Pinpilinpauxak egun ez luke hegan egingo, atzo arrautza edo beldarra izan ez balitz. Aurretik zer izan den ez badaki ere, etengabeko eraldaketaren ondorio ditu gaurko gaitasunak. Baina zer gertatuko litzateke mitxoleta gazte horrek iraganean egindakoa gogora ekarri, aztertu eta etorkizunaren mesedetan jarriko balu? Erantzunaren zantzuak eman dizkigute Tximeletak proiektuko kideak diren Ander Perez eta Alaia Martinek Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.
Zer da Tximeletak eta nondik abiatu da proiektua?
ANDER PEREZ. Tximeletak Topatu.info-k martxan jarri duen egitasmoa da. Komunikazio proiektuak eraberritze prozesu batean murgiltzeko erabakia hartu du, batetik Euskal Herriko gazte mugimendua eraldatze fasean dagoelako, eta bestetik, gaur egungo komunikazio ohiturei hobeto egokitzeko. Bide berriari ekin aurretik, eta eraginkortasunez burutzeko, iraganean egindakoa kontuan hartu behar dela ikusi genuen. Hau da, atzera begira jartzea, aurrera begirako perspektiba osoa izan dezagun. Tximeletak ariketa horren emaitza da.
Dokumentala izango da proiektuaren azken emaitza, ezta?
A. PEREZ. Bai, azken hiru hamarkadetan gazte mugimenduak burututako ekimen eta borrokak bilduko dituen dokumentala. Gazte mugimenduak izan duen bilakaerak Euskal Herrian utzitako fruituak jasoko ditu. Ez da dokumental hutsa izango, ordea. Elkarlana bultzatu nahi izan dugu. Gazteei deia luzatu diegu herrietatik materiala eta informazioa bidaltzeko eta hala, denon artean memoria berreskura dezagun.
Gazte mugimenduko bideoak, argazkiak, pegatinak… biltzen aritu zarete. Zailtasunak izan al dituzue mota honetako materiala eskuratzeko?
A. PEREZ. Material dezente heldu zaigu bide anitzetatik eta jende askoren laguntzari esker.
ALAIA MARTIN. Kontuan hartu behar da mugimendu hori garai batzuetan legez kanpo bizi izan dela, eta beraz, material hori lortzea ez da hain erraza izan eta arreta handiagoa jarri behar izan dugu.
A. PEREZ. Guk, asko bilduta ere, ziurrenik hartu duguna ez da gazte mugimenduan egin den lan guztiaren lagin bat baino. Eta horrek, hain zuzen ere, erakusten du gazte mugimenduaren aberastasuna, azken urteetan zenbat eta zenbat gauza egin diren.
A. MARTIN. Bildu dugun materialaren kantitateak zein aniztasunak benetako mugimendu baten eta egiazko borroka zabal eta koloretsu baten lekukotasuna ematen du nolabait.
Izen hippie xamarra aukeratu duzue…
A. MARTIN. Tximeletak, huts-hutsean esanda, beharbada ez da orain arteko gazte borroka aurrera eramateko moldeei zuzenki atxiki den hitz bat, baina uste dugu esentzian, tximeleta batek sinbolizatu lezakeen guztiaren baitan, badela adierazgarria edo sinbolikoa. Tximeleta ez delako izaki mistiko magiko hippie huts bat. Eraberritze prozesua da, etengabeko aldatzea da.
A. PEREZ. Tximeletak transformazio propioa bizi du, baina prozesu horretan zehar sortzen den izaki berri edo izate modu bakoitza ez da ezer aurrekoa kontuan hartzen ez bada. Beti da aurrekoaren bilakaera edo ondorioa. Azken hiru hamarkadetan gazte mugimenduak etengabeko eraldatzea bizi izan du eta aldaketa oro ez da inoiz huts-hutsetik eman. Erabaki bakoitzak oinarrian izan du aurretik izandakoa.
A. MARTIN. Garaietara egokitzeko gaitasun hori islatzen duen animalia bezala ikusten dugu. Trantsizio momentu honetan eta atzera begiratzeko etapa honetan metamorfosi gaitasun hau adierazgarria izan zitekeela ikusi genuen.
Elkarrizketak dira dokumentalaren oinarri.
A. PEREZ. Gazte mugimenduaren borrokak aurre egin behar izan die hainbat testuinguru, garai politiko eta sozialei, eta beraz, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun garai ezberdinetako jendearen adierazpenak jasotzea. Honez gain, gazte mugimendua anitza da, eremu askotan izan da presente eta lan-eremu adierazgarrienen lekukotasunak jaso ditugu.
