"Geure buruari jartzen diogun oztoporik handiena ezer egiterik ez dagoela pentsatzea da"

  • Goi mailako zientzialaria, Kimika teorikoan doktoratu berria, bertsolaria… Ikusmena galduta eta entzumena urritua izan arren bizitzaren koskak gainditzen doa Oier.

Oier Lakuntza zientzialaria
Oier Lakuntza zientzialariaDani Blanco

Zer da kimika teoriko eta konputazionala?

Kimika ikertzeko bi molde daude: bata laborategian, esperimentuen bidez, eta bestea teorikoa, ordenagailuz egiten dena. Azken honetan, elektroiek segitzen dituzten mekanika kuantikoaren legeak edo printzipioetatik abiatuta, sistema kimikoak aztertzen dira modu teorikoan, hurbilpenen bidez.

Zeri buruz egin duzu tesia, zehazki?

Metanoaren aktibazioaren inguruko ikerlana egin dut. Gaur egun kimikaren erronka garrantzitsua da hau, metanoa, bereziki, energiaren produkzioan erabiltzen delako eta hau aktibatuz gero beste erabilpen batzuk lortuko genituzkeelako: hidrogeno molekularra edo konposatu organiko baliotsu eta erabilgarriak adibidez. Metanoa erretzen dugunean CO2 askatzen da eta, metanoa aktibatuz gero, hidrogeno molekularra lortuko litzateke eta erretzean horrek ez du CO2 sortzen, ura baizik. Beraz, ingurumenari askoz ere kalte txikiagoa egingo litzaioke. Hortik daukan interesa.

Ordenagailua erabiltzen duzu. Nola moldatzen zara pantaila ikusi gabe?

Ordenagailu normala erabiltzen dut; nik behar dudana, beste itsuek bezala, pantaila irakurle bat da. Programa berezia da eta ikusi beharrean entzun egiten dut. Idazteko arazorik ez dut. Azken finean teklatua ezagutzen dut, mekanografia menperatzen baitut.

Tesia amaituta, hemendik aurrera zer?

Ni irekia nago. Dibulgazioan aritzea gustatuko litzaidake, baina gaur egun, krisia dela eta, hori oso zaila dago. Irakaskuntza, unibertsitatean irakasle izatea ere ez dut baztertzen. Dena den, agian orain bideragarriena doktoretza ondoko ikastaro bat egitea izango da. Urte bat edo bi kanpoan ematea, agian Tarragonan. Han hiru hilabeteko egonaldia egin nuen 2010ean, hango lantaldea ezagutzen dut eta oso ongi moldatu nintzen.

Atzerrira joateko ideia bazterrean uzten duzu?

Entzumena dela-eta traba handiak ditut ingelesarekin. Jendearekin hitz egiteko moldatzen naiz, idazteko ere bai, baina jendeari ingelesez ari denean ulertzea kostatzen zait. Baina ez dut baztertzen. Kataluniara joatea ez bada posible, agian Europa iparraldeko leku horietako batera animatuko nintzateke, han gizarte maila oso garatua dago eta agian laguntzak jaso ahal izango nituzke ikasteko eta eguneroko bizimodurako. Urtebete edo bi kanpoan emateko prest nago, baina neure burua hemen, Euskal Herrian, ikusten dut.

Dibulgazio lanetan agian, Elhuyar fundazioarekin?

Kontaktu bat izan nuen duela urte eta erdi eta haiek ere interesa zuten, baina geroztik krisiak gogor kolpatu ditu eta ikusi egin behar. Gustatuko litzaidake, euskaldunontzat Elhuyar erreferentziala delako, baina momentuz dena kolokan dago.

Zertan datza zure muga fisikoa?

5 urterekin Wolfram sindromea diagnostikatu zidaten. Horrek dakar, besteak beste, ikusmen eta entzumen nerbioen galera. Ikusmena pixkanaka galtzen joan naiz itsu gelditu arte eta entzumena ere galtzen ari naiz. Horretaz gain, bi diabetes mota ditut: diabetes metitus, eta insipidoa. Azken horren eraginez gorputzak ezin ditu likidoak mantendu eta haren ondorioetako bat da maskuri neurogenoa izatea. Horrek esan nahi du maskuriak ez diola nerbio sistemari erantzuten eta pixa egiteko arazoak sortzen dizkit.

