Estatu independente izan nahi duen erabakiko du Eskoziak 2014an eta Europa osoan helburu bera duten herrientzat erreferente bihurtu da. Krisiak indartu egin ditu mugimendu independentistak Katalunian eta Flandrian ere. Europako puzzlea pieza txikiagoz osatzen hasteko lehen urratsak ote dira?
Alfred Heineken izena irakurtzen baduzu, garagardo marka etorriko zaizu burura. Ez zabiltza oker: berde koloreko mozkorrak eragiten dituen edariaren ekoizleak apartsua zuen pentsamendua ere, eta Europa bestelako moldez antolatzeko gogoa adierazi zuen 1992an: “75 estatuk osatutako Europa proposatzen dut” idatzi zuen Europako Estatu Batuak, Eurotopia? liburuxkan.
Bost eta hamar milioi arteko biztanleria izango zuten herrialde txikien Europa irudikatzen zuen Heinekenek. Gobernatzeko errazagoa iruditzen zitzaion estatu handiz osatutako batasunaren aldean. Ez zioten kasurik egin eta burutazioa utopia ezinezkoen paperontzian zimurtuta egon da 20 urtez, horrelako puzzle batean egoki sartuko liratekeen piezak mugitzen hasi diren arte.
Eskozian (5 milioi biztanle) 2014an galdetuko diete herritarrei Erresuma Batuko kide izaten segi nahi ote duten. Katalunian (7 milioi biztanle) azaroaren 25eko hauteskundeek abertzaleen nagusitasun handia iragartzen dute eta Eskoziakoaren antzeko galdeketa egiten saiatuko dira, Espainiako Gobernuaren oztopoen gainetik. Flandrian (6 milioi biztanle) N-VA alderdiak irabazi ditu 2012ko urriko hauteskunde lokalak eta bi urte baino gutxiagoko tartean egingo diren boz erregional eta federalek gehiago hurbil dezakete independentzia.
Ez da atzo goizeko kontua, Europako zenbait estatu bezain zaharrak dira haietatik banatzeko nahiak, baina mugimendu independentistak indarberritu egin dira azkenaldian. Zergatik?
“Ez dugu ordainduko” da Europa punta batetik bestera zeharkatzen ari den leloa eta hautestontzietan ere izan du isla. Estatuek zorraren krisia eskubide sozialen kontura konpondu nahi izateak ekarri du boto-emaileek bestelako aukeren alde egitea.
Zentro-eskuin eta zentro-ezkerreko ohiko alderdiak zigortzea joera bihurtu da han eta hemen; sistemaren kontrako alderdientzat ateak zabaldu dira eta ezkerrak emaitza onak atera ditu horri esker, adibidez, Grezian (Syriza bigarren indarra da) eta Txekiar Errepublikan (alderdi komunistak irabazi ditu hauteskunde lokalak). Baina eskuin muturreko alderdi batzuek ere larritzeko moduko boto kopuruak atera dituzte (Greziako Urrezko Egunsentia eta Finlandiako Benetako Finlandiarrak alderdien gorakadak dira horren lekuko, besteak beste).
Esaldi berbera ulertzeko modu asko daude, bistan da, eta maiz diferentzia, ordaindu nahi ez duen “gu” hori nor den zehaztean agertzen da. “Gu” izan daiteke “murrizketek kaltetutako herritarren %99”, ezkerreko mugimenduek aldarrikatzen duten gisan. Edo izan daiteke, “bertan jaiotakoak”, alderdi ultra-eskuindarrek erabiltzen duten erretorikaren arabera (“bertakoak lehenengo”, “denentzat iristen ez bada, etorkinek ordain dezatela” eta abar). Hirugarren “gu” bat ere protagonismoa hartzen ari da Europan: “Gu, estaturik gabeko nazioetako herritarrak”. Barne-gatazka nazionalik ez daukaten Europako estatuetan ezker edo eskuin muturretara doan boto hori, zerbait diferentea bilatzen duen jendearena, aldarrikapen independentistak indartzen ari da nazio ugariko estatuetan.
