"Oro har, gure kulturaz turista japoniarrek duten irudia daukagu"

  • Elkarbizitza jokoan, eta gu berriz, bertso ttikietan...

“Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den” kantatzen du Ruper-ek.

Euskaldun izatea, ezkerrekoa edo feminista izatea bezala, nekeza da. Egoera subordinatu eta minorizatuan gaude eta kontrakulturan bizi gara, etengabe haize-kontran. Galdu zen eta izan nahiko genukeen zerbaiten aldeko borrokan gabiltza, borroka pertsonal batean, borroka kolektibo batean, barren-barrenetik hasi beharreko borroka batean. Borroka identitarioa da, eta hautu edo identitate pertsonalak ez dira existitzen identitate kolektibo baten baitan ez bada. Horregatik da nekeza euskaldun izatea. Horregatik, eta hizkuntza minorizatua herri minorizatuan baizik ez daitekeelako eman. Nekeza izatea ez da txarra ordea. Borroka egiteko gune bat edukitzea aukera handia da bizitzan, eta borroka egin behar delako egin behar da borroka, ez baitezpada irabazteko. Horrek ez du esan nahi anbizioa izan eta irabaztera jo behar ez dugunik. Munduarekin etengabe pipertzen gaituen eta bizkarrean daramagun euskaltasunaren borroka hori ez da motxila astuna niretzat, altxorra baizik. Altxor hori transmititzea dut helburu, eta ondo pasa eta jakintza neureganatzeaz gain munduaren aurrean jarrera txukunago, justuago eta duinagoa izateko balioko didan borroka izatea nahi dut. Borroka zaila, baina aldi berean ederra.    

Nola bideratu, alta, egunerokoan euskaraz bizi nahi eta ezinak sortzen dituen frustrazioak?

Lan handia daukagu gure buruak hornitu eta diskurtsoa eraikitzen, baita ingurukoak janzten ere. Euskaldunak gara? Bai, euskara dugu beraz euskaldunak gara. Gure seme-alabak euskaldun izan daitezen nahi dugu? Nondik jo behar dugu aukera hori izan dezaten? Esan dezakegu, euskaldun izatea munduan egoteko gure modua dela, munduko edozein hizkuntzatako hiztunaren aurrean bera bezalakoa izatekoa. Bestalde, aldarrikatu dezakegu kultura nahi dugula eta kultura ez dela hizkuntza bakarrik, nazio kontzeptuaren azpian hizkuntza eta kultura horren baitan biltzen den herri edo jendea baizik. Hori nola gauzatzen den argi eduki behar dugu. Argi eduki behar dugu hizkuntza bat hiltzeko edo biziarazteko soziolinguistikak eta hizkuntzen ekologiak markatzen dituzten marra gorriak zeintzuk diren. Hizkuntza bat biziarazi nahi baduzu gune hegemonikoak sortu behar dizkiozu, bera nagusi den espazioak eskaini. Hori da guk sinetsi eta ingurukoei sinestarazi behar dieguna. Bai, plaza honetan euskaraz hitz egiten ez bada euskara galtzera doa. Hemen erdaraz egiteagatik ez dela ezer gertatzen? Bai, hemen erdaraz egiteagatik euskara galduko da, beste hizkuntzek jan egingo dutelako. Hori hala, nik zergatik nahi dut euskaldun ez denak nirekin euskaraz aritzea? Zer esan nahi diot euskaraz ez dakien tabernariari tragoa euskaraz eskatzen diodanean? Zer ulertzen du? Hori gogoetatu beharra daukagu. Ezberdintasuna markatzeko bada, ni hemengoa naiz eta zu ez, agian ez digu balio. Berak nahitaez ulertu beharra daukala azpimarratzeko bada, akaso ez digu balio. Norbaiti euskaraz zuzentzen natzaionean nire hizkuntz komunitateko kide izatea nahi dudalako da, gonbidapena luzatzen ari natzaio.

Euskaldunek soilik osatzen dute gure hizkuntz komunitatea?  

