Munduko toki askotan gerrako ondare arkitektonikoa modu berezian zaindu izan dute erakunde eta gobernuek, berdin memoria historikoa berreskuratzeko, nola turismoa erakartzeko. Adibideak ugari dira: Krakoviako Auschwitzen eraikitako hilketa-zelaia, Eskoziako Orkadetan presoek eraikitako gerrarako hesiak… Eta gurean? Salbuespen gutxi batzuk kenduta –esaterako, Intxortan auzolanean berrikitan berreskuratu dituzten lubakiak– hilzorian da ondare hori. Toki sinbolikoak birrindu dira eskrupulorik gabe eta eraikinak ezezagutzara kondenatu dituzte utzikeriaz. Eztizen Miranda eta Aitor Azurki kazetariek
adibide bana ekarri dute orriotara.
Erresistentzia errepublikarraren beldur, 1939 eta 1940 artean hainbat kilometroko Vallespin gotorlerroa eraiki zuen Francok Gipuzkoako mugan. Egun, besteak beste, patatak, sandiak, usoak eta untxiak gordetzeko biltegi gisa erabiltzen dituzte bunkerrok Hondarribia eta Irungo baserritarrek.
Testua: Aitor Azurki
Gaintxurizketako N-1 errepidetik igarotzen den makina bat gidarik ez du sekula imajinatu ingurua porlanezko gotorlekuz eta lurrazpiko pasabidez josita dagoenik. Lehenengo albisteak 2006ko uztailean azaleratu ziren, errepidea zabaltzeko lanetan langileek bunker hauetako gutxi batzuk topatu baitzituzten. Balio historikorik ez zutela argudiatuz, traba egiten zuen oro eraitsi egin zuten orduan.
Hala eta guztiz ere, porlanezko eraikinok historia luzea dutela ezin uka. 1939an eta 1940an, Iparraldean erbesteratutako errepublikarren balizko erasoei eutsi asmoz, frankistek zenbait kilometroko defentsa-lerroa eraiki zuten Pirinioak gotortzeko. Vallespin teniente koronelaren gidaritzapean, Gipuzkoa eta Nafarroako lurrazpia tunelez, metrailadore-habiaz, aginte-postuz eta abarrez josi zuten, horretarako langile batailoietako errepublikar presoak erabiliz. Hondarribia eta Irungo Gaintxurizketa nahiz Arkaleko ingurumarietako auzotarrek “betidanik” ezagutu dute gudarako inoiz erabili ez zen Vallespin gotorlerroa; lasai asko bizi izan dira hamarkada luzez bunkerren artean. Hori gutxi balitz, beste erabilera batzuk eman dizkiete gerla-eraikin horiei.
Jaitzubia auzoko Eskamendi sendiak, adibidez, oso gertutik bizi izan du bunkerren historia. Txikitan pasabideetan barna jolasean ibiltzen ziren, bat edo bat usategi gisa erabili izan dute ingurukoek, eta baratzerako ura ere bertatik ateratzen zutela dio Salvador Eskamendik. “Bunkerrak eraikitzen jende asko hil zela komentatzen zuten, dirudienez, hau dena eskuz egin baitzuten, mandoekin gainera, sei edo zazpi urtetan!”, azaldu du. Garai bateko kontrabandoaren lekuko ere izan dira metrailadore-habiok: “Barruan izututako portugaldarrak ikusi izan ditut. Noski, bagenekien mugalarien zain zeudela, alde batetik bestera igarotzeko”.
Auzo bereko Aginagasasi baserriko Manuel Zubeldiak 77 urte ditu eta oso ongi ezagutzen ditu inguruko guda-eraikinen kokalekuak, gaztetan barruan ibilia baita. 1943an presoak ez, militarrak ikusten zituela lanean ziurtatu digu: “Ingeniariak gainera! Kamioiak etortzen ziren hona, kaki koloreko soldaduek saskietan porlana bota eta eskutik eskura pasatzen zituzten otarrak: “¡Eh, chaval! ¡Ven aquí!”, esaten ziguten batzuetan”. Baserritik gertu, mendian gora, militarren barrakoiak zeuden: “Brigadak hornidura gordetzen zuen: olioa, arroza… Eta gau batean soldaduek janaria lapurtu, hona etorri eta saldu egin ziguten. Esne bila ere etortzen ziren, eta trukean ogia ekarri”, esplikatu du Zubeldiak.
Idorpe Teilatuak etxebizitzen estalduren negozioak metrailadore-habia txikia du bere Hondarribiko instalazioetan. Hau baino lehenago beste enpresa bat zegoen bertan, eta gotorlekua aldagela gisa erabiltzen zutela azaldu dute Iñaki Indakoetxea eta Joxe Telletxea langileek. Orain bi urte etorri zen Idorpe Teilatuak leku honetara eta goitik behera garbitu dute: “Atontzen aritu gara, barruan dena urez gainezka baitzegoen, lokatzez eta amaraunez beteta”, dio Indakoetxeak. “Metro bateko sastrakak moztu eta eskailerak ere berritu ditugu”, gaineratu du bere kideak harro. Hala ere, argitu dute oraindik ez diotela erabilpen garbirik eman.
Enpresa honetatik oso hurbil bizi dira Las Doce Tribus taldeko kide batzuk. Lurra lantzen dute eta euren lursailetan zenbait bunker dituzte, baina horietatik bakarra atondu dute biltegi moduan. “Lehen iluna eta zikina zegoen. Beldurra ematen zuen hemendik pasatzeak! Horregatik, duela hilabete gutxi txukundu eta argia jarri genuen uzta gordetzeko, fresko egiten baitu. Tenperatura beti berdina da, eta patatak, gainera, iluntasuna behar du. Oraintxe patatak eta sandiak ditugu”, azaldu digu Pedrok. Produktuok beraiek kontsumitzeko eta saltzeko ekoizten dituzte. Segurtasunerako burdinazko atea ipini diote sarreran hainbat metro luze eta zabal den bunker ederrari.
Lursail horiek baino apur bat goraxeago, Istillaundi-Zar baserria dago. Bertako Manuel Urzelaieta 68 urteko oiartzuarrak bi bunker erakutsi dizkigu. Bata, untxiz beteriko kaiolaz josirik. Sarrera oso zabala du porlanezko bunkerrak eta hesia ipini dute ate gisa. “Betidanik erabili dugu sagardo-botilak, untxi batzuk eta horrelako gauzak gordetzeko. Honek ez du pasabiderik, baina bai pareta moduko hori”, azaldu digu, zapaltzen ari garen lurraren porlanezko oinarri zabala erakutsiz. Bigarren gotorlekua berrehun metrora dago, baina hutsik dute erabat. “Oiloak-eta sartzen dira bertan, baina hemen ez dugu trasterik”. Hori bai, zinez txukuna eta garbia dute bigarrena; seinale da zaintzen dutela.
Erakundeek gerra-gotorlekuok zaindu ez badituzte ere, iraganeko biztanleen terrore eta sufrimendua atzean utzi eta modu praktikoan bere egin eta berrerabiltzen jakin du egungo jendarteak.
Bilbok, beste hainbat herrik bezala, 1936ko Gerraren historia gordetzen du kaleetan, baina boterearen eta hirigintzaren itsukeria herriaren beraren nortasuna lurperatzen ari da.
Testua: Eztizen Miranda
Espainiako II. Errepublikaren azken hilabeteak ziren, 1936ko otsaila, eta Frente Popularrak irabazi zituen hauteskundeak. Artean, estatu-kolpea prestatzen ziharduten eskumako indar politiko tradizionalistak, monarkikoak eta faxistak.
Bilbon Afrikako altxamenduaren berri jakin bezain pronto, Jose Echevarria Novoa Bizkaiko gobernadore zibila eta Bilboko Garellano erregimentuko burua, Joaquín Vidal Munarriz teniente koronela bildu ziren. Batailoiaren buruzagiak militarren leialtasunaz zalantzak zituen, ezaguna baitzuen isilpeko irratia zegoela kuartelean eta, berak agindu barik, gotorlekuak eraiki zituztela bertan; zertarako eta kolpearen kontra zibilek parte hartu zezaten eragozteko. Vidalek bazituen uste osoko soldaduak, eta horiek errepublikaren alde borrokatuko zirena seguru zen. Baina gizon haiekin nahikoa ez zuela izango uste zuen, eta horregatik eskatu zion laguntza Echevarria Novoari; gobernadoreak berehala eskaini zizkion Frente Popularraren baliabideak kuartela babesteko.