Katalunian murrizketak iritsi direnean “gogoratu” dira asko, beraiena ez den gobernu baten menpe bizi direla; eta euren ekonomiaren gaineko kontrola edukiko balute agian estuasunak arinduko liratekeela. Alegia, “guk, kataluniarrok, ez dugu ordainduko”.
42.000 milioi euroko zorra dauka Artur Masek gobernatzen duen erkidegoak; gainera, beste 16.000 milioi euroko defizita daukala dio Generalitateak. Kataluniak zergak biltzen ditu, baina jasotakoaren gehiengoa Espainiako Estatuak eraman eta gastatzen du; eta hori da herritarrek bizi dituzten zailtasunen esplikazio nagusia, Katalunian zabalduen dagoen irakurketaren arabera.
“CiUren abildade politiko handia zera izan da: zailtasun horiek ‘lapurreta espainiarra’-rekin lotzea. Argumentu horren arabera, Kataluniak bere borondatearen kontra Espainiari egindako ekarpena Kataluniaren BPGren %8koa da”, idatzi du Vicenç Navarro Pompeu Fabra unibertsitateko irakasleak.
Hori kontuan izanda bakarrik ulertzen da nola lortuko duen CiUk, gauzak asko aldatzen ez badira, boto-emaile gehienen sostengua hilaren 25ean, gobernuan egon den bitartean murrizketa gogorrak egin dituen arren. Europa osoan antzeko neurriak hartu dituzten agintariak udazkeneko gaztaina bezala erortzen ari dira, baina eskuin nazionalista katalanak krisiaren kalteak Espainiarekin lotzen asmatu du eskura dauzkan hedabide publikoak baliatuz, eta indartuta aterako da estualdi ekonomikotik.
Fiskalitatean oinarritutako irakurketa horretatik independentismora jauzi handi samarra dago dena den, eta herri mugimenduak egin du, hein handi batean: irailaren 11n ANC erakundeak deituriko manifestazio jendetsuak independentziaren aldeko mezu argia bidali zuen Madrilera eta Europara, CiUk lortu nahi zuen itun fiskala buruz gain pasaz.
Dena oso azkar doa Katalunian duela bi hilabetetik hona, aurrez egindako edozein kalkulu balio gabe utziz. “Oker ibiliko dira, beraz, hau manifestazio bat gehiago besterik ez dela uste dutenak eta alderdien arteko jokorako balio dezakeela pentsatzen dutenak” idatzi zuen irailaren 11n bertan Vicent Partal Vilaweb atariko zuzendariak. “Manifestazio honek ez zuen politika aldatzeko eskatzen, erregimena aldatzeko baizik. Letra larriz”.
Fiskalitatea da auziaren iltzeetako bat Flandrian ere. Egun Belgika osatzen duten bi komunitateen arteko aberatsenean, waloniarrak bidaide astunak bihurtzen ari zaizkien ustea zabaltzen ari da. Bart De Wever N-VA alderdi independentista kontserbadoreko buruak hauteskunde lokalak irabazi zituen gauean mezu zuzena bidali zion Elio Di Rupo Belgikako lehen ministro sozialdemokrata frankofonoari, gogoraraziz ez daukala gehiengorik Flandrian eta zerga-eredua berrikusi beharko lukeela. “Egin dezagun lan elkarrekin erreforma baterantz, flandriarrei eta frankofonoei merezi duten gobernua emateko”. Di Rupok berehala bota zuen atzera proposamena udal hauteskundeak besterik ez zirela argudiatuz, baina badirudi horrelako adierazpenekin denbora irabazi besterik ez duela egingo. Flandriaren eskariei erantzutea geroz eta saihestezinagoa bihurtzen ari zaio, N-VA legamia bezala gorantz doan heinean.
541 egunez Belgika gobernurik gabe egon zen 2010eko azken hauteskunde orokorren ostean eta azkenik sozialdemokrata, demokristau eta liberal flandriar eta waloniarrak batu zituen exekutiboa osatu bazen ere, desorekatuta jaio zen: diputatu frankofonoen %80k babesten du Di Ruporen gobernua, baina flandriarren %49k bakarrik, N-VA kanpoan geratzearen ondorioz. Urriko udal hauteskundeen ondoren, atzerako kontaketa hasi da. Zer egin hurrengo bozetan N-VAk emaitzak hobetzen jarraitzen badu?