26 urterekin hori dena gogorra izanen da…

Nik, zorionez, nahiko ongi asimilatu dut dena, eta erantzuten joan naiz, baina egia da hauetako arazoren bat agertu aldiro, nolabaiteko beherakada duzula. Hasieran diabetesa izan zen, gero entzumena eta ikusmena… Galera pixkanakakoa izan da eta horrek lagundu dit ohitzen eta baliabide berriak erabiltzen, hala ere batzuetan gogor samarra da. Entzumen aldetik, aparatuekin ongi moldatzen naiz beste pertsona batekin hitz egiteko. Arazo gehiago izaten dut jende gehiago edo zarata dagoenean. Bazkari edo afari ondoko batean, adibidez, ez dut arazorik izaten aldamenekoari entzuteko baina bai urrun daudenei.

Ikusmena galtzen joatea oso gogorra da?

Gauza asko ikusi dut eta ikusi dudan guztia ez nuke beste ezerengatik aldatuko. Baditut erreferentzia jakin batzuk. Badakit gauzak nolakoak diren eta hori laguntza handia da.

Ikusmena berreskuratzeko itxaropenik?

Gaur egun ikusmena eta entzumena berreskuratzeko modurik ez dago. Ikertzen ari dira, baina ez dago ezer. Helburua da entzumena ahal den heinean mantentzea.

Superman modukoa zara zu?

Ez! Nik beti esan izan dut horrelakoetan bi aukera daudela: iraganera begira egotea eta nostalgia sentitzea edo beste jarrera bat, nik aukeratu dudana, onartu eta arazoei aurre eginez bizimodu ahalik eta onena eramaten saiatzea.

Hau tokatu zait eta aurre egiten ikasi behar dut. Onartzea da lehen urratsa. Hortik aurrera arazoak gainditu daitezke, eta horretarako ingurukoen laguntza ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Agian nahi dudan guztia ezingo dut egin, baina probatu ondoren ikusiko dut hori.

Batzuetan aurreiritziei ere aurre egin behar izan diezu. Nafarroako Opuseko Unibertsitatean, adibidez.

Betidanik Kimika oso gustukoa izan dut eta probatu egin nahi nuen. Zalantza handiak nituen eta gainera unibertsitatera ate irekiko jardunaldietara joan nintzenean, hango dekano ordeak esan zidan ez zidala gomendatzen, inondik inora, Kimika egitea. Zaila izango zela onartuta ere, probatu nahi nuen. Nik neronek ikusi nahi nuen. Tematu nintzela ikusita hartu ninduten eta karrera egin nuen.

Epaitegietan ibiltzea ere egokitu zaizue ezintasun pentsioa eta beken arteko balizko bateraezintasunarengatik.

Ikasle garaian gurasoek jasotzen zuten diru-laguntza nire ezintasunagatik. Doktoretza egiten hasi nintzenean pentsio hori zuzenean ni hasi nintzen jasotzen eta, bestalde, ikerketa beka bat eman zidaten. Handik bi urte eta erdira, gutxi gorabehera, esan zuten beka hartzen hasi nintzenetik jasotako ezintasun pentsioaren dirua itzuli behar nuela, denera 11.000 euro. Guri ez zitzaigun bidezkoa iruditzen eta auzitara jotzea erabaki genuen. Gero Gizarte Segurantzak onartu zuen lehen bi urtekoa niri zegokidala, bekaren lehen urteak bekak direlako, ez lan kontratu bat,eta  beraz bateragarriak dira. Hirugarren eta laugarren urtean, aldiz, beka kontratu moduan egiten dute eta horren ondorioz epe horretako pentsioa, 1.600 euro inguru, itzuli behar nituela zioten. Guk jarraitu genuen esaten bateragarriak izan behar zutela eta otsailean egin zen epaiketaren emaitza gure aldekoa izan zen. Epaia errekurritu zuten eta juxtu gaurko berria da [urriak 2] helegite hori ez dutela onartu eta arrazoia guri ematen digutela.

