Euren herrialdeetako jazarpen politikotik ihesi, Alemanian asiloa eskatzen duten errefuxiatuen aldeko mobilizaziorik jendetsuenak izan berri dituzte Berlinen. Egoera latza jasaten ari direla salatu dute, baldintza txarreko erresidentzietan dituzte eta debekatuta dute horietatik mugitzea. Protestetan izan gara, kontuok errefuxiatuen ahotik entzuten.
“Ez daukagu lan egiteko ez hizkuntza ikasteko aukerarik. Ez daukagu egokitu diguten herritik irteteko aukerarik”. Houmer Hedayatzadek errefuxiatu iraniarraren hitzak dira. Asilo eskaera duela urtebete inguru egin zuen eta oraindik erantzunaren zain dago. “Batzuetan bi hilabete pasa daitezke, baina badira eskaeraren erantzuna jaso arte hamar urte itxoiten egon direnak ere”. Bitartean zer? Lan egiteko debekua kasu askotan, hizkuntza ikastaroak hartzeko aukerarik ez eta lager delakoetan bizitzeko mandatua. Asiloa eskatzen dutenentzako erresidentziak dira lagerrak, baldintza oso eskasekoak: intimitaterik ez, pitzadurak paretetan, itoginak... Halako baldintzetan “zure barnean zer edo zer galtzen duzu, zure izatearen zati bat”, diosku Hedayatzadek-ek. Duela urtebetetik bizi da Alemanian. Iranetik alde egin behar izan zuen, bi urte eta erdiko kartzelaldira kondenatu baitzuten. “Oposizioko kide izateagatik kriminal gisa tratatzen nau Irango Gobernuak, publikoki egiten den edozein gauza lan politikotzat hartzen dute. Supermerkatu batean prezioak asko igo dituztela esaten baduzu edo taxi-gidariarekin mintzatzen bazara, berehala atxilotuko zaituzte kritika politikoa argudiatuta”.
Errefuxiatuak Alemaniara iristen direnean, erresidentzia handi batzuetan pilatzen dituzte lehenik (6 astetik 3 hilabetera arte) eta ondoren, herri txikietan sakabanatzen dituzte. Omid Moradian Kurdistanekoa da eta jada hiru urte daramatza Alemanian. Orain arte Regensburg hiritik hogei bat kilometrora dagoen lager batean bizi izan da mundutik isolatuta, eta joan den uztailean egoeraz nazkaturik Regensburgeko kanpatuekin bat egin zuen. “Duela hiru hilabetera arte aleman guztiak arrazistak zirela uste nuen. Baina protesta hauetan jende asko ezagutu dut eta alemaniarrez nuen pentsamoldea aldatu dut, begiak ireki dizkit”.
Legedi alemaniarra, halere, ez dute alde: Residenzpflich izeneko arauak debekatu egiten die asilo eskaera egiten duten atzerritarrei egokitutako erresidentzia eremutik mugitzea. “Alemaniak daukan salbuespen lege bat da, Europako beste inongo herrialdetan aurkitzen ez dena”, azaldu digu Karin Prätori-k; hogei urte daramatza errefuxiatuen aldeko borrokan. Legeak dio asiloa eskatzen dutenek alojamendu komunetan egon behar dutela eta mandatua urratzen duenak urtebeteko kartzela zigorra jaso dezake. Aspalditik, Europa osora hedatu nahi du araua Gobernu federalak, arrakastarik gabe. Alderdi nazionalsozialistak 1938. urtean ezarri zuen Residenzplich legea, nagusiki abokatu juduei zuzendua –Alemanian bizi ziren herritar judutarren defentsa galarazteko–. Egun, sarritan helburu argia du legeak: atzerritarrek herrialdetik alde egitea.
Lagerretan isolatu eta bertatik mugitzea debekatzeak jendea txikitzen duela dio errefuxiatuentzako Bavariako aholkularitza taldeko kide Alexander Thal-ek: “Etorkizuneko itxaropen eta proiektu guztiak suntsitzen ditu. Etxe hauetan egona naiz, errefuxiatuak bisitatzen, eta bi ordu baino ez egon arren depresioak jota atera izan naiz. Pentsa 25 urte daramanak!”. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, hiritar orok “edozein momentutan dauka hiriz aldatzeko eskubidea eta bere erresidentzia eremua/hiria hautatzeko aukera”. Ez dirudi Alemaniako legediak berdin pentsatzen duenik.
Pasa den urtarrilean, Mohammad R. errefuxiatu irandarrak bere buruaz beste egin zuen Bavariako Würzburg hirian. Ez zen egoera isolatua izan, azken urteetan ugari izan baitira Alemanian hautu hori egin duten errefuxiatuak, baina gertaerak errefuxiatuen aldeko mugimendua sustraitu zuen Bavarian. Martxoan, Würzburg hirian kanpaldia abiatu zuten, euren egoera publikoki salatzeko. Pixkanaka, oihartzuna hartu zuen mugimenduak eta Düsseldorf, Nürnberg, Passau eta Regensburg hirietara zabaldu zen. Eskubide urraketen inguruko argazki erakusketak, hitzaldiak, kanpaldiak, gose grebak… izan dira hilabeteotan. Iragan martxotik ekainera bitarte, Alemaniako errefuxiatuek hiru gose greba gauzatu zituzten Würzburgen. Elkartasuna adierazteko, beste zazpi hiritan baraualdiak errepikatu zituzten.
