Hauteskundeak eta errealismoa

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hausnarketa eguna aprobetxatu dut nire artikulua idazteko. Urriaren 20a da. Beraz, “demokraziaren egun handia” ez da oraindik iritsi eta herriaren borondate zehatza ez da ezagutzen. Hauteskunde hauen emaitzak, lortuko diren akordioak, elkarrizketa batzuen porrota, beste batzuen arrakasta, gobernuaren osaketa... aztertuko ditut hurrengoan. Gaur premiazko jotzen dut beste gogoeta bat.

Giza Eskubideen Adierazpenaren eta Espainiako Konstituzioaren arabera, herritarrok eskubidea dugu gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bitartez, ordezkariok libreki aukeratuko direlarik sufragio unibertsalez, aldian behin egingo diren hauteskundeetan.

Beraz, hauteskunde hauetan, herritarrok gure ordezkariak hautatzen ari gara gai publikoetan gure parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko. Horren zerbitzura, bada, egon behar dute hauteskunde prozesuan ematen diren liturgiak eta ikuskizunak. Baina horren zerbitzura, baita ere, hainbat printzipio ukaezinek: gardentasuna, bereizkeriarik eza, herri-karguetara iristeko aukera-berdintasuna eta gizarte aniztasuna –hauteskundeei buruzko Eusko Legebiltzarrerako Legeak dioenaren arabera–.

Nik beste oinarri bat erantsiko nuke: errealismoa.

Bada, nire iritziz, printzipio hauek guztiak kolokan daude hauteskunde prozesu guztietako kanpaina garaian.

Alde batetik, ez dut nik garbi ikusten gardentasun, berdintasun eta aniztasun politikoa printzipioak erabat betetzen direnik. Ez, horixe. Hasteko, alderdi politikoen eskuetan dagoelako gure aukera eta ez delako behar bezala sustatzen beste gizataldeen esku-hartzea: ez da, sikiera, zerrenda sistema irekia onartzen. Bestalde, hauteskunde prozesua bera oso zurruna da. Sistema honetan alderdi eta talde txikiak kaltetuak suertatzen dira hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, hedabide publikoetan ematen zaien aukera eskasa delako eta botere publikoengandik berriz, jasotzen duten era guztietako laguntza txikia .

Herriak parte hartu behar badu gauza publikoan, nahiz eta zeharka izan, herriaren modura egin beharko litzateke. Baina ez da horrela gertatzen. Une honetan, herritarrok berealdiko krisia eta sufrimena pairatzen ari gara; hori da errealitatea. Eta egoera hori islatu beharko litzateke hauteskunde prozesuetan ere. Baina ez da horrela gertatzen, inolaz ere: gastuak ez dira murriztu (ez egiturazkoak ezta alderdienak edota horiek hartzen dituzten laguntzak), erabiltzen diren bitartekoak ez dira gutxitu eta, nire iritziz, handikeriaz aritu dira alderdi handi guzti-guztiak.

Demokrazia osasuntsu batek gizarte zibil indartsua, egituratua eta eraginkorra du oinarri. Horrek eskatzen du erakunde eta talde guztiek aukera izan behar dutela askatasun-erregimena sakontzeko, herritarron aniztasuna aitortuz eta errespetatuz.

Gaur, inork ez du ukatzen gure gizartea politikatik gero eta urrutiago dagoela. Beraz, guztiz beharrezkoa eta premiazkoa da herritarron eta erakunde politikoen arteko loturak berreskuratzea eta sendotzea. Horretarako, gizarteak bizitza publikoan parte-hartze benetakoa eta eraginkorra edukitzea sustatu behar da: ez bakarrik hauteskundeen bitartez, ezta hauteskunde-sistema honetaz ere. Beste bide eta tresna batzuk bultzatzen jarraitu behar da eta jadanik dauzkagunak hobetzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude