Ehun lagunetik bat eskizofrenikoa dela diote estatistikek. Horietarik batzuek lana dute, harremanak, hainbestean bizi dira botikei esker. Beste zenbaitek zori latzagoari egin beharko dio aurre. Gaitzak mendean hartuta dituen gaixoen egunerokoa konprenitzeko saio xumea duzu erreportaje hau.
Gaitz mental guztiak zaizkigu arrotzak. Normaltzat jotzen ez denak ernegatu egiten gaitu. Ezjakintasunez, gaitzetsi egiten ditugu eskuarki. Ez da, alabaina, buru nahasmen askorik izango eskizofrenia baino konprenigaitzagorik. Hitza aipatu orduko, muturreko bi jokaera artean tirabiran den eroa imajinatuko du gehiengoak, zintzo eta halaber gaizto, zentzudun eta hego haizeak jota, zuzen eta oker, bereizi ezinean. Bestela esanda, karga literariotik urrun legokeen Jekyll doktorea, edaberik gabe ere ezustean transformatzen dena. Edo ahotsak entzuten dituen izaki pitzatua, inoizko krimenik lazgarrietarako joera izan dezakeena. Errealitatea, ordea, funts eskaseko aurreiritzi horiek diotena baino arrunt konplexuagoa da.
Eskizofrenikoek ez dute nortasun bikoitzik, ez dituzte ezinbestean ahotsak entzuten, eta, lupa mediatikotik handietsitako kasuak alde batera utzita, ez dira oro har arriskutsuak, beren buruaren kontra ez bada. Bitik bat, bere buruaz beste egiten saiatuko da.
Inor gutxi mintzo da eskizofreniaz. Ez gaixorik, ez haien seniderik. Izan ere, zein elkarrizketatan sar liteke “eskizofrenia krisiak izaten ditut” edo “anaia eskizofrenikoa da” bezalako daturik, ezinbesteko aitortza tonuan ez bada. Zein hizketa klasetan, zein mailatan. Uste baino arruntagoa da, haatik. Uste baino gertuago dago gugandik, ehunetik batek bizi baitu bere baitan.
Baina zer da zehazki eskizofrenia? Ez dago adostasun erabatekorik, definizioari dagokionez. Ez dago diagnostiko ziurra kolpe bakarrean egiten lagunduko lukeen sintoma-sorta garbi, zehatz eta apartekorik, gaitzari bere-berea zaionik. Horren ordez, zerrenda luzea osatzen duten ezaugarrietatik batzuk izango ditu gaixo diagnostikatuak. Eta zergatik horiek eta ez beste batzuk, ez du beharbada inoiz jakingo. Esku-liburu psikiatriko askotan irakur liteke, bestalde, esklusioz diagnostikatzen dela, epe luze xamarra behar dela, erraz sei hilabete, medikutan hasi eta ondorio horretara heldu artean. Epe horretan, gainera, eldarnioak, deliriumak eta haluzinazioak eragin ditzaketen beste hainbat kausa eliminatu beharko dira hasteko eta behin. Besteak beste, tumorea, plaken esklerosia, depresio psikotikoa, egoera maniatikoa edota nahasmendu bipolarra.
Izatez, zaku zabala da eskizofrenia. Azpi-multzo parea baino gehiago eta azalpen argirik ez duten arazo psikotiko franko hartzen ditu bere baitan; kasu, jokaera, patroi eta istorio mordoa: antzeman ere egiten ez zaionetik hasi eta, errealitatearekiko lotura galduta, gizarteari bizkar emanda bizirauten duenera arteko aldaera guztiak. Hona hemen adibide bat, ezer orokortzeko asmorik ez lukeena.
