Eibarko taldeak baditu hainbat ezaugarri ezohikoak eta berezkoak. Haiei esker daramatza bi hamarkada luze agertokietan, duintasunez eta proposamen irmoetan eroso. Euskal jendartearen –bereziki gazteen– bozeramaile natural izan dira askotan. Metal melodiko ilusionagarria barreiatu nahi dute oraingoan, Ametsak pilatzen disko berria lagun. Aitor Gorosabelek eman dizkigu azalpenak.
Ametsak pilatzen. Zer egin daiteke pilatutako amets guztiekin? Baikor zarete Euskal Herriko egoera berriarekin?
Ametsak pilatzeak gauza ezberdinak lortzeko itxaropena edukitzea esan nahi du, bai indibidualki bai kolektiboki. Itxaropena dagoen bitartean, helburu edo amets horiek egia bihurtzeko aukera izango da. Egoera berriak itxaropen handia sortu du Euskal Herri aske a amesten dugunongan. Beraz, bide onetik goazela uste dugu.
Irudimena eta sentimenduak “hegan” utzi beharko genituzke gehiagotan?
Askotan inguruak kateatzen gaitu. Gehienetan norberaren barruak. Dena dela eta orokorrean hartuta, gure irudimen eta sentimenduak nahiko aske uzten ditugu, gure ustez. Ez ginateke gauden tokian egongo bestela.
Aitor, azkenean baxuak zeuk grabatu dituzu diskoan. Gogorra izan da baxu-jotzaile finko gabeko garai luze hau, hain justu taldearen urteurrenean?
Gauzek beti ematen dute ezegonkortasuna, finkoak ez direnean. Lana eta ardura gehitu egiten da eta horrek beti dakar desgastea. Gauza txarrek zerbait ona dakarte beti ordea, eta aldaketa hauek gertatu izan ez balira, ez genituzkeen Igor Oyarbide kuttuna, David Zarzosa eta orain gurekin dagoen Igor Diez zaratamoarra inoiz ezagutuko. Egia esan, une honetan oso gustora gaude.
Zer ekarri dio Igor Diezek taldeari?
Igorrekin jotzea zoragarria da; izugarrizko teknika dauka, berehala ikasten ditu kantak, oholtza gainean beti irrifartsu eta baikor, esker onekoa da eta gainera gaztetasuna eta freskotasuna islatzen ditu.
“Dihardudan ogibide maitatu honi emango dizkiot eskerrak”. Zer galdu eta zer irabazi duzue ogibide honekin? Gauzak asko okertu dira musikarien alorrean?
Asko irabazi dugu: bizitzeko era ezberdina, afizioa ofizio bihurtzea, gure pentsatzeko era zabaldu ahal izatea, pertsonen bihotzetara heltzea eta jendeak maitatzea, lagunak egitea, tokiak ezagutzea. Hori eta gehiago. Ogibide honek izan ditzakeen gauza txarrak albo batera gelditzen dira aurreko gauzekin. Bestalde, egia da, musikaren industria galdu xamar dabilela eta gehiengoak lan handiagoa egin behar duela gutxiago irabazteko. Teknologia berriek eta globalizazioak orokorrean sortutako gainbeheran sartuko genuke okertze hori.
Zuen kanta gogorrenak ere balada bihurtzen dira askotan (eta alderantziz) eta hit-ak idazteko abilezia handia duzue. Horretaz jabetzen ote zarete idazterakoan? Zer nahi izaten duzue transmititu?
Ez gara kontziente. Ez dakit trebeak garen edo ez hit-ak egiteko orduan. Kontuan izan guk barrutik ikusten ditugula kantak eta zoritxarrez sekula ez dugula entzule bakoitzarentzat kanta bakoitza zer den inoiz jakingo; gure kontzertu bat zuzenean ikusi eta entzuteko aukerarik izango ez dugun bezala. Esan nahi duguna da, ezin dela jakin kantu batek funtzionatuko duen benetan jendaurrera eraman arte. Termometroa jendea da. Berak bihurtzen du kanta hit. Gu indarra eta musikaltasuna bilatzen saiatzen gara, bai musikan eta bai hitzetan ere. Arimadun kantak sortzea izan da gure nahia beti. Hau da, zerbait esango dutenak.
Aitor, ahotsarekin dezente esperimentatu eta bestelako tinbre eta tonoak hartu dituzu; tartean blueseroak Pettiren tankerara...
Petti kantari izugarri ona da! Egia esan, ez da nahita egindako zerbait izan. Jakingo duzunez 2003. urtean kiste bat kendu zidaten ahots korda batetik eta nahi eta nahiez zerbait aldatu da nire eztarrian. Onerako eta txarrerako.
Kantuen hitzak soberan egon daitezke sentimendua pilpilean dagoenean?
Bai, baina Borxak idatzitako “Kantarik Politena” abestiak, dauzkan hitzak izango ez balitu, kanta ez litzateke hain ona izango. Zoragarriak dira hitzak. Jendeak uler dezan eta laburtuz, “Maite zaitudalako, kantatzera etorri naiz, letra soberan duen kantarik politena… kantarik politena… kantarik politena… zeu zara”.
“Beti tente eta tinko, eginez, ekinez, nire bidea egingo”. Ez dago zalantzarik Su Ta Garrek hori lortu duela.
Inguruak norberarengan eragina duen arren, barruak esaten ziguna eta diguna egiten saiatu gara beti. Onerako eta txarrerako. Batzuetan asmatuko genuen eta beste batzuetan ez. Baina esaten eta egiten dugunarekin konsekuente izaten saiatzen gara, eta batez ere gure buruekin eta pentsatzen dugunarekin zintzoak eta fidelak izaten.
“Ez dut behar gauza materialen multzoa, beso artean hartzean nire haurtxoa”. Bizitzari, naturari, begiratzeko esaldi ederra. Hain kezkatuta zaudete materialismo eta teknomenpekotasunen arriskuekin?
Bai. Kanta berak beste pasarte batean zera dio, materialismo eta batez ere teknologia berriei zuzenduta, “desabantaila eta onurak, agian asko, agian gutxi”. Teknologia berriek abantaila handiak eskaintzen dizkigute, noski, baina horien truke ordaindu beharreko saria garestitxo delakoan nago. Alienazioa ez da nolanahikoa.
Nola konbentzitu duzue nor eta Pablo Cabeza promo-orria egiteko?
Aspaldidanik ezagutzen dugu Pablo, eta kazetari eta musika kritikari bezala asko miresten dugu. Bere buruari inoiz protagonismorik eman ez dion benetako kazetari horietakoa da. Bere idazteko era aberats eta poetiko hori Euskal Herriak eman dituen taldeak bultzatzeko eta motibatzeko besterik ez du erabili. Oso ona da. Hemendik eskerrak betiko.
Hiru hamarkada eta ehunka kontzerturen ondoren, Su Ta Gar taldeak betiko indarrari eusten diola ikusi ahal izan dugu 30. urteurreneko biran. Bilboko Aste Nagusian jo zuen Eibarko laukoteak bira horretako azken kontzertua, Abandoibarrako agertokian. Musika eta oroitzapenak... [+]
“Libreeeeeee izateko haiz jaioa...”.
Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean egingo da Heletan (Nafarroa Beherea) Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia. Ohi bezala, musika kontzertuek osatuko dute jaialdiaren bizkarrezurra, baina eztabaida eta gogoetarako tartea ere izango da. Beste gai batzuren artean, krisi... [+]
Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak sostengu garrantzitsua lortu zuen atzo, joan den urtetik aurreikusita duen hazkundeari erantzuteko hain premiazkoa duena. Iazko Herri Urratsen emaitza oso ona izan zen, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagaren hitzetan,... [+]
Atzo aurkeztu zuten ofizialki Arabatakada jaialdiaren zortzigarren edizioa. Datorren maiatzaren 14an, ostiralarekin, ospatuko da Gasteizeko Mendizabalako landetan.