Basurtora bueltatu zenean, Garellanoko buruak zenbait ofizial ikusi zituen gainerako soldaduak kolpearen alde konbentzitu nahian, baina horretarako agindu ofizialik ez zen inoiz heldu kasernara. Arean ere, Iruñean zegoen García Escamez jeneralak gobernadore militarrari estatu-kolpearekin bat egin zezala agintzeko deitu zionean, honek, Andres Fernandez Piñeruak, “¡Viva la República!” oihukatuz erantzun zion. Handik gutxira, Mola jeneralak berak deitu zuen Garellanoko erregimentura zuzenean estatu-kolpearen ordenantza emateko, ordurako, ordea, kasernako telefonoak desbideratuta zituzten Gobernu Zibilera eta horri esker, Echevarria Novoak errepublikaren aldeko erantzuna berretsi zuen, oraingo honetan Mola jeneralari berari
Espainiako hainbat zonaldetan estatu-kolpeak arrakasta izan zuen, Bilbon, bizkitartean, indar militarrek Kale Nagusia zeharkatu zuten uztailaren 19an demokraziaren alde: Guardia Zibila, Asaltoko Guardia, segurtasun guardiak, mugazainak, miñoiak eta Garellanoko batailoia izan ziren bertan.
Egun berean, kolpistak Bizkaian sartzea saihesteko, Garellanoko lehenengo zutabeak Legutiorako bidea hartu zuen, Vidal Teniente Koronela buru zuela. Garellanoko kuartelean hartutako erabakiek ahalbidetu zuten faxismoaren kontrako defentsa zibil eta militarra eratzea Euskal Herrian. Gerra hasita, zibil asko soldadu bihurtu ziren, izena Garellanon eman ondoren; gudaletxean biltzen ziren gudariak frontera joateko, eta horrela bihurtu ziren kaserna zaharraren harresiak euskal historiaren lekuko.
Egoera horretan baino ez zen posible izan Euskal Autonomia Estatutua sortzea, 1936ko urrian. Orduan, Jose Antonio Agirre eta Lekube izendatu zuten Jaurlaritzako lehen lehendakari eta egungo Carlton Hotelaren balkoitik egin zuen deia “Euzkadiren askatasunaren alde”.
Jaurlaritzarekin batera Euzko Gudarostea sortu zuten eta Vidalek eta Piñeruak ardura handiko karguak izan zituzten euskal armadan. Horiekin batera, Modesto Aranbarri Bilboko Udaltzaingoko arduraduna izendatu zuten euskal ejertzitoaren operazio buru.
Urkulu mendiko borroken ostean, 1937ko ekainaren 15ean, frankistek Bilbo bonbardatu zuten, eta hildako eta zauritu ugari izan zen, baina kaserna zutik mantendu zen. Egun batzuk geroago, Hego Euskal Herri osoa frankisten esku zegoen. Uztailean, Garellanoko erregimentuak eta Euzko Gudarosteko beste hainbat gudarik mendebaldera jo zuten borrokan jarraitzeko, urrian Santander kolpisten menpe geratu arte. Hortik aurrera ez dago Garellanokoen berri: batzuek beste batailoietan jarraitu zuten; zenbait etxera joan ziren; kolpisten bandoan borrokatu ziren hainbat hortik aurrera.
Basurtoko kasernari dagokionez, frankisten gotorleku bihurtu zen, Garellanoko erregimentu berriaren kuartela. Hori horrela, diktaduran zehar, gudari eta zibilen presondegi bihurtu ziren horma haiek, 1936an askatasunaren ikur izandakoak.
Militarrek 1983an egin zuten alde Basurtutik, eta orduan, Bilboko Udalak Segurtasun Zerbitzuak eraman zituen kasernara; udaltzainak Garellanora itzuli ziren beraz.
Aurten, kolpistak Bilbon sartu zirela 75 urte bete direnean, hirigintzaren hazkundeak bere egin du historiaren hondamena. Izan ere, 1937ko ekaineko bonbek lortu ez zutena lortu dute eraiste makinek 2012an, Garellanoko kuartela desagerrarazitea. Egunkariek diote eraiste ekologikoa izan dela, leialtasunaren aztarnak berrerabiliko dituztelako 1.050 etxebizitza berrien zimendu bihurtzeko. Horrenbestez, Euskal Herriaren historia eta nortasuna ehortziko dute hirigintza-irabazien zamarekin ireki ezingo dugun beste hobi komun batean.
Telesforo Aranzadik esan zuen bezala “begiek ezagutzen dutena baino ez dute ikusten”. Basurtuko Garellanon hirigintza Master Plan baterako lurzoru gozoa ikusi zuten zenbait begik; hala bada, hezi ditzagun begiak bestelako ikurrak ikusezin bihur ez daitezen. Carlton Hotelak garai bateko Jaurlaritzaren sekretuak gordetzen ditu oraindik Bilboko Biribil Plazan; Errepublikako armarriak isilik darrai Espainiako Bankuaren aurreko horman; bonben babeslekuen arnas-zuloak irekita daude zenbait etxebizitzen sotoetan; eta beste asko ere bai, ikusi nahi duten begien zain.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.
Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.
1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]
Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.
Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]