Klimaren aldaketari Afrikan eman nahi zaizkion erantzunetako bat Hesi Berdea da: 6.900 kilometro luze eta 15 kilometro zabal edukiko duen gerriko oihanezkoa ozeano batetik bestera, Senegaletik Djibutiraino. Tartean badira eredu ezberdinak eta polemikak. Baina Nigerrek urteotan basoz hornitu omen du bi Euskal Herri adinako eremua.
New Yorki ‘Sandy’ ekaitzak uholdez gogorarazi dio klimaren aldaketa heldu dela. Afrikari, Saharako basamortuaren aurrerakadak. Dagoenekoz Afrikako eremuaren %40 dago desertifikazioak gutxiago edo gehiago jota; 2025erako kontinenteak galdua duke nekazaritzarako balio zion lurraren bi heren.
Zer egin? Sahara inguruko herrialdeetako agintariek itxaropen handia daukate jarria Hesi Berde Handia delakoan. Atlantikotik Indiako itsasora, Senegaletik Djibutiraino 11 herrialde zeharkatuz, 6.900 luze eta 15 kilometro zabaleko gerriko hezea. Operazioa laburbildu du The Ecologist aldizkarian Bobby Bascombek The Great Green Wall kronikan.
Lehenik Bascombek Dakarreko agintarien asmoa aurkeztu du. Alegia, gero eta laburragoa den euri aroan herritarren laguntzarekin milaka arbolatxo landatzea, lekuko espezieetakoak, nekazariek beren beharretarako egokiak izango dituzten klaseetakoak, ahuntzak sartu ez daitezen hesitutako zelaietan.
Asmoak usteltzen ez badira, alde batetik lekuko laborariek basoa handitu ahala zuhaitzen egurra, fruituak, goma arabiarra bezalako mozkinak eta osasunarentzako sendagaiak ere eskuratuko dituzte. Maila zabalago batean, ingurumenak ere irabaziko du: lurzoruaren higadura gutxitu, gero eta urriagoak diren euriteetako urari hobeto eutsi, lurpeko geruza freatikoa berriro ase... eta Dakar bezalako hiri modernoak itotzeraino ugaritu diren harea ekaitzen indarra ahuldu.
Helburu guztion bila Senegalek koordinatzen duen Great Green Wall proiektuak orain arte 1.800 milioi dolar jaso ditu Munduko Bankutik eta 108 gehiago Nazio Batuen Ingurumen Agentziatik. Senegalek orain arte 20.000 hektarea baino gehiago oihandu omen ditu proiektu horren barruan, lehendik zeuzkan basoak hobeto zaintzeko hartutako neurriez gain. Urtean hiru milioi landatzen dituzte Senegalen.
Bascombek, ordea, zuhaitz landaketon emaitzekin eszeptiko aurkitu ditu Sahelen urte luzez ari diren adituetako batzuk. Horien artean Gray Tappan geografoa eta Chris Reij agroforesterian aholkularia. Hauen ustez lehendik ere porrot egin duten zuhaitz landaketa tipikoetatik harago joan behar da basamortuari aurre egitekotan. Ezingo zaie ezarri sistema bakar bera ia 7.000 kilometrotan barreiatutako komunitateei.
Albiste ona da hareatzak berdetzeko ereduak badaudela, zorionez. Tappanek Nigerrekoa azpimarratzen du. 1980an ikaragarrizko idorteak nekazaritza hondoratu zuenean, laborariek erreakzionatu zuten beren gurasoen sistemara itzuliz: soroetako zuhaixkei hazten utzi eta haien inguruan erein laboreak. Geroztik uztak hobetu dituzte, elikadura segurtatu eta Nigerrek 45.000 kilometro karratu arboladi irabazi.
Milaka arazorekin, tartean gerrak daudelako, krisi politikoak, 11 milioi jende goseak Sahel osoan barrena... baina kontua da milaka herritar eta komunitate ari direla buru-belarri basamortua hezetzeko ahaleginean. Horien adibideak eskaini izan ditu Mark Hertsgaard kazetari iparramerikarrak The Nationen eta Le Monde Diplomatiquen.
