Historiari naftalina usaina eta hautsa kentzen dion ikerlari gaztea. Langile amorratua eta insomne samarra. Konbinaketa honen emaitza da egiten duen lan itzela.
Jimeno Juríoren semea izan zara betidanik, baina orain, jada, hasi zara Roldan izaten.
Oso harro nago aitaz, baina egia da. Historia ikasten hasi nintzenean askok esaten zidaten “zeinen ongi, aita bezala”. Nerabe garaian nahiko baldar eta ganberroa nintzen eta ikasgai batzuetan Gutxiegi izaten nuen. Parrandazale sutsua izan nintzen UBIra arte. Orduan, bat-batean, oso ikastun bihurtu nintzen, baina parranda ahaztu gabe. 16 urterekin ez nuen pentsatzen Historia ikasi behar nuenik eta are gutxiago Opusen unibertsitatean. Ikasketak hautatzeko garaian bai ikusi nuen aukeren artean Historia zela gehien gustatzen zitzaidana. Nire asmoa zen Zaragozara joatea, baina aita gaixotu zen, osteoporosia zena hasieran hezurretako minbizia zela uste genuen. Egoera horretan, eta ni seme bakarra izanda, ezin nintzen joan.
1970eko hamarkadan aitari ukatu zioten Opuseko Unibertsitatean ikasle sartzeko aukera, ez zuelako historialaria izateko “profila” ematen. Nik ere pentsatzen nuen bide zaila izanen nuela han, baina justu kontrakoa izan zen. Karrera amaierako hirugarren sari nazionala eman zidan Esperanza Aguirrek, tesia Angel Martín Duquerekin egin nuen eta han irakasle aritu nintzen denboraldi batez. Ez naiz ezertaz damutzen. Oso esperientzia interesgarria da beste ekosistema batean murgiltzea. Garai hartan nire bizitza ez zen ikasketetara mugatzen eta Tiebaseko kontzejuko presidentea izan nintzen, adibidez.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Iruñean bizi ginen. Amaren familia PTV da (de Pamplona de Toda la Vida) eta aitarena Artaxoakoa. Tiebas bien artean dago eta hemen hartu eta zaharberritu zuten etxe hau [Tiebaseko XVII. mendeko bere etxean egin dugu elkarrizketa] nik 7 urte nituelarik. Txikitatik oporretan eta asteburuetan hemen izaten nintzen. Haur zarenean ez zara kontziente zure aitaren edo amaren dimentsio sozialaz. Behin gogoratzen dut, adibidez, Manuel de Irujo hil zenean Lizarran ginela eta Garaikoetxearen autoa iritsi zen, orduan lehendakaria zena, bere ikurrina txikiekin aurrealdean jarrita. Garaikoetxea jaitsi eta aita besarkatu zuen oso modu adierazkorrean. Orduan ohartu nintzen aita norbait zela. Gaztetxo garaian kulturaren eta euskararen erreferente bezala ikusten nuen, jende askok bezala, baina aldi berean independente izan nahi nuen. Haren semea izatearen harrotasuna gerora sentitu nuen, ikasten hasi nintzenean. Oso polita izan zen berak asko lagundu zidalako eta osasuna galtzen hasi zenean nik ere lagundu ahal izan niolako, batez ere kontu informatikoetan. Lan batzuk elkarrekin egin genituen.
Zer nolako gaiak hautatu dituzu zure doktoretza tesietarako?
Kristautasunaren sorrera Nafarroan aztertu nuen Historian. I. eta III. mendeko dokumentazio oso gutxi dagoenez, elizen adbokazioak aztertu behar izan nituen mapa osatu ahal izateko. Elizen adbokazioak, hau da zein santuri dauden eskainiak, garaian garaiko moden arabera erabakitzen ziren eta horiek ikusiz jakin daiteke nola joan zen sartzen eta hedatzen erlijio berria gure eremuan. Filosofia eta Hezkuntzen zientzien doktoretza tesia antropologia juridikoaren alorrean egin nuen EHUn eta euskaraz. Foruen ahanzturaren inguruan egin nuen. Ez du oihartzun handirik izan baina hor dago, eta oso harro nago. Beste doktoretza tesi bat daukat matrikulatuta, hirugarren hau Zuzenbidean, Nafarroako ezkontzak historian. Hori ez dut ezertarako behar eta gustuko dudalako egiten ari naiz. Ikerketa lerro horretan lan mamitsu batzuk banituen lehendik eginak eta, egia esan, oso polita, morbosoa eta pornografikoa da.
Morbosoa?