Legeek ezinduak ezinduago egiten dituzte?

Bai. Eta badirudi arazoa harago doala. Gauzak dauden bezala, badirudi ezinduok ezin garela langile izan. Iduri luke ezintasun pentsioa kapritxotan gastatzen dugula, eta hori ez da horrela. Daukagun gaixotasunak dakartzan beste gastuei aurre egiteko da: medikamentuak ordaindu behar ditut, audifonoak tarteka erosi… Eta soldata ere behar da bizitzeko.

Gizarte hau, oro har, ez dago prentsatua ezinduentzat…

Ez. Ordenagailua erabiltzen dut eta telefono mugikorra ere bai, baina orain sortzen ari diren tabletak eta tresna horiek guztiak, adibidez, ez daude guretzat pentsatuak.

Nire helburuetako bat, eta puntu ahulenetako bat, nire kabuz moldatzen ikasi behar hori izan da beti. Azkeneko lau urteetan, astean zehar Donostian bizi izan naiz unibertsitate ondoko egoitza batean eta ongi moldatu naiz. Azkeneko urte honetan, aldiz, tesia idatzi bitartean, etxetik aritu naiz lanean eta astean bitan Donostiara joaten nintzen.

Alde horretatik, Tarragonan egin nuen hiru hilabeteko egonaldia izugarrizko bultzada izan zen niretzako: apartamentu batean bizi izan nintzen ni bakarrik, etxeko gauza guztiak nire kabuz egiten nituen eta hori oso garrantzitsua izan zen niretzat: pixka bat landuz gero, hori dena egiteko gai nintzela egiaztatzeko oso baliagarria izan zitzaidan.

Bertsolaritzaz gain, zer beste zaletasunak dituzu?

Lagunekin egotea gustatzen zait, bueltatxo bat ematea... Diabetes insipido hori dela-eta, mugatu samar nabil, baina asko gustatzen zait mendira joatea eta ibiltzea. Aukera daukadanean gustura joaten naiz. Irratia entzutea izugarri gustatzen zait. Irakurtzea ere gustuko dut. Braillea oso gutxi erabili izan dut, irakurtzeko ordenagailua eta audio liburuez baliatzen naiz.

Gaur egun jende gazte asko kezkatuta dabil lan faltagatik, egoera ekonomikoarengatik. Zer esanen zenieke?

Eroso bizi izan den jendeari halako zailtasun bat iristen zaionean, normala da pixka bat hondoratzea eta kikiltzea. Nik uste dut, ahal den heinean, aurre egin behar zaiola eta jendea animatuko nuke zailtasunen aurrean gainditzen saiatzera. Geure buruari jartzen diogun oztoporik handiena ezer egiterik ez dagoela pentsatzea da. Gure aukeretan sinesten badugu eta ahalegintzen bagara, oztopo asko eta asko gainditu ahal izango dugu.

Nortasun Agiria: Oier Lakuntza Irigoien

Iruñea (1985-12-29). Guraso sakandarren semea, Oierrek Paz de Ziganda ikastolan eta Iturrama institutuan ikasi ondoren, Nafarroako Unibertsitatean Kimika karrera egin du. Orain berriki EHUn euskaraz eginiko doktore tesia defendatu eta gainditu egin du cum laude klasifikazioarekin. Honainoko bidea ez da zelai eta goxoa izan, Oierrek Wolfram gaitza duelako: horren ondorioz ikusmena galduz joan da, eta duela zazpi urte erabat itsu gelditu zen. Entzumena ere kaltetua du eta audifonoen bidez moldatzen da bizimodu ahalik eta normalena egin ahal izateko.

Off the record: ordenagailua

Oier Lakuntzari ordenagailuak hitz egiten dio. Guk pantailan ikusten duguna hitz bihurtzen dio. Hau eromena! Ziztu bizian robot batena dirudien ahots mekanikoak hamaika letra eta ikur deskribatzen dizkio erretolika zibernetiko amaigabean. Goi mailako zientzia kontuetan, halere, ez omen da oso iaioa makina, eta kimika teorikoaren formulak deskribatzerakoan lan bikoitza ematen dio, ikerlanak egiterakoan. Hala ere, ezinbesteko laguna du eta elkarrekin gauza asko egiten ari dira.

