Nazioaren gaiak Parlament-eko eserlekuak birbanatu ditu azaroaren 25eko hauteskundeetan. Erreferendumari Bai eta Ez esatearen aldeko alderdien blokeak ia lehen zeuden bezala geratu dira ordea, subiranismoak 375.000 bozka irabazi dituen arren. Artur Mas-ek babesa beharko du gobernatzeko eta autodeterminaziorako erreferenduma aurrera ateratzeko; ERC izan daiteke horretarako bidelaguna.
Autodeterminazio erreferenduma deitu beharko den legegintzaldirako gehiengo ezohikoa lortzeko Artur Masen saiakerak porrot egin du, erreferenduma babesten duten alderdien blokeak eserleku bat irabazi duen arren: lehen CiU, ERC, ICV, SI eta Laportak 86 eserleku batzen zituzten, orain CiU, ERC, ICV eta CUPek 87 eserleku dituzte. CiUko hautagaiak berretsi du erreferenduma legegintzaldi honetan egingo dela, eta zentzu horretan, alderdi politiko horien babesa izango du. Baina era berean, Masek zehaztu du egunerokoan ere babesa beharko duela. “Ezin dugu herriaren gobernagarritasunaren arduradun bakarrak izan” esan zuen Artur Masek emaitzak jakin ondorengo lehen agerraldian. “Gobernua gidatuko dugu, baina laguntza beharko dugu”, erantsi zuen emaitzak nahi bezalakoak ez direla izan onartu ondoren, eta beraz, “jendeak esan digu laguntza gehiagorekin joan behar dugula”.
Horrek, elkarrizketa prozesua irekiko du CiUren eta gainerako alderdien artean. Esquerrak, 21 eserlekurekin bigarren indarra izanik, oposizioa gidatu zezakeen, baina CiUren gobernu kide izateko ere aukera logikoena zirudien, autodeterminazio erreferenduma deitzeko helburuarekin bat egiten baitu: Parlament-eko lehen eta bigarren indar nagusiek osaturiko gobernua, ezohiko gobernu izango litzateke, ezohiko legegintzaldi baterako. Eta Mas hautagaiak erantzunkidetasuna eskatu zuenean, ERCko buru Oriol Junquerasek zera erantzun zuen: “Esquerrak ardura osoa hartuko du; herriak espero duen mailan egongo da”. Baina ERCk garbi adierazi dio CiUri ez dela gobernuan sartuko. CiUren eta ERCren ikuspegi politikoak kontrakoak dira ezker/eskuin ardatzean –bereziki krisi garaiotan, batzuek eta besteek errezeta diferenteak dituztelako ekonomia berraktibatu eta defizitari eusteko–. Honek gobernagarritasuna zaildu dezake, eta oraingoz, CiUk ez du aterik itxi nahi izan bere adierazpenetan.
Beste bi aukerak –matematikoki hitz eginez– PSC eta PP dira. Lehenak konplikatua dirudi, PSCk –8 eserleku galdu ditu eta historiako emaitzarik txarrenak izan ditu– hurrengo hauteskundeetan botoak berreskuratu nahi baditu, nekez hartuko du estrategia onargarri gisa CiUrekin koalizio gobernua osatzea: Iniciativaren hegaletik botoak galdu baditu, PSCk nahiago izango du politika sozialaren mezuei ekitea, bere burua nahasita ikustea baino murrizketak bai ala bai egin beharko dituen exekutiboan. PPren aukera politikoki logikoagoa da –CiUk eta PPk hainbat murrizketa sustatu dituzte elkarrekin joan den legegintzaldian–, baina nazioaren ikuspegitik sinesgaitza: edo CiUk erreferendumari uko egiten dio, edo PPk onartzen du federazio nazionalistak erabakitzeko eskubidea sustatuko duela, bera murrizketa lagun moduan duen bitartean. PPk CiUren kontra egindako kanpaina gogorraren ostean –Masen zintzotasuna zalantzan jartzen zuten zigorkada mediatikoak barne–, berradiskidetzea oso konplikatua da.
CiU eta ERC koherenteak izan eta erreferenduma nahiz estatu egiturak prestatzea lehenesten badute, balizko esquerrovergènciak –koalizioan izan gabe ere– are gehiago nahasiko du Mas presidentearen egutegia eta aurre egin beharreko lehentasunak, ERCk politika sozialean murrizketak arindu nahi izango baititu. Bestalde, ERC uzkur ager liteke CiUrekin gobernuan sartzeko –oraingoz ezezko borobila eman dio aukera horri–, hirukoaren esperientziak orain berreskuratu dituen boto kopuruak galtzea ekarri baitzion. Nahiz eta bere presidente eta hautagai berriak, Oriol Junquerasek, kontsentsu handiak nahi dituela esan izan duen eta maiz harrotzen den bere udala (Palafrugell) CiUrekin eta ICVrekin batean gobernatzeaz. Dena den, ia ezinezkoa da aukera hori nazio mailara eramatea –horixe iradoki izan duen arren, hitzak ondo zainduz–.