A. MARTIN. Izatez, nahiko zaila da hainbeste partaide izan dituen eta 30 urtetik gorako bizitza duen mugimendu edo borroka batez dokumentala egitea. Ertz askoko lana da. Gure ikuspegia eman nahi izan dugu eta horrez gain, gugan ez zeuden kanpoko ikuspegiekin elikatu dugu. Nolabait lan hau guztiona izan zedin edo ahalik eta osoena behintzat.
A. PEREZ. Adibidez, batetik badauzkagu duela 30 urte gazte borrokari lotu zitzaion jendearen adierazpenak: Josune Manterola, Mikel Zubimendi, Mikel Etxaburu edo Maitane Intxaurraga, eta bestetik; Jon Telleria edo Aitziber Plazaola militante gazteenak. Lan-eremuei dagozkienez, intsumisioaren borrokan murgildutako Gotzon Iparragirrerena, gaztetxeen borrokan buru-belarri ibilitako Bea Aranarena, ikasle mugimenduaren lekukotza eman duen Igor Arroyorena...
Tximeletak.net webguneak lan tresna garrantzitsua izan duzue.
A. PEREZ. Bai. Gaur egun ez da nahikoa etxe barruan dokumental bat produzitu, kaleratu eta gazteriari amaituriko produktu bat ematea. Prozesua bera kontatu nahi izan dugu eta unean une egiten ari ginena azaleratu dugu webgunearen bitartez. Elkarrizketak egin ahala hauen zatiak sareratu ditugu eta horrela gure lanaren erakusgarri bilakatu dugu tximeletak.net.
Ariketa zaila bada ere, orain arte egin dituzuen elkarrizketen artean zer nabarmenduko zenukete?
A. MARTIN. Eremuen zein garaiaren arabera ñabardurak izan dira. Izan da jendea oso era pertsonalean hitz egin duena eta perspektiba handiz hitz egin duena. Egon da kritika eta autokritika puntu bat azaleratu duen jendea ere. Elkarrizketen aniztasun horrek berak eman dio kolorea lanari eta collage polit bat osatu da. Denon artean ikuspegi zabal bat ematea bideratu dugu.
Garai eta esparru anitzeko militanteen adierazpenak izanik, ezberdintasunak ala bat-etortzeak azaleratu dira gehien?
A. PEREZ. Guzti-guztiek gazte mugimenduko parte izateak pertsonalki eman diena azpimarratu dute. Denek, eta hemen ez dago salbuespenik, praktika politikoa praktika pertsonal egin dute, eta beraz, ez dute kanpoko subjektu batez hitz egiten, norberari ekarri dionaz baizik. Horrez gain, nabarmentzekoa da, guztiek bizi izandakoaz oso oroitzapen ona adieraztea. Norberaren bizitzari emandako aberastasun hori oroitzapen gozo bat da guztientzat.
A. MARTIN. Garai guztietako militanteek komunean daukatena tximeleta izaera dela esango nuke. Jakin dute egoera aztertzen, egoerara egokitzen ikuspegi kolektibotik, etorkizuna desiratzen, era kolektiboan bizitzen eta antolatzen, hain juxtu, etorkizun berri horren lorpenerako. Eraldatzeko grina eta ilusioa nabarmenduko nituzke.
A. PEREZ. Maitane Intxaurragak zioen militantzia eta gazte mugimenduaren parte izatea ezin dela ulertu egunean horretarako gordetako ordu batzuk bezala. Hau da, militatu eta etxera joatea. Aitzitik, zure konpromisoa bata ala bestea izan, militantziak badakarrela zure bizitzarekiko eredu bat barneratzea eta bizi-eredu horrekiko eguneko 24 orduetan koherentea izatea. Hori gaur egunean aplikagarria da, gazte mugimenduak aurrerantzean izango dituen erronka berrietarako.
Jarrai garaiko "trafikanteak eta txakurrak kanpora" moduko lelo zuzen eta gogorretatik, egungo “Indepenfresa eta Sozialimoia”ra bada alderik.
A. MARTIN. Etengabe ari dira garaiak aldatzen eta zaila da perspektibaz aztertzea. Aldatu dira, beharbada, 30 urtetik hona estetika eta lan egiteko modua, terminologia, borrokak lantzeko eta aurrera eramateko era. Hori seinale ona da. Orain dela 30 urteko terminoetan ariko bagina eta eboluzionatu ez bagenu, orduan litzateke arriskutsua. Atzean geratu izanaren sintoma litzateke.