Protagonistak, dei diezaiogun Xabier, 18 urte zituen lehen krisiak ezgaitu zuenean. 43 ditu orain. “Oso gogoan dut egun hura”, azaldu digu haren arreba gazteagoak, Argiarako narratzaile lanetan jarrita. “Saninazioetan izan zen, Rock Radical Vasco delako garai hura bete-betean bizi genuela. Anaia zaharrena zeharo kezkatuta heldu zen etxera, Xabierren portaeragatik harrituta”. Bi anaiek urtebeteko aldea dute eta lagun-talde berekoak dira. “Hark botatako hitz zehatzak erabiliz, ‘mongolitoa’ balitz bezala gelditu omen zen, hantxe plazan, festaren erdian. Handik gutxira gure izeba erizaina etorri zitzaigun etxera, psikologo bat lagun zuela. Niri, 14 bat urte izango nituen orduan, etxe horretatik ateratzea komeni zitzaidala esan ziguten”.
Arreba –dei diezaiogun Idoia–, kolonietara bidali zuten, beraz. Xabierrek, berriz, Donostiako Ospitale Psikiatrikoan pasatu behar izan zuen bolada. Handik aterata, Gizakia Helburu erakundera jo zuen, orduko usteen arabera, bere nahasmenduaren kausa droga zaletasuna izango zelakoan. “Izan ere, asko hartzen zuen anaiak –jarraitu dio kontaketari Idoiak –, eta oraindik ere horixe du bizi-poza”. Hala ere, inortxok ere ez zuen panorama garbi, “psikosia eta antzekoren bat ere ikusi nuen paperen batean idatzita. Ni, harri eta zur, izen bereko filma burutik ezin kendurik”.
Urte batzuetan ziklikoa bilakatu zen Xabierren portaera. Udazkenean Gizakia Helburuko programari heltzen zion. Negua nahiko txukun pasatzen zuen, tarteka lana ere eginez. Sanferminetan, ordea, berriro hasten ziren komeriak. Zeharo aztoratuta itzultzen omen zen handik, eta halaxe pasatzen omen zuen udaldia.
“Egoera erabat zailtzen zenean, okerrak egiten hasten zenean, bidali egin behar izaten genuen etxetik. Esate baterako, labana hartzen zuenean. Ez genuen uste gure kontra hasiko zenik, baina egoera bera beldurgarria zen. Krisialdi horietan geu ginen gaiztoak harentzat, bere etxekoak, eta bereziki ama. Amaren kontra zuen dena, sekulako obsesioa. Amak gehiago ezin zuenean alde egiteko eskatzen genion. Aita baztertu egin zen apurka, arduratzeari utzi zion. Oso zaila da horrelako pertsona batekin bizitzea, oso maitea izanagatik ere. ‘Ezin diagu aguantatu, ingresatu egin behar duk, ospitalera joan behar duk’ esaten genion”.
Droga munduan dezente sartu zen Xabier. Gehientsuenak kontsumitu zituen, Idoiaren hitzetan, “heroina, speeda, kokaina konturik ez diot entzun, eta porroak. Azken hauek oso txarrak zirela esaten zigun”. Ospitalean ingresatzen zutenean, ordea, abstinentzia sindromerik ez zioten aurkitzen.
Behin, Marokora haxix bila joan eta amabirjina ikusi zuela esanez heldu zen handik bueltan. Odol urdinekoa zela ere esan izan zuen gerora, krisialdi betean. Eneko Aritzaren oinordea zela, eta prest agertzen zen gainera, frogatzeko. Esate baterako, eskumuturrean ebakia eginda, odola agertu zedin, odol urdinekoa zela ikus zezaten ondokoek. Garai hartan, Donostiako Ospitale Psikiatrikoan ez ezik, Arrasatekoan ere ingresatu zuten. Idoiak gogoan duenez, orduan hasi zitzaizkien eskizofrenia aipatzen. “Drogadikzioa beste plano batean gelditu zen. Anaia zoratuta zegoela esaten hasi zitzaizkigun, eta onartu egin behar genuela bere eromena”.