Bi gertakarik azaltzen dute CiUren eserlekuen galera. Alde batetik, azken berrogei urteko krisi ekonomiko gordinenean gobernatzeak, murrizketa errezetak aplikatuz eta ongizate estatua ahulduz, bistan da higadura sortzen duela. Artur Mas berak gogorarazi du krisiaren testuinguruan hauteskundeak deitzen dituzten gobernuko alderdi gehienak, hauteskundeak galtzen dituztela, baina Katalunian ez da halakorik gertatu: “Bi urtetan baldintza gogorretan gobernatzen egon ondoren, hauteskundeak deitu dituzten Europako gobernu ugari aldatu egin dituzte. Murrizketen eragina handia izan den arren, guk babes garrantzitsua lortu dugu hauteskundeetan”. Bestetik, Mas hautagaiak onartu duen gisan, CiUk hauteskunde hauetan programa “argiena” aurkeztu du nazioaren etorkizunari dagokionez. Bere hautesleen zati bat Esquerratik joandakoa izan zitekeen eta oraingoan jatorrira itzuli da, eta beste zati batek –Espainiatik banantzeaz ez oso konbentzitua– anbizio gutxiagoko aukeren bila joan izan liteke, naziotasunaren ikuspegiz hitz eginda. Parte-hartzaileen kopuruaren gorakadak ere CiUren kontra jokatu duela dirudi, portzentajeen aldetik, boto galerak diputatu kopuruan odoluste handiagoa egin baitu; baina argi dago, zenbaki absolutuetan, erreferendumari Bai dioen blokeak Ez esaten duen blokeak baino askoz gehiago irabazi duela.
Abstentzio maila estatu hauteskundeen tankerakoa izan den arren, boto espainolista ez da independentista baino gehiago berraktibatu: CiUk 90.000 boto galdu ditu 2010ekiko, baina ERCk 267.000 gehiago batu ditu, CUPek 126.000 boto berri jaso ditu eta Iniciativak –autodeterminazio erreferedumaren aldekoa– 128.000 irabazi ditu. Bloke honi kentzen badizkiogu Solidaritat per la Independènciak galdu dituen 56.000 botoak, agerikoa da Bai esaten duten alderdiek 375.000 boto gehiago irabazi dituztela orotara. Aldiz, Ez dioten alderdiek 198.000 gehiago baino ez dituzte irabazi: PPk 2010ekiko irabazi dituen 82.000 botoak eta Ciutadans-en 168.000 botoak; horiei kendu behar zaizkie PSCk galdu dituen 52.000ak. Espainiako PPk, Maria Dolores de Cospedalen ahotik, Masen estrategiak porrot egin duela esan du, ez duelako eskatzen zuen ezohiko gehiengoa lortu. Zentzu horretan, Convergènciako liderrak proposatutako prozesua ere –autodeterminazio erreferendum bat aurreikusten zuten hauteskundeak deitzea– porrot gisa deskribatu du Cospedalek. Kontrara, CiUko hautagaiak erantzun du ez dela damutzen bozka hauek deitzeaz, irailaren 11n Catalunya, nou estat d’Europa lemapean izandako manifestazioaren ondoren. “Herriari hitza ematea ere –esan du Masek– positiboa da. Norbaitek pentsa dezake: galdu duenez, ez zen beharrezkoa. Ez naiz damutzen. Diskurtso guztietan esan dut boto bihurtu behar genuela kaleko ahotsa”.
Garai berria ireki behar badugu, ahots hori hautestontzietan irudikatua dagoela frogatu behar dugu. Herri baten ikuspegitik horrek garrantzia dauka. Masek uste du diputatuak galdurik ere, emaitza onak izan dituela: “Bigarren indarra bikoiztu baino gehiago egiten dugu”, eta ez dagoela “gobernu alternatiborik”, laguntza beharko duten arren.
Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.
Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.
Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".
Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.
Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.
Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]
Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]
Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.
Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]
Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.
Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langilea Donibane Lohizunen erail bazuten ere, Algorta jaioterrian egin diote oroimen ekitaldia, igande eguerdian. Bertaratutako lagun zein senitartekoek presente izan dute estatuaren indarkeriak hil zuela.
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]