Hizkuntz komunitateko kidearen definizioa beste hizkuntz komunitateetan oso gauza ebidentea izan arren, denboran eta espazioan mugitzen den terminoa da gurean. Bat nator Joxe Azurmendirekin gure hizkuntz komunitatea euskaldunok eta euskararen patuarekiko kezka duen edonork osatzen dugula dioenean. Jende horrek ez dauka hizkuntzarik baina badu kontzientzia, bere ondorengoak euskaldunak izatea nahi du. Zer gertatzen da, ordea, hizkuntza ukan eta kontzientziarik ez daukatenekin? Beste hainbeste eskatu edo irakatsi behar zaie. Euskaldun izatea, kontzienteki edo inkontzienteki, kontzientzia bat praktikan jartzea da. Orain arte ohartu ez direnak ohartarazi behar ditugu, euskararen erabilpenean jarrera aktiboagoa, errealagoa, benetakoagoa eta euren buruarekiko zintzoagoa izan dezaten. Jakin dezatela ez dakitenak ere kontzientziaren bidez gure ondoan daudela, gure ondora etorri nahi dutela, eta hizkuntza daukagunok besteei mundu hori zabaltzeko kontzientzia izan behar dugula.

Aspaldion, kontzientzia modaz pasata, zentzu-hustuta dagoela irakurri dut han eta hemen.

Kontzientzia eta militantzia ez daude modan baina niri hori interesatzen zait. Paralelismo bat eginez, emakume izatearen kontzientzia hartu egiten duzu, ez da estetika kontua, egoera gogorren aurrean garatzen duzun bizitzarekiko jarrera baizik. Horrek ideologia edo pentsamendu batean murgiltzeko ateak zabaltzen dizkizu, zuregandik hasita emantzipazio borroka bat eman behar dela pentsatzeko bidea. Antzera bizi dut euskararen auzia. Noiz arte sinetsiko dugu eskubide indibidualen erreinuan bizi garela? Taldeak, hizkuntzak, giza-harremanak, justiziak ez dute ezer balio eta dena da “nik nire eskubideak dauzkat eta librea naiz merkatu libre eta kontsumista honetan”? Hori erabateko gezurra da. Ados, indibidualismoa behar-beharrezkoa da, feminismoak ere indibidualismoari zor dio bere borroka, baina horrek ez du esan nahi kolektibitateak ez duela ezertarako balio, ideologiak ez duela ezertarako balio. Errealitate kontsumista hau sortzerakoan ez al digute ideologia bat pedagogikoki zabaldu hiper-indibidualak ginela eta ezin genuela taldean jardun sinetsarazteko? Hori erabateko gezurra da.  

Bestela, ez litzateke grebarik egongo, ez legoke presoen aldeko manifarik, ez feminismorik, ez hizkuntz borrokarik, ez ezer. Kontsumismoak ideologia guztiak jan, estetika huts bihurtu, eta saltzea beste helbururik ez du, baina bizi ditugun garai sozio-ekonomikoetan nor ausartzen da hori lortu duela baieztatzera? Ideologiak hil zirela esaten da, baina eskumakoak ez al du hor jarraitzen? Nahitaez, garai ideologikoetara bueltan gatozelakoan nago.

Gipuzkoako Aldundiak bere kanpo-jarduna euskara hutsean egitea erabaki ideologikoa da. Zergatik hartzen da euskara hutsean egitea “inposaketatzat” eta erdara hutsean aritzea “mundutarrago egiten gaituen erabaki demokratikotzat”?

