Ekonomialariek aditu beharko liokete Nicholas Shaxsoni: “Itsu egon dira ekonomialariak paradisu fiskalei, horien sekretismoari eta zergen ihesari dagokienez. Zailak direnez ulertu eta neurtzeko, utzi dituzte bestek kudeatu beharreko arazo direlakoan. Hala, arazoa usteldu eta handitzen utzi dute, inork serioski aurre egin barik”.
Treasure islands. Altxorraren uharteak. Lerroburu horren ostean, Nicholas Shaxsonen liburuari Ingalaterrarako edizioan ipini diote “Paradisu fiskalak eta mundua ostu zuten gizonak”, Estatu Batuetarakoan “Offshore bankugintzaren eta paradisu fiskalen kalteak azalduz”. 2011n argitaratua, oraintsu atera dute frantsesezko bertsioa: “Les Paradis fiscaux : Enquête sur les ravages de la finance néolibérale”. Frantsesik edo ingelesik ez dakien euskotarrak itxaron beharko du.
Nicholas Shaxson da kazetari ingeles bat Afrikako Malawin sortua eta gaur Suitzako Zurichen bizi dena, BBC, Foreigns Affairs eta beste hedabide distiratsu askotan kronikak azaldua. Gaur Zergen Justiziarentzako Sarean (Tax Justice Network) ari da denbora osoz. Liburu famatua dela-eta egin zaizkion elkarrizketen artean, leitzekoak dira New Left Projecterako Jamie Stern-Weinerek eta Transition Culturerako Rob Hopkinsek eginak.
Nicholas Shaxsonek bi ondorio nagusi azpimarratu ditu ikerlanean topaturikoetatik. Batetik, paradisu fiskaletan antolatutako finantza sistema askoz boteretsuagoa dela ekonomiaz idazten dutenek aitortzen dutena baino. 1970eko hamarkadatik egoitza atzerrian kokatuz zergak saihesteko sistema askoz arinago garatu da, ekonomia bera batez beste handitu dena baino. Herrialde guztiek daukate gaur paradisu fiskalen antza gero eta handiagoa, atzerriko kapitalak erakartzearren elkarren kontrako lehian gogor ari direlako. Denek eskaintzen dituzte gero eta ihesbide nabarmenagoak zergen kobraketan, gero eta gehiago baimentzen iluntasuna konpainia handien kontabilitateetan.
Bigarren ondorio nagusia zera da Shaxsonen aburuz: zergentzako paradisu nagusiak ez daudela palmondoz hornitutako uharte karibetarretan, edo Monaco, Suitza edo Liechtenstein bezalako herrialde txikietan. Horiek ere badira, noski, Cayman uharteak diren moduan. “Baina benetan paradisu handienak Estatu Batuetan eta Britainia Handian daude. Honek berak magalean dauzka Gibraltar, Virgins, Cayman eta beste asko... Londresko muinean dagoen Citya elikatzen”.
Treasure Islandsen irakurlea haluzinarazten dute City of London Corporation delakoaren xehetasunek. Londresko erdigune dotorean promenatu dena ez baita ohartu Erresuma Batuko hiriburuaren barnean 2,9 kilometro karratuko Square mile auzoa kasik independentea dela gainerako ingelesen artean. Antzinako eskubideen oinordetza aldarrikatuz, lege propioak dauzka Cityak, agintariak hautatzeko bozketa sistema erdiarotarra... gehi zergen sistema propioa. Hau ez da Londres, ez Ingalaterra: hau City da eta kito.
Britainiako koroa koloniak banan bana galtzen ari zenean, 1950ean, Londresko Cityak bere gain hartu zituen orduan eurodolarrak deitzen zirenak eta petrolio merkatua. Beti ere lurraldez kanpoko merkatutzat jokatuz. Horixe baita offshore kontzeptua: itsasoa tarteko lehorretik aparte dagoena, izan banku edo merkatu.
Bigarren fase batean, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Cityko eliteek dantzan jarri zituzten Karibeko kolonia ohiak gehi Jersey, Guernesey eta Man bezalako lurralde erdi-burujabeak, formalki independente zirela baliatuz zerga sistema bereziekin mundu osoko kapitala berenganatu zezaten. Londresko urrezko milia gizentzeko, prefosta.
