Talentu gazteak deskubritzea helburu duen Zuzendari Berriak sailean, Animals filmarekin hartuko du parte Donostiako Zinemaldian Marçal Forések (Bartzelona, 1981). Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezko Eskolatik atera da bera, hain justu talentu berriak sustatzeko xedez lan egiten duen eskola eredugarritik.
Egin dituzun film laburretan (Yeah, yeah, yeah eta Friends forever) eta Animals pelikulan hainbat elementuz osatutako unibertso pertsonala osatu duzu. Adibidez, denetan bizitzaren etapa berari heltzen diozu: nerabezaroa.
Proiektu berri batean pentsatzen jartzen naizenean modu batera edo bestera ateratzen da beti. Heldu izateko trantsizioari aurre egin beharraren krisiarekin dago lotuta, gauzak norberaren baitatik eta gozamen hutsetik bizi dituen haurra izateari uztearekin. Heltzeak esan nahi du gauzak gehiago erlatibizatzea, tonu grisak ikusten hastea, bestelako emozioak bizitzea. Erakargarria zait une hori, non emozioak oraindik oso intentsuak diren, baina horiek kontrolatzen saiatzera behartuta zauden, adin bat duzulako jada. Gaztetxo zarenean batzuetan gauzak oso bortizki bizi dituzu eta denok pasatzen dugun etapa kritikoa da: krisi hori irudikatzeko aukera interesgarria iruditzen zait.
Etapa ilun eta tragiko gisa irudikatu ohi duzu nerabezaroa.
Niretzat oso etapa tragikoa da. Nire kasuan ez zen ezer gertatu markatuta geratzeko modukorik, baina galera dago, haurra zarenean daukazun eta sentitzen duzun purutasuna galtzen duzu. Deserrotze gisa irudikatzen dut. Munduaren ikuspegi garbiagoa ematen dizulako heldutasunak hobeto sentiarazten zaituela erakusten du hainbatek bere lanetan, baina nik kontrakoa ikusten dut, bat-batean mundua eguzkitako betaurrekoekin ikusiko bagenu bezala.
Bigarren mailako pertsonaia oso potenteak eraikitzen dituzu.
Pelikulako protagonistak oso basatiak egiten dituzunean, azkenean karikatura izaten bukatzen dute eta ez dira sinesgarriak, kosta egiten zaizu haiekin enpatizatzea. Konturatu naiz astakeria bat edo mundiala iruditzen zaizun zerbait irudikatu nahi duzunean –baina protagonistak egiten badu absurdoa litzatekeena–, bigarren mailan jar dezakezula eta gozatu. Bonba bat izan daiteke, zartakoa ikusleari, edo barre algararako motibo.
Etxeko zigilua duzu kutsu surrealista. Fantasia eta errealitatea nahasten dituzu, baita Animalsen ere. Zer iradokitzen dizu surrealismoak?
Oso dibertigarria iruditzen zait, ideia-asoziazioak beti erakarri nau, pinturan adibidez. Saihestu ezin dudan zerbait da, pelikulan elementu fantastiko bat sartzen dudan arte ez dut benetan gozatzen. Gustuko dudana ez da eremu fantastikoa genero gisa jorratzea, baizik eta errealitatea eta fantasia banatzen dituen marra ezabatzen saiatzea. Imajinaziorik gabe ez naiz gauza funtzionatzeko, seguruenik, dibertigarriagoa delako istorioak modu horretan kontatzea, edo estutasunean jartzen zaituzten egoerak planteatzea. Nire pelikuletan, zati fantastikoa beti dago lotuta desirari eta nahiei, pertsonaiek gertatzea nahi duten horri; itxaropen horren pertsonifikazioa da fantasia, azken finean. Errealitateak ez diezaiola imajinazioari atea itxi. Gainera, nerabezaro garaiarekin bat egiten du nolabait, fantasiaren eta errealitatearen arteko mundu horrek.
Musika funtsezko elementua da zure pelikuletan. Aukeratzen dituzun taldeak kontuan hartuta, proposamen alternatiboak sartzeko aprobetxatzen duzu?
Talde batean aritu nintzen, lagun musikariak ditut eta gustuko dudana aukeratzen dut, bizi ditudan gauzez hitz egitea gustatzen zaidalako nire lanetan, nire munduaz, soinu-bandatik hasita. Eta bai, proposamen alternatiboak sartzen saiatzen naiz, main streama jartzeko badago dagoeneko Los 40 principales. Ederra da pelikula batean zure gustuko musika sartu ahal izatea, zerbait desberdina erakutsi ahal izatea. Beti idazten dut musikarekin eta eszena batzuk kantuetatik sortzen zaizkit, abesti bat entzunez joan naiteke eszena jakinetako emozioak irudikatzen eta definitzen. Ez al zaizu gertatzen batzuetan pila bat konektatzen duela kantu batek momentu horretan sentitzen duzun emozioarekin? Pelikulek hori lortzen dutenean izugarria da, katarsi modukoa. Wes Andersonek The Who taldearekin egiten duen gisan.