Historian zehar ezkontza zuzenbide kanonikoak arautua izan da. Trentoren kontzilioaren ostean eliza buru-belarri sartzen da bizitzaren alor guztiak derrigorrez arautzera. Lehenagotik baziren leku batzuk nahiko “liberalak”, Nafarroa kasu. Zuzenbide kanonikoaz gain laikoa ere bazegoen hemen eta oso dibertigarria suertatzen da, alde horretatik. Adibidez, Foru Orokorrean aipatzen da infanzoiak emaztearekin oheratzen zirenean, emakumea ohean kulerorik gabe sartzeko eskubidea zutela gizon hauek. Gaur egun genero aldetik basakeria iruditzen zaigu, baina bere momentuan kokatu behar da. Duela gutxi Madrilgo aldizkari batean argitaratu dudan artikuluan azaldu dut Erdi Aroan Nafarroan apaizak ezkontzen zirela eta aztertzen dut zein egoera legalean zeuden hauek, haien emazteak, seme-alabak eta baita maitaleak ere.
Hori Nafarroan?
Hemen oso gauza bereziak gertatu dira. Nafarroako zuzenbide zibila oso kontserbadorea izan da Trentoren ostean eta gaur egun ere halakoa da. Opusen eragin handia du. Pentsa, adibidez, Espainian dibortzioaren legea ezarri zenean hemen jarrera intsumiso batzuk izan ziren, esaten zelako hori Nafarroako Foruaren kontrakoa zela, hemen ez zela inoiz halakorik egon eta abar. Hori oso argudio trentoarra da. Trento baino lehen egoera oso desberdina, anitza eta dibertigarria da. Emakumeen ikuspegitik begiratuta ere, haren egoera juridikoa hainbat alorretan nahiko interesgarria eta bitxia da. Zuzenbidearen historiaren ikuspegitik oso ekarpen politak egin daitezke. Adibidez, kontzilio aurretik ezkontza era pribatuan egiten zen eta haietan erabiltzen ziren formulak oso politak dira, eta euskararen ikuspegitik oso baliotsuak, Jose Maria Satrustegik bildu zuenez. Trentok ekarri zuena ezkontzaren publizitatea izan zen.
Foruaren Hobekuntzaren gaia sakonki ezagutzen duzu. Batzuek esaten dutena bezain onuragarria izan da Nafarroarentzat?
Ez, ezta gutxiagorik ere. Jaime Ignacio del Burgoren asmakizuna izan zen eta jokaldia oso ongi atera zitzaion. Ez zitzaion interesatzen berrikuntza erreforma estatutario gisa agertzea eta erreferenduma egitea, beraz berak asmatutako ustezko historizismoan oinarriturik egin zuen proposamena. Erdi Aroan foruak aldatzen zirenean edo Aro Modernoan erregeek foruaren alde zin egiten zutenean, beti forua hobetzearen alde egin behar zela bermatzen zuten. Berak planteamendu hau egin zuen, hobekuntza bat zela, besterik ez, Martin Villarekin negoziatu eta aurrera eraman. Erabat antidemokratikoa eta juridikoki lardaskeria hutsa. Hori da hemen daukaguna. Horren ondorioz abertzaleak baztertuak izan ziren negoziazioan eta emaitza da alderdi nabarristek egindako autonomia estatutu bat dugula. Euskararen trataera, adibidez, gerora onartu zen euskararen legea, handik eratorria da, eta hori bezala hamaika gauza gehiago. Autogobernu handia duten beste autonomiekin alderatzen baduzu, denek berrikusi dute haien estatutua modu batez edo bestez eta hemen ez da ia ezer ere ukitu. Horrek erakusten du zer interes irmoa duten UPN-PPk eta PSOEk deus ez aldatzeko Nafarroan.
Aurten Nafarroako Konkistaren 500. urteurrena da eta jende asko bihurtu da historialari… Uztailaren 16tik 18ra UEUn hitz eginen duzu horretaz Iruñean eta Elizondon.
