Gurbea, Sorbus domestica, landatu beharra daukat. Ea behingoz gustu goreneko sagardo naturala egiteko gai naizen... Lagun ardogile bati ere barrika batean lardaskatzen uzteko eskatuko diot. Helburua: sagardoa eta ardoa paregabetasunera eraman, gurbearekin. Horixe paregabea, inork ez baitu honela egiten. Karea nagusi den lur bat topatu beste aukerarik ez dut... Hala ere beste Sorbus jendearen aldean ikaragarrizko erraztasuna du lurra eta klima aldetik aproposenak ez dituen beste baldintza ekologikoetako tokietara egokitzeko. Bere Sorbus senideak, estu eta zorrotzak izaki, galbidean ditugu Euskal Herrian. Hau hedatzen hasi behar...
Landare garrantzitsua, lehen asko aldatzen zen: aziendarentzako bazka, jendearentzako sendabelarra, irina egiteko, konfitura eta uxuala gaia... Hala ere, fruitu ardogilea zen helburu nagusia: tanino izugarri du eta ardoak argitu edo arazteko, buketa indartzeko eta hobeto iraunarazteko ona. Baina zura ere ez du nolanahikoa: lantzeko erraza eta fina, malgua, astuna, trinkoa eta sakadura jasaten duena. Helburu jakin batzuetarako onena, garestiena zen. Haritzarenak metro kuboak 700-800 kilo eta gereziarenak 550-600 pisatzen badituzte, gurbearena 800-900 kilo tartean dabil. Astuna eta trinkoa. Sona handikoak ziren gurbe zurezko marrazketa tresnak: erregelak, galgak, eskantilak, jostunen metroak... Mendetan tresna eta lanabesen etxeak, armazoiak edo gorputz-egiturak egiteko erabili izan da, sagarrondoarena baino estimu handiagoan: arrabota, marrusketa edo garlopa, gilaumea... Errotetako tresnerian ere, engranajeko hortzak gurbezkoak izan ohi ziren. Baita torlojuak, dolare ardatzak, musika tresnak (txirulak...), ontzien brankak... Erabilpen horiek gehienak galduak dira, baina oraindik ere zurgintzan izen handia du. Gaur egun zur berezia eta topatzen zaila da, eta batez ere altzarietan xafla gisa darabilte. Udare suitzarra izenarekin dabil merkatuan eta urre prezioa du. Beste inon ez bezala, Suitzan bertan gurbea berreskuratzeko saiotan ari dira.
Taxuzko gurbidirik ez dut ezagutzen, baina jarri beharra dago... Sagardo onaren bidean. Ea zortzi pitxerkadako edo hamasei litroko gurbilak betetzen ditugun... Eta hiru gurbileko zahagiak husten!
Aberastasuna aireratzen du gurbitzak (Arbutus unedo). Lur fresko eta sakonak behar ditu oparo hazteko. Berak ere ongi zaintzen du elikatzen duen lurra eta hosto eta azal-printzezko ongarri bikainaz janzten du bueltan; hartu eta eman, trukean bizi. Azpian gabiltzan gu ere ederki... [+]
Arabar Errioxan da Eskuernaga. Bertakoek hala deitzen dute, Euskaltzaindikoek bere artean lehen Uriona eta orain Villabuena. Eskuernagan baden dena ardoa da, eta paisaia mahasti. Lehen besterik ere izango zen, fruitu arbolak, baratze, labore-soro, baso-koskor... Paisaia... [+]