioa OMEk dio hori ez litzatekeela urtean hiru aldiz baino gertatu behar.

Mezu lasaigarriek errealitate latza ezkutatzeko funtzioa baino ez dute, ekologistek salatzen dutenez. Euskal Herriko daturik ez dugu eskuratu, baina bai Espainiako Estatukoak: kutsadura atmosferikoak urtero 20.000 inguru heriotza goiztiar eragiten duela kalkulatu da. Europar Batasunean, 400.000, eta kalkulua Europar Batasunak berak egin du, ez GKE batek. Komeni da esatea egin dugun errealitatearen deskribapena seguruenik kontserbadoreegia dela, arrazoiak baitaude benetako egoera are larriagoa dela pentsatzeko. Beste erreportaje baterako emango lukete, esaterako, neurketetan egiten diren irregulartasunek. Baina dakiguna nahikoa da, Paco Segurak nabarmendu nahi duenez, orain artekoak baino neurri zorrotzagoak hartzen hasteko. Abiapuntu egokia izango litzateke, hau sinatzen duenaren ustez, txarrari “on” ez deitzea.

Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2011n txosteneko zenbait datu esanguratsu.

Dozenaka kutsatzaile dago airean, baina Ekologistak Martxanek bost besterik ez ditu aztertzen bere urteroko txostenean: NO2, SO2, O3, eta PM10 eta PM2,5 partikulak. Horiek dira zabalduenak, eta beraz arazo gehien sortzen dutenak. Ikus dezagun zer dioen Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2011n txostenak euretako bakoitzaz:

NO2:

Hirietan aurkitu daitekeen NO2 gehiena NO-ren oxidazioz sortzen da, eta haren iturri nagusia autoak dira, diesel motordunak batez ere. Gainera, O3 eta PM2,5 partikulak eratzen dituzten zenbait erreakzio kimikotan parte hartzen du. Nitrogeno dioxidoak arnas-aparatuari eragiten dio, bereziki biriketako alde sakonenei, eta haien gaitasun immunologikoa gutxitzen du. Umeei eta asma dutenei egiten die kalte gehien.

Legeak ezartzen duen mugaren arabera, NO2 kontzentrazioaren urte bateko batez bestekoa ezin da 40 mikrogramo/m3 baino handiagoa izan.  Horrek bat egiten du OMEren gomendioekin. Hego Euskal Herrian estazio bakarrak eman zuen hortik gorako neurria 2011n, Bilboko Indautxu auzoan.

SO2:

80ko hamarkadan kezka gehien eragiten zuen kutsatzailea zen, baina haren intzidentzia asko gutxitu da, berokuntzarako erabiltzen diren erregaiak aldatu ahala. Hirietan SO2 gutxiago dago beraz, baina haren kontzentrazioak garrantzitsuak dira oraindik ikatzeko zentral termikoen eta findegien inguruetan. Biriketako eta bihotzeko gaixotasunekin zerikusia duten heriotza goiztiarrei lotuta agertzen da ikerketa zientifikoetan.

Europako legediak eguneko muga bat jartzen dio airean egon daitekeen sufre dioxidoari: 125 mikrogramo/m3. Balio hori ez da urtero hiru aldiz baino gehiago gainditu behar. OMEk, aldiz, askoz balio baxuagoa dauka ezarria egun bakarrerako: 20 mikrogramo/m3, behin ere gainditu beharko ez litzatekeena. Euskal Herriko balio txarrenak Iruñean eta Zierbenan (Petronorretik hurbil) neurtu dira.

O3:

Bere ezaugarriengatik, ozono troposferikoa kantitate handiagoetan aurkitzen da hirietako erdiguneetatik urrun, are landa eremuetan ere. Narritadura eragiten du begietan, muki-mintzetan eta biriketan. Hainbat ikerketaren arabera, biriketako hanturarekin eta heriotza goztiarrarekin zerikusia du.

Legeak 120 mikrogramo/m3-ko gehienezko balioa ezartzen du ozonoarentzat, zortzi orduko epeetan neurtua, eta urtean 25 bider baino gehiago gainditu ezin dena. OMEentzat, 100 mikrogramokoa da muga hori. Euskal Herriko 2011ko neurketen emaitzak txarrak dira eskualde guztietan, Bilbo inguruan eta Donostialdean izan ezik.

PM10 eta PM2,5

PM siglak erabiltzen dira airean suspentsioan dauden partikulak izendatzeko, mota askotakoak izan daitezkeenak. Halaber, jatorri asko izan ditzakete, baina trafikoa da nagusietakoa, diesel ibilgailuak batez ere. Zientzialarien ustez, PM partikulak dira gaur egun dagoen aire-kutsadura arazorik larriena. 2,5 mikratik beherakoak bereziki arriskutsuak dira. Alde batetik, hain txikiak izanda odolera iritsi daitezkeelako –PM10-ak biriketan geratzen dira beti–; bestetik, pisu txikiagoa edukita luzaroan iraun dezaketelakoa airean esekita; eta hirugarrenik, konposatu toxikoagoak izaten direlako; metal astunak, konposatu organikoak... PMak, neurri batekoak zein bestekoak, arnas-aparatuko gaixotasunen, gaitz kardiobaskularren eta biriketako minbizien eragileak dira.