Mendeurren ospakizun guztiek izaten duten gauza ona da berrikuspen historiografikoa ekartzen dutela. Harritu nauena da honen inguruan oso berrikuntza historiografiko txikia egin dela. Baten bat izan da, oso interesgarria, baina ez espero zitekeena: liburuak, kongresuak ideia berritzaileekin, ikerlariak artxiboetan murgilduta… Argitaratu diren liburu on apur horiek, sintesien sintesiak ez direnak, oso oihartzun eskasa izan dute. Adibidez Artaxoa herriaren eta Leringo kontearen artean konkistaren ondorioz izandako epaiketa luzearen inguruan, liburua plazaratu genuen iaz aitak eginiko ikerlan guztiekin eta inor ez da horretaz jabetu. Goio Monrealek eta biok iaz 1.400 orrialdeko liburukotea atera genuen konkistaren inguruko agiri bilduma garrantzitsuarekin, ikuspegi juridikotik hausnarketa sakona eginez, eta hor dago. Ikuspegi nabarristatik begiratuta ere, berdin. Adibidez Isabel Ostolazak eta Ignacio Panizok ekarpen interesgarria dakarren liburua ez du inork aipatzen. Nahiko etsigarria da. Mendeurren hau, alde horretatik, oso eskasa da. Egin diren kongresuak ere, ponentzia batzuk kenduta, nahiko kaskarrak izan dira, eta nik batzuetan parte hartu izan dut antolaketa lanetan eta guzti! Gainera asko erabat sektarioak dira. Panorama nahiko grisa da historialari baten ikuspegitik. Beste kontu bat da mendeurren honek sorrarazi duen herri mugimendua, baina hori hausnarketa politikoa da.
Bestalde, niri pena handia eman dit ikusteak beste mendeurren batzuk, nire ustez, garrantzi handiagoa dutenak, erabat baztertuta eta isilduta gelditu direla. Euskal Herriko ikuspegitik erabat desitxuratuta gelditu da, adibidez, 1812ko Cadizeko konstituzioaren onarpena. Horrek Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foruekin bukatu zuen erabat. Hori bai izan zela bukaeraren hasiera. Gerora XIX. mendean foruen apur batzuk berreskuratu ziren, baina espainiar nazionalismoaren sorrera han dago eta independentziaren gerraren ostean izaera juridikoa hartzen du 1812ko konstituzioarekin. Hori izan zen Hego Euskal Herriarentzat bukaera. Gainera egungo politikaren parametroetatik oso gertu dago eta ez zaio inolako garrantzirik eman.
Kritiko ikusten zaitut konkistaren urteurrenarekin.
Pena pixka bat ematen dit 1512aren inguruko ikuspegi estatolatrak. Estatua hartzen dugu ardatz eta garrantzi handia dauka, baina ikusi behar dugu historian izan direla baita ere beste erakunde asko jendearentzat garrantzi handiagoa eta zuzenagoa izan dutenak. Elizaren mugek adibidez, berebiziko garrantzia zuten jendearen eguneroko bizimoduan, eta horiek Konkistarekin ez ziren aldatu, Felipe II.a iritsi arte.
Sekulako amorrua ematen dit, modu berean, euskararen historiaren ikuspegitik: konkistak gauza onik ez zion ekarri euskarari, baina gainbehera izugarria ez zen XVI. mendean etorri, Ondoretza gerraren ondoren baizik, borboidarrak iritsi zirenean XVIII. mendean. Euskal Herrian gure hizkuntzak kolpe latza jaso zuen eta Amerikan ere hizkuntza asko desagertu ziren borboidarren zentralismo absolutistarengatik: “Inperio bat, hizkuntza bat”.
512aren inguruan sortu den mugimenduan historia desitxuratzen ari gara neurri batean. Ematen du mundua hor bukatu zela. Gerora gauza asko gertatu ziren. Ikuspegi euskaltzaletik egon dira pertsona oso garrantzitsuak autogobernua eta euskara sutsuki defendatu dutenak, ez soilik euskaroak. Bukaerako puntua 1512an edo 1521ean jartzen badugu, gerora etorri zen beste guztia ezabatzen dugu eta hori ez zait zilegi iruditzen.
Ni oso errepublikazalea naiz. Amaren familiaren partetik oso errepublikazaleak izan gara beti eta nik ezin ditut erregeak ikusi. Nire ADNan dut hori. Orain konkistaren inguruan batzuek albretarrak goraipatzen dituzte gure heroiak balira bezala eta alproja hutsak ziren. Interes ekonomiko ikaragarriak zituzten. Amadeo erregearen anaia eta Iruñeko apezpikuak, adibidez, bere interes ekonomikoengatik borrokatzen zuen, ez Nafarroako interesengatik, eta hor anaiaren laguntza izan zuen. Henrike III.aren inguruan zer irakurtzen dugu? Gure heroi bihurtzen ari dira. Nik horrekin ezin dut! Henrike III.a honek borboidarren dinastia Frantziara eraman zuen eta gero, XVIII. mendean hona ekarri. Edo Jaso-Azpilikueta, San Frantziskoren familiaren inguruan esaten diren gauzak. Lehen belaunaldia bai baina gero, zer gertatu zen? Gure imaginarioa ezin dugu ideia hauen gainean eraiki. Politikoki zerbait modernoa eraiki nahi baduzu ezin zara erori mistifikazio sinpleetan.