A. PEREZ. Mikel Etxaburuk kontatzen zigun haiek 80ko hamarkada horretan egiten zituzten gauza asko zentzurik gabekoak iruditzen zitzaizkiela, baina gerora, logika hartu dutela eta horrek ere gaurko gazteongan izan duela eragina. Beraz, gaurko gazteok egin eta egingo ditugun gauza asko zentzu gabeak badira ere, etorkizunean logika hartuko dutela. Ildo honetan, unean uneko perspektibarekin gauza batzuk kontraste handikoak direla irudi lezake baina aldaketa horiek esentzia mantenduz gero, helburuak mantentzen badira, logika hartuko dute etorkizunean.
A. MARTIN. Beharbada trantsizio garai batean gaude eta hori ikus liteke bai estetikan, bai terminoen erabilpenean ere. Egia da aldatu dela gogortasuna, edo leundu dela diskurtsoa modu batean, baina ideiak dira hain justu ahuldu ez direnak. Eta hor dago gakoa. Dokumentalean belaunaldi ezberdinetako gazte borrokako partaideek iraganaren lekukotasuna emateaz gain, aurrera begirako ikuspegia eman dutenean, nahiko erretratu antzekoa egin dute. Ñabardura bertsuak azpimarratu dituzte, eta orohar, bat etorri dira denak ere, aurrera begirako bideetan, moduetan eta mantendu beharreko baloreetan. Egokitze berri honen ezaugarri nagusietan bat egin dute askotan eta horrek adierazten du hor badagoela zerbait sakonean, etengabe mantentzen dena eta etengabe bultzatzen duena gazteria aurrerantz.
Hil honetan Interneten sorpresatxoren bat izango dela aurreratu digute, baina momentuz ziurra dena da dokumentalaren aurkezpen publikoa azaroaren 29an Donostiako Doka Kafe Antzokian egingo dutela. Abenduaren hasieran Durangoko azokan salgai jarri ostean, aurkezpen dinamikari helduko diote, herriz herri eta eskualdez eskualde lana bere protagonistekin, gazteekin konpartitzeko.
Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxeak 60 urte bete ditu. Euskal Herriko Gaztetxe zaharrena da Larrabetzukoa.
1965ean sortu zen Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea, frankismo garai betean. Ordutik ez ditu ateak itxi, eta 2025ean 60 urte bete ditu. “60 urte lotu barik” lelopean eman diote hasiera urteurrenari gaztetxeko kideek.
Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.
Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]
Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.
Larunbat arratsaldean istiluak izan ziren gaztetxe berriaren atarian, Ertzaintza gogor oldartu zen gaztetxeari babesa ematera joandakoen aurka. Hori dela eta, ehunka lagun bildu dira igande honetan foam jaurtigailu bidezko kargak salatzeko eta udalaren jarrera seinalatzeko... [+]
Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.
Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.
Apirilean Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gazte antolakundeko 133 kideri jarritako isunen harira manifestua aurkeztu du Ernaik. Euskal Herriko 32 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok egin dute bat idatziarekin. Isunek antolakundea “itoarazi eta politikoki... [+]
Pasa den urriaren 30ean, Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi lagun auzipetu zituzten. Handik egun batzuetara Portugaleteko kaleak hartu zituzten hainbat lagunek gaztetxearen defentsan. Bi egun geroago, fiskalak karguak kendu zituen.
Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.
Azaroaren 5ean epaituko dituzte Barakaldoko epaitegian. “Kapitalismoaren logikatik kanpo” dagoen alternatiba bat sortzeagatik okupazio mugimendua “kriminalizatu eta zigortu” nahi dutela salatzen dute gaztetxeko kideek. Txirbilenea Kulturgunearen hustearen... [+]
2020an birjabetu zuten espazioa Portugaleten, eta horren harira epaituko dituzte bederatzi pertsona azaroaren 5ean. Ostiral honetan manifestaziora deitu dute, 'Okupazioaren kontrako erasoak gelditu' lelopean.
"Espainolismoa goratzen duen sinbolorik" ez dutela nahi adierazi dute antolakundeko kideek. Euskal Herri antifaxista aldarrikatzeko ekintza izan da Nafarroan gelditzen zen azkenengo zezena botatzea, ekintza zuzenaren bideoa zabaltzearekin batera.