Gurbe minata


2012ko irailaren 25an

Txekia eta Eslovakia muturka daude, Sorbus domestica, gurbe handiena norena den deman. Norgehiagoka horretan gustura arituko nintzateke neu ere. Hori bai kirola! Tokitan gaude, ordea, lehiarako! Handiagoren bat izango da, baina gure lurretan ezagutzen dudan gurbe ederrenak zer izango du, metro beteko gerria? Handiena, eta itxuraz zaharrenetakoa, Txekiako Strážnicen bizi da, Zerotin muinoan; Adamec izena du eta 458 zentimetroko gerri buelta omen. Deman bere parean jartzen duten Eslovakiako Bratislava aldameneko Modrangokoak 484 zentimetroko enborra duela diote. Adamec eta bestearen izena eta izana ezagutzeak soilik mereziko du harantz joan-etorri bat antolatzea. Laurehunen bat urte ote dituzten esaten da...

Geurean, isuri atlantikoan, utziz gero, bapo biziko liratekeen Sorbustarrak –otsalizarra, hostazuria eta maspila edo basagurbea; hurrenez hurren Sorbus aucuparia, S. aria eta S. torminalis– ez bezala, gurbeak karea lepo behar du lurrean eta hezetasuna tamainan. Horrexegatik ezagunagoa dute urak Mediterraneoari ematen dizkioten arabarrek eta nafarrek. Ez alferrik, handik ekarria da, Ebroko uretan gora. Erromatarrek, beste makina bat landarerekin batera, joaten ziren tokira joaten zirela, bizkar zorroan zeramaten horietakoa zen gurbea. Garai hartan mahatsondoaren, Vitis vinifera, hurrengoa izango zen. Etekin ederra kentzen zioten: zura eta fruitua. Azken horrek euskaraz ere izen ugari du: udare-latza, udalatxa, maspila, gurbea... Milaka urtetan hurritza (Corylus avellana) eta Sorbustar hauek izan ziren, agidanean, gure aurrekoen sostengu nagusietakoak. Nire iritziz, garai batean familia horretako arbolen fruituek izan zuten garrantzia galtzearekin bat etorri zen espezie desberdinen igalien izenen saltsa. Gurbearen espezie berean, forma desberdineko fruituak ematen dituzten aldaerak badaude eta sagar, maliforme, edo udare formakoak, pyriforme, bereizten dira.

Orduan bai gurbea fruitu preziatua. Jateko ona, arbolatik bilduta bai, baina luzaz eusteko belar ondutan sartu eta ondoren ustelduta hobea. Mizpira, Mespilus germanica, bezala. Jateko bezain ona da gurbea ardogintzarako. Besteren beharrik gabe, alkohol gradu apaleko pitar edo minata eder askoa egiten zuten berarekin. Gurbearen muztioa edota ardoa, alferrik galtzeko arriskuan ziren sagardoak eta udare-ardoak zuzendu eta hobetzeko erabili izan da. Egun ere bada haren premia...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gurbitza
2012-11-21 | Jakoba Errekondo
Landareak
Kaskasoilaren lilurabidea

Sasoia halakoa eta hau da hau fruituaren emana! Makatza edo udarea (Pyrus sp.) antigoalekoa izango da, baina aspaldi hartako fruitu gehiago ere bada gure mendi eta erriberetan.

Mendiko angulak ere deitzen dituzten zizahoriak biltzeko garai oneneko gurbitza da horietako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude