Zaborraren arazoa larria dela gutxik ezkutatzen dute Palestinan. Israelgo okupazioak eragindako etsipena ala kontsumismoaren ondorioa? Paisaiaren “plastifikazioak” zeresan handia du egungo testuinguru politikoan.
Obra-hondakinen, auto zaharren zatien eta plastikozko poltsen artean “Ramala” sinatzen duen kartel handi batek Zisjordaniako urbe handira gonbidatzen gaitu. Erre berria den zaborraren usainak eta trafikoak eragindako soinu kutsadurak osatzen dute ongietorria.
Ondoan harresia eta Qalandiako checkpoint aski ezaguna. “Okupaziorik gabe, noski, baina Ramalak 1970eko hamarkadako edozein hiri mendebaldar irudikatzen du, non garapenaren eta modernismoaren baloretzat hartzen zen kutsadura”, adierazi du Abu Diseko unibertsitatean Ingurune Zientziak irakasten dituen Alice Gray ekologoak.
Palestinako hiriburu izateko asmorik ez du Ramalak, baina Osloko Akordioen ondotik eraiki den Palestina berriaren sinbolorik argiena da. Espazio urbanoen eraldatzea, gizarte indibidualistaren garapena eta kontsumismoaren gorakada joera nahiko berriak dira palestinarrentzat. Testuinguru berria nazioarteko diru emariek eta, oro har, Gobernuz Kanpoko Erakunde handiek sortu duten garapen ekonomiko irrealaren eredu dela aldarrikatzen du aditu askok.
Errealitate berriaren begi-bistako ondorio bat izan daiteke zaborra. PAN Palestinako Aginte Nazionalak egindako azterketen arabera, Zisjordanian 1,3 kg. zabor sortzen du biztanle bakoitzak batez beste egunean. Zabor horren %60 organikoa da. Duela urte gutxira arte, 155 zabortegi zeuden 5.600 kilometro koadroko azalera duen eremuan. Orain hiru zabortegi handi eraiki nahi ditu PANak Munduko Bankuak emandako diruaz. Bata iparraldean, Janin aldean; bigarrena erdialdean, Ramala eta Jerusalem ekialderako, eta azkena hegoaldean, Hebron eta Betleem artean.
Nolanahi ere, ez dago “hondakin solidoak” kudeatzeko politika bateraturik lurralde okupatuan. Udalerri bakoitzak edo udalerri ezberdinez osaturiko batzordeek jasotzen dute zakarra, eta haiek erabaki non bota. Tartean, azpiegitura nahikorik ez dutela kexu dira udalerri asko.
Zaborraren arazoak taxu teknikoa duela uste du Judeh Marcos Betlemgo gobernazioan zakarra jasotzeaz arduratzen den batzordeko zuzendariak: “Kamioiak falta zaizkigu eta langile gehiago kontratatu ahal izateko udalerriek zerbitzua jasotzeko beharrezkoa den tasa ordaindu behar dute”.
Baina Palestinan arazo teknikoa testuinguru politikotik aldendu ezin daitekeela aldarrikatzen du aditu batek baino gehiagok. Hala, Israelgo okupazioa aipatzen da ezinbestean. Grayren iritziz, “nola hitz egin daiteke arazo tekniko batez, palestinarrek Zisjordania osoaren %61ean kontrol administratiborik ez baldin badute? Nola sortu daiteke zaborra era egokian kudeatzeko sistema bat hiri bakoitzak irla isolatu bat osatzen badu?”.
Hain zuzen, zaborraren presentzia argiagoa da PANen kontrolpean ez dauden eremuetan. Gune horietatik zenbaitzuk, Israelgo fabriketako eta kolonietako hondakinen zabortegi bilakatu ohi dira, baita harrobietako eta obretako hondarren hilobi ere. Bestalde, Israelgo kontrol militarraren pean dauden Zisjordaniako herrixka palestinarrek ez dute maiz zaborra jasotzeko zerbitzurik. Bertako biztanleak, nekazariak gehienak, hondakin organikoekin konposta sortzen dihardute hamarkada luzez.
Iheslarien guneak ere aginte-ezaren biktima garbiak dira. Palestinako errefuxiatuez arduratzen den Nazio Batuen Erakundearen UNRAW agentziak du iheslarien guneetan zaborra jasotzeko ardura. Sarri ez da hala egiten, eta errefuxiatuek kontenedoreetako zakarra erretzen amaitzen dute. Hala, UNRAWk udalerrien esku jarri du zaborraren kudeaketa. Iheslariek, ordea, ahaztura salatzen dute. “Biztanle ikusezinak gara, eta inork ez du erantzukizunik hartzen. Batzuetan asteak igarotzen dira zaborra jasotzen duten arte”, kritikatu du Fadik; Deishe iheslarien gunean etxez etxe plastikozko poltsak jasotzeaz arduratzen da bera.
Zaborraren kudeaketan estrategia falta dagoela argi diote Palestinako agintariek, baina estrategiarik egonez gero, hura inplementatzeko testuinguru politiko egokia falta dela argudiatzen dute. Edonola ere, arazoak badu bere sustraia gizartean, alegia, palestinarrek azken hogei urteotan bizi izan duten eraldatzean. Bada, zaborraren errua zein neurritan du testuinguru politikoak, eta zein neurritan gizarteak berak?
Sophia Stamatopoulou-Robbins antropologoak bi urtez aztertu du zakarraren arazoa Janin hirian. Bere ustez, lurralde okupatuan ezarri den paisaia politikoaren adierazle da: “1960ko hamarkadara arte zaborra ez zen kasik existitzen... Orain hesietan, bide ertzetan, zelaietan... plastikozko poltsek palestinarren gogo-aldartea erakusten dute”.
Iritzi berekoa da Rifat Qassis analista politikoa: “Intifaden garaian desobedientzia zibiltzat hartu ziren jokabideak modus vivendi bilakatu dira egun. Egitura sozialak galdu ditugu eta palestinarrok gure komunitateen aurka erreboltatzen hasi gara. Halere, Mendebaldean ez bezala, hori guztia kontrolatzeko araudirik ez dugu”.
Hortaz, gizartean zabaldu den axolagabekeriaren irudi al da zaborra? Grayk analisi bikoitza du: “Bai eta ez. Batetik, ezeren kontrolik ez izatearen sentipenak zaborrarekiko ardura gutxietsi du. Bestetik, ordea, Mendebaldean plastikoen eta kontsumo gizartearen etorrerak eragin zuen kutsadura gogoratu beharko genuke”.
Marcosek, berriz, alde teknikoari heltzen jarraitzen dio: “Inork ez gaitu zaborra leihotik botatzera derrigortzen. Errealitate nahiko berria da guretzat eta kontzientziazioa falta zaigu”.
Kasuak kasu, zaborrak paisaia zatartzen duela eta zabortegien aldeko apustu garbia egin dutela adierazi dute Ingurumen ministeriotik. Begi bistatik kendu eta ezkutatu, hori egingo dela dirudi. Birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustu ausartagorik ez da oraindik proposatu.
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.