Offshore bankugintza hori kontrolatzea gero eta zailago egin zaie denborarekin estatuei. Shaxsonek kontatzen du nola hasiera batean AEBetako funtzionarioek ere huts egin zuten Cayman uhartera ihes egindako kapitalak kontrolatzeko asmoan. Zientoka abokatu ari dira konpainien aholkularitzan, zergak pagatzea saihesteko gero eta sistema sofistikatuagoak antolatzen. Azkenerako, abokatu armada horiei pagatzeko adina indar daukatenek baizik ezin dute lehiatu diru beltzaren zuritzegintzan. Cityko eliteak dira nagusi horretan.
Negozio lerro honetan frantsesez saucissonage deitzen dena darabilte, hau da, edozein operazio saltxitxoia bezala xerratzen da, zati bakoitza produktu berezia bailitzan paketatua. Hori dela medio, Mexikoko droga dealer batek eduki ditzake 20 milioi dolar Panamako banku batean, baina kontua ez dago bere izenean, Bahametan dagoen konpainia batenean baizik. Titularra bizi daiteke Guernseyn eta etekinak AEBetako Wyomingeko korporazio baten izenean jarri.
“Konpainiaren jabeen izenak aurkituko bazenitu ere –dio Shaxsonek– pasaporteen fotokopia eta guzti, ezingo zinateke urruti iritsi. Zuzendariok profesionalak dira, antzeko zientoka konpainia kudeatzen dituzte. Hurrengo mailarekin daukaten harremana abokatuaren bidez da, eta honek bere burua ezkutatuko du bezeroaren eta legelariaren arteko konfidentzialtasunean. Hesi hori gainditzea lortuko bazenu, gertatuko zaizu konpainia Turks eta Caicos uharteetan dagoela eta ikertzen ari zaizkiola ohartu bezain pronto beste paradisu batera egingo dizula ihes. Epaileen laguntza lortuko bazenu ere, hilabete eta urte luzez berandatuko dira”.
Paradisu fiskalotan noren dirua dabilen galdetuta, Shaxsonek bere egiten ditu Raymond Bakerrek Capitalism’s Achilles Heel (Kapitalismoaren Akiles orpoa) liburuan eskainitako kalkuluak. Alegia, oinezko herritarrak pentsa dezakeenaren oso bestela, droga trafikoak eta kriminalitateak horren herena osatzen dutela, politikoen ustelkeriak %3a eta gainerako bi herenak mundu osoko banku eta konpainia handi arras legalek eramandakoa dela. Denak, kriminal eta enpresaburu ohoretsu, finantza antolaketa bera baliatzen... zergarik ez pagatzeko.
Paradisugintzan txapelduna Londres denez, britainiarrei sinetsarazi nahi zaie etekinak herrialdearentzako direla. Azken urteotan zerbitzu publikoen murrizketaren kontra oldartu den UK Uncut mugimenduak lan handia egin du jendeak ohartarazteko irabazle bakarrak Cityan egoitza duten eliteak direla.
Paradisuongatik estatuek zergak galtzen dituzte, zerbitzuak murrizten, eta kontribuzioak txintxo pagatzen dituzten enpresek konkurrentzia basatia jasaten dute. Hori dela eta, offshore sistema honen kontrako mugimenduetan ez dute ezkerreko jendeek soilik parte hartzen, sistema kapitalistak txukun funtzionatzea desio luketen enpresa txiki eta ertainak ere interesaturik daude.
Oraingoz, ordea, Cityrentzako lobbygintzan ari direnek indar handiegia dute. Hauekin hitzartuta iritsi zen Tony Blair agintera, ondoren David Cameron bezala.
Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Hainbat ikerketak erakusten dute inbertsio militarraren gorakadak osasuna edo hezkuntza bezalako sektoreen suntsipena dakartela herrialde batzuetan.
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]
Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du"
88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.
Hamabost langile humanitario hil zituen Israelgo armadak martxoaren 23an, terroristak zirela eta ez zutela euren burua identifikatu argudiatuta. Bideo batek bertsio hori gezurtatu ostean, gertatutakoaren barne-txostena egin dute Israelgo Defentsa Indarrek, baina bertan esaten... [+]
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]