Paradoxa badirudi ere, Belgika batua nahi dutenentzat partidua errazago zegoen Flandriako boto-emaile deskontentuek Vlaams Belang (VB) alderdi ultra-eskuindarraren aldeko hautua egiten zutenean. Immigranteen kontra eta Europar Batasunarekin mesfidati agertzen den alderdi hori –eta aurretik hauteskundeetara aurkeztu diren eskuin muturreko alderdi flandriarrak–, aurrelari handi eta motelen antzera, erraz markatzea lortu zuten “cordon sanitaire” politika aplikatuz 1990eko hamarkadaren hasieratik. Erakundeetan eta hedabideetan eskuin muturra baztertzeko bat egin zuten ia alderdi guztiek VBren eragiteko gaitasuna murriztuz.
N-VA marginalitate politikora eramatea ez dute hain erraz lortuko. Alderdiak diskurtso liberal-kontserbadore, demokratiko eta europazalea dauka eta flandriarren eta waloniarren arteko arazoak estatuaren egiturak aldatuta konpon daitezkeela uste du. Haren helburu nagusia Belgikan erreforma instituzionalak lortzea da, gradualki estatuko bi komunitateek botere handiagoak izan ditzaten bakoitzak bere aldetik, Flandria independente izan arte. Pausokako estrategia hori zailagoa da geldiarazten Europaren bihotzean, antidemokratiko agertu gabe.
Zerbait debekatuta dagoela esatea baita huraxe lortzeko grina pizteko modurik onena. Lehenbiziko aldiz Edengo lorategian testatutako printzipio hori ongi ikasia du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Eskoziaren aferara hurbiltzeko eduki duen modua pragmatikoa eta arriskatua da aldi berean: erreferendumaren atea zabaldu die eskoziarrei, hori eginda zenbait independentisten nahiak hoztuko dituelakoan. Datozen bi urteak etengabeko hauteskunde-kanpaina bihurtuko ditu Erresuma Batuko alderdi kontserbadoreak, eskoziarrek “Ez” bozka dezaten, nahiz eta duela gutxi egindako inkesta batek erakusten duen eskoziar estatu independentearen aldeko jarrera hobea dagoela Ingalaterran Eskozian bertan baino.
Ekonomiak badauka zerikusirik irlaren iparraldeko independentismoaren sasoi onarekin, Katalunia eta Flandriarekin alderatuta arrazoi diferenteengatik bada ere. Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP) 2007an iritsi zen gobernura, AEBetako finantza krisiak artean mundu osoa zipriztindu ez zuenean. Baina ondoren etorri den ekaitzean ere, SNPk erantzun hobea ematen jakin du bost hamarkadaz Eskoziako politika gidatu zuen alderdi laboristak baino, pentsio onak eskainiz, ikasketa unibertsitarioak doan izan daitezen ziurtatuz eta jarrera europazalea hartuz. 1990eko hamarkadaren amaieran Eskoziako parlamentua berrezarri zenetik, sostengua irabazi du etengabe SNPk, 2011ko bozetan %45eraino iritsiz.
Eta eztabaida luzearen atzetik, 2012ko urriaren 15ean sinatu zuten akordioa Cameronek eta Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. 2014ko udazkenean egingo da galdeketa. Emaitzak ez du Eskoziaren etorkizuna zein izango den bakarrik erabakiko, Europako gainontzeko mugimendu independentisten norabidea ere markatu dezake.
Banatze prozesua aurreratu den heinean Eskozian eta Katalunian Europar Batasunetik kanpo geratzearen mamua zabaldu dute estatuen gaur egungo egitura mantendu nahi dutenek. Gaia plazaratzeak ez dauka zentzu handirik Katalunian behintzat, urrats bat ahazten baitu: independentzia lortzeko eskubidea aitortzea. Kataluniak ez dauka gaur egun EBtik ateratzeko inolako arriskurik, Espainiako Konstituzioak debekatzen baitu hori ahalbidetuko lukeen edozein prozesu. Beraz, aukera horretaz hitz egin ahal izateko, erabakitzeko eskubidea aitortu beharko litzaioke aurrena.