Zaila da hori, ordea. Idoiaren azalpena baliatuz, “gaixo dagoen pertsonari begiratzen zaionean, pertsona bera da osotasuna, gaixotasuna ondoan duen zerbait da. Pertsona alde batetik eta gripea bestetik. Gaixoa batetik, eta minbizia bestetik. Guk Xabier eta gaixotasuna bat eginda onartu behar genituen, bere izatetik bereizi ezin dena bezala. Baina onartze horrek etsipena ere badakar. Borrokatu egin nahi duzu anaia ondo ikusteko. Eginahalak egiten dituzu. Urte mordoa behar izan genuen onarpen horretara heltzeko. Eta bera, Xabier, ez dut uste oraindik onarpen horretara heldu denik. Amabirjina benetan ikusi zuela, bere baitarako benetan aurrez aurre izan zuela sinetsi genuenean hasi ginen zer gertatzen ari zitzaion konprenitzen”.
Gaixotasunak duen alderdirik latzenetako bat legea da Idoiaren ustez, sistema bera. “Krisiak ikusi egiten dituzu etortzen. Badatozela badakizu, eta ezin duzu ezer egin. Zure irudipena besterik ez bada, frogarik ez baduzu, ezin duzu gaixoa ingresatu dezaten eskatu. Inork ez dizu kasurik egiten, ez bada epailearen aginduz, baina epaileak ez du ezer egingo salaketarik ez badago. Ezin duzu zerbitzu sozialetara jo, arriskutsua ez den artean. Arazoa zeurea da dena”. Xabierren familiak gizarte-laguntzailearen bidez nahi izaten zuen salaketa bideratu, “ez guk jarrita”, nabarmendu du Idoiak, “Xabierrek ikus baitezake salaketa, eta hori besterik ez zuen behar, guk salatu genuela jakitea”.
“Hura ingresatu nahia ez zen haren beldur ginelako –jarraitu du–, baizik eta babestu nahi genuelako, eta baita jendea ere. Xabier oso kalekumea baita, beti kalean, beti jende artean. Kalean bizi da eta kalea bizi du”.
Azken krisialdian aizkora eskuetan zuela irten zuen herriko plazara. Jende askok ikusi zuen horrela –3.500 biztanle inguru dituen herri batean bizi da–. “Itsusia da horrela esatea, baina hura salbazioa izan zen”, diosku Idoiak. “Egoera bere onera etor zedin ertzainak etorri ziren, eta horren ondorioz epaileak Xabier ingresatzeko agindua eman zuen. Gero okupazio-terapian hasi zen, eta berriro medikatzen. Terapian dagoen bitartean amak ordu batzuetako bakea du. Bestalde, Xabier askoz zainduago dago, familiakoek ez ezik okupazio terapiako kide eta laguntzaileek kontrolatzen dute, eta hori ona da”.
“Pentsa liteke, bestalde, Xabier biolentoa dela, beldurra eman dezakeela”, argitu digu arrebak. “Eta ez da inondik ere. Gogo handiago izan dut nik hari min ematekoa, hark niri ematekoa baino”.
Nahasmena hasi zenetik hona, hamar urte on egin zituen Xabierrek. Eman zioten botikak on egiten zion, odol analisiak egiten zizkioten, eta horien bidez hartzen zituen drogen kontrola ere eramaten zioten. Udalak garbitzaile lanetan jarri zuen. Kasik nostalgiaz gogoratzen du bolada hura Idoiak. “Halako batean kendu egin zioten botika hura, eta akabo. Gibela kaltetzen omen zuen”.
Orain hartzen duen botikak sekulako ezinegona sortzen dio, eta jateko gogo ikaragarria, ezin inola ase. “Medikamentu batzuek sekulako dardara jartzen dute, oinak ezin geldirik eduki. Nabarmena da gainera. Eskizofrenia duen ezagunen bat seko puztuta ikusten duzunean badakizu, botikak hartzen hasi dela, berehala jabetzen zara hori ez dela gizentze normala”.
Medikamenturik gabe, ordea, arrunt okerrago. “Oso gogorra da haientzat horrela bizitzea, ondorio txar horiek denak pairatzea, baina botika horiek gabe berehala hasten dira paranoiak eta gainerako sintomak”. Ez dago, oraingoz, besterik.