Horrekin guztiarekin (gaiak, kutsu surrealista, musika, estetika, kontatzeko modua…) oso giro berezia sortzen duzu, pertsonala. Nola lortzen da pelikula batek giroa izatea?
Nik ere ez dakit, baina egia da lan guztien muntaketa fasean jabetu naizela oso eremu estuan mugitu naizela, segituan zatarra, absurdoa izateko arriskupean, dramatikoegia batzuetan. Ez dakit zerk lortzen duen azkenean dena orekan mantentzea, baina erraz okertu daitekeen bidea da eta proiektu guztietan arrastoan sartuta mantendu behar izan dut, baita Animalsen ere. Mundu fantasiosoan sartzearekin zu zeu eror zaitezke tranpan, gehiegi kontatzeagatik edo alderantziz, galdera gehiegi uzteagatik airean, erantzun bakar bat eman gabe. Asko miresten ditut David Lynch edo Antonioni bezalakoak, gai dira zinema intuitiboa egiteko, baina barruan daramazu, edo asko landu behar duzu benetan kontrolatzeko.
Produktorak honela aurkeztu du Animals: Donnie Darko pelikularen eta Gus Van Sant zuzendariaren pelikula intimoenen arteko nahasketa da. Ez da makala!
Nik ere pentsatu nuen, ez al da gehitxo? Kalitatea baino –lehenengo luzea dudalako eta hasiberriaren akatsez beteta dagoelako dudarik gabe–, elementuak dira Donnie Darkorekin konparagarri egiten dutenak: biek dute pertsonaia fantastikoa, misteriotsua. Gainera, gutxi dira genero fantastikoan murgiltzen diren pelikula espainiarrak, ez bada terrorea edo zientzia fikzio gordina egiteko. Eta Gus Van Santen espiritutik ere badu zerbait, errespetatu eta bat egiten dut errealismo sentimental horrekin, naturalki ateratzen zait. Gus Van Santek kariño handiarekin egiten ditu filmak eta erabat aspertu zaitezke haren lanekin, edo biziki gozatu ditzakezu.
Ingelesa eta katalana tartekatu dituzu pelikulan.
Mugak gainditzea gustatzen zaidalako. Peluxezko hartzak adibidez ingelesez hitz egiten dio protagonistari eta protagonistak hari katalanez, mugak hausten dituzte arduratu gabe, eta hori atsegin dut.
Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko zara. Zer du eskaintzeko zuzendari berri batek? Zer hartu beharko luke kontuan epaimahaiak?
Zaila da… Interesgarriena baloratu beharko lukete, artistikoki eta eduki aldetik. Atzean defendatzea merezi duen zerbait duela ikusten duzun hori. Pentsatu ohi da zuzendari berria izateagatik lanik ausart eta alternatiboenak aurkeztuko dituztela, baina ez du zertan. Iaz Isaki Lacuestaren Los pasos dobles lanak irabazi zuen Sail Ofiziala eta ondo iruditzen zait hain autore ausarta saritzea.
Freskotasuna eta ausardia behar du zinemak? Zirikatzea?
Talentua behar da, filma zirikatzailea izan daitekeelako eta aldi berean mespretxagarria eta zatarra.
ESCAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezko Eskolatik jaio zen Escandalo Films, eta bien arteko Opera Prima proiektuari esker, aurrera atera dituzte ikasle ohien lanak, tartean Elena Trapéren Blog, Mar Collen Tres dies amb la familia, Kike Maílloren Eva, eta Animals bera. Diru-laguntza kontuengatik Escandalo produktora independente bilakatuko den arren, ESCACek prest du ordezkoa ekoizpen akademikoari irteera emateko: Escac Films produktora.
Zein da ESCACen filosofia?
Lehen egunetik argi utzi ziguten filmak egitera joaten ginela hara. Ez dut ezagutzen beste eskolarik non lehenengo urtetik 16 mm-ko kamerarekin errodatzen duten ikasleek. Praktika jartzen dute denaren gainetik eta asko errodatzen da, asko lantzen da harremana eskolakideekin, taldean aritzen gara… Gauza pila bat eginda ateratzen zara ESCACetik, lan asko egin duzunaren eta asko ikasi duzunaren sentsazioarekin. Zorrotzak dira gainera, errodatu eta muntatuta ez da bukatzen ariketa, beldurrezko filma egin nahi baduzu, beldurra eman arte ez da bukatutzat ematen, eta akatsetatik asko ikasten da horrela.
Egile berrientzat bultzada garrantzitsua al da Opera Prima proiektua?
Dudarik gabe. Beste zein produktorek izango luke konfiantza bi labur baino egin ez dituen 25 urteko gazteagan? Helburua da pelikula interesgarriak egin ditzakeen talentu gazte asko dagoela frogatzea.
Zinema katalana suspertzeko ere balioko zuen.
Areago, jauzia izan da, Escandalok haizearen kontra egin du, zinema aurrera ateratzeko alternatibak daudela frogatu du eta aukera hemen bertan dagoela, film onak egiteko ez dagoela kanpora joan beharrik.
Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.