Klimaren aldaketan eta justizia klimatikoa deitu zaion mugimenduan jakituna den Hertsgaardek gehienetan emakumeak aurkitu izan ditu zuhaixkak landatzen eta zaintzen, familia, etxea eta ortua ere beren gain edukiz. Senegaleko Koutal herrixkan, esaterako, non atzerriko diru-laguntza eta aholkulariak baliatuz 290 hektarea harritsu arbolaz berdetzea lortu baitute.
Agroforesterian –laboreak zuhaitz artean hazteko teknika zaharberrituan– mundu mailako ospea duen Dennis Garrityk proposatu dio Hertsgaardi Hesi Berdearena metafora gisa erabili behar dela, zati berdinez eta goitik behera planifikatutako zera bat bezala ez baina bertako herritarren bizimodua, elikadura, eta ingurumenaren zainketa lotuko dituen asmo anitzen bilduma bezala.
Laboreak arbola artean ereitea betidanik egin izan da Afrikan, Europatik ekarritako laborantza industrialak gauzak aldrebestu zituen artean. Udako agorrean freskura ematen duten hostoak lurreratutakoan orbel ongarri bihurtzen dira. Zer besterik da permakultura?
Burkina Fason famatu egin da beste eredu bat, Yacouba Sawadogo baserritarrak abiatu zuena. Irakurtzen ez dakien gizon honi duela urte batzuk bururatu zitzaion guraso zaharren tekniketara itzultzea. 1972tik 1984ra luzatu zen lehorte ikaragarriaren amaieran ekin zion mende luzez Sahara inguruko eremuetan erabili den zai sistemari: laboreak ereiteko zuloak egin (Sawadogoren eskualdean askoz axalekoagoak dira goiko argazkian ageri direnak baino) eta horietan ukuiluko simaur zaharretan laga haziak eurien zain.
Sawadogok zein jakintsua den erakutsi zuen gorotzetan gordetako hazi batzuetatik artatxikiaren eta basartoaren aldamenean sorturiko zuhaixkei bizirik irauten utzi zienean. Arbolok hazi ahala, lurra ongarritzeko eta higadura murrizteko laguntzaile onenak bilakatu ziren. Denborarekin laboreei baino arreta handiagoa eskaini die Sawadogok zuhaitzei, etekin ekonomiko handiagoa ateratzen dielako.
Esperientziak erakutsi du soro eta zelaietan berez etorritako zuhaitzek biziraupen hobea dutela mintegietan sortu eta zeharraldatutakoek baino. Hori sustatzen dute bertan ari diren Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek, eta bertako herritar askok ere bai. Baina zuhaitzen etsai bakarra ez zen ezjakintasuna.
Ende eskualdean, Malin, herriko baso eta zuhaitzak Barahogon deitu nekazari batasunak kudeatzen zituen; gurean ezagutu diren zilegi lurrak eta herri basoak oroitarazten ditu barahogon horrek. Baina Frantziak kolonizatutakoan, egurra ateratzea debekatu zuten. Lurra zurea bazen ere, zuhaitzak estatuarenak ziren. 1960ko hamarkadan independentzia lortu bai baina lege kolonialak bere hartan segitu zuen. Baserritarrek arbolatxoak erauzten zituzten, haiek gero mozteagatik zigortu ez zitzaten.
1990an liskarrak izan ziren estatuaren guardekin, baserritarrek horietako batzuk hil egin zituzten. Bakeagatik legea aldatu, nekazariei berriro eman oihanetik egurra ateratzeko eskubidea... eta basoa hasi zen handituz zabaltzen.
Chris Reij aditu holandarrak kalkulatu du Nigerren bertan baserritarrek 200 milioi zuhaitz berri atera dituztela aurrera. Hala ere, ahaleginok aski izango ote dituzte munduak CO2 isuriak murrizten ez baditu?
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.