Aragoiko Gobernuak filigrana linguistikoa asmatu du Sartaldeko Zerrendan (Franja de Ponent katalanez) hitz egiten den hizkuntza mendebaldeko katalana dela onartu nahi ez duelako. Lege proiektuan “ekialdeko aragoiera” izenez bataiatu du. Izendapen azientifikoa ez dute ontzat hartu, ez Zaragozako Unibertsitateak, ez Eskola Kontseiluak, ezta Aragoiko Hizkuntzen Kontseiluak ere.
“Benavarrin (Baixa Ribagorça) hitz egiten dena ekialdeko aragoiera dela esaten duen txosten zientifikoa ekartzen badidate, hitz egingo dugu. Gaur egun, inork –ez unibertsitateak ezta nazioarteko komunitate zientifikoak ere– ez du zalantzan jartzen han hitz egiten dena katalana dela, salbu eta taldexka sasizientifiko edo sasilinguistikoren batek”. Benavarriko alkatea, Alfredo Sancho sozialista, irakaslea da eta Aragoiko Eskola Kontseiluan ordezkaria. Kontseiluan hizkuntzen legeaz eztabaidatu zuten eta Sanchok zuzenketa aurkeztu zuen legearen kontra. Aragoiko Gobernuak proposatutako zirriborroa gehiengoak atzera botatzea lortu zuen.
Aragoiko Gobernuak Eskola Kontseiluari zirriborroaren 5. kapituluaz baino ez zion iritzia eskatu. Kapitulu horrek jorratzen du hizkuntzen irakaskuntza eta gobernuak pentsatu zuen Eskola Kontseiluak ez zuela erreparatuko hizkuntzei nola deitzen zitzaien. Baina legeak ahulgune asko ditu eta Sanchok gustura zuzendu ditu. Hasteko, “zergatik ez du esaten zehazki zein hizkuntza irakatsi behar diren?”. Kritika argia eta garbia da: “Nola irakatsi hizkuntza, ez badakigu zein hizkuntzaz ari garen?”.
Bigarrenik, Benavarriko alkateak esan du legeak “zorroztasun zientifikoa bermatu” behar duela, eta legea filologia unibertsalaren irizpideetatik urruntzen da, filologoek aragoiera eta katalana deitzen dieten hizkuntzei lege proiektuak Aragoiko hizkuntzak deitzen dielako.
Hirugarrenik, 5. kapituluak “hizkuntzen irakaskuntza” aipatzen badu ere, ez dute esaten “irakasleek zein prestakuntza, akreditazio edo titulazio” izan behar duten. Laugarrenik, “ez da esaten irakaskuntza bukatutakoan ikasleek zein ziurtagiri izango duten”. Orain arte, irakaskuntza katalanez egindako ikasleari B mailako (erdi mailako) egiaztagiria ematen zitzaion, Kataluniako Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Orokorrak emandakoa.
Sanchok lortu zuen Eskola Kontseiluaren gehiengoak 5. kapituluaren kontra bozkatzea. Sindikatuetako ordezkariek, guraso elkarteek, berrikuntza pedagogikoko mugimenduek eta herrietako ordezkariek bozkatu zuten kontra. Herrietako PPko eta PAReko (Partido Aragones) ordezkariek ez zuten bozkatu. Zirriborroaren alde bozkatu zuten administrazioko ordezkariek, patronal pribatukoek eta eskola kontzertatuetako patronalekoek.
Eskola Kontseiluko hurrengo bileran Aragoiko Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate, Kultura eta Kirol kontseilariak, María Dolores Serratek, hartu zuen parte. Gironako Ripollen jaio zen 1955ean, katalan hiztuna da eta hizkuntzen legea bultzatzen duen saileko arduradun nagusia da. Alfredo Sanchoren galderari erantzunez, esan zuen asmoa ez zela “eztabaida filologikoa” sortzea, berak “erdialdeko katalana” hitz egiten zuela, Aragoiko Zerrendan hitz egiten denaz desberdina eta azken horri aragoiera deitu nahi ziotela “Valentzian valentziera deitzen dioten bezala”. Eta esan zuen legeak “familia arazoak” sortu zizkiola.
Kontua da legeak, katalanari izena aldatzeaz gain, aragoierarekin nahasmendua sortzen duela. Aragoiera Aragoiko iparraldean hitz egiten den hizkuntza da eta atzerakada handia izan du gizarte erabileran.
“Legea bi hizkuntzen nortasuna ukatzeko modua da. Tiro batekin bi txori botatzen ditu: aragoieraren batasuna ezeztatzen du, zeren hainbat hizkuntzatan banatzen du; eta katalana ukatzen du, hizkuntza hori baita gehien izorratzen diena”. Ramón Sistacek dio hori; Huescako Camporrellsen jaioa, Institut d’Estudis Catalanseko (IEC) Filologia Saileko kidea eta Zentro de Estudios Ribagorzanseko hizkuntza saileko zuzendaria da. “Aragoiko hizkuntzak hitz egiten direla esatea ezer ez esatea da: hizkuntzak indargabetzea eta patuesaren mailan jartzea”.
Legeak Aragoiko hizkuntzentzako akademia aurreikusten du. Sistacek salatu duenez, “IEC zanpatzea da hori. Katalana hitz egiten den lurralde guztietan lituzke eskuduntzak eta eskuduntza horiek Espainiako Estatuak ematen ditu. Estatutik kanpo eztabaidatzekoa litzateke, baina Aragoin IECek ditu hizkuntza akademiaren eskuduntzak. IEC ez da Kataluniako erakundea, estatukoa baizik”.
Aragoiko Gobernua baldar saiatu da arrazoitzen akademia berriaren asmoa. Alegia, beste autonomia erkidego bateko akademia batek Aragoin eskuduntzak izatea saihestu nahi du. Sistacek zera gogorarazi du: “Argi dago, ahaztu zaie La Real Academia Española ere, kanpoko erakundea dela eta kirtenkeria handia litzatekeela Aragoin norbaitek gaztelaniari buruzko arauak ematea”.
Dena dela, Sistacen ustez “legearen astakeria handiena da akademia ez luketela akademikoek osatuko, baizik eta politikariek, hala ondoriozta daiteke behintzat zirriborroa irakurrita”.
Legearen sorburua eta asmoa politikoak dira, nabarmen, El Tempsekin hitz egin duten adituen ustez. Sistacek dio bi gauza hartu behar direla kontuan. Batetik, PPren kanpaina katalanaren kontra: gerra aitortua parafernalia guztiarekin, artileria, abiazioa eta itsas armada Valentziar Herrialdean, Balear Uharteetan, Katalunian –murgiltze sistemari buruzko epaia– eta orain Aragoin.
Bestetik, Sistacek Sartaldeko Zerrendan Partido Aragonésen (PAR) presioa aipatu du: “PPri oin puntetan igarotzea gustatuko litzaioke. Legea indarrean sartu gabe, zaratarik atera gabe ibil zitezkeen, baina PARek odola eta haragi freskoa nahi du. PAReko muturrekoenek estutu ditu eta ez dute jakin lotura horretatik askatzen”.
Alfredo Sanchok Partido Aragonésen eskua sumatu du: “Seguru PARen eta Aragoiko PPko adar erradikalenaren presio politikoa dagoela. Horiek ez dute katalanaz ezer jakin nahi. Izena bera da izorratzen diena”.
Natxo Sorolla soziolinguistaren ustez, “helburu inportanteena eztabaida gai nagusitik urruntzea da, hots, gai nagusia da biztanleria osoak elebidun izan beharko lukeela, eta haiek hizkuntzaren izenaz eztabaidatzen ari dira”.
Orain egoera larriagoa da, zeren Sartaldeko Zerrendan katalanak gaixotasun kronikoaren sintomak agerian ditu. Sorollak dioenez, “trantsizio soziolinguistikoan gaude: 2003an Aragoiko Gobernuak egindako inkestaren arabera, Aragoiko Zerrendan %88k katalana ezagutzen zuen”. Sartaldeko Zerrendan lurralde gehienak landa eremuak dira, ez dute etorkinik, baizik eta kanpora alde egin dute. “Horri esker, katalanak kaleko hizkuntza izatea lortu du”, Sorollaren esanetan. Baina katalana egiteko hori galtzen ari da. “Haur-gazteekin egindako ikerketa berriek diote katalana katalan hiztunen artean baino ez dela erabiltzen eta haien artean ere ez beti. Hau da, hizkuntza ordezkapena ari da gertatzen, Alacanten eta Ipar Katalunian hainbat gunetan antzeman den bezala. Arrazoi batzuengatik ari da gertatzen: prestigio galera (hizkuntzaren izenari buruzko zalantzek eragiten dute), irakaskuntzan ez erakustea, hedabideetan ez agertzea eta bestelako hizkuntzak hitz egiten dituztenek kaleko erabilerarako gaztelania aukeratu izana”.
Horregatik guztiagatik, Aragoiko Zerrendan erantzuna irmoa izan da. Hizkuntzaren alde egiten duten elkarte guztiak mugitu dira eta katalanaren ahuldadea erakusten duten datuak gogora ekarri dituzte. Matarranyako kultur elkarteak, Zentro de Estudios Ribagorzansek, Institut d’Estudis del Baix Cincak eta Iniciativa Cultural de la Franjak adierazpena egin dute: “Katalanak gure eskualdeetako ondasun gisa iraun dezan, beharrezkoa da erakundeek hizkuntza onestea, eta batik bat, derrigorrezko irakaskuntzak bermatu behar du eskualde hauetako biztanle guztiek katalana eta gaztelania ezagutzea. Ikasleak katalanez eta gaztelaniaz alfabetatzeko politika kontzienteak baino ez du salbatuko ahul dagoen ondasuna”.
Gobernua prestatzen ari den legearen aurka agertu dira Zaragozako Unibertsitatea, Aragoiko Hizkuntzen Kontseilua, Zaragozako Udala eta Aragoiko Zerrendako hainbat udal. Ramón Sistacen ustez, erantzun gehiago izango dira. “Eskubide bat kentzen dizutenean igarri egiten duzu. Lehen ez zegoen ezer, baina eskoletan irakasteko aurrerapausoa eman denez, orain erantzuna egongo da”. Benavarriko alkatea kexu da, berriz ere hizkuntza politizatu delako. “Hizkuntzen legea beti tripetatik maneiatzen da, ez buruarekin. Baina liztor habia astinduz gero, badakigu zer gerta daitekeen”.
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.
Joan M. Serra soziolinguistikak hizkuntza katalanaren etorkizun posibleei buruzko liburua kaleratu du: L'ús parlat del català: En un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera: bidegurutze erabakigarrian). Kike Amonarrizek irakurri du eta... [+]
Googleren bilaketa emaitzetan katalanak eta euskarak 2022-2023 tartean izan zuten beherakada dokumentatu genuen webgune honetan. Nolabaiteko konponketa izan zuen gauza hark. Oraintsu, Kataluniatik iritsi zaizkigun azterketa batzuetatik, hizkuntza hauek bilaketetan gutxiago... [+]
Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]
Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]
Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]
Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.
Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Espainiako Gorteak osatzeko ordu gutxi batzuk geratzen zirela, Pedro Sánchezek beharrezkoak dituen alderdi abertzaleen botoa eskuratu nahian hizkuntza gutxituen gaia jarri du mahai gainean. Espainiako Parlamentuko mahaiko presidente Francina Armengol PSOEko hautagaia... [+]
O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.
Udal komunikazioetarako hizkuntza lehenetsia zen katalana duela 36 urtetatik; orain, berriz, udalak osatu berritan, legea atzera bota du Vox eta Alderdi Popularraren arteko koalizioak. Funtzionarioek herritarrekin halabeharrez gazteleraz komunikatu beharra dute orain.
Frantsesa da nagusi, frantses instituzioetan. Haatik, urtez urte, erakunde publikoetan ere lekua egiten hasi dira euskara, korsikera edota bretoiera. Hemen, horren adibide ditugu, Ortzaizeko, Urruñako, Hendaiako edota Urepeleko herriko kontseiluak, baita Hirigune Elkargoa... [+]
Elna udalerriak irekitako xendari jarraituz, hamabost bat udalerrik mozio bidez onartu dute udal batzetan katalanez eta okzitanieraz hitza hartu ahal izatea, eta Jefaturara bidaltzen diren aktak ere hala idaztea, ondoren frantsesera itzulita. Eskualde hauetakoak dira hamabost... [+]