Bertsotan

Irailaren bukaeran Oier Lakuntzak bere tesiaren defentsa egin zuen, Pedro Miguel Etxenike fisikari ezaguna buru zuen epaimahaiaren aurrean. Etxenikek “zorionak doktore Lakuntza!” esanez agurtu zuen Oier Iruñerriko Euskalerria Irratian eginiko elkarrizketan. Fisikari izabarrak Oier Lakuntza goi mailako kimikaria dela nabarmendu zuen eta horren lekuko direla nazioarteko zientzia dibulgazio aldizkari nagusietan argitaratu dituen artikulu bikainak. Epaimahaiburuak azaldu zuenez, cum laude kalifikazioa eman zioten “oso lan ona delako, laburra eta ongi idatzia. Azalpena ere bikaina izan zen”. Bukatutakoan Lakuntzak eskerrak bertsotan eman zizkien eta Etxenikek hari erreplika emateko Maialen Lujanbio bertsolaria gonbidatu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kimika
OIER LAKUNTZA. GAITASUNA
“Ikasle gisa izan naiteke itsu, baina itsu bat ezin da irakasle izan?”

Pantaila bidez baino, entzungailutik entzungailura konektatu gara. Hasi gara hizketan, eta ohartzerako elkarrizketa egina eman dit Oierrek. Zer den argi hitz egitea. Irakurtzera edo entzutera zoazen hau, izandako elkarrizketaren transkripzio literala da, ia.


2021-12-22 | Leire Artola Arin
Maria Josefa Molera Nafarroako kimikariak utzitako ondarea liburu batean argitaratu dute

Izabarrak zientziari egindako ekarpenak ikusarazteko helburuz publikatu du Nafarroako Gobernuak, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira. Izabako Alaba Kutun izendatu dute.


Maribel Arriortua. Emakume ikerlari aitzindaria EHU unibertsitatean
“Gizartearen barru-barruan dago Euskal Herriko Unibertsitatea”

“Grina eta ahalegina. Uste dut horiexek direla ezelako jarduera zientifikoren oinarrizko osagaiak. Saiatu beti zure lanak zeure-zeure zigilua izan dezan, edozertarako ere bidea egin behar dela ahaztu gabe, eta bikaintasuna ez dela egun batetik bestera lortzen”... [+]


2017-06-27 | Unai Brea
Kepa Ruiz-Mirazo. Biziaren sorreraren gakoak argitu nahirik
“Gaur egun Lurrean dugun bizia oso konplexua da eta ez daukagu argi zergatik”

Lan ildo bikoitza du Kepa Ruiz-Mirazo (Gernika, 1970) EHUko  ikertzaileak. Batetik, Leioako Biofisika Unitateko laborategietan bizia sortu aurreko urratsak erreproduzitzen saiatzen da; bestetik, bizia bera zer den hausnartzen du Biologiaren Filosofia ikertaldean. Beraren... [+]


Marie Curieren lanbidearen ajeak

Paris, 1898. Uztailean, Marie eta Pierre Curie senar-emazteek artikulu bat argitaratu zuten ordura arte ezezaguna zen elementu baten berri emanez. Polonio izena jarri zioten, Marieren jaioterria gogoan. Urtea amaitu baino lehen, bikoteak beste elementu kimiko berri bat aurkeztu... [+]


2016-01-21 | Oier Lakuntza
ICIQeko talde teorikoen buruhausteak

Kataluniako kimika ikerketen institutuan (ICIQen alegia), arlo ezberdinetako hogei bat ikerketa talde inguru daude. Institutuaren helburu nagusia prozesu katalitiko berrien garapena lortzea da.


Marie Curie eta Gerla Handia

Zientzia eta guda gizonezkoen alor esklusiboak ziren XX. mendearen hasieran. Espresuki debekatuak zitzaizkien emakumezkoei, neskametzarako edo gizasemeen menpeko lan anonimoetarako ez bazen behintzat.


Eguneraketa berriak daude