Idoiak, zaintzaileek eta buru gaitzetan adituek esango luketen bezala, Xabierri asko lagunduko lioke lanak. Ez du, ordea. Amak ditu harekiko ardura guztiak. Haren zaintzarik gabe ezingo luke aurrera egin. Izatez, ez du ezta laguntza ekonomikorik ere, dependentzia legeak ez baititu horrelako kasuak bere baitan hartzen.
SINTOMA POSITIBOAK
Ez, hain justu, positibotzat jo daitezkeelako.
Pertsonak normalean izaten ez dituen esperientziak eta portaera agertzen ditu. Eskizofreniaren markatzat jotzen dira.
Haluzinazioak
Zentzumenen nahasmenak dira, gaixoarentzat guztiz errealak: ahotsak entzutea (denetan arruntena), usain arrotzak sentitzea, gorputzean aldaketak sumatzea…
Eldarnioak, deliriumak
Uste faltsuak. Ideia erreal eta errepikakorrak dira gaixoentzat. Esate baterako, Jainkoak hautatuak edo odol urdinekoak direla sinestea. Edo eraso terroristaren errudun dela uste izatea, pentsamenduak besteren batek kontrolatu nahi dizkiola sinestea…
SINTOMA KOGNITIBOAK
Arreta mantentzeko zailtasuna, kontzentrazio eta memoria arazoak.
SINTOMA NEGATIBOAK
Normalean dituen jokabideen aldaketa, jardunaren murrizketa.
Motibazio eza, axolagabetasun emozionala, isolamendua, iniziatiba eta bat-batekotasuna galtzea, harremanetarako eta komunikaziorako arazoak, hizketa mugatu eta saltokakoa, pentsamendu nahasiak, loturarik gabekoak. Sintoma negatibo hauek direla kausa, sarritan alferrak edo axolagabeak izatea leporatzen zaie eskizofrenikoei.
- Kultura, klima eta talde etniko guztietan dago eskizofrenia.
- Kasu gehienak nerabezaroaren azken fasean eta heldutasunaren hasieran diagnostikatzen dira. 16 eta 25 urteen artean.
- Gizasemeak gazteagotan jotzen ditu emakumezkoak baino, eta gogorrago. Zergatiak ez daude garbi.
- Eskizofrenia garatzeko arriskuaren atzean herentzia genetikoa dago. Dena den, joera genetiko horri estres maila handia gehitu behar zaio ezinbestean. Eskema genetiko erabat garbia izan gabe estres maila handia jasan duenak errazago du eskizofrenia garatzea, genetikoki joera handikoa izan baina halako estresik jasan behar izan ez duenak baino. Estres hori bizitzako martxak eragina da. Senide baten heriotzak, lanik gabe gelditzeak, ezkontzeak, gaisoaldiak, haur baten jaiotzak… Gertaera eta sentsazio ugarik areagotu dezakete estres hori.
- Ikerketen arabera, haxixa errez gero, sei aldiz handiagoa da eskizofrenia garatzeko aukera. Alta, eskizofreniak jotako askok alkohola, haxixa, anfetaminak edota kokaina kontsumitzen dute gaitzak eragiten dizkien sintomak eta sentipenak, hala nola ezinegona edo depresioa, apaltzen dituztelakoan. Momentua pasata, ordea, are sakonagoa da amiltzea.
- Haurdunaldiko eta erditze momentuko eragozpenek eskizofrenia garatzeko arriskua areagotzen dutela susmatzen da.
- Lehen antipsikotikoa 1950eko hamarkadan asmatu zuten. Antipsikotikoak sintoma positiboen kontrolean du eragina, eta gaixoen %70-80ri on egiten dio. Alabaina, hainbat egun behar ditu efektua egiten hasterako.
- Yogak, meditazioak eta kirolak mesede egiten dute.
- Eskizofrenikoek, botiken eraginez sarritan, gizentasun eta diabete arazoak izaten dituzte. Baita odol tentsio altua, bihotzekoak eta arnas hartzeko arazo kroniko larriak ere. Bestalde, asko erretzeko joera erakusten dute.
Konplikatua dirudi eskizofrenia diagnostikatzea. Prozesu luze baten ondoren heltzen da. Bestalde, zaku zabalaren antza du, mota askotako sintomak eta ondorioak hartzen ditu bere baitan. Hala da?
