Zor eztanda gainditu deshazkunde selektiboarekin

  • Herrialde industrializatuek zor publikoa handitzeko daramaten dinamika geldiarazteko, deshazkundearen aldeko lider batzuek proposatu dute herri-lan erraldoiak gelditzea, gastu militarrak murriztea eta bizi politikoaren kostea gutxitzea. Alegia, deshazkunde selektibo bat abiaraztea, globalizazioa utzi eta ekonomia berriz lekuan kokatuz.

Osservatorio Represione gunetik hartutako argazkian, 2011n Italiako Turinen abiadura handiko trenaren kontra eta Val di Susa haraneko herritarren elkartasunez egindako manifestazioa. Decrescita Felice (Deshazkunde Zoriontsua) elkarteak plazaratu duen mani
Osservatorio Represione gunetik hartutako argazkian, 2011n Italiako Turinen abiadura handiko trenaren kontra eta Val di Susa haraneko herritarren elkartasunez egindako manifestazioa. Decrescita Felice (Deshazkunde Zoriontsua) elkarteak plazaratu duen manifestuan aitzindaritza aitortzen zaie azpiegitura erraldoien kontrako mugimenduei: "Politikari berriak behar ditugu, oraingo eskuineko eta ezkerreko alderdietan hezi direnekiko antropologikoki ezberdinak, hazkundearen dogman formateatu gabeak, joan den mendeko dinamikatik kulturalki ezberdinak (...). Ari dira sortzen. Hazitegiak dira obra publiko handien eraikuntzari eta zerbitzu sozialen pribatizazioari aurre egiten dioten mugimenduak; horiek biak baitira enpresa handien eta kolore guztietako alderdi politikoen arteko aliantzaren ardatzak".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Deshazkundea ez da engoitik urrutiko exotikokeria. Décroissance, Decrescita, Decrecimiento, Degrowth... munduak bizi duen krisi erraldoiari buruzko gogoetetan etenik gabe azaltzen den proposamena da. Mundutarrek bizi hobe bat izan dezaten ekonomiak hazi ez baina hertu egin behar duela.

Pentsamendu ildo horretako jende ezagunek berrikitan manifestua plazaratu dute ekonomia aurreratuak astintzen dituen zor publikoa dela eta: Dette publique, crise économique et décroissance hereuse (Zor publikoa, krisi ekonomikoa eta deshazkunde zoriontsua). Sinatzaileen artean dira Carlin Petrini Slow Food mugimenduaren liderra, Serge Latouche deshazkundearen teoriko nagusietakoa, Rino Marceca Italian abiadura handiko trenari aurre egiten dion Val di Susa haraneko lehendakaria eta Fabio Salviato Banca Eticaren fundatzailea.

“Zor publikoaren larritasuna –diote aurrekarietan– ez da behar adina baloratu. Bera da historiaren gaurko fasean hazkundearen zutoina. Salgaien produkzioa handitzen joateko nahitaezkoa da. Herrialde industrializatuetan gobernu guztiek sustatu dute, izan eskuineko edo ezkerreko”. Zergatik?

Estatuek eta lekuko administrazioek diru gehiago gastatu dute modu sistematikoan gero ordaindu ahalko zutena baino, familiak ere bultzatuz gauza bera egitera, behar baino ugariago produzitutako gauzak ezin zirelako erosi ez bazen zorpetuta: gauzak saldu gabe geratuz gero sistema osoa joango litzateke pikutara.

XXI.eko krisia azaldu zenetik, are zor handiagoak egin dituzte, hazkundea berrabiarazi nahian, kontsumoaren bidez. Ez dute emaitza onik lortu, deshazkundezaleon ustez aurrerapen teknologikoak produkzio ahalmena gehiegi handitu duelako. Neurri berriek ez dute langabezia gutxitu, ugaritu baino. Baina makinek lanean segi behar dute, haiekin egina saldu egin behar da eta horretarako zorpean erostea beste biderik ez da.

Zor publikoa bereziki handitu dute herri-lan handiek. Sarritan agintari politikoek abiarazi dituzte ez lekuko beharrei erantzuteko, ekonomia mugiarazteko baino. Ingurumena birrinduz askotan, enpresa handientzako bazka dira, horretarako politikarien konplizitatea behar dutelarik.

Obra faraoniko horietako asko maiz aipatzen dira, autobideak, tren lasterrak, eta beste, baina badira kalean gutxiago kritikatuak izan arren manifestu honetan espresuki aipatuak: kirol (futbol, tenis, igeriketa, atletismo...) txapelketa nagusiak, Expoak, urteurrenak, nazioarteko biltzarrak.

Tartean, Joko Olinpikoak. “Greziaren zor publikoa gezia bezala hasi zen igotzen Atenasen 2004an egindako Joko Olinpikoekin. Turin da Italiako hiri zorpetuetako bat 2006an neguko Olinpiada ospatu zelako bertan”.

Gastu militarrek ere asko gizendu dute zor erraldoia. AEBen kasuan, 1989an Berlingo harresia eroritakoan logika inperialez hasi zen jokatzen. Hasieran etekin handiak eman zizkien arren, “ikusten hasi da egoera bat Erromako inperioaren akaberaren antza hartzen ari dena, han ere probintziak kontrolatzeko beharrezko gastu militarrak handiagoak ziren handik ateratzen zizkieten altxorrak baino”.

Herri-lan handiak gelditu

Baina krisiaren deskribapenetik –gaur krisiaren jatorria esplikatzea moda bihurtu da– aurreago doaz manifestuan. Proposamenak egin dituzte, ziurrenik mundu osoko mugimendu aurrerazaleei irizpide interesgarriak eskainiko dizkietenak politika ekonomikoak epaitzerakoan edo eskaintzerakoan.

Lehenengo hiru erabakiak izan behar dute: herri-lan erraldoiak gelditzea, gastu militarrak murriztea eta bizi politikoaren kostea gutxitzea. Azkenean, gaitz bera denaren hiru osagaitan esku gogor hartzea.

Europako eta munduko agintariek bestelako bideari ekin diote, alegia gastu publikoak murriztea; honek berekin dakar estatuen diru sarrerak murriztea, produkzio sektore osoak blokatzea eta langabezia are gehiago handitzea. Grezian ikusi da, Espainian beste hainbeste. De facto, deshazkunde basatia. Manifestuan, aldiz, oso bestelakoa proposatzen dute: deshazkunde selektiboa.

“Zor publikoa gutxitu edo bederen ez handitzearekin batera lanpostuak ugaritzekotan, produkzio jarduerak indartu behar ditugu inbertsioen kosteak gero ustiapen kosteetan lortutako aurrezteekin amortizatuko dituzten sektoreetan”. Uko eginik ingurumena eta lehengaiak nagusiki hondakin bihurtzen dituzten obra faraonikoei, inbertitu azpiegiturak zaharberritzen energia murrizteko: etxeen isolamenduak hobetzen, eraikin publikoak mantentzen, ur hornidura sareen hobetzen, hondatutako parajeak konpontzen...

Energia berriztagarrietan nagusiki autokontsumoari lotuak. Birziklatze bidez materialak berreskuratzea. Lekuko beharrak ahalik eta gehien asetzeko nekazaritza ez kimikoa. Komertzio txikia. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko kateak laburtzeko banaketa sareak. Enpresa handiek ez baina txikiek edo ertainek, artisauek eta lekuko bulego tekniko berezituek burutu ditzaketen jarduerak.

Aliantza berri bat antolatu behar da batetik nekazarien, merkatari txikien, enpresa txiki eta ertainen, artisauen eta lekuko profesionalen, eta bestetik obra handien eta zerbitzu publiko oinarrizkoen pribatizazioaren kontra ari diren mugimenduen artean, globalizazioaren saretik aldendu eta lekuko ekonomiak sustatzeko, erregai fosilak ahalik eta gutxien usatuz eta ahalik eta produkzio autonomia handiena eskuratzeko.

Sistemaren hondamendiak pertsonak eta herriak zanpatu ez ditzan programa baten lehen lerroak dira. Hondoratzea denbora kontua da, diote manifestuan. Gerta daiteke klimaren krisia lehenago, eta orduan irtenbidea zailagoa izango da. Krisi ekonomikoak atzeratzen baldin badu klimarena, aukera hori baliatzeko osatu behar dira “sare ekonomiko, produkziozko eta sozial alternatiboak, modu independientean eta lekuan lekuko baliabideekin funtzionatzeko gai izango direnak. Historian beti hala izan baita”.

Honela bukatzen dute manifestua: “Gizadiaren historiaren fase berriari ekiteko oinarritu beharko da erresistitzeko ahalmenean, trantsizioa dramatikoa izango baita, belaunaldietan barrena pilatutako jakintzan, naturaren baliabideak errespetuz, eraginkortasunez eta adimentsu eraldatzean, elkarrekiko begirunean oinarritutako harremanetan. Gaurko krisia historikoa da, ez koiunturala. Etorkizunik ez duen ekonomia ereduaren krisia da, ezin da ez berregituratu eta ez hobetu ere, beste batez ordezkatu behar da” .


ASTEKARIA
2012ko uztailaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


AHTren Ezkio-Itsasoko loturak “arazoak” dituela dio Espainiako Gobernuak eta Gasteizkoaren alde egin du

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.


Eguneraketa berriak daude