Aita zenaren lan osoen bilduma argitaratzen ari zarete Euskara Kultur Elkargoa, Udalbide eta Pamiela etxearekin batera. Zer moduz doa?
45 ale plazaratu ditugu dagoeneko eta 60 inguru izanen dira denetara. Oso harro nago egile bati buruz Estatuan inoiz egin den lan osoen bilduma handiena delako. Alde batetik bizi zela argitaratu zituen lanak daude eta bestetik etxean gordetakoak. %40, gutxi gorabehera, berria da. Kasu askotan oso material garrantzitsua da. Hiru adibide: Sartaguda, pueblo de las viudas, gerra ondoko errepresio bortitzena jaso zuen herria da Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Horko azterketa eta testigantzak Gerra Zibilaren historiografiarako oso garrantzitsuak izan dira eta lanak izugarrizko arrakasta izan zuen. Beste bat: aitak 1963an Done Jakueko bidea egin zuen, hilda zegoen bide hau berpizteko asmoarekin. Sekulako ikerketak eta txostenak egin zituen horretarako, NODOan eta guzti agertu ziren. Lan etnografikoa ere bada; kontatzen du, esate baterako, orain horrenbesteko gaurkotasuna duten Leongo meatzariak nola bizi ziren garai hartan. Zeinen pobretasun eta bizimodu zaila zuten. Eta hirugarrena: Iruñeko jesuiten eskolaren historia. Interesgarria ikusteko zer nolako botere ekonomikoa izan duten, edo haien pisua hezkuntzaren historian.
Gelditzen denaren artean perla berezirik?
1970eko hamarkadaren lehen erdian herrietako festen ikerketan murgildu zen aita. Calendario Festivo eta beste lan batzuetarako baliatu zuen informazioaren parte txiki bat, baina argitara eman gabe dagoena izugarria da. Hori atera behar dugu.
Duela bi urte zendu zen Joxemiel Bidadorri buruz atera duzu orain liburuxka bat, Bidegileak bilduman.
Zaila da desberdintzea adiskidea eta bere dimentsio intelektuala. Lan handia egin zuen arlo guztietan. Eruditua zen eta baita atsegina, parrandazalea, saltseroa… Bere ekarpen handienetakoa herri dantzaren historiaren inguruan izan zen. Tesia izan behar zuena bidean trabatuta gelditu zen jokaldi maltzur batengatik eta horrek unibertsitatean sartzeko bidea moztu zion. Honek alde onik ere badu, unibertsitateko bidetik kanpo egonik askea izan baitzen nahi zuena egiteko. Hori bera nire aitari ere gertatu zitzaion. Bidadorren ekarpen ezagunena izan zen Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (2004, Pamiela). Alexander Tapia Perurena, Nabarreriako poeta edo Joxe Agerre eta Nafarroako euskarazko kazetaritzaren inguruko azterlanak 1910etik aurrera. Ordura arte iruditzen zitzaigun garai hartan jada ez zela Iruñean euskaraz hitz egiten baina bazegoen giro euskalduna, murritza baina bizia. Erriberarekin harreman estua zuen Bidadorrek eta han ere lan politak egin zituen, erakutsiz XIX. eta XX. mendeetan euskal girorik ere bazela.
"Nahiko kuadrikulatua eta diziplinatua naiz. Egiten dudan lana gustatzen zait eta oso gustura nago. Baina badut sekretutxo bat: nahiko insomnea naizela. Hiru umerekin, gainera, hori eskertzen da. Nik ordu asko sartzen dut gauean, batez ere ikerketa lanetan. Ordu txikitako isiltasunean, bakardadean oso lasai egoten naiz".
1973ko ekainaren 3an Iruñean jaioa. José María Jimeno Jurío historialari ezagunaren eta Elena Arangurenen semea. Historian eta Zuzenbidean doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbidearen Historia eta Nafarroako Zuzenbidearen Historia ikasgaiak irakasten ditu. Hamabi libururen egilea da eta beste hamaika argitalpen, artikulu, kongresu, hitzaldi eta ikastarotan parte hartu du. Hirugarren tesia bidean du eta José María Jimeno Jurío aita zenaren lan osoen bilduma argitaratzen ari da Pamiela etxearekin elkarlanean. Hiru haur txikiren aita ere bada.
Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.
Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.
1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]
Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.
Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.
Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]
1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon... [+]
Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]