Ez garelako geurez, bestez baino. Besteek esaten digute zer garen. Besteak beste, talde hegemonikoak erabakitzen du, hitz egiteko modua, gaitegia... Informazio guztia bere esku duenez berak erabakitzen du parekoa arbola ala landarea den, eta talde subordinatuak ere horrela definitzen ditu. Euskararekin inguruko botere hegemonikoek erabakitzen dute euskalduna zer den, nolakoa den, eta euren mundu demokratiko, unibertsal eta zoragarri horretan inor molestatzen ez duen gunetxoa toleratzen digute txintxo portatzekotan. Azkenerako, gu garela txikiak, partzialak, partikularrak, euskarak etxerako soilik balio digula eta erdarak denerako sinesten bukatzen dugu. Horixe da boterearen indarra. Ezinbestekoa da gezur horiek desmuntatzea. Hemen hizkuntza hautua egin dezakeen bakarra elebiduna da, elebakarrak ez dauka hauturik. Frantsesez edo gazteleraz soilik badakizu, ez duzu euskaraz hitz egingo. Bestalde, euskara hutsezko guneak behar ditugula ulertu behar dugu. Langileak bildu, beraien burua definitu, eta borroka bat aurrera eramanez sortu da langile mugimendua. Feminismoa berdin. Baztertzaileak, elitistak, arrazistak, etnizistak, eta intoleranteak garela esango digute, baina ze logikak esplikatzen du hizkuntza baten gunera hizkuntza hori ez duen norbait etorri eta hizkuntza ordezkapena ematea? Zerk exijitzen du? Zergatik onartzen dugu? Nik nahi dut euskaraz ez dakitenak gurera etorri daitezen baina horrek ez du esan nahi hizkuntza ordezkatu behar dugunik. Horregatik prest nago hizkuntz normalizazioak, hizkuntz ekologiak eta komunitate oso baten nahiak gune horiek %100 euskaldun mantentzea exijitzen dutela nornahiri esplikatzeko, baina ez diezagutela gure burua etengabe traizionatzeko eskatu.    

Euskararen egoera soziolinguistikoak zenbat eta nola eragiten dio euskal kulturari?

Hizkuntza minorizatua herri minorizatuan baizik ez da gertatzen, eta halabeharrez kultura minorizatua dakar. Euskal kultura, hizkuntza bezala, ez dago korronte nagusian, periferiako kontua da. Egoera subordinatu batean dago kultura. Nola iristen da naturalki bere bezero naturalengana euskal kultura elikatzen duen sormen lana? Une hauetan ez da iristen. Zergatik izango garen euskaldun galdetzen dugunean kultura oso elementu garrantzitsua da. Nik badakit ingelesez, baina ez naiz ingeles kulturaduna, eta gutxiago, ingeles komunitateko kide. Hizkuntza baten jabekuntzak atzetik dakarren kultura eta ondoren etorriko denaren egikaritzea edo parte izatea esan nahi du. Bestalde, planoak bereizi behar dira, ez baitauka logikarik euskal kultura eta espainiar kulturarentzat politika komunak eramateak. Zergatik ez dugu egiten euskararen beharretatik abiatutako politika? Minorizazio egoera horrek kultur politika horren oinarriak zertan baldintzatzen ditu? Halabeharrez zaletu, sortzaile eta bitarteko guztien arteko harremana askoz estuagoa izango da. Guk ezin dugu eseri eta kontsumismoak agintzen digun guztia jan. Horrek galbidera garamatza. Gurean ezinbestekoa da sortzaile, eragile eta hartzaileen arteko sarea osatzen dugula jakitea. Premiazkoa, kultura zentralitatean jarri eta hizkuntzaren beharrei erantzutea. Nahitaezkoa, egiten duzun hizkuntza horretan kultura bat elikatzen ari zarela eta ez beste bat jakitun izatea. Derrigorrezkoa, sortzaileak hizkuntza horren egoera soziolinguistikoa gogoan edukitzea. Kulturaren minorizazioaz kontziente izan behar dugu eta ikusgarritasunean izugarri galdu dugula jabetu. Hil ala bizikoa da ikusgarritasun kanal horiek zabaldu eta libre mantentzea. Kulturarekin estatu politika egin behar dugu, herri baten etorkizuna ardazteko kultur nazioaren kontzeptua zein garrantzitsua den jakinda. Nazio kulturalaren klabean pentsatzeko garaia da. Euskal kulturak, euskarazko kulturak, izan behar du muina eta berariazko politikak behar ditu.   

Kultura esportatzen hastean, zergatik esportatzen ditugu arte mutuak, itzulpenak eta sukaldariak?