Irailean, mugimendua Alemania osora zabaltzeko xedez, lau asteko martxa egin zuten, 600 kilometro Würzburgetik Berlinera. Eta paraleloki, beste autobus martxa batek ipar-mendebaldea zeharkatu zuen. Talde neonaziekin tirabirak ere izan zituzten bidean (batik bat Thüringen, Sajonian eta Potsdamen). Lehengo hilabeteko manifestazioa izan zen puntu gorena, Berlinen bertan: 6.000 lagunetik gora bildu ziren errefuxiatuei elkartasuna adierazteko. Hala ere, Hedayatzadek-en iritziz are handiagoa izan zitekeen mobilizazioen dimentsioa, baina beldur dira errefuxiatuak: “Asiloa eskatu dutenak jakitun dira Residentpfllich-a errespetatzen ez badute haien herrialdeetara deportatzeko arriskua areagotzen zaiela. Gobernuak xantaia egiten die”.
Martxak orokorrean eragin mediatiko handia izan du. ARD eta ZDF telebista estatalek eta Der TagSpiegel edota Suddeutsche Zeitung egunkariek, esaterako, leku garrantzitsua eskaini diote orain arte herritarrentzat ia ezezaguna zen gai honi. Dena den, eztabaida aurretik zetorren: 2010ean Pro Asyl errefuxiatuen aldeko taldeak epaitegietara jo zuen, legearen arabera edozeinek –bertako nahiz atzerritar– gutxieneko diru-laguntza jasotzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Izan ere, Hartz IV legeak dio langabezian dagoen herritar orok etxebizitza izateko eta hilean 374 euro jasotzeko eskubidea duela, baina oso bestelakoa da asiloa eskatzen dutenen egoera. Lagerretan dituzte eta hilean 40 euro ematen dizkiete. Gainontzeko diru-laguntza zerrenda mugatu batzuetatik aukeratu dezaketen janari eta arropatan jasotzen dute. Uztailean ebatzitako epaiaren ondorioz, orain eskudirutan 134 euro jasotzen ari dira, baina errefuxiatuek diote ez dela nahikoa. Gutxienez, politikariek isilpean zituzten lege hauek iritzi publikora eramateko balio izan dutela dio Prätori-k. “Gainera, sortzen ari den presio hau gobernua beste lege batzuk aldatzera behartu dezake, Residenzpflich-a kasu”.
Egungo asilo politikaren aurkako mugimenduak lau eskakizun nagusi ditu aldarri: deportazio guztiak bertan behera uztea; asilo eskaera egiten duten errefuxiatuen izaera politikoa onartzea; Residenzpflich legea indargabetzea; eta isolamendu erresidentziak ixtea. Berlineko manifestazioaren ondoren ez dira besoak gurutzatuta geratu eta hainbat ekintza burutzen jarraitu dute. Urriaren 15ean, esaterako, Nigeriako enbaxada okupatu zuten eta poliziak 28 lagun atxilotu zituen bertan. Aipatzekoa da Alemaniak Nigeriarekin akordioak dituela herrialde germaniarrera iristen diren paperik gabeko errefuxiatuak hara berriz deportatzeko, bere garaian Gadafiren Libiarekin zituen akordioen gisan.
Urriaren 24an, Brandenburgoko Atean zortzi egun iraun zituen gose grebari ekin zioten hogei bat lagunek. Poliziak kanpalekua desegin eta lo zakuak kendu zizkieten, eta estalperik gabe pasa behar izan zituzten zortzi egunak. Protestek fruituak eman dituzte eta hil honetan Bundestag Alemaniako parlamentura iritsi dira haien eskakizunak, Die Linke ezkerreko koalizioaren, Die Grünen berdeen eta SPD alderdi sozialistaren bidez. Hala, Residenzpflich lege polemikoa izan dute hizpide parlamentariek, nahiz eta alderdien gehiengoak neurria babesten duen, errefuxiatuak kontrolpean izateko ezinbesteko tresna dela argudiatuta. Mugimenduko kideek argi dute, Brandenburgoko atean jarraituko dute, Gandhiren aipua buruan: “Lehenengo ez ikusiarena egingo dute, ondoren barre egingo dizute, gero eraso, eta azkenean irabazi egingo duzu”.
Urtero errefuxiatu ugarik egiten du asilo eskaera Alemanian. Migrazio eta Errefuxiatuen Bulego Federalaren datuen arabera, 2011. urtean 45.741 lagunek egin zuten eskaera, eta aurten, irailera bitarte, 40.201 dira dagoeneko. Kopurua handituz joan da azken bost urteotan eta Afganistan da gehienen jatorria; eta ondoren, Irak, Serbia eta Iran, hurrenez hurren.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]
Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]
Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.
Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.