Fronte bakarreko gatazka

  • Thailandia eta Birmania artean kokatua, azken horiekiko independentzia aldarrikatzen du Karen herriak. Karen gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira, baina Birmaniako armadaren aurka borrokatzeko muga ezkutuan zeharkatzen dute hainbat gerrillarik. 2010ean haiekin izandako hartu-emana kontatu du Andoni Lubaki kazetariak.

Ume soldadu bat, Paa Looko fronte inguruan.Andoni Lubaki
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Arratsaldea oihanean zelatan pasa genuen, Thailandiako armadaren beldur ginen. Behin muga pasatzen hasiz gero, atzera egiteko aukerarik ez zegoela esan zuten. Thailandiako armadak estraperloan harrapatuz gero, zigorra gogorra omen da, ez nuen gehiago galdetu nahi izan. Gurekin generamatzan trasteak errekaren bestaldera eraman behar zituzten Nazio Askapenerako Karen Armadako (KNLA) soldaduek, karenak bizi diren lurraldera. Horretarako ilunabarrari itxaron behar.

Mae Sot-etik 40 kilometrora eraman gintuzten ziztu bizian 4x4 batean. Lau karen etorriko ziren nirekin, janaria gerlariei eramateko asmoz. Errepide malkartsuan, gorabehera askoren ondoren erreka ikusi genuen muturren aurrean, supituki. “Beste aldean karenen lurraldea dago, KNLA borrokatzen den tokia. Orain Thailandiako armadako militarrik ez ote dagoen begiratzen ari gara. Gure pasabideak ezin dituzte jakin, bestela beste batzuen bila hasi beharko dugu. Erreka pasatzean ezin dugu irratirik erabili, ezta telefonorik ere. Etsaiak aurkitu gaitzake bestela”, azaldu zuen Thee Mun-ek.

Halako batean, errekaren bestaldean, sastraka batzuk mugitu ziren eta denak adi geratu ginen harantz begira. Gizon txiki gihartsu bat agertu zen eta pasatzeko keinua egin zigun. Galtzak erantzi, motxilak buru gainean jarri eta erreka oinez igarotzeari ekin genion. Lokatzez blai iritsi ginen banbu enborrez eginiko kanpamentura. Inork ez zuen hitzik egin lehenbiziko hogei minutuetan. Hotzez akabatzen geunden eta berotzeko whisky botila bat eskaini ziguten. Ondoren, lotara joan ginen, zelatan geratzea zegokienak izan ezik. Txakurrei zaunka egin ez zezaten muturra lotu eta zegoen argi txiki bakarra itzali zuten.

Hurrengo egunean, Moe Khoo Too deituriko soldadua gerturatu zen gosariarekin. Tea eta arrozez eginiko ogi borobila jan genuen denok. Jakin-mina piztu nien karen gerrillako soldaduei, ea zertara etorri nintzen. Paa Loo frontera joatea nuela helburu. “Urruti dago hura, baina nahi baduzu lagunduko dizut”, esan zidan Moe Khoo Took.

Eguna prestakizunetan pasatu genuen. Ekipajea gutxi bazen ere, bidearen nondik norakoak ondo jakin behar genituen, Birmaniako Juntako soldaduak edonon aurki genitzakeelako. Karen lurraldea jasaten ari den gerratea, gune pare batean izan ezik, gerrilla gatazka da. Segadak, minak, frankotiratzaileak. Edonon egin dezake batek topo horrelako arriskuekin. Oihanean aurkitzen den ur asko gainera ez da edangarria, eta kontrakoa badirudi ere, janaria lortzea zaila egiten da. “Txakur bat eramango dugu gurekin, etsaia usaindu dezan”, adierazi zuen Moe Khoo Took, irribarretsu. Lagun eta bizkartzain izango nuen gerlariari galdetu nion ea zenbat urte zeramatzan gatazkan. “Dagoeneko ez dakit, gaztea naizen arren oraindik! 34 urte besterik ez ditut eta ume nintzela hasi nintzen gerlan, nire aita eta aitona bezala. Besterik egiten ez dakit. Nire aitona-amonek bazekiten lurra landatzen, aitak ordea ez, eta nik are gutxiago”. “Eta gerra hau amaitzean zer egingo duzu?”, berriro nik. Isilune baten ostean, ondoan zuen Zum Khiy soldaduari zerbait esan zion. “Ez dakit. Gerra egiten bakarrik dakit. Ez dut ezertxo ere ikasi, ez baitut aukerarik izan. Gerra egiteagatik ordaintzen didate zertxobait, aitari bezala. Badakit gainera hiltzeko arriskua dudala, bihar agian! Hortaz, ez naiz etorkizunaz asko pentsatzen duen horietakoa. Hemen ez dut uste etorkizunean inork pentsatzen duenik. Baina borrokan jarraitu beharra dugu, etorkizun bat izan dezaten gure seme-alabek”.

Abiatzeko unean berriro ere ilunabarra da. Oihanean lo egingo genuen, zehazki non aurreikusi gabe.“Gerrilla gatazka da hemen inguruan erabiltzen den borrokarako modua, hortaz ezer finkorik ez”, azaldu zidan Thee Munek. Lan neketsu eta gogorra da oihanean ibiltzea, kosta egiten zitzaigun metro bakarra ibiltzea ere. “Distantziari erreparatzen badiozu, ez dago urruti Paa Looko frontea. Baina oihanak bidea zaildu egiten du”, jakinarazi zidan Thee Munek. Hori esan bezain pronto guregana zetozen tiro hotsak entzun genituen. Moe Khoo Took lurrera bota ninduen babesteko asmoz eta beste gerlariak tiro egiten hasi ziren. Hamar minutu igaro ondoren, azkar batean jaiki eta korrika egiteari ekin genion oihanean. Gaua arbola artean ezkutatuta egin ondoren, hurrengo goizean iritsi ginen Paa Looko frontera.

Paa Loo, minaz jositako frontea

Karen Armada Budista Demokratikoak (DKBA) eta Nazio Askapenerako Karen Armadak 2010. urtean su-etena sinatu ostean, bat eginik borrokatzen dute Paa Loo fronteko zonaldean, Birmaniako Junta Militarraren aurka. Minaz josia dago eta frankotiratzaileak edonon daude. Han ezagutu nuen Moe Thee Zum, Birmaniako Ikasle Demokratikoen Fronteko buruzagia –1988ko Rangooneko liskarren ondoren sortutako gerrilla–: “Gerra hau oso ankerra da. Hildako asko jasan ditugu zonaldean, azken urteotan. Nire anaia bat hemen hil zuten, bere gorpua lurperatzeko tokirik ere ez dugu eta erre egin behar ditugu toki segururen batean. Hilobi batzuk badauzkagu, baina etsaia iritsi bezain pronto suntsitu egiten dituzte eta barruan dauden gorpuak bistaratu. DKBA gerrillakoek ere hori egiten zuten, orain aldiz lagunak ditugu, baina ez naiz haiez fio. Ni budista naiz, baina ez naiz inoiz DKBAkoa izango, interes propioengatik bakarrik egiten dute borroka, ez karen tribukoen interesen alde”.

Fronte batean gosaltzea gauza zaila da. Bake unea izaten da normalean gosaltzeko momentua, han aldiz, ezin genuen burua lurretik asko altxatu, frankotiratzaileek ikus ez gintzaten. “Gutun hau emango dizut, gure hizkuntzan idatzi dut. Inoiz gure lurraldean arazorik baduzu erakutsi eta laguna zarela ikusiko dute. Ea beste batean ikusteko aukerarik dugun”, agurtu ninduen Moe Khoo Took, oihanean bizkartzain izan nuen soldaduak. Gainean neraman metalezko lepoko merkea oparitu nion, ez bainuen ezer gehiagorik nire esker ona adierazteko, eta oihaneko bere postura itzuli zen. Handik hilabetera, Euskal Herrian, ordenagailua piztu eta Phee Twee karenaren mezua ikusi nuen postontzian: “Junta militarraren soldaduek Moe Khoo Too erail zuten pasa den astean. Erreta agertu zen gorpua. Zuk oparitutako lepokoa zuelako ezagutu ahal izan genuen. Mila esker gure gatazka ezagutarazteko egin duzun lanagatik. Zure lagun Phee Twe”.

Moe Thee Zun Ikasle Demokratikoen Fronteko burua
"Bake prozesua hiru urteren buruan lortzeko gaitasuna dugula iruditzen zait"

Birmaniako Junta Militarraren aurka borrokatzen den Fronte Komuneko gerrilletako bat da Ikasle Demokratikoena, 1988. urtean sortua. Liderrarekin mintzatu gara.

Zein helbururekin sortu da Fronte Komuna, Birmaniako gerrillen batasuna?

Gerrilla bakoitzak bere kabuz baino ez badu borrokatzen, ez da garaipenik lortuko. Hamabi bat gerrilla batu dira momentuz eta helburu bat baino gehiago ditu Fronteak: batetik, Birmaniako Junta Militarrak bake prozesua onartzea; eta bestetik, diktadurarik ez dagoenean, Birmania nazio federalista izateko oinarriak jartzea, etnia bakoitzaren kultura errespetatuko duen batasuna eraikitzea, alegia.

Zer nolako estrategia erabiliko duzue Birmaniako Junta Militarrak bake prozesua onartu dezan?

Hiru ildo jarraituko ditugu. Lehenbizikoa da Birmaniako diktadura pairatzen ari den herria Juntaren aurka mobilizatzea. Bigarrena, nazioartean ere kanpaina indartsua egitea diktaduraren aurka. Aung San Suu Kiy askatuta, nazioartean ere oihartzuna izango dugu, bera baita gure pertsonaiarik ezagunena eta mediatikoena. Eta azkenik, borroka armatuan jarraitzea, hainbat lurraldetan baina helburu berarekin: bake prozesua abian jartzea. Horretarako, borroka armatuaz ari naiz, estrategia ere aldatu behar dugu. Fronteak ahaztu behar ditugu eta gerrilla gatazka hasi, hau da, eraso eta ospa egin. Ez bakarrik landa inguruan, baita hirietan ere, beti zibilen biziak errespetatuz, noski! Kontuan izan behar dugu gu baino soldadu gehiago dituela Birmaniako armadak. Bake prozesua hiru urteren buruan lortzeko gaitasuna dugula iruditzen zait, gauzak ondo eginez gero.

Estatu federal bat aipatu duzunez, nola antolatu beharko litzateke Birmania diktadurarik gabe?

Etnia bakoitzaren autonomia errespetatuko duen Estatua izan beharko du, hau da, estatu federala. Estatu osorako konstituzio bakarra egongo litzateke, baina estatu bakoitzak (adibidez Karen Estatuak) autonomia propioa izango luke, bere legeak, beti ere Birmaniako konstituzioa aintzat hartuta. Goiko eta beheko ganberak egongo lirateke. Beheko ganberako partaideak “pertsona bat, boto bat” printzipioa jarraituta aukeratu beharko lirateke eta goiko ganberan lurralde bakoitzak pertsona kopuru berbera izango luke. Ekonomia arloan, konstituzioan agertuko lirateke erreforma guztiak. Momentuz hori da gure artean hitz egin duguna baina laburbilduz esan dezaket landa erreforma bat behar dela, lurrak nekazariei eman behar zaizkie eta horiek Estatuaren laguntzaz landu. Merkatu librea ere egongo litzateke, Estatuak kontrolatua. Ongizatea izango litzateke helburu nagusia eta horretarako barne merkatu bat sortu beharko litzateke, gaur egun esportazioekiko dagoen menpekotasuna eteteko.

Munduko gerrillarik zaharrena

Nazio Askapenerako Karen Armada (KNLA) munduan dagoen gerrillarik zaharrena da. 1946. urtean sortu zen eta 1947az geroztik borrokan dihardu Birmaniako Junta Militarraren aurka. 2009an 6.500 soldadu inguru zituzten –zaila da egiaztatzea, baina hori da erabiltzen den kopurua–. Karen lurraldearen independentzia aldarrikatzen dute, Birmania hegoaldean. Lurralde honek Thailandia eta Birmaniarekin egiten du muga eta baliabide natural ugariko zonaldea da, zafiroa, petrolioa, gasa, egurra eta ikatza tartean.

Arlo politikoan diharduen talde bat ere badu, Karen Nazio Batasasuna (KNU). Birmaniako diktadura militarra dela-eta, Thailandiako Mae Sot herrian egiten ditu agerraldiak. Hain zuzen, karen tribuko gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira –Mae La eta Nuh Poh kanpamentuetan gehienbat–. Junta militarraren aurka borrokatzen diren soldadu asko ere Thailandian bizi dira, borrokatzera ezkutuan mugaz bestaldera joaten badira ere. Halere, bada oraindik karen lurraldean bizi den familiarik. Gatazka baten erdian bizi diren arren, euren eskola eta ospitaleak dituzte.

KNLAk historia gorabeheratsua izan du. Ahultasun unerik handiena 1994ko azaroan jasan zuen. Urte horretan, KNLAko kide batzuek Karen Armada Budista Demokratikoa sortu zuten (DKBA), gerrilla kristau ebanjelistek gobernatzen zutela argudiatuta –budista da karen populazioaren gehiengoa–. Monje budistek gidatu zuten gerrilla berria eta sortu bezain pronto Birmaniako Junta Militarrarekin su-etena sinatu zuten. Bizpahiru hilabetetara, DKBA eta KNLA borrokan hasi ziren euren artean –DKBA Birmaniako Junta Militarraren laguntzaz–. Borroka horiek zirela-eta, KNLAk kontrolatutako hainbat oihaneko hiri galdu zituzten, esaterako Kawmoora, Imawaddy eta Myawaddy. Thailandian dauden errefuxiatu kanpamentuetan ere liskar ugari jazo zen.

Gaur egungo Birmanian hainbat etnia bizi dira, Kachin, Karenni eta Shan-ak kasu. Talde etniko bakoitzak du bere talde armatua. 2010. urteaz geroztik, gerrilla horietako gehienak batu egin dira Fronte Komuna deritzon taldean –baita DKBA eta KNLA ere–. Fronte Komun horretako liderretako bat da Moe Thee Zun. Gaur egun, ia egunero batzen edo irteten da gerrilla bat Fronte Nazionalera, eta talde disidenteak ere ia egunero sortzen dira. Horrek buruzagi politikoak adosteko eta ildo politiko jakinak bateratzeko zailtasunak ekartzen ditu.


Azkenak
2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandiak finalerako pasea eskuratu du
Oiartzungo finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu da Gaztelumendi. Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen.

2024-11-18 | Behe Banda
Barra warroak |
Hau ez da nire belaunaldikoa

Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]


“Bederatzi orduko lan-txandak osasunaren aurkakoak dira, eta gainera ez dago beharrik”

Gasteizko Mercedeseko langileek bederatzi orduko bi txandetan egingo dute lan aste bitartean, eta larunbat goizetan zortzi orduz, 2025eko martxotik aurrera. Hori da enpresako patronalak iragarri duena iragan astean, gehiengo sindikala aurka azaldu bada ere. Osasunerako eta... [+]


Mobilizazio arrazistek porrot egin dute Donostian zein Gasteizen

Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan asteartean, baina aurreko... [+]


Ekofeminismoa borroka kolektibo gisa
Desazkunde feminista

Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza da. Eta eraikuntza kolektiboak ikusezin bihurtzeak kezkatzen gaituelako, Desazkunde... [+]


2024-11-18 | Nagore Zaldua
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere

Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.


2024-11-18 | Jakoba Errekondo
Sagarren istorioak

192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.


2024-11-18 | Garazi Zabaleta
Bizi Baratzea
Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.


2024-11-15 | Axier Lopez
Georges Abdallah askatzeko agindu du Frantziako Justiziak, Europako preso politikorik zaharrena

Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da... [+]


Osakidetzari eginiko erreklamazioak %20 igo dira azken urtean

Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


Eguneraketa berriak daude