Milioi bat sinadura erremedio naturalak salbatzeko Europan

  • Atxikimendu bilketan ari dira sendabide alternatibo eta osagarrietan dabiltzan hainbat eragile: fitoterapiako produktuen ekoizle, sendalari, mediku, gaixoen elkarte eta abar. Europar Batzordearen 1924/2006 zuzentarauaren aplikazioa geldiarazi nahi dute, multinazionalen esku ez dagoen guztia suntsituko ote duen beldurrez.

Essenciagua izeneko olio esentzialak ekoiztu eta saltzen dituen Laurent Gautunek  bere gunean dauka argazki hau, non ageri baita artisaua bere produktu naturalak saltzen Frantziako herriren bateko azokan. Fitoterapia, olio esentzialak eta gizakien osagarr
Essenciagua izeneko olio esentzialak ekoiztu eta saltzen dituen Laurent Gautunek bere gunean dauka argazki hau, non ageri baita artisaua bere produktu naturalak saltzen Frantziako herriren bateko azokan. Fitoterapia, olio esentzialak eta gizakien osagarria artatzeko beste hainbat erremedio lantzen dituzten profesionalak kexu dira Europako legediak beren jarduerak itoko dizkielakoan. Gaiotan, nekazarien produktuen komertzializazioan bezala, Frantzia da legeak estuen aplikatzen dituzten herrialdeetakoa eta horregatik mobilizatu dira hemen hain arin profesionalak eta kontsumitzaileak. Espainian, agian Europako legeak modu lasaiagoan aplikatzen direlako edo oro har kontrolak arinagoak direlako, ez da halako zalapartarik entzun. 1924/2006 zuzentarauaren kontrako kanpainan milioi bat sinadura bildu nahi dituzte Europa osoan.

1924/2006 zuzentaraua zer den adibide batez azaltzea eskatzen badiozu, hori geldiarazteko sinadura bilketan dabilenak urarena aipatuko dizu: ur botila baten etiketan ez daukazu ipintzerik “urak gutxitzen ditu deshidratazioa nozitzeko arriskuak”. Harrigarria bezain argigarria.

Europako Janarien Segurtasunerako Agintaritzaren (EFSA ingelesezko sigletan) buletinean daukazu 2011ko urtarrilaren 28an erabakitakoa: Moritz Hagenmeyer eta Andreas Hahn doktore eta irakasleek eskatu baldin badute urari aitor dakiola deshidratazioa nozitzeko arriskuak gutxitzeko daukan ahalmena, EFSAren barruko Panel on Dietetic Products, Nutrition and Allergies batzordeak ezezkoarekin erantzuten die. Laburbilduta, ura ez denez deshidratazioa saihestu edo hobetu dezakeen botika, ezin dute horrelakorik iragarri.

Hagenmeyer eta Hahn doktoreek probokazio moduan egingo zuten baimen eskaria, EFSA harrapatuz azken urteetan negoziaketa luzez erdietsitako araudiaren baldintzen amaraunean. Baina nola ukatu daiteke hain begi-bistakoa dena etiketan jartzeko baimena?

Fitoterapia Holistica izeneko buletinean La normativa comunitaria sobre complementos alimenticios artikuluan Angeles Navarrok esplikatu du beharrezkoa zela araudi europar bat bilduko dituena herrialde bakoitzak dauzkan lege eta arauak erremedio natural eta elikadurako osagarrien alorrean. Horren bila hasita heldu zen Europar Batzordea 1924/2006 zuzentaraua idaztera. Orain lehenbiziko ondorioek piztu dituzte alarmak erremedio alternatibo, natural eta osagarrietan dabiltzan profesional eta erabiltzaile askoren artean.

Sinadura bilketa jarri dute martxan herrialde askotan, arau hori berriro Europako Parlamentuak eztabaidatu dezan, baliatuz Lisboako itunak herritarren esku lagatzen duen azken aukera. Europar Batasun osoan milioi bat firma behar dituzte. Frantzian eta Belgika frankofonoan kanpaina berezia darama Institut pour la Protection de la Santé Naturelle (IPSN) erakundeak.

IPSNko Augustin de Livoisek idatziz eta bideoz laburbildu du kanpainaren mamia: “Pentsa ezazu haurra edo bikotekidea larri gaixotuta daukazula, badagoela erremedio natural bat arriskurik eta alboko kalterik gabekoa menturaz senda lezakeena... baina Europar Batasunak ahalegin guztiak egiten dituela zuk ezagutu ez dezazun. Aitzitik, agintariek bultzatzen zaituzte gaixoari ematera botika kimikoak alboko kalte larriak eman ditzaketenak. Zu haien esku zaude. Amesgaizto absurdo hau da Europa eta bere biztanleak mehatxatzen dituena, zu eta biok barne”.