Orain arte esandako guztia galdera horretan laburbiltzen da. Diskurtsoa galdu dugu, besteek definitu gaituzte, indar hegemonikoek esan digute euskal kultura zein hizkuntzatan den, zer den esportagarria eta zer ez. Hizkuntz adierazpideek zentralitatea galdu dute, eta folkloreak, gastronomiak eta paisaiak irabazi. Guk galdetzen badiogu 18-20 urteko euskaldun oso bati zer den euskal kultura, sukaldaritza, folklorea, trikitixa, pilota, txapela eta Chillidaren artea erantzungo dizu. Zer ari gara jende horri saltzen? Euskal kultura ez dela euren bizimoduarekin bat datorren zerbait, historia, txapela, baserria eta gaztarekin lotutako zerbait baizik. Baina rapa ez da euskal kultura? Twitter ez da euskal kultura? Egungo gazte askorentzat ez. Ba jende horri esan behar zaio baietz, badela, euskal kultura euskaraz egiten den guztia dela. Gunetxo batzuetan badakigu euskal kultura euskaratik eta euskaraz egiten dena dela, baina oro har, gure kulturaz turista japoniarrek duten irudia daukagu. Esportatzen hasita hitza berariaz ekiditen da konfliktoak saihestearren, eta azkenean, geu gara geure gezurra irentsi dugunak. Zertarako da euskara euskaldun izateko ere balio ez badigu? Irratiak hamar euskaldunetatik biri ez zaiela txokolatea gustatzen dioenean denok dakigu euskal herritarrez ari dela, eta ez euskaldunez. Beraz, hizkuntzak ez badu gure burua definitzeko balio, kultura kanpoan zabaltzeko oztopo baldin bada, eta gazteei ez badiegu zentrala dela esaten, nora goaz? Ez al da hori jaso duguna, gaur egunera ekarri duguna, eta ahal dela pauso batzuk aurrerago eman nahi duguna? Ez al da euskara gu hobeto, eta hitzaren zentzu zibil eta politikoan, sanoago bizitzeko elementu bat? Baina ez, bideak ixten dizkiogu, hizkuntza gabeko kultura baten izenean gatazkak ekiditen ditugulako, eta azpian dauden kontraesan eta errealitate desberdin horiek oso ur handiak direlako. Horregatik, hizkuntza oztopo mingarria dela sinetsita, kafe bat euskaraz eskatu eta erdaraz eskatzen bukatzen dugu buru-makurkako “barkatu” baten ostean. Dena da bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


‘Check point’-etatik harago

DETAILE XUME BAT
Adania Shibli
Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024

----------------------------------------------

Egunotan, Israelgo soldadu batek bideo-joko batean balego bezala droneak erabilita Palestinako ospitaleak, eskolak, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen... [+]


Etorkizuneko izarrak

Euskal Herriko Gazte Orkestra. Neguko topaketa
Zuzendaria: Iker Sánchez.
Narratzailea: Kepa Errasti.
Egitaraua: Britten eta Beethovenen lanak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Eguna: urtarrilaren 2a.

[+]


Harrokeria gurea da, joder!

Chulería, joder!
NOIZ: urtarrilaren 5ean.
NON: Bilboko Kafe Antzokian.

----------------------------------------------------

Aretoa betetzen ari dela, antzokiko goiko barandaren atzetik beherantz begira, ni baino gazteagorik topatuko ote dudan jolasten eman ditut... [+]


Ander Zangitu. Eraikinez harago
“Joera bilakatu da, baina ez dago sukaldea eta egongela bateratzeko pisuzko arrazoirik”

Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]


2025-01-15 | Aingeru Epaltza
Houstonetik Nafarroa Arenara

Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]


Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


Urte berri goiza

Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta... [+]


Hilberria
Mixel Aire Etxebarren ‘Xalbador II’ zendu da

81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.


2025-01-14 | Euskal Irratiak
Urteko lehen maskarada eskaini dute Altzai-Lakarriko gazteek

Basabürüako ibar eskuineko gazteek lehen maskarada arrakastatsua eman dute igandean, Lakarrin.


2025-01-14 | Xuban Zubiria
Odolaren Mintzoa musika taldea
Badator agurra, mintzoak jarraituko du

17 urteko musika ibilbideari itxiera emango dio Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilen eskainiko duen kontzertuan. Amaiera kontzertuaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute. Bidelagun izan dituzten herriko taldeek hartuko dute oholtza: Rukula, Ameba, Viafara edota... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Behe Banda
Barra warroak |
Goizegi al da nostalgiaz hitz egiteko?

Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]


Eguneraketa berriak daude