Eskizofrenia diagnostikatzeko irizpide kliniko batzuk erabiltzen dira eta ez da hain zaila gaur egun.
Diagnostikoa egiteko garaian, zer da zuentzat zailena? Oro har, zein fasetan heltzen da pazientea zuengana?
Batzuetan zeharo jota heltzen zaizkigu. Hain gaixo, ezen ez baita posible harekin hitz egitea. Eta geure fonendoskopioa, nolabait esatearren, elkarrizketa da justuki.
Diagnostikoa garbi dagoenean, zer da zailena pazientearekiko, pazientearen familia eta inguruarekiko?
Dena. Tratamendu guztiek ikuspegi medikoak, psikologikoak, familiarrak eta sozialak lotu behar dituzte, eta atal bakoitzak bere zailtasunak ditu.
Zer da eskizofrenia duten pazienteen artean, gehien zoratzen edo aztoratzen dituen sintoma? Zer gomendio ematen duzue?
Eskizofrenia oso gaitz larria da eta dena aztoratzen du, pentsamendua, pertzepzioa, borondatea eta harremanak. Gaitz honek aipatu ditudan ikuspegiak erasotzen ditu eta denak tratatu behar dira.
Bestalde, gaixoak normalean ez dira gertatzen ari zaienaz jabetzen. Ez dute horren kontzientziarik, eta ez dira konturatzen bizi dutena gaixotasunaren ondorio dela.
Tratamendu osoa hartu behar du, medikazioa, psikoheziketa, familiakoen laguntza eta errehabilitazioa.
Zergatik dago hain estigmatizatuta gaitz hau?
Ezjakintasunagatik. Baina nahasmendu hauen sustrai biologiko eta psikologikoak orain dela 50 edo 60 urte baino hobeto ezagutzen ditugu.
Besteak beste, antipsikotikoak ematen zaizkio pazienteari, sintomak apaltzeko. Antza denez, sendabiderik ez da oraino. Bestalde, botika hauen albo kalteak handiak dira eta pazienteek sarritan hartzeari uzten diote, eta horren ondorioz hondoratu egiten dira berriro ere. Zer diozu?
Egia esateko, gaur egungo botikak askoz ere ziurragoak dira. Hala ere, daukagun arazo nabarmenena sindrome metabolikoa da. Alegia, gaixoak obesitatea, diabetea, hiperkolestrolemia edota hipertrigliziridemia garatzen ditu. Hauei aurre egiteko badira psiko-heziketa programak. Autoestimua, elikadura eta ariketa fisikoa lantzen dira hauen bidez.
Baina zer da sendatzea? Kasu askotan, gaixotasuna ez espresatzea lortzen da botikak hartuz.
Eskizofrenia eta droga, bereziki haxixa, sarritan lotu den bikotea. Zein da zeinen ondorio?
Zaila da esatea, baina gero eta jende gehiagok garatzen du eskizofrenia haxix eta beste zenbait droga kontsumitu ondoren.
Estatistikek diotenez, %1 eskizofrenikoa da. Ez al da larritzeko modukoa? Zuen ospitalean zer dimentsio du gaitz honek, ingresatzen direnetatik zenbati diagnostikatzen zaio?
Hala da, eta kultura guztietan. Geure ospitalean ingresatzen diren pazienteen herenari gutxi- gorabehera horixe diagnostikatzen zaio.
Osasun publikoaren aurrekontuek ere guraizea dute mehatxu nagusi. Nola afektatzen dizue zuei, psikiatroi? Eta eskizofreniari edo halako gaitz kronikoei dagokionez, zer ondorio izango ditu?
Programa berri bat da bidean, eta guraizea sartu beharrean, badirudi baliabideak izango ditugula. Beraz, egoera hobetzea espero dugu. Behintzat, uste horrekin ari gara lanean.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]
Kontsumismoaren kontrako bizikleta martxa Setem GKE-aren eta Masa Kritikoaren artean antolatu da ostiral honetarako.
Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.
----------------------------------------------
Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]