Alde ikaragarria dago EBko legediak ezarritakoaren eta OMEk gomendatutakoaren artean PMei dagokienez. 2,5ekoen kasuan asmoez ari gara, 2015. urtera arte ez baita derrigorrezkoa izango araudia betetzea: urteroko batez bestekoa 25 mikrogramo/m3-koa izango da, OMEren ustez 10ekoa behar lukeen arren. PM10-entzat, berriz, legediak bikoiztu egiten du gomendioa: urtero 20 mikrogramo/m3-ko batez bestekoa ez gainditzeko dio OMEk, baina EBri nahikoa iruditzen zaio 40tan uztea muga hori. Hego Euskal Herriko eskualde guztietan, hirutan izan ezik (Arabako Lautada, Nafarroako Erribera eta Nerbioi ibaiaren behe arroa) osasunarentzat kaltegarriak diren PM kopuruak neurtu ziren iaz.
 

Cadagua Barrenako Usainen Mahaia: kutsadura usain arazo huts bihurtu

2010eko hasieratik hona, Barakaldoko eta Bilboko bederatzi auzo elkarte Cadagua Barrenako Auzokide Koordinakundean bildu dira, eskualdeak jasaten duen kutsadurari, eta batez ere airekoari, aurre egiteko asmoz. Inguruko enpresek  (Zabalgarbi, Sader, Profusa, Bilbaina de Alquitranes eta Sebería Bilbaina) sortutako arazoak zirela-eta, urtetan zehar auzokideen salaketak pilatuz joan ziren, eta azkenean erakundeek mugitu egin behar izan zuten. Horrela jaio zen, 2010eko apirilean, Usainen Mahaia deiturikoa. Auzo elkarteekin batera, enpresetako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailak eta Bilbo eta Barakaldoko udalek osatzen zuten.

Herritarrek hasieratik protestatu zuen organo sortu berriari emandako izendapenarengatik.  Arartekoari bidalitako idatzi batean adierazi zutenez, “ez geunden batere ados hain ageriko ingurumen arazoak usain kontu huts bihurtzearekin”. Alta, Usainen Mahaiaren patua hasieratik erabakita zegoen. Lehenengo bilerarako Mahaiaren Alde Teknikoak prestatu zen txostenak garbi zioen: ez zegoen zantzurik pentsatzeko eskualdeko airearen kalitatea txarra zenik. Kiratsa zen arazo bakarra, eta hori konpontzera bideratuko zituzten indarrak.

Bi urte eta lau bilera eta gero egin zuen Usainen Mahaiarenak, joan den martxoan. EHUko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Sailak egindako azterketa batek ebatzi zuenez, eskualdeko kiratsaren jatorria konposatu organiko hegazkorrak (KOH) dira: bentzenoa, naftalenoa, xilenoa... Batez ere inguruko enpresek igorritakoak. Substantzia multzo horren barruan, bentzenoa da araututako bakarra –horrek ez du esan beste guztiak kaltegarriak ez direnik–, eta EHUko txostenaren arabera, ikerketaren aurreko bost urteetan bentzeno kantitateak behin ere ez zuen gainditu legeak ezarritako muga.

Hori nahikoa izan zen Arantza Leturiondo Ingurumen sailburuordeak Mahaiaren lana amaitutzat emateko. Auzokide elkarte batek eskatu zuen aurrerantzean Airearen Kalitatearen Mahaia izena eduki zezala, eta maiztasun finkoz –eta askoz handiagoz– bildu zedila. Jaurlaritzak ez zuen proposamena aintzat hartu, ez baitzuen kutsadura arazo esanguratsurik ikusten eskualdean.. Azkenean, tximinia bat aldatzea izan zen Usainen Mahaiaren bi urteko ibilbidearen emaitzarik aipagarriena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Airearen kalitatea
2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Ortuellan hondakin arriskutsu eta kutsatzaileen instalazioa salatu du ‘Ortuellan Sader Ez’ plataformak

Ortuellako udalerria herritarren mobilizazio baten lekuko izan ziren atzo, Barguilla auzoan, Sader enpresaren instalazioa berria jartzeko proiektuaren aurka. Ortuellan Sader Ez auzo-plataformak deitutako manifestazio honetan, Ekologistak Martxanek ere laguntzen duena, fabrika... [+]


2021-10-07 | Jakoba Errekondo
Marrubien ontasuna, bizitzak bizitza dakar

Aspaldi ez bezala gure etxean marrubiak (Fragaria x ananassa) jan eta jan ari gara udazkenaren sarrera ospakizun hauetan. Ez da gertaera makala, izan ere udazkena da marrubidian lanerako sasoi nagusia. Marrubidia osatu eta gaztetu edo erabat berritzeko landaketak orain egin ohi... [+]


2021-09-22 | ARGIA
OMEk jaitsi egin ditu orain arte segurutzat jotako kutsadura mailak

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko gomendio berriak argitaratu ditu asteazken honetan, 2005az geroztik zituenak baino zorrotzagoak, kutsadurak mundu osoan eragiten dituen urteko zazpi milioi heriotzak geldiarazteko asmoz.