Arau berriarekin herritarren eskuetatik urrun geratuko omen dira oligoelementuak, mineralak, bitaminak, aminoazidoak eta abar, zuzentarau berriagatik etiketan ezingo dutelako azaldu zertarako diren mesedegarri. Baimen berriak lortzeko froga garestiak multinazionalek bakarrik egin ahalko dituztenez, produktuekin batera desagertu daitezke belar-dendak, produktu naturalen fabrikatzaileak eta hauekin milaka ekoizle txiki.

Sendabelarrei eutanasia

Europe Ecologie taldeko Michèle Rivasi europarlamentarioak 2010ean Rue 89 gunean azaldu zuen gatazka zertan zetzan Mon plaidoyer pour les plantes médicinales (Sendabelarren aldeko nire aldarria) artikuluan, testuingurua eta bere kezkak azalduz.

Landarez egindako produktuak bi sailetan daude berez banatuta: farmazia alorrekoak Europako Farmazia Agentziak (EMA) kontrolatzen ditu eta elikadurako osagarritzat jotzen direnak EFSAk. Farmazietan saltzeko lehen bidetik sartu ziren ekoizle asko.

“2004an THMPD zuzentaraua –idatzi du Rivasik– plazaratu zuten, arautzeko landareak, algak, onddoak, likenak, gordinik bezala iharturik, kapsuletan edo hautsean, baita tintura, estrakto, olio esentzial edo zukutan ere. Intentzio onez abiatu zuten zuzentaraua, edozein substantzia bere usadiozko ondorio terapeutikoen arabera sailkatzeko. Geroztik ikusi da, ordea, THMPDk porrot egin duela”.

Erregistratzeko sistema ikaragarri konplikatua ezarri dute, dio Rivasik. Kostea berdin: produktu bat inskribatzea 60.000 euro kostatzen da. Ondorioz, 149 landare medizinal baizik ez dauka farmaziako produktutzat onarturik gaur egun EMAk.

2006an hasi zen Europa bigarren bidea lantzen, elikadurako osagarrien eremuan ordena jartzeko. Baina laster okertu ziren gauzak, eta Rivasik alarma deia zabaldu zuen: “Sendabelarren egoera ez da lehendik oso ona Europan. (...) THMPDk markatzen duen trantsizio aldia bukatutakoan, baimendu gabeko landareak saldu ahal izango dira baina beren ahalmen terapeutikorik aipatu gabe. Ezer aldatzen ez bada, Europako bi legeok eragingo duten kolpea suntsitzailea izanen da”.

Produktu bat 1924/2006 arauari egokitu nahi dionak hasteko adituen dossierrak bildu behar ditu, dozenaka mila euro pagatuz. Ondoren 4 urtez itxaron bataz beste. Eta azkenean, deusetarako: aurkeztutako eskarien %95k ezezkoa jaso du erantzun: 2008an aurkeztu ziren 4.640 eskarietatik 222 baino ez daude baimendurik.

IPSNko Augustin de Livoisen aburuz “orain arte Europan izan den ofentsibarik gogorrena da libreki gure buruak sendatzeko daukagun eskubidearen kontra. Araudi berriaren helburua oso da nabarmena: farma-industriari etorkizunean milaka milioiko etekinak segurtatzea, gaixoak behartuz industria kimikotik eratorritako botikak hartzera. (...) Hau da gure osasunaren eta bizien kontra sekula egin den lapurretarik handiena”.

Baimenak ematen dituen EFSA bera dago auzitan, bere adituetako asko multinazionalen enplegatu edo kolaboratzaileak direlako. Corporate Europe Observatory behatokiak badauka horretaz dossier gogor bat plazaratua: “Conflits indigestes. Une decenie d’influence industrielle à l’Autorité Européene de Sécurité Allimentaire (EFSA)”.

Behatokiak salatu du EFSAko kide askok lotura oso estuak dituztela elikadurako, bioteknologiako eta kimikako korporazioekin, EFSAren zuzendaritzan sartuta daudela multinazionalak eta hauen interesak defenditzen dituzten lobbyak, hala nola International Life Sciencies Institute.

Horrek esplika lezake De Livoisek salatzen duen astakeria: “EFSA iritsi da debekatzera aranpasen etiketan jartzea ahalmen laxantea daukatela, aurretik ez badira egiten saiakera klinikoak milaka euro kostatzen direnak”.


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude