Betidanik gustatu zaigu bizikletaz bidaiatzeak duen xarma berezia. Bizikletetatik herrialde eta inguruak beste modu batean begiratzen ikasi dugu. Hona hemen Danubio ibaiaren ertzetan egindako ibilbidean pilatu genuen sentsazio bilduma.
Iazko udan, guraso izan berri ginela, bizikletaz bidaiatzen jarraitu nahi izan genuen. Hori dela eta, urtebeteko haurrarekin bizikletaz egiteko ibilbide egoki baten bila hasi ginen. Aproposa iruditu zitzaigun Danubio bide herrikoia.
Bide honek badu oihartzuna txirrindularien artean; baliteke Europako zikloturistentzat bide ezagunena izatea. Ibaia ardatz hartuta, Europa erdialde eta ekialdean barrena paisaia zoragarriak eta kultura tartekatzen dituen bide erosoa da. Erosotasunaz gain, ibilbidean zehar prezio eta estilo guztietara egokitzen diren jan eta lo egiteko aukerak daude. Gainera, Alemaniako eta Austriako zatietan behintzat, ez dago inolako galbiderik. Horren guztiaren baturak bilakatu zuen Danubio gure erronka. Behin ere ez ginen garbaitu hara joateko erabakia hartzeaz.
Europako maparen gainean gure ibilbiderako traza nagusia marraztu genuen, marra kurbatua, Danubioren sorburutik hasi eta Budapesteraino. Alemania, Austria eta Hungariatik igarotzen den zatia, alegia. Halere, traza aske utzi nahi genuen, puntu finkoetara lotu gabe. Gerora, bizitza propioa hartuko zuen.
Opor sasoia heltzeaz bat, bizikletak kartoizko kaxetan sartu eta hegazkinez Euskal Herritik Stuttgartera salto egin genuen. Gauak ilundutako hiri alemaniar batean lur hartu genuen. Jende urduriaren joan-etorriak inguratzen gintuen. Gu ere urduri. Ilun. Haurra gosetuta. Bizikletak kaxetan. Azken trenak martxan. Lo egiteko tokia bilatzea bilakatu zitzaigun xede nagusi. Eta hirian barna gure ekipaiarekin sartzeko modurik errazena bizikletak muntatu eta pedalei emanda mugitzea zen.
Hurrengo goizean berehala ohartu ginen herri arrotz batean geundela. Tranbiaren inguruko argibideak eman zizkiguten udaltzainak, fast food usaina, arkitektura ezberdineko etxeak, hizkuntza, jendearen tankera...
Horrelakoetan, aklimatazio txiki bat egitea gustuko dugu. Gauden herri horretara ohitu eta bertako jende, janari eta azpiegiturek nola funtzionatzen duten ezagutzea. Hori egin ondoren, iturburua Stuttgartetik 120 kilometro ingurura daukan Danubio ibaia gure obsesio bihurtu zen. Gehiago itxaron gabe, tramankuluak trenean sartu eta Oihan Beltzaren ondo-ondoan dagoen Donaueschingen hirirantz abiatu ginen.
Trena martxan, okerreko trenean sartu ginela ohartu ginen; Ulm hirira bidean gindoazen. Hasia zen, bada, mapa gaineko traza bere kabuz hitz egiten, nortasun propioa hartzen. Eta hala, Ulmetik ekin genion bizikleta gaineko abenturari.
Alemania hegoaldean dagoen Bavaria land-etik igarotzen da Danubio. Etapa gehienak lasaiak eta lauak dira. Hasi bezain pronto ohartu ginen Alemaniak oso garaturik dituela bizikletaz ibiltzeko azpiegiturak. Herri eta hiri guztiak daude bidegorriz loturik, eta hiri barruetan badira zebrabide bereziak, seinaleak, bizikleta irudiak semaforoetan...
Harrigarria da ibaiaren nortasuna nola aldatzen den ibilbidean zehar. Ikusgarria, halaber, inguruak ibaira egokitzeko izan duen gaitasuna. Alemaniako tartean Danubioren aurpegi ezberdinak ezagutu genituen. Hasieran zereal soroetatik eta zuhaitz hostotsuen ingurutik igarotzen den ibai bare eta emankorra ikusi genuen. Tarteka ordea, herri koloretsuetan sartu eta irteten den ibaiak alai bilakatzeko gaitasuna zuen. Hiri handietan, berriz, berdeguneetan atseden hartzen duen Danubio zabala ikusi genuen. Eta aurpegi itsusia ere badu batzuetan: Grossemehring inguruetan, zentral termikoen tximinia erraldoien ondoan bizi den ibai iluna.
Ibaiaren nortasunaz gain, tarte honetako Alemania eta alemaniarrak oso interesgarriak dira. Alde batetik, Bavariako historiak identitate berezia ematen die bertakoei. Bestalde, ibilbideko herri eta hiriek eskaintza kultural zabala dute: hainbat garaitako arkitektura, museoak, kontzertuak... Bizitasuna.
Sentsazio horiek guztiek indarra ematen ziguten pedalei eraginez kilometroak erraz egiteko. Eta konturatu orduko, Alemania eta Austriaren arteko mugara heltzen hasi ginen.
Bat-batean, bizikletarion kopuruak gora egin zuen. Akabo lasaitasuna eta bakardadea. Behin eta berriz elkarrekin topo egiten genuen aurpegi ezagunek; familiak, adinekoak, gazteak, taldeak... Giro alaia izan zen nagusi Alemaniako azken zatian. Izan ere, bidearen zati ezagunenera gerturatzen hasi ginen. Alemaniako Passau hirian, mugan bertan, hasten baita Danubioko bide klasikoa.
Austrian sartuta, guztiak berdintsu jarraitzen du. Herri koloretsuak, hizkuntza bera, argi seinalatutako bideak... Bideko giroan, ordea, sekulako aldaketa nabaritu genuen. Zikloturistentzat klasiko bihurtu den Passau-Viena tartean sartuak ginen, eta hori oso agerikoa zen.
Zati honek osagai interesgarriak ditu: paisaia basatia, mahastiz inguratutako Erdi Aroko herriak, Mau-thausengo kontzentrazio esparrua, atseden leku erosoak, Viena... Agian horren guztiaren baturak egiten du ibilbideko zati hau hain ospetsu.
Danubio, tarte horretan, basati bihurtzen da. Mendi altuen artean eta baso sakonetan barrena sartzen da, jira eta bira harroak eginez, eta Schögen bezalako meandro dotorea sortuz. Batzuetan, meandroen artean, ibaia txalupaz gurutzatzera behartuta egongo da txirrindularia.
Zati basati horri Linz hirian esan genion agur. 2009an Europako kultur hiriburu izendatu zuten hiri handi, moderno, monumental eta kulturaz betea da Linz. Hortik kilometro gutxira, Mauthausengo kontzentrazio esparruaren ondotik pasa ginen. Iragan ilunagatik ospetsua den leku hori ezagutu nahi genuen, eta a bazterrean utzi eta barrura sartu ginen. Ibilbide bera egiten ari ginenetatik, ez ginen ziklista bakarrak izan.
Zati honetan, ikusgarriak iruditu zitzaizkigun Wachau-ko mahastietan sortzen diren pasaiak. Oraindik ere tontorretan zaindari jarraitzen duten gaztelu desitxuratuen azpian, mahastiz inguratutako Erdi Aroko herri txiki eta dotoreetatik igaro baikinen.
Eta halako batean erabat aldatu zitzaigun ingurua. Etxe pilaketek, urbanizazio masiboek, trafikoak, obrek... hiri erraldoira gerturatzen ari ginela adierazi ziguten. Konturatu orduko, Vienak irentsi gintuen.
Kontrako noranzkoan zetozen bidaiarien bitartez, Vienatik aurrerako bide eta seinaleak kaskarragoak zirela jakin genuen. Horrez gain, trafikodun errepideetan luzaro ibili beharko ginela ere adierazi ziguten. Nahiko arrazoi ziren planak aldatzeko. Viena lasai ikusi eta Budapestera trenez abiatzea erabaki genuen. Eta Budapesteko egonaldi lasaiari esker, Euskal Herrira indarberrituta heldu ginen.
Hegazkinez: Nora: Stuttgart (Alemania). Itzulera nondik: Budapest (Hungaria).
Bizikletak Euskal Herritik eramateko: Kutxetan. Gurpilak aire gabe eta pedalak kenduta. Itzulerako bidaian erabiltzekoak Budapesteko bizikleta denda batean aurkitu genituen.
Iturburura nola gerturatu: Stuttgartetik ibilbide hasierara trenez gerturatu daiteke. Alemanian trenak bizikletak barruan eramateko egokiturik daude.
Ibilbidearen zailtasuna: Erraza. Laua. Aldapa gutxiko ibilbidea.
Bide motak: Bidegorriak, pista lasaiak, lokaztutako pista zatiren bat. Zati motzak dira trafiko ondoan igaro beharrekoak.
Seinaletika: Alemania eta Austriako zatian oso argia. Hungarian berriz, ez dela hain argia adierazi ziguten.
Lo egiteko aukerak: Ibilbide osoan lo egiteko leku ugari. Aterpeak, Zimmer frei (alokatzeko gelak) eta ostatuak. Prezioa: 40 euro (bi pertsona eta gosaria).
Kanpinak ere ugari. Aurrez erreserbarik egin gabe ere, ez dugu lekua aurkitzeko zailtasunik izan.
Jateko aukerak: Elikagaiak saltzen dituzten denda eta supermerkatuak herrietan eta hirietan. Zimmer frei askotan sukaldea dago. Bidean plater konbinatuak: 6-8 euro.
Hizkuntza: Alemana (Alemania eta Austrian). Ingelesarekin erraz moldatu daiteke. Hungarian hungariera, toki turistikoetan ingelesez ongi moldatzen dira.
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.