Erandioko airea, Madrilekoa edo Bartzelonakoa baino kutsatuagoa

Aire Zaintzaileak ekimenak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Espainiako Estatuan neurtu dituzten 28 udalerrietatik Erandio da aire kutsatuena duena, Madril edo Bartzelonaren aurretik. Ikerketa antolatu duten elkarteetako bozeramaileek azaldu dutenez, harrituta daude emaitza... [+]


2021-01-28 | Estitxu Eizagirre
Erraustegiak airera isuri dituen gai kutsakorren datuak emateko eskatu dio Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren batzordeak Ingurumen sailari

Anerreka Ingurumen Elkarteak Jaurlaritzako Ingurumena sailari eskatu dio Donostiako erraustegiak orain arte airera isuri dituen gai kutsakorren kopuruari buruzko datuak eman diezazkiola eta orain arte ez du inolako erantzunik jaso. Erraustegiak Ingurumen Baimen Bateratua... [+]


2020-11-25 | ARGIA
‘Dieselgate’ ostean ‘hybridgate’? Auto hibridoek aitortua baino %28 CO2 gehiago isurtzen dute

Gasoilezko motorren kutsaketak faltsutzen zituztela-eta, duela bost urte Dieselgate delakoak astindu baldin bazuen autogintzako industria, eskandalu berri bat egon daiteke lehertzeko zorian egunotan, Hybridgate deitu beharko genukeena: Transport & Environnement GKEak... [+]


Ekologistak Martxanek ohartarazi du Nafarroako biztanleriaren erdiak “aire kutsatua” arnastu zuela 2019an

Nafarroako lurralde osoan Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak gainditzen dituen kutsadura-maila erregistratu dela bildu du taldeak 2019ko aire kalitateari buruzko txostenean.


Munduko CO2 isurketek historiako beherakada handiena izan dute: %17

COVID-19aren pandemiaren ondorioz hartutako neurri zorrotzenen artean, herritarrak etxeetan konfinatzea erabaki dute munduko gobernu askok, eta horrek nabarmen eragin du ingurumenean: %17 jaitsi dira mundu osoko CO2 isurketak, eta urte amaierarako %4 eta %7 artean mantentzea... [+]


Pandemiaren ostean klimarekin zer? Kutsatzeko bidea libre utzi dio Trumpek AEBetako industriari

Koronabirusari aurre egiteko itxialdiek NO2 mailak izugarri jaitsi dituzte munduko hainbat tokitan; baina pandemiak badu txanponaren beste alde bat, eta AEBak dira horren erakusgarri: Trumpek bertan behera utzi ditu ingurumena babesteko neurri ugari, krisi ekonomikoaren lehen... [+]


Airearen kutsadurak gora egin zuen otsailaren 3an Donostian eta Tolosan

Eguraldi lehor eta beroa medio airearen kutsadurak gora egin zuen otsailaren 3, besteak beste, Donostian eta Tolosan; «gure egunerokoak kutsakorrak direla» hausnartu beharraz hitz egin du Eguzkik Talde Ekologistak.


Bi milioi pertsona baino gehiagok aire kutsatua arnasten du Hego Euskal Herrian

Ekologistak Martxan taldeak argitaratu duen txosten batek azaldu du EAEn eta Nafarroan lau herritarretik hiruk arnasten dutela aire kutsatua.


Nazioarteko zientzialariek Gipuzkoako erraustegiko kutsadura kontrolatzeko laginak hartu dituzte

ToxicoWatch fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat arduratuko dira Gipuzkoako erraustegiaren inguruetan kutsadura neurketak egiteaz. Astearte goizean prentsaren aurrean hartu dituzte Zubietako oilategi batean azpiegitura erretzailea piztu... [+]


2019-06-26 | ARGIA
Hego Euskal Herriko biztanle gehienek aire kutsatua arnasten dute Ekologistak Martxanen arabera

Ekologistak Martxanek jakinarazi duenez, EAEko milioi eta erdi pertsonak aire kutsatua arnastu dute 2018an: biztanleriaren %70ak, lurraldearen %47an. Nafarroari dagokionez, lurraldearen bi heren ari dira kutsadura maila altua jasaten.


Eguneraketa berriak daude