Eskoziaren kasuan ere eztabaida interesatu samarra begitantzen da, Erresuma Batuko klase politikoa baita, Cameronen buruko minerako, Europatik geroz eta gehiago urruntzen ari dena. Urriaren amaieran tory eskuindarrenek, laboristen babesarekin, aurrera atera zuten Komunen Ganberan Europar Batasunera bideratutako diruak murrizteko eskatzeko mozioa. Loteslea izan ez arren, sekulako kolpea izan da Cameronentzat, alderdi barruan etsai franko daukala agerian uzteaz gain, irlaren eta kontinentearen arteko kanala amildegi bihurtzen baitu. Britainiarren euroeszeptizismoak historia luzea dauka eta kontinenteko gainontzeko estatuetan baino errotuagoa dago. Baliteke Eskoziak Europar Batasunean jarraitzeko modurik onena, hain zuzen, Erresuma Batutik aldentzea izatea –nahiz eta Eskozian bertan ere batasunetik at gusturago leudeken herritarren ia erdiak, inkesten arabera–.
Gainontzean, Europako Batzordeak uko egin dio gaiari buruzko iritzi argi eta behin betikorik eskaintzeari, kide diren zenbait estatutako zatiak independente bihurtzeko aukerak “erabat hipotetikoak” direla esanez. Mota askotako interpretazioak egin dira, independentzia lortuko luketen nazioek dagoeneko kide izateko baldintzak betetzen dituztenez, zuzenean EBko kide izango liratekeela diotenetatik, sarbidea eskatu beharko luketela uste dutenetaraino –hala izanez gero, puska bat galdu duen estatuak mendekua hartu ahalko luke sarbidea ukatzeko dauzkan tresnak erabiliz–.
Fikziotik asko duten eztabaida horiek momentuz baztertu eta gertagarria denari heltzea izango da egokiena: 2014ko Eskoziako erreferenduma izan daiteke Europako estatu berrien lasterketa abiatuko duen irteera seinalea. Alfred Heinekenen pieza txikiko puzzle bihurtuko ote da Europa? Une honetan sinestea kosta egiten da, baina antzinakoak diruditen estatuak ere noizbait sortu ziren eta gehienak, ez oso aspaldi. Europan gehien agintzen duen Alemania bateratua, Asier Illarramendi Realeko jokalaria baino gazteagoa dela ahazten zaigu sarri. Mugak eta estatu egiturak itxuraz baino aldakorragoak dira, bistan denez.
Kontinente zaharrak gerra komertziala plantatu dio Txinari, auto elektrikoen merkatu europarra porrot historiko eta irrigarri izatetik gertu dagoelako. Txinatarren errua omen, kotxe elektriko europarrak bi aldiz garestiago izatea haienekin alderatuta. Min egiten dietena da... [+]
Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]
Zalapartak zalaparta, eta Espainiako Senatua gainditu ondoren, Europako zigorrak bateratzeko lege aldaketak aurrera jarraituko du. Horrela, 2008an zigorrak bateratzeko Europak onartutako zuzentarauari Espainiak 2014an jarritako salbuespena desagertuko da, eta horrek 45 euskal... [+]
Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: "Berehala kendu ditzatela Ukrainari emandako arma-sistemaren erabilerari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean". Hitz arruntetan esanda: "Bota itzazue luzera handiko misilak... [+]
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.
Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.
2020an elikadura burujabetzaren aldeko akademiko batzuek adierazpen bat egin zioten Europar Batasunari: Itun Berdearen erdigunean dagoen hazkunde ekonomiko “berdearen” paradigmatik haratago joateko eskatu zioten.
EBko erakundeek nekazarien kezka batzuei soilik... [+]
Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]
Ez da ezusteko handirik izan Europako hauteskundeetan, eskuin muturrak gora egin duen bitartean, berdeek orain arteko emaitzarik txarrenetakoak izan dituzte. Zentzu horretan, geroz eta gehiago nabarituko dugu trantsizio ekosozialari lotutako erabakietan ebidentzia zientifikoek... [+]
401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.
Europar Batasunaren txandakako presidentetza beretu eta astebeteren buruan Viktor Orban hungariar lehen ministroak egin duen ezusteko blitz-ak azalpen serioa eskatzen du. Gaiaren neurrikoa.